4 minute read

Energia berriztagarria zikloaren inplantazioa

bizi dugun klima larrialdiari aurre egiteko COP26 klimaren gailurra, ez zen esperotako inflexio puntua izan. Dena den, bertan lantzekoak ziren beroketa helburuak ukaezinak dira eta inork ez du zalantzan jartzen, gaur egun, klima larrialdia. Pariseko 2015-ko helburuak indarrean jarraitzen dute, eta beraz, hamarkada honen amaierarako (8 urte barru) emisioak erdira jaitsi behar ditugu. Horretarako, ezinbestean bi ardatz landu beharko ditugu gizarte bezala. Emisioak erdira hain epe motzean jaisteko bidea ezin da soilik sortu beharreko energian zentratu. Dugun kontsumo energetikoa izan behar da era drastiko batean murriztu behar duguna. baina ez dugu gaur egun dugun konfort maila galdu nahi eta beraz, ezinbestean, efizientzia energetikoaren lanketak paper nagusi bat jokatu beharko du, 8 urte barrurako dugun helburua erdiesterako orduan. bestetik, energia fosilekiko dugun menpekotasuna eta beroketa efektuan laguntzen duten erregaien erabilera murriztu behar dugu. Horretarako, energia berriztagarri eta jasangarrien papera garrantzitsua izango da eta estrategia eraginkorrak diseinatu beharko dira teknologia hauen garapen eta inplantaziorako. Euskal Herrian tekniko kualifikatuak izatea beharrezkoa izango da.

iazko aldizkarian, “energia berriztagarrietako goi mailako teknikaria” zikloaren aurkezpena artikulua egin zen. bertan aipatu bezala, Usurbilgo lanbide Eskolaren ibilbidea energia berriztagarrien lanketan, 2000. urte inguruan hasi zen. Ordundik, eskolak eraldaketa handiak izan ditu energia sektorean. Pixkanaka energietan espezializatutako formakuntza arautua eskolako formakuntza eskaintzan txertatzen joan da. 2009. urtean, “efizientzia energetikoko goi teknikari zikloa” hasi zen eta 2011n lehen promozioak bere ikasketa ibilbidea amaitu zuen. Efizientziako zikloa, eraikinen efizientzia energetikoa eta eraikuntzen instalazioen eraginkortasun energetikoan dago zentratua.

Advertisement

2020-ko irailean, “energia berriztagarrietako goi teknikari” zikloa jarri zen martxan. Ordu arte, Euskal Herrian, Nafarroan (Noainen) bakarrik ematen zen ziklo hau; eta beraz, energia berriztagarri elektrikoetan espezializatutako goi mailako ikasketa arautuak egin nahi zituenak, Nafarroara joan beharra zuen. 2020. urtetik Gipuzkoan eta bizkaian hiru ikastetxetan egin daitezke ikasketa hauek.

Zikloa ezartzerako orduan egin zen lehen lanetako bat, inguruko sarearekin harremanak zabaltzea izan zen. Energia berriztagarrietan espezializatutako enpresekin, Gipuzkoako instalatzaileen elkartearekin (instagi), industriarekin eta baita, Noainen zikloa ezarrita duen ikastetxearekin ere. Zikloaren beharrak eta zikloak bete beharreko formakuntza esparrua zehaztu zen. Hortik abiatuta eta zikloaren DCb-a esku artean izanda bi urteko formakuntza ibilbidea marrazten da. Formakuntza ibilbidea bi mailatan banatzen da, batetik tentsio baxua eta potentzia txikiko instalazio berriztagarriak eta bestetik tentsio altua eta potentzia handiko sistema berriztagarriak.

Zikloaren lehen urtean ikasleek elektrizitatearen eta automatismoen lehen oinarriak barneratzen dituzte. Hauez gain, energia termikoen oinarriak lantzen dira, etxe bizitzetako instalazio termikoen ezagutzak barneratuz. Potentzia txikiko instalazio berriztagarriekin lan egiten dute.

bigarren urtea potentzia handiko instalazioetan zentratzen da. ikasturtea hiru erronketan banatzen da. lehenean fotovoltaikoko 30 kW-ko instalazio bat diseinatu, simulatu, muntatu eta martxan jarri behar dute ikasleek. bigarren erronkan eolika handiarekin sartzen dira. Aerogeneratzaile baten funtzionamendua eta mantenuaren oinarriak ulertzen dituzte. Azkenik tentsio altuarekin sartzen dira, eskolan dugun transformazio zentroaren gaineko erronka planteatzen da.

Entitate eta erakunde ezberdinekin eginiko bileretan, zikloa amaitzerakoan inongo karnetik ez zutela eskuratzen ikusi zen. industriarekin DCb-a aztertu eta lor zitezkeen karneten inguruko balorazioa egin zen. bi urteko prozesua ondoren, eta estatuko komunitate autonomo ezberdinekin lanketa egin ondoren, zikloko ikasleek hiru karnet profesional eskuratuko dituzte. behe tentsioko bi: “behe tentsioko instalatzailea” eta haren espezializazioa den “behe tentsioko instalazio sortzaileak” eta bestetik, “goi tentsioko 2. maila”-ko abilitazioa. Hauez gain, Usurbilgo lanbide Eskolan altueretan lan egiteko 6 orduko ikastaroa lantzen dugu kanpo enpresa batekin. Horrela, gure ikasleak altueretan lan egiteko ziurtagiria ere eskuratzen dute zikloaren lehen hiruhilekoan.

“Energia berriztagarrietako goi mailako teknikaria” zikloko lehen ikasle promozioak amaitu berri ditu eskolako ikasketak. Martxotik Ekainera bitarte, enpresako praktikaldi fasean murgilduta egongo dira eta ondoren lan mundura egingo dute salto. Taldeko hiru ikasle, Erasmus programaren baitan Poloniara joan dira praktikaldia burutzera eta bertan berriztagarriekin lan egiten duten enpresetan arituko dira.

bi urteko ibilbidearen balantzeak erpin ezberdinak ditu; lortutako emaitzarekin gustura gaude, ikasleek maila tekniko altua daramate eta gustura egon diren sentsazioa dugu. ikasketak %100-ean euskaraz egin ahal izan dituzte eta horretarako irakasle taldeak apunte eta material didaktiko guztia hasera hasieratik euskaraz sortu dute. ikasleen praktikaldiak topatzerako orduan, konturatu gara lan merkatu zabala dagoela eta sektoreak profesional behar handia duela. beraz, ikasleek ikasketak bukatu eta sektorean lana aurkitzeko zailtasunik ez dutela izango ikusteak ere, harrotasun puntu bat ematen du. Egiari zor, ez da lan munduan sartzeko erraztasunak dituen ziklo bakarra; orokorrean tekniko profesionalen beharra handia da, bai mantenuan, energietan, elektrizitatean, etab. balantzearen beste erpinean dugu bi urte hauek suposatu duten lan gogorra. Proiektu honetan sartutako irakasle taldeak, beren lan, ilusio eta esfortzu guztia zikloari forma ematen inbertitu dituzte. Formakuntza jaso, erronkak diseinatu, enpresekin harreman berriak egin, tailerrak muntatu, material didaktiko guztia zerotik eta euskara hutsean sortu, instalazioak egokitu, etab. Honez gain, Tknikatik martxan jarri den proiektu pilotu baten parte hartu da; “gaitasunen bidezko ebaluazio” sistema. Zikloa gaitasun tekniko eta zeharkakoetan definitu da eta ikasleak uneoro, erronka bakoitzean lortu beharreko gaitasun eta gaitasun hauen maila ezagutu du.

Zikloaren lehen lerroak marraztu dira eta zikloaren ibilbidea zein den definitzen hasi da. Dena den, aurrera begira lan eta garapen ugari dago egiteko eta hobetzeko. lehenik, trantsizio energetikoa burutzerakoan, Euskal Herriak duen estrategiari tekniko kualifikatuak aportatzea izan behar du berriztagarrietako eta efizientzia energetikoko zikloen helburua; energia murrizketa eta efizientzian urratsak emateko eta berriztagarriak modu egokian instalatu eta mantentzeko. bigarren, ziklo industriala izanik, espazio industrialak izatea eta inbertsioak egitea ezinbestekoa izango da. bereziki eolika eta tentsio altuko teknologietan sakontzeko. Eta azkenik, teknologia berriak integratzeko beharrezko formakuntzak jasotzea behar dira; eolika, tentsio altua, errealitate birtuala, etab.

This article is from: