3 minute read

1 Komunikatu

Komunikazioa

Deskribapen motak

Hartzailearen asmoaren arabera, deskribapenak bi motatakoak dira:

• Deskribapena objektiboa da igorleak, informatzeko asmoz, pertsonak, lekuak eta gauzak ahalik eta zehatzen aurkeztea.

• Deskribapena subjektiboa da igorleak, deskribapena egiteaz gain, bere iritzia azaltzea.

Deskribapen-testuen ezaugarriak

• Izen eta izenondo ugari erabiltzen dira, pertsonen, lekuen eta gauzen nolakotasuna adierazteko. Lekuen deskribapenetan, halaber, ohikoak dira adberbioak , elementuen kokalekua azaltzeko.

• Izan , egon eta eduki aditzak dira nagusi.

• Aditzak orainaldian eta lehenaldian egoten dira.

• Konparazioak eta metaforak erabiltzen dira, baita hiperbolea eta pertsonifikazioa ere.

Deskribapen-testuak

Deskribatzea pertsonak, lekuak edo gauzak nolakoak diren azaltzea da. Deskribapen-testuetan, hitzen bidez adierazten dugu ikusten edo irudikatzen duguna, ahoz edo idatziz.

Deskribapen-testuek hainbat erabilera dituzte. Narrazio-testuetan, adibidez, sarri agertzen dira, pertsonaiak eta leku-denborak aurkezteko. Deskribapen literario esaten zaie mota horretako deskribapenei. Bidaia-liburuetan, informazio-orrietan eta publizitatean ere egoten dira deskribapenak, hartzailea erakartzeko eta produktu baten onurez konbentzitzeko asmoz. Bestalde, testu zientifiko eta unibertsitateko eskuliburuetan ere ohikoak dira: deskribapen zientifiko deritze azken horiei.

Lekuak eta eszenak deskribatzea

• Leku bat deskribatzea paisaia edo toki bat nolakoa den azaltzea da. Leku bat deskribatzeko, elementuak zer ordenatan azalduko ditugun erabaki behar dugu; hainbat modutan egin daiteke hori: orokorretik zehatzera edo zehatzetik orokorrera; barrutik kanpora edo kanpotik barrura, goitik behera edo behetik gora…

• Eszena bat deskribatzen dugunean, ikusten ari garena azaltzen dugu: paisaia nolakoa den, pertsonaiak non dauden, zertan ari diren… Eszenak zer-nolako zirrarak eragiten dizkigun ere azaldu ohi dugu.

Pertsonak deskribatzea

Pertsona-deskribapenak hainbat motatakoak izan daitezke:

• Prosopografia : pertsona baten ezaugarri fisikoen eta itxuraren berri ematen du.

• Etopeia : pertsona baten ezaugarri psikologikoak eta izaera nolakoak diren azaltzen du.

• Erretratua: ezaugarri fisikoak ez ezik, pertsona baten izaera ere deskribatzen du; nork bere buruari egindako erretratuari autorretratu deritzo. Bestalde, karikatura deritzo, norbait barregarri uzteko helburua duen erretratuari; gehienetan, pertsona horren ezaugarri bereizgarriak neurriz kanpo puzten eta nabarmentzen dira.

Izaera eta aldartea deskribatzea

Etopeietan eta erretratuetan, honako hauek izango ditugu kontuan, pertsona baten izaera eta aldartea deskribatzean:

• Izaera ri dagokionez, besteak beste pertsonak zer zaletasun, bizimodu, ohitura eta zer nahi eta asmo dituen azalduko dugu. Nolako portaera duen eta beste pertsona batzuekin nola jokatzen duen ere argituko dugu.

• Pertsona baten aldartea deskribatzen dugunean, azaldu behar dugu pertsona hori une jakin batean nola dagoen eta zer zirrara dituen: beldurra, lasaitasuna, poza, amorrua… Halaber, argituko dugu pertsona horrek zer prozesu ri jarraitu dion pozik edo haserre egoteko, nola hazi den bere urduritasuna, beldurra edo ezinegona, etab.

Ariketak

1 Taldeka interpretatu. Irakurri deskribapentestua, eta erantzun.

Minas Tirith a) Zer ordenatan deskribatzen dira hiriko elementuak? b) Objektiboa ala subjektiboa da testua? Arrazoitu. c) Identifikatu izenlagunak eta izenondoak. d) Aztertu testuko aditzak eta adberbioak. e) Erreparatu azpimarra duen zatiari, eta azaldu gaiaren progresioa, aurreko unitatean ikasitakoa erabiliz. f) Aztertu kohesio-baliabideak testuan: – Bilatu deixiaren adibideak.

Minas Tiritheko arkitektura apartekoa zen, eta hiria zazpi mailatan eraikia zegoen, haietako bakoitza mendian induskatua eta harresi batek inguratua, eta harresi bakoitzak ate bat zuen. Baina ateak ez zeuden lerro zuzenean: Hiriaren Harresiko Ate Handia zirkuituaren ekialdeko muturrean zabaltzen zen, baina hurrengoa ia hegoaldera begira zegoen, eta hirugarrena iparraldera, eta horrela hurrengoak ere, norabide batera eta bestera, beti ere gorantz. Horrela, gotorlekura igotzen zen bidea norabide batera biratzen zen lehenik, eta, gero, bestera, mendi-magalean barrena. Gotorlekuaren sarreratik, farolez argituriko aldapa luzea zazpigarren ateraino igotzen zen. Bide horretatik iritsi ziren Goi Patiora eta Iturriaren Plazara, Dorre Zuriaren oinaldean; garaia eta arranditsua zen, oinaldetik pinakuluraino berrogeita hamar bat braza zituen, eta goian Seneskalen bandera astintzen zuen haizeak, lautadaren gainetik mila bat oinera. Gotorleku boteretsua zen ezbairik gabe, benetan garaiezina.

Pippinek gero eta harrituago begiratzen zion harrizko hiri eskergari. Berak inoiz amestutako ezer baino zabal eta ederragoa zen: Isengard baino handiagoa eta sendoagoa, askoz ere politagoa. Hala ere, hiria gainbehera nabarmena pairatzen ari zen urterik urtera: bertan eroso bizi zitezkeen gizakien erdiak falta zituen jadanik. Kale guztietan, etxe handi edo jauregiren baten aurretik pasatzen ziren; ate eta atarien gainean letra ederrak zituzten zizelkatuta, eite arrotz eta zaharrekoak: aurreko garaietan bertan bizi izandako gizon eta familia nobleen izenak, Pippinen ustez.

J. R. R. Tolkien, Eraztunen jauna. Erregearen itzulera. Txalaparta (moldatua).

Arranditsu: arrandiaz betea, harroa, handiustea; eite: itxura.

– Identifikatu eremu semantiko bereko hitzak.

– Bilatu eta sailkatu antolatzaileak.

2 Irakurri deskribapena, eta erantzun.

Edabea a) Azaldu testuak zer kontatzen duen. b) Nolako aldartea du protagonistak? Aldatu egiten du aldartea testuan zehar? Azaldu. c) Identifikatu pertsonaiaren aldarte nahasiaren berri ematen duten pasarteak. d) Nolako zirrarak eragin dizkizu testuak? Kontatu, labur-labur.

Nik banekien bizia arrisku larrian jartzen nuela. Nahikoa izan zitekeen dosiaren prestakuntzan edo administrazioaren unean akats ñimiñoena egitea. Baina azkenean beldurrak gainditu zituen aurkikuntza berezi eta sakon baten tentazioak. Zori beltzeko gau batean, berandu, elementuak nahastu nituen, ikusi nuen nola irakiten zuten, basoan kea zeriela, eta irakinaldia bukatu zenean, kemen-ekinaldi batez, irentsi nuen edabea.

Izan daitezkeen oinaze-sastadarik zorrotzenak etorri zitzaizkidan; kirrinka-hotsa hezurretan, goragale hilgarria, eta jaiotzaren edo heriotzaren orduan ezin handiagoa izan daitekeen espirituaren antsia bat. Gazteagoa, arinagoa, alaiagoa sentitzen nintzen gorputzez. Banekien, bizitza berri haren lehen arnasan bertan, zitalagoa nintzela, hamar bider zitalagoa. Eskuak luzatu nituen, pozik; eta hartan ari nintzela, bat-batean ohartu nintzen altuera galdu nuela.

Ezkutuka igaro nituen korridoreak, neronen etxean arrotz; eta, nire gelara joanda, hantxe ikusi nuen, aurrenekoz, Edward Hyderen itxura.

Robert Louis Stevenson, Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia. Erein.

This article is from: