4 minute read

AURRERATRAGAN

Lagun batek mezua bidali dio Adolfo Arejita euskaltzainari, herriko euskaran erabiltzen dugun hitz baten harira. Nondik ote dator “atzeratragan” esamoldea? Berriatua partean hitz hau erabiltzen dugu “atzerantz tiraka” dabilena izendatzeko. Aurrerapausua ematea kostatzen zaiona “atzeratragan” egoten da. Labayru fundazioko teknikariek aztergai izan dute hitza eta baita Arejitak berak Bizkaia Irratiko “Euskera Hobetzen” saioan komentatu ere.

Ez dauka argi morgatarrak. “Tragan” hori “trangea” izan daiteke. Frenoa edo galga. Ate handi eta zaharretan posizio horizontalean jartzen den egurrezko edo burdinazko barra. Atea zabaltzea oztopatzen du “tranga” horrek. Baina “trangea” hitzak badu beste adiera bat ere, joskintzari lotua. Haria egiteko tramankulu zaharra ere bada, hainbat hortz dituena.

Advertisement

Oraingoz, hitzaren jatorria zehazterik ez dugu izan, baina zesta-punta ere urte gehiegitan “atzeratragan” egon dela esango nuke. Bere gainbehera hasi eta orain arte. Atzeratragan, atzera begira egon delako. Iraganaren aingurak pisu handiagoa izan duelako aurrera egiteko indarrak baino.

Kontu matematikoa da. Gure belaunaldiak zestapunta ia desagertzear jaso du. Zalez hustua eta erabat minorizatua. Jarraitzaileen masa gutxitu bat iritsi zaigu, baina masa horretan kopuru handia osatu dute urrezko iragan bat ezagutu duten zaleek. Batik bat, pilotari ohiek. Oreka hori desproportzionatua da tamaina bereko beste kirolekin konparatuta.

Orain ostera, aldatu egin da proportzio matematikoa. Iragana ezagutu duten zaleak hor daude, baina gehiago dira zerotik abiatu diren jarraitzaileak.

Betaurreko berriekin ari dira kirola jarraitzen eta ez dute beste garai batzuekin alderaketarik egiten. Egitekotan, beste kirol batzuekin egiten dute alderaketa. Eta hor, zenbait arlotan behintzat, badu zer irabazia zesta-puntak.

Kirol azkarra da, ezberdina, estetikoki erakargarria eta exotikoa ere bai, Mutriku-BerriatuaMarkina-Gernika ardatzetik kanpora. Horrez gain, ikuskizuna ondo aukeztua dago eta horrek egiten du berezi. Harmailetako giroa erakargarria da eta baita frontoira doan jende mota ere. Horrek ere, leku batera doan jende motak, zaleak erakarri edo uxatzen dituelako.

Arrakastaren zati bat beraz, formatuan dago. Winter Seriesare kasuan, jaialdiko partida bakarra eskaintzen da, dagoeneko ondo finkatuta dagoen seten sisteman. Emozioari giltza zabaltzen dio hirugarren set horrek. Bigarren faktorea, telebista da. Joseba Urkiola ETBko kirol zuzendariak halaxe adierazi zuen iazko neguan: “Winter Seriesa ez da pilota emanaldi bat izango. Winter Seriesa ‘Prime Time’-ko telebista saio bat izango da”. Aldea dago kirol emanaldi sinple batetik telebista saio batera. Alde handia.

Winter Seriesak dena aldatu du. Daniaren itxiera jakin zenean sortu zen ideia. Momentu horretan erabat umezurtz geratzear zen zesta-punta. Soka mehe batek eutsiko zion soilik biziari, udako ohiko torneoekin. Hori ikusita zesta-puntako aktore nagusiak bildu zituen Urkiola jaunak eta apostu ausarta planteatu. Nik telebista jarriko dut eta zuek neguko txapelketa bat antolatu.

Aurrez bidea egingo zuten Amaia Uribe, ETBko Estatu Batuetako berriemaleak eta Oier Plaza zuzendariak. Lehena New Yorketik Floridara joango zen, Estatu Batuetako ibilbidearen amaiera Euskal Herriari kontatzera. ETBk albistegiak ireki zituen notizia horrekin eta hainbat egunez zuzenekoak eta erreportajeak eskeini zituen. Bigarrenak, Plazak, lan sakonagoa hartuko zuen beregain: hiru kapituluko dokumental saioa filmatzea pilotari horien larruan jarrita. Lan itzela izateaz gain, Winter Seriesaren abiapuntua izan zen Plazaren “Jai Alai, Azken Hegaldia”. Euskal Herriko jendea puntistak ezagutzen hasi zen eta hori izan zen ondoren etorriko zenaren germena. Guzti honetan badu Oierrek errekonozitu gabeko meritua.

Konturatzen bagara, Jai Alaitik kanpoko pertsonak dira orain aipatu ditudan guztiak. Hala ere, Urkiolaren planteamenduak “atzeratraga” eragin zien zesta-puntako aktore askori. Gernika Jai Alai enpresak heldu zion soilik erronkari. Ez beldur barik. Frontoi huts baten telebista-irudiak pikutara bota zezakeen azken zazpi urteetako lan guztia. Neguko astelehenetan zesta-punta programatzeak ikara sortzen zuen bai. Are gehiago urtez urte, uda sasoian, frontoia betetzea lortu eta gero.

Baina arriskua handia izanda ere, erabaki horretan pisu gehiago izan zuten erantzukizunak eta ardurak. Batzuk hanka egin zuten bitartean, Gernika eta ETBren arteko ezkontza gertatzear zen. Arrakastaren formula.

Bi lantaldeak barrutik ezagutzen ditut eta biek dute aurrera begirako joera. Hizkuntza bera hitz egiten dute. Komunikazio teknikoa eta profesionala. Horrez gain, lantalde horretako inork ere ez dauka zesta-puntaren iraganaren pisurik. Ez dago “atzeratragarik”. Ezkontza horren bigarren urtea lehena baino gozoagoa izan da gainera eta mugarri garrantzitsu bat ere ekarri du. Iparraldeko eragile nagusiekin batzea. JAI ALAI LEAGUE abiatu berri da eta haziz joango da. Iparraldean Donibane Lohitzune da erreferentzia eta hor ere, hara non, proiektuaren gidaria ez da zesta mundukoa.

Jende honen buruetan dena da planteagarri. Partidak orekatuak izan behar al dira beti? Zergatik, apusturik ez badago? Lehia estuaz gain, ikuskizun batek beste sentimendu batzuk ere eskeini ditzake: gazte baten ausardia esaterako. Thomas Urrutia noiz itzuliko den, hori ari dira galdetzen Gernika partean Winterraz geroztik. Bi partida jokatu eta biak galdu zituen garaztarrak, baina zerbait berezia eragin du pilotazalearen erraietan.

Zesta-zale klasiko bati entzun diot esanez, ez zaiola onargarria iruditzen jaialdi batean partida bakarra jartzea. Final batean, are gutxiago. Suminduta esan zuen. Bada zale berri askok ez dute bi ordu baino gehiago egon nahi frontoian. Ze entretenimendu klase da hiru ordu edo gehiago irauten duena?

Daniak ateak itxi eta urtebete eskas pasa da. Tarte horretan gizonezkoen bi Winter Series egin dira, emakumezkoen lehenengoa, Durangoko banakakoa, Winter Pro Am-a, Jai Alai League sortu da, mugikorreko aplikazioa ere bai, Ezkurdi zabaldu da, Euskal Telebistak bere lehen kanaletik ematen du orain zesta-punta eta Iparraldeko txapelketak ere eskeintzen hasi da.

Urtebetean jarraitzaileak biderkatzera pasa da zesta-punta. Frontoiak udan bezala betetzen dira neguan ere eta lehen aldiz, telebistan ere ikusi egiten da gure kirola. Orain arte partidak ematen ziren, bai, baina inork ez zituen ikusten. Pilotariak berriz, askoz modu profesionalagoan prestatzen dira eta jendea beraien izenak ezagutzen hasi da: Erkiaga, Barandika, Lopez, Del Rio. Esan dezagun argi: lehen inork ere ez zituen ezagutzen gure herri txiki honetan. Goikoetxea zen salbatzen zen bakarra.

Noski, jarraitzaileen masa berri hori ez dago inolaz ere konsolidatua. Desagertu egin daiteke edo haziz joan. Publikoa analizatu egin beharko da produktua monotonian ez erortzeko. Ikuskizuna bera egonkortua dago baina dena da moldagarria: formatua, kirol-arauak, estetika... dena. Zesta-puntaren bide hau berria da eta ez du inolako zerikusirik iraganean izan duen historiarekin. Etapa horren heriotz agiria “Jai Alai Blues” dokumentalak sinatu zuen eta ederra izan zen arren, hegaldi berri honek ez du behar “atzeratragarik”.

Aurrerako bidea hasi da jada. Gauzak berez ez dira errazak, oztopoak badaude baina hor goaz orain “aurreratragan”. Denbora kontua izango da tranga horiek apurka apurka desagertzen joatea.

Lander Eizagirre

This article is from: