GURE ARTEAN 83. 2021eko abendua
ASIER OSTOLAZA SUDUPE, “MONTTE” Asier Ostolaza “Montte” Floreagako ikasle ohia da. Ingeniaria da. Musika arloan dultzaina eta panderoa jotzen ditu. Dultzaina diseinatu du 3D sisteman inprimatzeko. Galdera batzuk egin dizkiogu GA aldizkariaren 83. alerako.
Zein dira zure ume garaiko oroitzapenak? Pentsatzen jarrita eskolako oroitzapen mordo bat datozkit burura: haur hezkuntzakoak, DBH-koak, klaseetakoak, ibilialdietakoak, … Baina, bat nabarmentzekotan, eguerdi nahiz arratsaldeetan patio berdean igarotzen genituen momentuekin gelditzen naiz; majina bat ordu pasatakoa naiz esku pilotan. Nola baloratzen zure ume denborako Alai Batza? Esperientzia oso positibotzat jotzen dut, nahiz eta baserrian bizitzearen ondorioz gustatuko litzaidakeena baina gutxiagotan joaten nintzen. Azken finean, egunerokoan hain ohikoak ez ziren aktibitateak egiteko aukera genuen bertan, eta hori da gehien gustatzen zitzaidana. Lagunartean Ping Pong-ean, Play Stationean, goxokiak jaten,… oroitzapen ederrak datozkit gogora eta berriro ere joango nintzateke… jajajaj Floreagan, ikasle garaian, zer izan duzu gustukoena? Ikasketei dagokienez, Matematikak, marrazketa eta teknologia izan ditut gustukoen, soinketa ahaztu gabe noski; izugarri gustatzen baitzait kirola. Letren mundua, aldiz, ez doa nirekin, eta nahiz eta aprobatzeko zailtasunik ez izan, beti izan da gogo gutxiagorekin egin dudan zerbait. Bestalde, bertako ikaskideak aipatuko nituzke. Hainbeste urte elkarrekin igarota oso lagun onak egin ditut, eta denboraren poderioz harremanak hozten joan daitezkeen arren, nire barnean lekutxo berezi bat dute. DBH ondoren, zer ikasketa egin dituzu? Lehendabizi batxilergoa egin nuen Azkoitian, teknologikoa, oso garbi neukan hori. Ondoren, zalantza bat edo beste izan arren, ingeniaritza mekanikoko gradua egin nuen Donostian. Zalantzak ez zetozen gustu aldetik, denbora aldetik baizik. 18 urte nituenean beste 4 urte ikasten pasatzea asko iruditzen zitzaidan; baina, benetan asmatu nuen erabakiarekin. Harrez keroz, lanean ari nintzen bitartean diseinu mekanikoko master bat ere egin dut modu telematikoan. Heziketaren munduan, zure ustez zein dira balore garrantzitsuenak, ezin direnak sekula albo batera laga? Sakrifizioa, konstantzia eta humiltasuna aipatuko nituzke, helburuak betetzeko nahitaezkoak iruditzen zaizkit. Eta ikasketetan ez ezik, bizitza arloan ere oso garrantzitsutzat jotzen ditut. Zein izan da zure ibilbidea lanaren arloan? Batxilergoko ikasketak egiten ari nintzen bitartean, Astigarraga Kit Line enpresan (Azpeitia) hasi nintzen lanean, produkzio sailean. Lan hori udara partean egin nuen, eskolan jai nuen bi hilabetetan. Harrezkero, beste udara batzuetan ere bertan egin nuen lan, eta ingeniaritzako ikasketen azken urtean gradu amaierako lana egiteko ere aukera izan nuen. Ikasketak amaitzean, mantentze sailean jardun nuen lanean 2 urtez. Hortik, Mondragon Assembly enpresara mugitu nintzen (Aretxabaleta). Urruti xamarrera joan nintzen, baina ikasten
- 14 -
jarraitzeko aukera on bat ikusten nuen eta horri heldu nion. Lehen bi urteak, diseinatzaile mekaniko moduan egin nituen makina bereziko sailean; eta azken bi urte eta erdian Salmenta Ondorengo Zerbitzuko departamentuan nago arduradun mekaniko moduan. Ingeniari gisa ari zara lanean… Zer diseinatzen edo ekoizten duzue, zehazki? Muntaketa prozesuak automatizatzeko makinak egiten ditugu, soluzioaren diseinutik hasi eta bezeroaren plantan integratzeraino. Ez dugu makina estandarrik, guztiak bezeroak duen produktu mota eta exigentzietara egokitzen ditugu. Hori da alderdi politena, etengabe gauza berriak ikusi eta ikasteko aukera ematen baitu. Sektore ezberdinetarako egiten ditugu makinak, automobilgintza, osagai elektrikoak, etxetresna elektrikoak, gailu medikoak, eguzki panelentzat, … Gure sailean, makina txikiagoak eta aurretik fabrikatu ditugun makinetan aldaketak egiten ditugu. Ni gaur egun, aldaketa horien aurrekontua egin eta diseinua gauzatzeaz arduratzen naiz. Musika gustukoa duzu. Etxetik datorkizu tradizioa. Konta iezaguzu pixka bat… Bai, gure familian azken gizaldietan tradizio handia egon da dultzainaren inguruan. Nire ama, izeba, amaren osaba, birraitona,… dultzaina jole edota danborjoleak izan dira. Dena den, dultzaina jotzeaz aparte dultzainak fabrikatzeagatik egin ziren ezagunak. Nire birraitona zen Joxe, egurrezko dultzainak fabrikatzen hasi zen, ondoren metalezko batzuk egin bazituen ere. Ondoren, berari ikasita nire amaren osaba den Manuel hasi zen dultzainak egiten; eta honek metalezkoak egin izan ditu gehiago. Niri dagokidanez, 5 urterekin pandero jotzen hasi nintzen Azkoitiko Musika Eskolan, trikitixa gustatzen baitzitzaidan. Aurrerago, 13 urte nituela, dultzaina ikasteari ekin nion leku berean. Musika eskolan 2 urte igaro ostean, Urretxun beste pare bat egin nituen, Joxe Mari Lasarekin, eta ordutik aurrera nire kasaka dihardut. Azken urte hauetan nola garatu duzu musikarekiko zaletasuna? Zein izan dira zure maisu edo ereduak? Azkenaldian ezin izan diot nahi adina denbora eskaini musikari,