2 minute read

3 Ezagutu literatura

Next Article
Ezagutu literatura

Ezagutu literatura

Bernart Etxepare: lehen euskal idazlea

Ez dakigu gauza handirik Bernart Etxepareri buruz. Dirudienez, 1470eko hamarkadan jaio zen, Nafarroa Behereko Sarasketa herrian. Apaiz-ikasketak egin, eta Donibane Garazi ondoko Eiheralarre herriko erretore izendatu zuten. Badakigu espetxean izan zela, arrazoi politikoak zirela eta. Ez dakigu, ordea, zenbat denbora igaro zuen han. Noiz hil zen ere ez dakigu, ezta lana argitaratu zenean bizirik zegoen ere.

Linguae Vasconum Primitiae

Lehen esan dugunez, Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae da euskara hutsez idatzitako lehenengo literatura-lana. Bordelen argitaratu zen, 1545ean. Liburua Nafarroa Behereko euskaran dago idatzita, eta hitzaurre batek eta 15 olerkik osatzen dute. Olerkiak lau multzotan sailkatu daitezke, gaiari dagokienez:

• Hitzaurrea : Etxeparek eskerrak ematen dizkio Bernard Lehete bere babesleari (liburua argitaratzeko dirua eman zion gizonari), eta harrituta agertzen da, ordura arte inork ez duelako euskaraz idatzi. Euskarazko lehen idazletzat du bere burua.

• Erlijio-olerkiak (I. eta II. olerkiak): kristau-ikasbidearekiko eta Ama Birjinarekiko maitasuna erakusten du.

• Maitasun-olerkiak (III.-XII. olerkiak): maitasun lurtarra eta emakumea laudatzen ditu.

• Olerki autobiografikoa (XIII. olerkia): espetxean izan zela azaltzen du.

• Euskara goraipatzeko olerkiak (XIV. eta XV. olerkiak): «Sautrela» eta «Kontrapas» Etxepareren olerkirik ezagunenak dira, eta euskara goraipatzeko idatzi zituen.

Olerki gehienek 4 bertso-lerroko ahapaldiak dituzte; ahapaldi bakoitzak 15 silabako lau bertso-lerro ditu. Bertso-lerro horiek, halaber, barne banaketa bat dute, 4/4/4/3 silaba-eskeman oinarritua.

ARIKETAK

4 Taldeka irakurri. Irakurri Linguae Vasconum

Primitiae liburuaren hitzaurrearen zati hau, eta erantzun:

Zeren baskoak baitira abil, animos eta jentil, eta haietan izan baita zientzia guztietan letratu handirik, miraz nago , jauna, nola batere ez den saiatu bere lengoaia propioaren faboretan euskaraz zerbait obra egiten eta eskributan imeitera, publika dadin mundu guztira bertze lengoaiak bezala hain eskribatzeko ona dela. […] Jauna […] inprimarazi ezazu eta zure eskutik orok dugun joia ederra, inprimiturik euskara, oraino izan ez dena.

Bernart Etxepare, Linguae Vasconum Primitiae.

Letratu : jakintsu; miraz nago : harrituta egon; imeitera : jartzera; joia : bitxi; oraino : oraindik.

• Zeri buruz ari da Etxepare?

• Zer asmakuntza ageri da testuan?

• Nola lotuko zenituzke Etxepareren hitzak Errenazimentuko izaera berritzailearekin?

5 Bilatu sautrela eta kontrapas hitzen esanahia Orotariko Euskal Hiztegian, eta egin loturak Etxepareren olerkiekin.

6 Bilatu informazioa Etxepare Institutu ari buruz, eta erantzun: Zer eginkizun du? Zergatik jarri zioten izen hori, zure ustez?

Amoros sekretuki dena

Andre eder jentil batek bihotza deraut ebatsi , harzaz orhit nadinian deus ere ezin iretsi ; nik hura nola, nahi nuke hark banenza onetsi ; ezin benturatuz nago, beldur dakion gaitzi.

Ene gaizki penatzeko hain ederrik sortu zen, gauez eta egunaz ere gaizki nizi penatzen; harekila bat banadi , bihotza zait harritzen, neure penen erraitera are ez niz ausartzen.

Ene gogoa baliaki , maite bide ninduke; ni errege balin banintz, erregina lizate; hura hala nahi baliz, elgarrekin ginate ; haren haurrak eta eniak haurride oso lirate.

Artizarrak berzetarik abantaila darama: halaber da anderetan ni penatzen nuiena. Hanbat da eder eta jentil, harzaz ero narama zori onean sortu date haren besoan datzana.

Deraut ebatsi : lapurtu dit; orhit nadinian : oroitzen naizenean; iretsi: idatzi; baneza onetsi: maiteko banindu; ene gaizki penatzeko: nik sufritu dezadan; sortu : jaio; nizi : naiz; harekila bat banadi: harekin egoten banaiz; baliaki: baleki; ginate: ginateke; eniak: nireak; haurride: senide; berzetarik : besteen artean; hanbat : hain; ero narama : erotzen nau; date : da.

Ulertu testua

1 Zein da olerkiaren gaia? Azaldu lerro batean edo bitan.

2 Gaia kontuan hartuz, zer multzotan kokatuko zenuke olerkia?

3 Egin loturak olerkiaren izenburuaren eta edukiaren artean.

4 Nola irudikatzen duzu «Ni poetikoa»? Eta maitea? Azaldu, olerkiko informazioa erabiliz.

Aztertu ezaugarriak

5 Aztertu olerkiaren metrika eta errima: a) Zenbat ahapaldi dituen, eta zenbat bertso-lerro dagoen ahapaldi bakoitzean. b) Zer neurri duten bertso-lerroek. c) Ahapaldi bakoitzeko zer hitzek duten errima.

6 Bilatu Literatura Terminoen Hiztegian etena eta hemistikioa zer diren, eta aplikatu banaketa hori olerkian. Kontuan hartu, halaber, teorian aipatutako 4/4/4/3 silaba-banaketa.

7 Bilatu literatura-baliabide hauek olerkian: hiperbatona, konparazioa eta hiperbolea

8 Aztertu Ipar Euskal Herriko euskararen ezaugarriak: a) Bilatu zer den genitibizazioa, eta aurkitu adibideak. b) Deklinabide-kasu bereziak. c) Azaldu hitzon esanahia: amoros, benturatu, elgar.

Hausnartu

9 Bilatu informazioa maitasun adeitsua delakoari buruz, eta azaldu nola irudikatzen duen maitale-maitea harremana. Gero, egin loturak olerkiarekin.

10 Ulerterraza ala zaila iruditu zaizu olerkia? Arrazoitu, hizkuntza-aldakortasunari buruz dakizuna erabiliz.

This article is from: