4 minute read

Komunikatu Irakurgaia

Next Article
Bizileku maitea

Bizileku maitea

Zer irakurriko duzun

Urte askoren ostean, Esteban —istorio honetako protagonista—, Hiru Mariak izeneko etxera itzuli da. Umetan, udako oporrak igarotzen zituen leku hartan. Esperientzia gazi-gozoa izan da berarentzat hara berriz itzultzea, benetako zirrara-zurrunbiloa.

Etxera bueltan

Trenetik jaitsi zen San Lucas-eko geltokian. Toki miserablea zen. Eguraldi kaskarrak eta inurriek egurrezko nasako teilatua hondatu zuten, eta, ordu horretan, ez zebilen inortxo ere. Handik, haran osoa ikus zitekeen lanbro fin baten atzetik. Izan ere, gaueko euriak lurra busti zuen, eta orain laino mehe bat altxatzen zen lur hezetik. Urrutiko mendiak zeruko hodeien artean galtzen ziren, eta sumendiaren tontor elurtua soilik ikus zitekeen argi eta garbi, paisaiaren atzean zutik, neguko eguzki lotsatiak argituta. Ingurura begiratu zuen. Haurra zenean —hau da, oroitu zezakeen garai zoriontsu bakarrean—, eskualde hartatik ibiltzen zen, zaldiz, aitarekin batera. Udan Hiru Marietan jolastu izana gogoratzen zuen, baina ordutik urte andana igaro zirenez, oroimenak ia oroitzapen guztiak ezabatuak zituen, eta ez zuen lekua ezagutzen. San Lucas herria bilatu zuen begiradarekin, baina etxalde bat baino ez zuen ikusi, goizeko hezetasunak marguldua. Bat-batean, trenaren hotsa entzun zuen: martxan jarri, eta urruntzen hasi zen, ke zurizko zutabe bat atzean utzita. Bakarrik zegoen paraje isil horretan. Maletak jaso ondoren, lokatzez eta harriz betetako bidexka bat hartu zuen. Herrira hurbiltzean, tximinia batzuetatik kea ateratzen zela ikusi, eta hasperen egin zuen, arinduta. Izan ere, hasieran pentsatu zuen herrixka ziztrin abandonatu bat besterik ez zela. Herriaren sarreran geratu zen, eta ez zuen inor ikusi. Alde banatan adobezko etxe apalak zituen kale bakarrean, isiltasuna zen nagusi, eta ametsetan zegoela iruditu zitzaion. Herrixka osoa inortxo ere ikusi gabe korritu zuen, baina, itxaropena galtzen hasia zuenean, zaldi baten apoak entzun zituen bere atzean. Egurgile bat zen, gurdi kalamastra batean zetorrena. Bide erdian paratu zen, gidariak zaldia geldi zezan.

—Eramango nauzu Hiru Marietara? Ondo ordainduko dizut! —oihu egin zion. —Zer egin behar duzu han, jauna? —galdetu zuen gizonak—. Lurralde abandonatu bat besterik ez da, legerik gabeko harkaitz pila bat.

Baina onartu egin zuen proposamena, eta bidaiariari bagajea egur haxe en artean jartzen lagundu zion.

Sasitzak jandako eta zuloz betetako bide hondatu batetik aurrera egin zuten, eta, San Lucas herritik hamaika kilometrora, jabetzaren izena zeraman zurezko kartela ikusi zuten. Kate puskatu batetik zintzilik zegoen, eta haizeak zutoinaren kontra kolpatzen zuen. Zarata isil horiek doluzko danbor batenak ematen zuten. Begiratu azkar batekin nahikoa izan zuen ulertzeko mirari bat beharko zela lurralde hura miseriatik salbatzeko. Belar txarrek bidexka irentsi zuten, eta, edozein norabidetan begiratzen zuela ere, haitzak, sastrakak eta mendiak besterik ez zituen ikusten. Gogoratzen zituen mahastien arrastorik ere ez zegoen. Handik gutxira, etxea begiztatu zuen. Zutik zegoen oraindik ere, baina haren itxurak nahigabea ematen zuen. Teilen erdia apurtuta zegoen, eta landare igokari basati bat sartzen zen leihoetatik; horma gehienak estaltzen zituen. Esteban gurditik jaitsi zen, bi maletak jaso zituen eta zenbait txanpon luzatu zizkion egurgileari.

—Nahi baduzu, itxarongo dizut, nagusi —esan zuen gizonak. —Ez. Hemen geratuko naiz.

Irakurgai hau www.anayaharitza.es webgunean entzun dezakezu.

Etxerantz abiatu zen, eta, atea bultzada batez irekita, barrura sartu zen. Argitasun nahikoa zegoen, eguzki-izpiak leiho-ate puskatuetatik eta teilatuko zuloetatik sartzen baitziren. Hautsez eta armiarma-sarez beteta zegoen dena; abandonatu-itxura osoa zeukan tokiak. Esteban txikia zeneko altzari berberak zeuden han, baina gogoan zuena baino askoz ere itsusiago, ilunago eta zarpailago. Etxe osoa belarrezko, hautsezko eta hosto lehorreko kapa batez tapizatuta zegoen. Estebanek maletak mahai baten gainean utzi, eta etxean barrena ibiltzen hasi zen, barruak jaten zizkion tristura menderatu nahian. Gelaz gela ibili zen, eta gauza guztiak hondatu zituzten narriadura, pobrezia eta zikinkeria ikusi zituen. Sukaldea gela zabal lohi bat zen. Sabai altua zuen, eta paretak belztuta zeuden egurraren eta ikatzaren kearengatik. Toki lizundu hura erortzeko zorian zegoen. Hormetan, hamabost urtean erabili gabeko kobrezko nahiz burdinazko eltze eta zartaginak zeuden iltzetatik zintzilik. Logeletan, aitak garai batean erositako ohe eta armairu ispiludun berberak zeuden, baina koltxoiak artile ustel pila bat besterik ez ziren. Behinola egongela izandako lekuan, oraindik ere alemaniar pianoa ikus zitekeen, hanka bat hautsita eta teklak horituta zituela. Apaletan liburu irakurtezin batzuk geratzen ziren, baina hezetasunak orriak janak zituen. Lurzoruan, antzinako aldizkarien hondarrak zeuden, haizeak barreiatuta.

Ibilbidea bukatu zuenean, Estebanek argiago zituen ideiak. Bazekien lan ikaragarria zuela aurretik. Une batez, tentazioa izan zuen maletak gurdian berriz jarri, eta etorri zen bidetik itzultzeko, baina ideia hori alde batera utzi zuen segituan. Erabaki zuen horixe zela modu bakarra Rosa galdu izanagatik sentitzen zituen pena eta amorrua baretzeko: lan eskerga egitea, lurralde hondatu hori lehengoratzeko. Jaka erantzi, eta sakon hartu zuen arnasa. Gero, patiora atera zen, egurgileak han jarraitzen baitzuen.

Hiztegia

Marguldu: kolorea galdu edo kendu.

Apo: zenbait ugaztun handiren oina osatzen duen adarkizko azal lodia.

Haxe: zama, multzo.

Lizundu: zikindu, lohitu; lizunkerian erori edo erorarazi.

Komentatu testua

1 Testuaren hasierako lerroetan, bi leku deskribatzen dira. Azaldu zer kontrakotasun dagoen batetik bestera.

2 Nolako oroitzapenak zituen Estebanek leku hartaz? Arrazoitu, testuko informazioa erabiliz.

3 Zergatik egin zuen hasperen, arinduta, herrira hurbiltzean?

4 Zer erreakzio izan du gurdizainak, Estebanek Hiru Marietara eramateko eskatu dionean?

5 Zer sentitu du protagonistak, Hiru Marietako egoera ikusita? Aukeratu eta azaldu.

Nekea Poza Harridura

Etsipena

6 Zein da Estebanen benetako asmoa? Zer dela eta erabaki du hara itzultzea?

7 Zer egiteko tentazioa izan du protagonistak? Zergatik ez du etsi, zure ustez?

Erreparatu testuaren ezaugarriei

8 Zer testu mota da nagusi irakurgaian?

9 Laburbildu, esaldi bakarrean, leku hauek zer itxura zuten: tren-geltokia, San Lucas herriko ikuspegi orokorra , herriko kaleak , Hiru Mariak etxearen kanpoaldea , etxearen barrualdea

10 Deskribapen-testuetan ohikoak dira izenondoak. Bilatu definizio hauei dagozkienak, eta idatzi bakoitzarekin doan izena: a) Guztiz hondatua, ordenarik gabea. b) Behar adinako balioa edo ontasuna ez duena. c) Gai organikoez mintzatuz, hondatu edo galdu dena, kiratsa dariona. d) Balio gutxikoa, huskeriatzat hartzen dena. e) Miseriazkoa, oso behartsua. f) Igotzen dena, bereziki horman gora doana. g) Hezi, landu edo zaindu gabea.

11 Deskribapen-testuetan, literatura-baliabideak ere tartekatzen dira. Azaldu honako hauek:

«Tontorra ikus zitekeen, neguko eguzki lotsatiak argituta».

«Zarata horiek doluzko danbor batenak ematen zuten».

Bilatu informazioa

12 Pentsatu-gogoko izan-ikertu. Isabel Allende XX. mendeko idazle ospetsua da. Bilatu informazioa Interneten: a) Non eta noiz jaio zen. b) Zenbat liburu idatzi eta saldu dituen. c) Saririk irabazi duen.

13 Bilatu informazioa Espirituen etxea eleberriari buruz, eta idatzi argumentua, 10 lerrotan. Gero, azaldu eleberriak zer lotura duen errealismo magikoa delakoarekin.

Hausnartu testuari buruz

14 Estebanek zirrara-zurrunbiloa sentitu du testuan zehar. Hausnartu, taldeka:

• Nolako eragina dute txikitako oroitzapenek pertsonongan?

• Sortzen da harreman berezirik leku batzuekin?

Baduzue leku kutunik?

15 Beti da gertakari lazgarria maite ditugun pertsonak galtzea. Bilatu dolu hitzaren esanahia, eta azaldu: a) Zer kolore erabiltzen den gure kulturan eta beste kultura batzuetan, dolua irudikatzeko. b) Zertan datzan prozesu psikologiko hori.

This article is from: