4 minute read

1 Komunikatu Irakurgaia

Zer irakurriko duzun

Jarraian Moby Dick eleberri ospetsuaren pasarte bat irakurriko duzu. Ahab kapitaina, mendeku-goseak zirikatuta, edozer egiteko prest dago, Moby Dick izeneko balea erraldoia ehizatzeko. Izan ere, zenbait urte lehenago, balea horrek eraso egin, eta hanka txikitu zion.

Balea zuria

Gau hartan, zaintza egiten ari nintzela, Ahabek burua biratu zuen keinu bortitz batez, eta itsasoko airea usaindu zuen, ehiza-txakur bat balitz bezala. Gero, iparrorratza aztertu zuen, usaina nondik zetorren ahalik eta zehatzen jakiteko, eta ontziaren norabidea aldatzeko eta belak biltzeko agindu zuen. Eguna argitu bezain laster, zelatari ei deitu zien.

—Zer ikusten duzue? —oihu egin zuen Ahabek, gora begira.

—Ezer ez, jauna! —erantzun zuen batek.

Eta, bat-batean, hirurak oihuka hasi ziren aldi berean:

—Hantxe dago! Hantxe ari da arnasten! Balea zuria da! Moby Dick da! Oihuek asaldatuta , ontzigainean zeuden marinelak hantxe abiatu ziren presaka, aspalditik zelatatzen ari ziren balea ospetsua ikustera. Urrunean, Moby Dicken konkor altua eta distiratsua ikusten zen, eta baleak ur-zurrusta isil bat botatzen zuen aldizka.

—Hantxe dago! Hantxe dago! —errepikatu zuen Ahabek—. Ur azpian sartzera doa! Prestatu hiru txalupak! Starbuck jauna, geratu hemen, eta zaindu ontzia. Hantxe ikusten da isatsa! Prest daude txalupa guztiak?

Haizebe rantz doa, kapitaina! —oihu egin zuen Stubbek—. Gugandik urruntzen ari da!

Azkar batean, txalupa guztiak uretaratu zituzten, Starbuckena izan ezik, eta Ahabena buruan jarri zen. Fedallahk begiak hondoratuta zeuzkan, eta keinu beldurgarria egiten ari zen ahoarekin.

Hiztegia

Zelatari: zelatan dagoen pertsona.

Asaldatuta: barne baretasuna hautsita.

Haizebe: itsasontzietan, haizeak jotzen ez duen alboa eta aldea.

Karranka: zenbait hegaztik egiten duten oihua.

Gabi: belaontzietan, zelatari-lanak egiteko masten goiko aldean egoten den plataforma.

Ubera: Itsasontzi batek uretan uzten duen arrastoa.

Poparean: popatik, hau da, itsasontziaren atzealdetik.

Dobloi: antzinako urrezko txanpona.

—Egon adi! —oihukatu zuen Ahabek—. Hegaztiek erakusten dute non dagoen. Eta hala zen. Bazirudien hegaztiak, balea urperatu zelako harrituta, zaintza egiten ari zirela, karranka eta hegan egiten zuten bitartean. Edozein gizonek baino hobeto ikusten zuten haiek. Hasieran, Ahabek ez zuen itsas barreneko seinalerik hauteman, baina, bat-batean, beherantz begiratu zuenean, orban zuri bat ikusi zuen gainazalera abiadura betean igotzen, gero eta handiago.

Aharrausi egiten ariko balitz bezala, baleak ahoa ireki zuen Ahaben txaluparen azpian zegoenean. Ahabek arpoi bat hartu zuen. Moby Dickek, kosk egiteko prest dagoen marrazoaren antzera, brankaren zati bat sartu zuen ahoan. Balearen masailezur barruko zuritasuna Ahaben burutik oso gertu zegoen, baina kapitainak ezin zion posizio horretatik arpoia sartu.

Barailak guraize erraldoiak balira bezala itxi ziren, eta txalupa bitan ebaki zuten. Orduan, tripulazioa uretara erori, eta uraren gainean zeuden egurrezko zatiei oratu zieten. Gero, tarte batean zehar, Moby Dick ur azpian sartzen eta burua olatuen artetik ateratzen ibili zen, jolasean. Nazkatu zenean, uretan zeuden marinelen inguruan aritu zen igerian, azkar-azkar. Urak nahasi zituen, ostera ere erasotzeko prestatzen ariko balitz bezala. Suntsitutako txalupa ikusteak erotu egiten zuela zirudien.

Bien bitartean, Ahabek, aparrean erdi itota eta igeri egiteko elbarriegi, ahalegina egiten zuen ez hondoratzeko. Gainerako naufragoek ezin zioten lagundu, nahikoa baitzuten beren burua salbatzen. ➜ Irakurgai

Hasiera-hasieratik, zelatariek ehizaren nondik norakoak jarraitu zituzten ontziko gabi etatik, eta, orain, ontzia gerturatzen ari zen.

—Nabigatu balearen kontra! Bota ezazue hemendik! —oihu egin zien Ahabek. Pequod- aren branka marinelak zeuden norabidera begira jarri zen, eta, zirkulu sorgindua puskatu eta gero, balea zuria haren biktimengandik urrunarazi zuen. Txalupak ziztu bizian abiatu ziren itsasgizonak salbatzera. Stubben txalupan hartu zuten Ahab, begiak gorri-gorri zituela, gatzak itsututa.

—Han dago! Ikusten dut! —esan zuen Ahabek, zerumuga begiztatuz—. Haizeberantz doa oraindik ere! Ur-zurrusta ikusten dut! Odolak hezurrak berotzen dizkit berriro! Jaso bela, atera arraunak!

Baina segituan ohartu ziren balea azkarregi zihoala eta txalupekin ezingo zutela inoiz harrapatu. Argi zegoen ontzia zela ehizarekin jarraitzeko bitartekorik egokiena; beraz, txalupak jaso zituzten, eta Pequod- a Moby Dicken ubera ren atzetik abiatu zen.

Ahabek egun osoa eman zuen alde batetik bestera, balearen ur-zurrusta noiz agertzen zen idazten. Egunaren bukaeran, zelatariak oraindik ez ziren jaitsi.

—Jada ez dut ur-zurrusta ikusten, jauna! —deiadar egin zuen ahots batek airetik—. Ilunegi dago!

—Zer norabidetan zihoan azkenengoz ikusi duzuenean?

—Lehengo norabide berean, jauna. Haizeberantz zihoan.

—Ederto! Gaur gauean astiroago joango da. Ez dugu bihar arte atzemango. Pilotu, haizea poparean behar dugu! Goikoak, jaitsi hortik! Stubb jauna, igo dadila norbait masta nagusiko zelataria ordezkatzera, eta txandak har ditzatela egunsentira arte —Gero, masta nagusiko dobloi ra gerturatu, eta honela esan zuen—: marinelak, horrelako bat emango diot Moby Dicken gorputzean arpoia sartzen duen edozeini.

Hori esan eta gero, kabinara atseden hartzera jaitsiko zela pentsatu zuten denek. Alabaina, gau hartan, azkena izango zela jakingo balu bezala, bertan geratu zen egunsentira arte.

Komentatu testua

1 Nola jakin du Ahab kapitainak balea hurbil dagoela?

2 Zer agindu eman dio kapitainak Starbuck jaunari? Zergatik egin du hori, zure ustez?

3 Nola jakin dute marinelek balearen kokapena zein den, urperatuta zegoenean?

4 Zer arma erabili nahi ditu Ahabek balea ehizatzeko?

5 Nola erantzun die baleak marinelen erasoei?

6 Ahab kapitainaren aldartea aldatu egiten da kontakizunean zehar. Azaldu.

7 Nola lortu zuten Pequod ontziko marinelek balea urrunaraztea?

8 Zer eskaini zien Ahabek marinelei?

Erreparatu testuaren ezaugarriei

9 Zenbat atal ditu testuak? Adierazi bakoitza non hasten eta non amaitzen den.

10 Idatzi testuaren laburpena, 10 lerrotan.

11 Bilatu testuan itsasontzien eremu semantikoko lau hitz.

15 Bilatu informazioa euskoislandiera delakoari buruz, eta erantzun galdera hauei:

• Zeri deritzo pidgin? Zer ezaugarri ditu hizkuntza mota horrek? Nola sortzen da?

• Lotu euskoislandiera aurreko unitatean hizkuntzaukipenari buruz ikasi zenuenarekin.

• Bilatu euskoislandieraz idatzitako esaldiak, eta eman euskara batuan.

Hausnartu

Testuari Buruz

12 Testuan izenondo ugari dago. Bilatu hauen sinonimoak direnak: distiratsu bortitz ospetsu

Bilatu informazioa beldurgarri

13 Balea zetazeoa da. Beste zer itsas animalia daude talde horretan? Bilatu informazioa, eta aipatu hiru, gutxienez. Gero, aukeratu bat, eta idatzi deskribapen laburra.

14 XIV.-XV. mendeetan, euskaldunak balea-ehizan aritu ziren, Bizkaiko golkoan ez ezik, munduko beste hainbat tokitan ere. Ikertu honako hauei buruz: a) Zer tokitan ibili ziren euskal baleazaleak. b) Zer herritakoak ziren baleazaleak. c) Zer probetxu ateratzen zieten baleei. d) Noiz desagertu ziren baleak Bizkaiko golkoan.

16 GJH. Gaur egun, balea-espezie gehienak babestuta daude. Herrialde batzuek, ordea, nazioarteko itunak urratu, eta baleak ehizatzen jarraitzen dute. Bilatu informazioa, eta esan zer herrialde diren.

17 Ikertu eta eztabaidatu eskolan baleen egoerari buruz: bizilekua, espezieak, mehatxuak, babes-neurriak, etab.

18 «Alabaina, gau hartan, azkena izango zela jakingo balu bezala, hantxe gelditu zen egunsentira arte» . Binaka, hausnartu narratzailearen hitz horiei buruz:

• Zergatik pentsatu ote zuen kapitainak gau hura azkena izango zela? Zeren susmoa zuen?

• Bilatu hiztegian aieru hitzaren esanahia, eta esan inoiz horrelakorik izan duzuen.

➜ Ikasi gehiago baleei buruz www.anayaharitza.es webguneko baliabide-bankuan.

This article is from: