6 minute read

Asier Ostolaza Sudupe, “Montte”

Asier Ostolaza “Montte” Floreagako ikasle ohia da. Ingeniaria da. Musika arloan dultzaina eta panderoa jotzen ditu. Dultzaina diseinatu du 3D sisteman inprimatzeko. Galdera batzuk egin dizkiogu GA aldizkariaren 83. alerako.

Zein dira zure ume garaiko oroitzapenak?

Advertisement

Pentsatzen jarrita eskolako oroitzapen mordo bat datozkit burura: haur hezkuntzakoak, DBH-koak, klaseetakoak, ibilialdietakoak, … Baina, bat nabarmentzekotan, eguerdi nahiz arratsaldeetan patio berdean igarotzen genituen momentuekin gelditzen naiz; majina bat ordu pasatakoa naiz esku pilotan.

Nola baloratzen zure ume denborako Alai Batza?

Esperientzia oso positibotzat jotzen dut, nahiz eta baserrian bizitzearen ondorioz gustatuko litzaidakeena baina gutxiagotan joaten nintzen. Azken fi nean, egunerokoan hain ohikoak ez ziren aktibitateak egiteko aukera genuen bertan, eta hori da gehien gustatzen zitzaidana. Lagunartean Ping Pong-ean, Play Stationean, goxokiak jaten,… oroitzapen ederrak datozkit gogora eta berriro ere joango nintzateke… jajajaj

Floreagan, ikasle garaian, zer izan duzu gustukoena?

Ikasketei dagokienez, Matematikak, marrazketa eta teknologia izan ditut gustukoen, soinketa ahaztu gabe noski; izugarri gustatzen baitzait kirola. Letren mundua, aldiz, ez doa nirekin, eta nahiz eta aprobatzeko zailtasunik ez izan, beti izan da gogo gutxiagorekin egin dudan zerbait. Bestalde, bertako ikaskideak aipatuko nituzke. Hainbeste urte elkarrekin igarota oso lagun onak egin ditut, eta denboraren poderioz harremanak hozten joan daitezkeen arren, nire barnean lekutxo berezi bat dute.

DBH ondoren, zer ikasketa egin dituzu?

Lehendabizi batxilergoa egin nuen Azkoitian, teknologikoa, oso garbi neukan hori. Ondoren, zalantza bat edo beste izan arren, ingeniaritza mekanikoko gradua egin nuen Donostian. Zalantzak ez zetozen gustu aldetik, denbora aldetik baizik. 18 urte nituenean beste 4 urte ikasten pasatzea asko iruditzen zitzaidan; baina, benetan asmatu nuen erabakiarekin.

Harrez keroz, lanean ari nintzen bitartean diseinu mekanikoko master bat ere egin dut modu telematikoan.

Heziketaren munduan, zure ustez zein dira balore garrantzitsuenak, ezin direnak sekula albo batera laga?

Sakrifi zioa, konstantzia eta humiltasuna aipatuko nituzke, helburuak betetzeko nahitaezkoak iruditzen zaizkit. Eta ikasketetan ez ezik, bizitza arloan ere oso garrantzitsutzat jotzen ditut.

Zein izan da zure ibilbidea lanaren arloan?

Batxilergoko ikasketak egiten ari nintzen bitartean, Astigarraga Kit Line enpresan (Azpeitia) hasi nintzen lanean, produkzio sailean. Lan hori udara partean egin nuen, eskolan jai nuen bi hilabetetan. Harrezkero, beste udara batzuetan ere bertan egin nuen lan, eta ingeniaritzako ikasketen azken urtean gradu amaierako lana egiteko ere aukera izan nuen. Ikasketak amaitzean, mantentze sailean jardun nuen lanean 2 urtez. Hortik, Mondragon Assembly enpresara mugitu nintzen (Aretxabaleta). Urruti xamarrera joan nintzen, baina ikasten jarraitzeko aukera on bat ikusten nuen eta horri heldu nion. Lehen bi urteak, diseinatzaile mekaniko moduan egin nituen makina bereziko sailean; eta azken bi urte eta erdian Salmenta Ondorengo Zerbitzuko departamentuan nago arduradun mekaniko moduan.

Ingeniari gisa ari zara lanean… Zer diseinatzen edo ekoizten duzue, zehazki?

Muntaketa prozesuak automatizatzeko makinak egiten ditugu, soluzioaren diseinutik hasi eta bezeroaren plantan integratzeraino. Ez dugu makina estandarrik, guztiak bezeroak duen produktu mota eta exigentzietara egokitzen ditugu. Hori da alderdi politena, etengabe gauza berriak ikusi eta ikasteko aukera ematen baitu. Sektore ezberdinetarako egiten ditugu makinak, automobilgintza, osagai elektrikoak, etxetresna elektrikoak, gailu medikoak, eguzki panelentzat, … Gure sailean, makina txikiagoak eta aurretik fabrikatu ditugun makinetan aldaketak egiten ditugu. Ni gaur egun, aldaketa horien aurrekontua egin eta diseinua gauzatzeaz arduratzen naiz.

Musika gustukoa duzu. Etxetik datorkizu tradizioa. Konta iezaguzu pixka bat…

Bai, gure familian azken gizaldietan tradizio handia egon da dultzainaren inguruan. Nire ama, izeba, amaren osaba, birraitona,… dultzaina jole edota danborjoleak izan dira. Dena den, dultzaina jotzeaz aparte dultzainak fabrikatzeagatik egin ziren ezagunak. Nire birraitona zen Joxe, egurrezko dultzainak fabrikatzen hasi zen, ondoren metalezko batzuk egin bazituen ere. Ondoren, berari ikasita nire amaren osaba den Manuel hasi zen dultzainak egiten; eta honek metalezkoak egin izan ditu gehiago. Niri dagokidanez, 5 urterekin pandero jotzen hasi nintzen Azkoitiko Musika Eskolan, trikitixa gustatzen baitzitzaidan. Aurrerago, 13 urte nituela, dultzaina ikasteari ekin nion leku berean. Musika eskolan 2 urte igaro ostean, Urretxun beste pare bat egin nituen, Joxe Mari Lasarekin, eta ordutik aurrera nire kasaka dihardut.

Azken urte hauetan nola garatu duzu musikarekiko zaletasuna? Zein izan dira zure maisu edo ereduak?

Azkenaldian ezin izan diot nahi adina denbora eskaini musikari,

zaletasun asko ditut eta horrelakoetan ezin da denentzat nahiko denbora atera. Azken urteetan, herriko festetan, erromeri bateren bat edo beste eta lagun arteko afarietan jotzen dut dultzaina gehienbat. Nire erreferentzia beti trikitixa izan da, eta dultzaina trikitixarekin batera jotzen dut. Gaur egun ez da hain ohikoa bi instrumentu horiek batera entzutea, baina jendeak asko estimatzen du eta horrek ematen dit dultzaina jotzen jarraitzeko indarra. Erreferenteei dagokienez, ez dut bereziki bat baina Monttetarrak esango nuke. Familiari loturiko kontuek beti sortzen baitute sentimentu berezi bat. Behin dultzaina jotzen ikasi nuenean, Monttetarrek jotzen zituzten piezak ikasteak erakartzen ninduen. Juan Mari Beltranek badu “Dultzaina Gipuzkoan” izeneko liburu bat argitaratua, non aurreko belaunaldietako dultzaina joleei grabatutako piezen partiturak dauden; eta liburu horretan agertzen ziren Monttetarren partiturak ikasten jarduten nuen.

Zure dultzaina diseinatu duzu, eta 3D sisteman ekoitzi. Nola sortu zen ideia? Gustuko emaitza lortu al duzu?

