2 minute read

3 Ezagutu literatura

Epika hitza

Epika hitzak antzinako grekoan du jatorria, eta «hitza, bertsoa» esan nahi du. Epopeia hitza epika hitzetik eratorria da, eta heroi bat goraipatzea helburu duen olerki luzea izendatzen du. Adibidez: Iliada, Odisea.

Ahozko euskal literatura

Ahozko literatura deritzo, belaunaldi batetik bestera, ahoz transmititu den literaturari. Egile ezezaguna du, eta idatzizkoa baino lehenagokoa da.

Ahozko literaturan ere, ohiko hiru literatura-generoak bereizten dira:

• Genero narratiboa : ipuinak, kondairak eta elezaharrak dira, baita balada batzuk ere.

• Genero lirikoa: igarkizunak, kopla zaharrak eta bertsoak dira, baita balada batzuk ere.

• Genero dramatikoa : herri-antzerkia da (maskarada eta pastorala).

Baladak

Baladak bertsoz idatzitako herri-kontakizun anonimoak eta doinudunak dira. Erdi Aroan sortu ziren, eta ahoz iritsi zaizkigu. Zenbait balada XIX. mendean bildu ziren.

Baladak Europa osoko tradizioan aurkitzen ditugu, hainbat izen badituzte ere (gaztelaniaz, adibidez, romance esaten zaie). Oro har, ezaugarri hauek dituzte:

• Olerki narratiboak dira; izan ere, bertsoz idatzita egon arren, istorio bat kontatzen dute.

• Solasaldiak ohikoak dira baladetan; sarritan, istorioa bera kontatzen da solasaldi bidez.

• Baladetako bertsoek ez daukate neurri finkorik

• Hainbat literatura-baliabide ageri ohi dira:

Sinbolismoa : testuan ageri ez den zerbaiti aipamena egitea; adibidez: usoa = maitea.

Errepikapena: hitzak, bertso-lerroak edo ahapaldiak errepikatzea, lelo gisa.

Kontrajarpena: aurkako esanahia duten hitzak erabiltzea, beste zentzu batekin.

Baladen sailkapena

Gaiari, ezaugarriei eta kronologiari dagokienez, baladak hiru multzotan sailkatzen dira:

• Balada epikoak . Baladarik zaharrenak dira, XV.-XVI. mendetakoak, hain zuzen ere. Gehienek garai hartako gertakizunak dituzte hizpide, gai epikoak alegia: bandoen arteko guduak, liskarrak… Eresiak (hileta-kantak) eta erlijio-kantuak ere mota honetakoak dira. Honako hauek dira ezagunenak: Beotibarko gudua, Bereterretxeren kanthorea edo Milia Lasturkoaren eresia, besteak beste.

Irakurri Beotibarko gudua baladaren lehen ahapaldia. Balada horrek gipuzkoarren eta nafarren arteko liskar bat kontatzen du. Beotibar inguruan gertatu zen, 1321. urtean:

Mila urte igarota ura bere bidean.

Gipuzkoarrak sartu dira

Gazteluko etxean, Nafarrokin batu dira Beotibarren pelean.

• Balada epiko-lirikoak. XVII. mendeko baladak dira. Dramatismo handiko baladak dira. Ez dituzte benetako gertakariak kontatzen, asmatutako istorioak baizik. Gai gatazkatsuak eta istorio ilunak kontatzen dituzte, errealismo handiz. Multzo honetakoak dira: Arrosa zuriaren azpian, Brodatzen ari nintzen, Leixibatxoa, Urtsuak zazpi leiho…

Irakurri Arrosa zuriaren azpian baladaren pasarte hau; hiru kapitainek neska gazte bat nola bahitzen duten kontatzen du: Kapitainak joan ziran beren zaldiak harturik hartu zuten anderea mantoz ontsa trozaturik, gero Pariserat eraman zuten Aitak jakin gaberik.

• Balada lirikoak. XVIII. mendeko baladak dira. Maitasunkantuak dira gehienak, eta solasaldi eran kontatuta daude nagusiki. Sinbologiaz eta lirikotasunez betetako istorioak dira. Balada lirikoak dira, besteak beste, Maitia, nun zira?; Goizian goiz jeikirik; Txori erresiñula eta Uso zuria .

Irakurri Maitia, nun zira? baladaren hasiera; maitale dohakabe baten hitzak dira:

Maitia, nun zira?

Nik ez zaitut ikusten, ez berririk jakiten, norat galdu zira?

Ariketak

1 Denbora-lerroa. Bilatu informazioa balada hauei buruz, eta osatu denbora-lerroa, ikasitako hiru garaiak kontuan hartuz:

Lili eder bat

Arrasateko erreketaren kantak

Peru gurea Londresen

2 Bilatu informazioa Milia Lasturkoaren eresia baladari buruz, eta erantzun:

• Zer garaitakoa da? Zer euskalkitan dago idatzita?

• Zer istorio kontatzen du baladak? Azaldu zergatik den eresia.

• Nork bildu zuen balada hau lehenengo aldiz?

• Zer euskal abeslarik musikatu dute balada hau?

3 Irakurri eta aztertu Zuberoako balada hau:

Plañu niz bihotzetik a) Zein da baladaren gaia? Zer multzotan sartuko zenuke? b) Zein da ahots lirikoak aipatzen duen «gaitza»? Eta nor da «barbera»? c) Nolako zirrarak transmititzen ditu baladak?

Plañu niz bihotzetik, gaitza zer dudan ez dakit, tristezia batek harturik; ez nuke axolarik balitz erremediorik.

Ene gaitza sendo ahal lironik ; ez da munduan barber ik bat baizik ene gaitza zertarik den ezagutzen duenik. Eta hura berantetsirik baniagozu , gaixoa, tristerik!

Plañu niz: kexu naiz; sendo ahal lironik: sendatu dezakeenik; barber: mediku; berantetsirik: berandu dela iruditzen zait; baniagozu: banago.

This article is from: