
3 minute read
Rafa Azkona, etapa berriari irri
Bizitza oso bat lanean. Zein izan zen zure ibilbidea Usurbilgo Lanbide Eskolara iritsi aurretik?
ingeniaritza bukatu nuenean laurogeigarren hamarkadako krisialdiak harrapatu ninduen. Esperientzia ez izateagatik ez nuen lana aurkitzen, eta lana ez nuenez esperientzia izateko aukerarik ere ez nuen. beraz, sorgin gurpil batean sartuta, kontabilitateak eramaten eta klase partikularrak emanez ibili nintzen denboraldi batean. Dantzaria izateagatik, euskal dantza irakasten ere hasi nintzen, ikastetxe eta ikastola batzuetan, eta horrela nire benetako bizitza laborala hasi nuela esan dezaket. Urte horiei oraingo bizkarreko mina zor omen diet… ikastola batean irakasten nengoela, Hezkuntzatik deitu zidaten ordezkapen bat egiteko, bergaran. Ondoren Armeria Eskola, Eason eta abar etorri ziren. Niri, betidanik, diseinatzea eta ahal den neurrian, diseinuak gauzatzea gustatu zait. Eta, nahiz eta inoiz ez pentsatu irakaskuntza nire lanbidea egitea, lanbide Heziketak nire zaletasunak gauzatzeko ematen zizkidan aukerek ikusita, “txipa” aldarazi zidaten. 1993-an egin ziren oposaketatan nire burua aurkeztu, eta atera egin nituen. bitxikeria bezala esango dut, teknologiarako prestatu nintzela, baina praktiketan sartu nintzela ordutegiagatik….eta ondo atera zitzaidan.
Advertisement
Zenbat urte egin dituzu Usurbilgo Lanbide Eskolan? Zein lan egin dituzu bertan?
Egia esan, oposaketak atera nituenean, Usurbilen ezarri ninduten, bainan ikasturte hartan, 93-94an, iralerako liberazioa eman zidaten. beraz, ikasturtea iralen pasa nuen, euskara ikasten. Garai hartan plazak urtero presentzialki hartzen ziren eta hurrengo ikasturtean, hemengo plaza hartzerakoan, “sutilmente se me sugirió” hobeto hona ez etortzea. Ondorioz, publifikatu berria zen Hernaniko EPO-ra joan nintzen. Esan behar dut hara joan zen lehendabiziko “funtzionarioa” nintzela eta oso harrera ona jaso nuela. batez ere Departamenduko laguntza goraipatu behar dut, nahiz eta urte haiek Hernanin urte gogorrak izan. Hortik Zamalbidera joan nintzen eta ibilaldia bukatzeko 2000 ikasturtean, Usurbilgo lanbide Eskolara, bainan oraingoan, Hezkuntzak izendatuta. Handik aurrera, metal tailerrean ibili naiz batez ere. segurtasunean eman ditudan hamar urteak aipatuko nituzke, niretzat oso interesgarriak eta aberasgarriak izan baitira. Ez dakit Eskolarako nire aportazioa nolakoa izan den, positiboa espero dut, horrela gustatuko litzaidake niri behintzat. Niri Eskolak asko aportatu dit. Asko ikasi dut, jende askorengandik, hori esan beharra dago, bai alderdi teknikoan bai pertsonalean ere.
Asko aldatu al da Lanbide Heziketa urte guzti hauetan?
Niri iraultza digitala tokatu zait. Gizartea aldatu da, eta gizartearekin batera Eskola. Nire ustez, gehien aldatu dena komunikatzeko modua da. irakasle baten betebeharra da, ikasleei bere ezagutza pasatzea, eta baita haiengan ikasteko grina sortzea. Transmisio modua da aldatu dena. Nire ustez, irakaslearen erakarpen pertsonala, agian handiagoa zen lehen. baliabide tekniko guzti hauen artean, irakaslearen eragina lausotzera doa, agian, eta horregatik Formakuntza baloreetan garrantzitsuagoa bihurtuko da…. bestela, mekanizazio era berrietan gehiegi espezializatzearen ondorioz mekanizazioaren oinarriak ez galtzea espero dut: matematika, fisika eta marrazketa ezagutza, alegia.
Ba al daukazu eskolan bizitako bitxikeriarik edota pasarte berezirik?
bitxikeria bezala, aipatuko dut, aurkezpen saioan garai hartako zuzendariak “tú que has andado por tantos Centros, debes ser muy malo” bota zidan. Adarra jo nahian, pentsatzen dut….nahiz eta momentu horretan nigan eragina izan… Orain, serioago hitz eginez, pasarte berezia Covid-19-arena izan da. Gizarteak izugarrizko jipoia jasan du: hildakoak, gaixoak, oraindik ez dakizkigun ondorioak… Eta Eskolan egoera horrek eragina izan du, nahiz eta dena nahiko txukun atera den. irakasleak, beste langileak eta ikasleak ere, orokorrean, zentzuz jokatu dute, eta hori eskertzekoa da.
Zer baloratzen duzu gehien gure ikastetxetik?
baliabideak. ikasleei ere galdetzen diezunean, beti erantzun bera duzu, Eskolak haien erabilerako jartzen dituen baliabideak. Garapen pertsonala sakontzeko eskura jartzen diren “laguntzak” ere aipamena merezi dute: mindfulness, ingelera klaseak, beste motako ikastaroak, erabilgarritasuna orokorrean…. Euskadiko hezkuntza teknikoaren abangoardian dago ikastetxea, nire ustez.
Zein proiektu dituzu etapa berrirako?
ikasturte honetan berreskuratu ditut ingelerako ikasketak HEO-an. Nire marrazki eta txapuzak egiten ere jarraitzea pentsatzen dut. Eta noizean behin tailerrera joatea uzten badidazue… ba hobeto. Paseatu (hau medikuak aginduta), orain arte irakurri ezin izan ditudan liburuak irakurri, musika gehiago entzun… horrelako betebeharrak. Eta zer edo zer ikasteko aukera izango banu ere, gustatuko litzaidake.