3D makinak merkaturatzen hasi zirenean berehala erakarri zuten nire interesa, eta dezentetan pasa zitzaidan burutik horrelako bat erostea. Dena den, 2019ra arte ez nintzen horrelako bat erostera animatu. Aurretik entzuna nuen Bizkaian plastikozko alboka batzuk egiten zituztela, eta ez dakit hori abiapuntutzat hartuta edo, plastikozko dultzaina bat egin behar nuela sartu zitzaidan buruan eta horretarako espreski erosi nuen 3D inprimagailu bat. Diseinuko programak menperatzen nituenez, etxean nuen dultzaina bati geometriaren neurriak hartu eta ordenagailuan marraztu nuen. Behin inprimatua nuenean ilusio handia egin zidan; baina jotzen probatu eta ongi sonatzen zuela entzuteak bai benetan ilusionatu eta poztu ninduela. Banekien dultzaina plastikozkoa izangatik ere nolabaiteko zarata atera beharra zuela, baina ez nuen espero afi naturik egon eta hain kalitate oneko soinu ateratzea. Harrezkero, dultzainaren diseinuarekin saltzeatzen ibili naiz: nota batzuren zuloak modifi katu dultzainaren portaera ikusteko, logotipoak gehitu pertsonalizatzeko, … Eta nahiz eta oraindik egon daitezkeen detaile batzuk hobetzeko, oso gustura nago lortutako emaitzarekin eta nonbaiten jo behar dudanean neuk egindakoekin ibiltzen naiz.

Nola ikusten duzu Covid19aren gaia? Nola ukitzen dizu eguneroko lanean eta musikaren munduan?

Covid-aren gaiak ez dit asko aldatu bizimodua egia esan. Kirola aire librean egitea asko gustatzen zait eta hori modu berdinean egiten jarraitu ahal izan dut. Kalean, aldiz, ez naiz asko ibiltzekoa eta alde horretatik ere ondo eraman dut. Gehiena musika munduan antzeman dut, denbora dezente egon baikara herrietako festetan jo ezinik, eta festa giro hori bai izan dela faltan bota dudana. Dena den, esaten den moduan “No hay mal que por bien no venga”; eta neretzako denbora gehiago izan dudanez, beste gauza batzuk lantzeko aukera izan dut. Dultzainari loturiko beste proiektu bat garatzen hasteko denbora izan dut. Baina beno, denbora asko eskatzen duten gauzak dira eta denborak esango du zertan gelditzen den.

Azkoitiarra Azpeitian. Nola ikusten da Azkoitia ondotik?

Bai, nahiz batzuei arraroa iruditu azkoitiarra izan arren azpeitiarra dut kuadrilla. Dena den, Martittearra izaki, hizkera Azpeitiar aldera dugunez ongi integratuta nago… jajajaj Ateraldi zelebreren bat egindako bakoitzean entzun izan dut “Azkoitiarra izan berruan” esaldia; baina betiere broma giroan. Adarra jotzeko kontestutik kanpo, ez dut uste benetan azkoitiar eta azpeitiarren artean benetako pikerik dagoenik.

Baserriaren mundua ezagutzen duzu. Aurrera egiteko nondik egin beharko genuke?

Baserriko bizimoduak alde batetik asko betetzen du, animalia eta naturaz inguratua egoteaz aparte edozer egiteko askatasuna ematen dizulako. Baina, aldi berean oso sakrifi katua da; bai egin beharreko lanen aldetik eta kalerako distantziak ezartzen dituen mugengatik. Ahal dela baserriei eusten saiatu beharko genuke, bakoitzak ahal den moduan. Baina, egia da orain arte ezagutu izan dugun baserri kontzeptua mantentzea oso zaila izango dela gaur egungo bizimoduaren ondorioz.

TESTA

Edaria: Zerbeza Janaria: Urdaiazpikoa Idazle bat: Juan Gómez-Jurado Liburu bat: Reina Roja Mutil izen bat: Asier Neska izen bat: Eider Kirola: Pilota Pelikula: Mechanic, Resurrection Aktore bat: Jason Sthatam Aktoresa bat: Itziar Ituño Bidaia bat: Thailandia Mendi bat: Samiño Hondartza bat: Malkorbe Nazio bat: Euskal Herria Herri edo hiri bat: Leitza Musikari bat: Xabi Solano Museo bat: Soinuenea Kolore bat: Urdina Urtaro bat: Udaberria Zaletasunak: Mendia, Musika, Pilota, Teknologia, …

d t k d ill D d M titt i ki hi k A iti ld

Laster etorriko dira Olentzero eta Errege Magoak. Zer eskatuko diezu?

Gaur egungoa ikusita, lehendabizikoz egoera hau normaltasun batera itzultzea eskatu nuke. Eta gainontzean, jarraitu dezagula bizitzaz gozatzen eta bakoitzak inguruan duguna baloratuz zoriontsu izaten.

This article is from: