3 minute read

Komunikazioa

Kohesio-baliabideak

Kohesioa ere ezinbesteko baliabidea da testu txukunak idazteko. Hauek dira ohiko kohesio-baliabideak :

• Erreferentzia egiteko hitzak erabiltzea, errepikapenak saihesteko: sinonimoak, izenordainak, erakusleak, aditzondoak….

• Elipsia: elementu batzuk kentzea (hala nola, subjektua), testua arintzeko.

• Testu-antolatzaileak: informazioa antolatzen laguntzen dute. Hainbat motatakoak dira:

– Ordena adieraztekoak: lehenik, gero, ondoren…

– Azalpenak ematekoak: hau da, hots, alegia, izan ere…

Aurkakotasuna adieraztekoak: berriz, ordean, dena den…

Informazioa gehitzekoak: gainera, are gehiago…

Ondorioa adieraztekoak: beraz, hortaz…

Testuaren propietateak: koherentzia

Koherentzia deritzo testu bateko elementuen arteko lotura logikoari. Ideiak modu koherentean antolatzea ezinbestekoa da testuaren ulergarritasuna bermatzeko.

Testu koherenteak idazteko, honako hauek hartuko ditugu kontuan:

• Asmoa. Testua koherentea izango da, baldin eta komunikazio-egoerarekin bat badator: iritzia azaltzea, informazioa ematea, solaskidea konbentzitzea…

• Gaia. Testu koherentea sortu nahi badugu, ezinbestekoa da gaia argi izatea, testuan zehar azalduko ditugun ideia guztiak horrekin lotuta baitaude. Gaia testuaren muina da, haria.

• Informazio-kantitatea. Testu koherente batek informazio-kantitate egokia behar du. Ezinbestekoa da testuaren hartzailea nor den kontuan hartzea, eta horren arabera erabakitzea zer informazio jarriko dugun eta zer informazio saihestu dezakegun.

• Egitura. Ondo pentsatu behar dugu testuaren atalek zer ordena izango duten. Besteak beste, honako hauek izango ditugu kontuan: informazio garrantzitsuena hasieran jarriko dugun, paragrafoak nola antolatuko ditugun… Bi prozedura daude ideiak antolatzeko: a) Paragrafoa. Testua osatzen duen ataletako bakoitza da. Grafikoki, puntu eta aparte batek banatzen ditu paragrafoak. Gogoan izan: b) Gaiaren progresioa (tema/errema). Tema (edo mintzagai ) deritzo testu batean ezaguna den informazioari; errema, ordea, txertatzen dugun informazio berria da. Temak eta erremak lotzeko moduaren arabera, hiru progresio mota daude:

Paragrafo bakoitza ideia nagusi baten adierazle da.

– Paragrafo baten barruan, ideak bi modutan aurkezten dira: batzuetan, ideia nagusia paragrafoaren hasieran doa, eta horren ondoren datoz azalpenak, adibideak; beste batzuetan, kontrakoa egiten da: adibideak azaldu ostean, ideia nagusia aipatzen da.

Progresio lineala. Perpaus bateko errema hurrengo perpauseko tema da:

Goizean azokan izan naiz. [Azokan] Iker zegoen. [Iker] Anerekin zegoen.

Tema bakarrekoa. Perpaus guztiek dute tema bera: Ane azkarra da. [Anek] gauza asko dakizki. [Ane] jakintsua da.

– Tema askotakoa. Tema batetik hainbat errema sortzen dira: Erromako monumentuak bisitatu ditut. Koliseoa da ezagunena, baina badira beste batzuk. Fontana di Trevi iturria ikusgarria da, eta Panteoia ere bai.

Ariketak

1 Taldeka interpretatu. Irakurri testu hau, eta erantzun galderei:

Transiberiar Trenbidea a) Testu koherentea da? Arrazoitu. b) Zer asmo du testuaren igorleak? Lortu ote du bere helburua? c) Zure ustez, nor da testuaren balizko hartzailea? d) Zein da testuaren gai orokorra? Eta paragrafo bakoitzarena? Lotura dute ideia horiek haien artean eta gai nagusiarekin? Arrazoitu erantzuna. e) Egokia iruditzen zaizu testuko informaziokantitatea? Azaldu.

Transiberiar Trenbidea, edo Siberiako Trenbide Handia (Errusiar Inperioaren garaian esaten ziotenez), etenik ez duen munduko trenbiderik luzeena da. 9342 kilometro inguruko luzera duen trenbide horrek Moskutik Vladivostok-erako joanetorria egiten du. Lur planetaren zirkunferentziaren ia herenari dagokion luzera du, eta hamar ordueremu zeharkatzen ditu. Horrela, trenik azkarrena hartuz gero, bidaiak sei egun inguru irauten du, 100 geldialdi inguru egin ostean.

1890eko hamarkadan, eraikuntzaren goren unean, 90000 gizon inguru behar izan ziren trenbidea eraikitzeko. Bidean, milioi bat tona errail eta 12 milioi trenbide-trabes jarri, eta 95 kilometro zubi eta tunel eraiki behar izan zituzten.

Transiberiar Trenbidea eraikitzeko, 1455 bilioi errublo behar izan ziren. Hain garestia zenez, materialeta eraikuntza-prezioak ahalik eta txikienak izan zitezen saiatu ziren; horrenbestez, ez da harritzekoa trenbidea erabiltzen hasi zirenean, 1905ean, bidea arazoz, matxuraz eta tren-atzerapenez josita egotea. Hori guztia konpontzeko, trenbidearen zati batzuk berriro egin behar izan zituzten, eta 1916an bukatu zuten dena behin betiko.

Keith Lye, 100 rutas legendarias. BLUME (moldatua).

2 Osatu aurreko ariketako testua, paragrafo bakoitzean informazio hau gehituz: a) Lehen paragrafoa: trenbidea zer hiritatik pasatzen den. b) Bigarren paragrafoa: nork diseinatu zuen proiektua, norena izan zen ideia, etab. c) Hirugarren paragrafoa: 1903tik 1904rako neguan zer gertatu zitzaion trenari Baikal aintziran.

3 Zer dela eta diozu hori? Azaldu testu honetako gaiaren progresioa, temak eta erremak nola lotu diren aztertuz:

Baleei buruz idatzi den eleberririk ezagunena Moby Dick da. Eleberri horretako pertsonaia nagusiak Moby Dick izeneko balea eta Ahab kapitaina dira. Ahab kapitaina balea-ehiztaria da, eta obsesio bakarra du: hanka txikitu zion balea erraldoia itsasoan aurkitzea eta akabatzea. Itsasoan balea aurkituko du, baina heriotza ere hantxe topatuko du.

4 Identifikatu kohesio-baliabideak lehen ariketako testuan: a) Bilatu erreferentzia egiteko hitzak testuan (erakusleak, perifrasiak…). b) Badago elipsirik? Azaldu. c) Identifikatu antolatzaileak, eta adierazi zer motatakoak diren.

5 Bilatu informazioa Orient Express trenbideari buruz, eta idatzi lau paragrafoko testu koherente bat.

This article is from: