GURE ARTEAN 85. 2022ko ekaina
Oihane Arozena García Oihane Arocena Garcia Floreagako ikasle ohia da. Bibliotekologia eta Artxibologia alorreko ikasketak egin zituen Zaragozan. Orain gutxi KARPOS izeneko fruta eta barazki denda bat hartu du. Galdera batzuk egin dizkiogu GA aldizkariaren 85. alerako. Zein dira zure ume garaiko oroitzapenak? Familiakoak, eskolakoak, eta abar… Egia esan oso haurtzaro ona izan dut. Nire familia beti egon da oso batuta. Bizi osoa nire osaba eta aitona/amonekin bizi izan naiz etxe berdinean. Asko galdu dugu bidean, baino beti jakin izan dugu elkarrekin izaten eta bata bestearen euskarria izaten. Gehien gogoratzen dudana txabolan pasatzen genituen uneak dira. Igandeak bertan pasatzen genituen, familia guztia eta guretzat familia bezala ziren jendearekin. Gure familiak beti izan du harreman handia animaliekin; bai txabolan ditugun ardi eta oiloak, baita etxean bizi osoan izan ditugun animalia guztiak ere. Beraz igandeak oso garrantzitsuak ziren guretzat. Eskolatik dudan oroitzapen guztiak ere oso onak dira. Gehien faltan botatzen dudana lagun eta irakasleekin izaten genuen harremana da. Orain bakoitzak bere bizimodua du, bide desberdinak hartu ditugu eta ez daukagu lehen genuen denbora elkarrekin egoteko. Zein dira gehien admiratzen dituzun pertsonak? Oso txikitatik estimu handia izan diot nire amona Josefari, betitik “tata” deitzen nion. Umea nintzenean, nire bi gurasoek lan egiten zuten, beraz berak hartu zuen ni hezteko lana. Denbora asko pasatzen genuen batera eta berak kontatzen zizkidan istorio guztiak liluratuta uzten ninduten. Oso bizi gogorra izan zuen, gerra eta goseteekin. Berarentzat golpe handia izan zen bi seme galtzea hain gazte. Beti esaten zidan bera zaintzen zuten bi aingeruak zirela. Oso emakume gogorra izan zen, iritzi sendokoa. Gure bizitzak gidatzen dituen balio gehienak berak irakatsi zizkigun. Orain dela bi urte hil zen, eta bera gogoratzeko tatuaje bat egin dut beti ikusiko dudan toki batean. “TɑTΩ” jartzen du. Oso emakume erlijiosoa zen, beraz alfa eta omega letrak ibili ditut, biblian Jainkoari erreferentzia egiten diotenak, guztiaren hasiera eta amaiera. DBH ondoren, zer ikasketa egin dituzu? Batxilerra bukatu eta Zaragozara joan nintzen unibertsitatera. Bertan “Informazio eta dokumentazio” (bibliotekonomia) gradua egin nuen. Zure familiak izen handia du kirol alorrean, bereziki zure osaba Diego Garciarengatik. Nola bizi duzue kirola etxean?
- 14 -
Beti izan gara kirolzaleak etxean, baina ez dugu Diegok atletismoarekiko sentitzen zuren pasioa. Nire senarra izan da bakarra urtero nire osabaren lasterketa egin duena. Hasiera batean lasterketa motza, eta azken bi urteetan erdi maratoia egin du. Nire osaba Manuelek txirrindularitza oso gogoko du eta ahal duen lehiaketa guztietan parte hartzen du. Orain gutxi jokatu da Azkoitia-Azpeitia erdi-maratoia. Nola ospatzen duzue gertakizun handi hori zuen etxean? Sentimendu ugariko egunak dira familia osoarentzat. Diegoren irudia asko gogoratzen diren egunak dira, beraz sentimenduak azalean daude. Baina beste alde batetik oso egun bereziak dira guretzat. Gure etxea egun horietan mundu guztiarentzat irekita dago eta korrikalari askori ongi etorria ematen diegu. Diegoren lagun onenak gurekin pasatzen dituzte egun horiek. Oso urrun bizi dira, beraz urtean behin bakarrik ikusteko aukera dugu. Aurten, tamalez, Alejandroren falta asko sumatu dugu. “Karpos” fruta eta barazki denda hartu duzue. Nola animatu zineten proiektu honetan sartzera? Ieltxuk bertan egiten zuen lana. Lehengo jabeak komentatu zion bera dendarekin geratzea nahi al zuen, uzteko asmoa baitzuten, eta berak niri egin zidan denda biok elkarrekin hartzeko proposamena. Bagenekien oso zaila eta neketsua izango zela, baina oso aukera polita ikusten genuen biok. Nola doa “Karpos”eko eguneroko martxa? Fruta-denda bat egunero aurrera eramatea nahiko neketsua da. Fruta egunero kamaran sartu eta atera behar da ahal den freskoena irauteko. Hala ere bi pertsonak eskuz esku lan egiten dugunez eramangarriago egiten da. Azken finean fruta-denda hartu dugunak oso lagun onak gara, beraz oso giro onean egiten dugu lana. Pandemia garaia ezkondu zineten Aitor Larrañaga eta zu? Nola bizi izan duzue Covid19 pandemia? Aitor eta ni 2020ean ezkontzeko asmoan ginen. Beraz pandemiak genituen plan guztiak atzeratu zituen. Bi/ hiru aldiz atzeratu ostean, 2021ean ezkondu ginen. Oraindik ez dugu eztei-bidaia egiteko aukerarik eduki. Gure asmoa Japonera joatea da, baina covid-a dela eta oraindik ez dute ireki turistentzat. Gora-behera handiko