Gure Artean 83

Page 35

GURE ARTEAN 83. 2021eko abendua

Euskal hiztunen hazia ereiten Pausoz pauso, ekimenetik ekimenera bideak urratuz eta, horrek sortzen duen arrastoan, euskal hiztunen hazia ereiten. Batzuetan, espazio zainduak duten garrantzia azpimarratuz; bestetan, esparru zabalagoak bultzatuz… Baina, beti, euskararekiko konpromisoa eta atxikimendua sustatuz geure artean eta gure sareko ikastetxeen artean. Jakinik, noski, lan handiena gutako bakoitzaren eskuetan dagoela, hizkuntza batek hiztunik ez badu, ezer gutxi baita. Gaur ere, eskuartean erronka, aberatsa eta irekia, euskal hitza gero esparru zabalagoan mugitu eta izan dadin, hainbaten hitza elkartuz eta bateratuz esanahi handiko esaldi luzeagoak eta aberatsagoak sortu ditzan; hitzetik-hortzera, loturarik gabe baina etenik gabe, aldi berean, hizkuntz koreografia berriak dantza dezaten. Haur, nerabe, gazte eta helduon artean bultzatuz, eta bata besteari lagunduaz, euskaldunok euskaldunokin euskaraz bizitzearen garrantzia transmititzen. Eskuartean paregabeko altxorra eta ondarea, egunez egun gauzatu eta janaritu beharrekoa, hezkuntz eta hizkuntz eskubideak bermatuz, hizkuntzatik ere mundu justuago bat eraikitzen joan gaitezen. Garen garenetik, mundura zabalduta, baina erroak egoki eta sendoki sustraiturik, gure izatea eta hegan egitea gizatiarragoa eta ederragoa izan dadin. Horregatik, baita ere, lagun diezaiegun euskarazko hitzei paseatzera irteten, iparraldetik hegoaldera, ekialdetik mendebaldera. Lehenik eta behin, erabaki indibidualak berretsi behar, kolektiboak bihurtzen joan daitezen eta bihur ditzagun. Horrela, euskararen landa haratago zabalduaz, Europako eta munduko mugak gaindituz, gure euskal kulturak hitz propiagoa eduki dezan; zer esanik badauka eta. Ozenagoa izan dadin, ezinbestekoa hezkuntzaz haratago, gizartearen konpromisoa eta inplikazioa, hezkuntzaren ahalegina bakarrik ez baita nahikoa jakitetik hiztunak izatea

bihurtzeko. Etxeko balioak, eskolan lantzen eta jorratzen diren balioei gorputza ematen die, horregatik ere familiei gure gonbidapen berezia: transmisioa mimatu eta denboran luzatu, gaurtik biharrera ziurtatuz. Guztiok beharrezko; batzuk, berriz, ezinbesteko. Euskaltzaleen Topaguneak bultzaturik, urtez urte, saioz saio, gogotsu egiten dugun ahaleginak, jada, bere fruitua ematen ari da, baina mardultzen joan behar du. Berri eta sendo dezagun Europa mailan egiten den ekimen handienak (eta bakarrak) zer esanik baduela, zer adierazteko gai dela, hizkuntzaren hezkuntzak garrantzia duela, eta hizkuntza aberastea pertsona, gizartea, mundua aberastea dela. Arnasa hartu eta jarrai parkeak, eskola kanpoaldeak, plazak, terrazak, etxeak eskalatzen, gogoz, tontorrak zain ditugu eta. Esan beharrik ez, hobe lagunekin bakarrik baino. Eta horretan ere, ”Haurren aurrean, helduok heldu” joka dezagun.

- 35 -


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.