8
errebotean 2021-22
ikasgelatik
ENERGIA BERRIZTAGARRIA ZIKLOAREN INPLANTAZIOA Bizi dugun klima larrialdiari aurre egiteko COP26 klimaren gailurra, ez zen esperotako inflexio puntua izan. Dena den, bertan lantzekoak ziren beroketa helburuak ukaezinak dira eta inork ez du zalantzan jartzen, gaur egun, klima larrialdia. Pariseko 2015-ko helburuak indarrean jarraitzen dute, eta beraz, hamarkada honen amaierarako (8 urte barru) emisioak erdira jaitsi behar ditugu. Horretarako, ezinbestean bi ardatz landu beharko ditugu gizarte bezala. Emisioak erdira hain epe motzean jaisteko bidea ezin da soilik sortu beharreko energian zentratu. Dugun kontsumo energetikoa izan behar da era drastiko batean murriztu behar duguna. Baina ez dugu gaur egun dugun konfort maila galdu nahi eta beraz, ezinbestean, efizientzia energetikoaren lanketak paper nagusi bat jokatu beharko du, 8 urte barrurako dugun helburua erdiesterako orduan. Bestetik, energia fosilekiko dugun menpekotasuna eta beroketa efektuan laguntzen duten erregaien erabilera murriztu behar dugu. Horretarako, energia berriztagarri eta jasangarrien papera garrantzitsua izango da eta estrategia eraginkorrak diseinatu beharko dira teknologia hauen garapen eta inplantaziorako. Euskal Herrian tekniko kualifikatuak izatea beharrezkoa izango da.
Iazko aldizkarian, “energia berriztagarrietako goi mailako teknikaria” zikloaren aurkezpena artikulua egin zen. Bertan aipatu bezala, Usurbilgo Lanbide Eskolaren ibilbidea energia berriztagarrien lanketan, 2000. urte inguruan hasi zen. Ordundik, eskolak eraldaketa handiak izan ditu energia sektorean. Pixkanaka energietan espezializatutako formakuntza arautua eskolako formakuntza eskaintzan txertatzen joan da. 2009. urtean, “efizientzia energetikoko goi teknikari zikloa” hasi zen eta 2011n lehen promozioak bere ikasketa ibilbidea amaitu zuen. Efizientziako zikloa, eraikinen efizientzia energetikoa eta eraikuntzen instalazioen eraginkortasun energetikoan dago zentratua. 2020-ko irailean, “energia berriztagarrietako goi teknikari” zikloa jarri zen martxan. Ordu arte, Euskal Herrian, Nafarroan (Noainen) bakarrik ematen zen ziklo hau; eta beraz, energia berriztagarri elektrikoetan espezializatutako goi mailako ikasketa arautuak egin nahi zituenak, Nafarroara joan beharra zuen. 2020. urtetik Gipuzkoan eta Bizkaian hiru ikastetxetan egin daitezke ikasketa hauek. Zikloa ezartzerako orduan egin zen lehen lanetako bat, inguruko sarearekin harremanak zabaltzea izan zen. Energia berriztagarrietan espezializatutako enpresekin, Gipuzkoako instalatzaileen elkartearekin (Instagi), industriarekin eta baita, Noainen zikloa ezarrita duen ikastetxearekin ere. Zikloaren beharrak eta zikloak bete beharreko formakuntza esparrua zehaztu zen. Hortik abiatuta eta zikloaren DCB-a esku artean izanda bi urteko formakuntza ibilbidea marrazten da. Formakuntza ibilbidea bi mailatan banatzen da, batetik tentsio baxua eta potentzia txikiko instalazio berriztagarriak eta bestetik tentsio altua eta potentzia handiko sistema berriztagarriak.