5 minute read

1 Komunikatu Irakurgaia

Next Article
Zer ikasiko duzun

Zer ikasiko duzun

Zer irakurriko duzun

Irakurgaiko protagonistek, Henry

Wotton jaunak eta haren lagun

Basil Hallward margolariak, solasaldi interesgarri bat izan dute, Hallwardek egindako azken margolanari buruz. Dorian Gray gazteari egindako erretratuaz aritu dira, hain zuzen ere. Izan ere, ez da nolanahiko margolana.

Margolariaren sekretua

Arrosa-usain bizi batek lurrintzen zuen estudioa, eta, udako haize gozoak lorategia astintzen zuenean, lilen usain trinkoa sartzen zen atetik, elorri zuriaren lurrin finagoarekin nahasita.

Hiztegia

Diban: etzanda edo erdi etzanda egoteko altzaria, gehienetan bizkarralderik gabea.

Asto: zerbaiti azpitik eusteko zernahi egitura, bereziki zurezkoa.

Grosvenor: Londresko arte-galeria zaharra, garrantzi handikoa xix mende-amaieran.

Adonis: gizon gazte ederra.

Oinaze: nahi bizien edo grinen aseezinak sortzen duen atsekabea.

Persiar dibanetik, lord Henry Wotton-ek mimosen ezti-koloreko distirak ikusten zituen, eta txorien noizean behingo itzal fantastikoak, leiho handia estaltzen zuten zetazko errezelen atzean, itzal txinatarrak balira bezala.

Gelaren erdian, asto baten gainean, mutil gazte ezin ederrago baten erretratua zegoen, tamaina naturalekoa, eta aurrean eserita, Basil Hallward margolaria. Gaztearen irudi liluragarriari begira, gozamen-irribarre batek argitu zion aurpegia.

—Zure lanik onena da, Basil; ez duzu inoiz horrelakorik egin —esan zuen Henryk—. Argi dago datorren urtean Grosvenor-era bidali behar duzula.

—Ez dut uste inora bidaliko dudanik —erantzun zuen margolariak.

Lord Henryk txundituta behatu zion, bekainak altxatuz.

—Ene bada! Arraroak zarete, gero, margolariok! Ospea lortzeko edozer egin, eta, heltzen zaizuenean, lehenbailehen uxatu nahi. Kirtenkeria galanta! Horrelako erretratu batek Ingalaterrako margolari gazte guztien gainetik jarriko zintuzke, eta margolari zaharrak ere jeloskor utziko lituzke.

—Hara, ez egin barrerik —esan zuen Hallwardek—, baina ezin diot inori erakutsi. Nitaz gehiegi jarri dut margolan honetan.

Lord Henry sofan luzatu, eta barreka hasi zen.

Irakurgaia www.anayaharitza.es webgunean entzun dezakezu.

—Zutaz gehiegi? Ez nekien hain handiustea zinenik, Basil. Zure aurpegi latzak ez du ezertan ere boliz eta arrosaz egina dirudien adonis gazte horren antzik.

—Entzun, Harry —esan zuen artistak—. Badakit ez dudala haren antzik. Ez nuke nahi, gainera. Zoritxarrak beti jazartzen ditu itxuran eta adimenean gailentzen diren guztiak. Hobe da ezertan ez nabarmendu. Zure gizarte-maila eta aberastasuna, nire adimena eta artea, Dorian Grayren edertasuna… Denok sufritzen dugu, oinaze handiak ditugu, jainkoek emandako dohainen ondorioz. —Dorian Gray… Horrela du izena? —galdetu zuen lord Henryk, estudioa zeharkatuz.

—Horrelaxe du, bai. Eta ez nuen zuri esateko asmorik. —Zergatik ez, bada?

—Hari buruzko zerbait agerian jartzea izango litzateke. Gogoko ditut sekretuak. Bizitza modernoari misterioa ematen dioten gauza bakarrak dira. Hiritik irteten naizenean, esate baterako, ez diot inoiz inori esaten nora noan. Esango banu, zirrara guztia galduko luke. Agian, ergelkeria izugarria da, baina erromantizismoa ematen dio nire bizitzari. Tentel hutsa naizela uste izango duzu…

—Ez horixe —erantzun zuen lord Henryk—. Ez ahaztu gizon ezkondua naizela. Nik ez dakit inoiz nire emaztea non dagoen, eta berak ere ez daki ni zertan ari naizen. Elkarrekin gaudenean, zentzurik gabeko istorioak kontatzen dizkiogu batak besteari, aurpegi ahalik eta serioena jarriz.

Geroxeago, lord Henryk erlojua atera zuen.

—Joan egin behar dut, Basil —esan zuen—. Baina, lehenik, azaldu behar didazu zergatik ez diozun Dorian Grayren erretratua inori erakutsi nahi. Benetako arrazoia nahi dut.

Basil Hallwardek zuzen-zuzen begiratu zion begietara lagunari.

—Harry, barru-barruko sentimenduz margotutako erretratu guztiak artistaren erretratuak dira, ez modeloarenak. Modeloa aitzakia baino ez da. Margolanean ez da hura agertzen, margolaria baizik. Erretratu honetan nire arimaren sekretua islatu dut, eta horrexegatik ez diot inori erakutsi nahi.

Lord Henryk barreari eman zion.

—Eta, zein da sekretu hori? —galdetu zuen.

Margolaria isilik gelditu zen, une batez.

—Azalduko dizut —esan zuen, azkenean—. Duela bi hilabete gau-jai batera joan nintzen, lady Brandon-en etxera. Ez nituen han hamar minutu ere egingo, emakume aberatsekin eta akademiko aspergarriekin hitz egiten, norbait niri begira sentitu nuenean. Bat-batean, Dorian Gray ikusi nuen lehenengoz. Gure begiek topo egin zutenean, zurbilduta gelditu nintzen. Izu-sentsazio arraro bat jabetu zen nitaz. Zalantzarik gabe, aurrean nuen gizonak nortasun zirraragarria zuen, eta, utziz gero, nire barru guztia xurgatuko zuen, nire izatea, nire arima, nire artea bera. Ikaratuta, sarrerako aterantz abiatu nintzen. Lady Brandon aurkitu nuen han. «Hallward jauna, ez zara hain goiz joango, ezta?», galdetu zidan bere ahots zoliaz. Ezin izan nuen ezer egin hura ondotik kentzeko. Errege-familiako jendea aurkeztu zidan, adineko zenbait emakume ospetsu. Halako batean, lehentxoago hunkituta utzi ninduen gaztea aurkitu nuen aurrez aurre, nigandik oso hurbil. Gure begiek topo egin zuten berriro. Orduan, arinkeria handiz, gaztea aurkezteko eskatu nion lady Brandoni.

Komentatu testua

1 Istorioa giro sofistikatuan gertatzen da. Bilatu testuan horren adierazgarri diren pasarteak: a) Egongelako giroa eta dekorazioa. b) Pertsonaien gizarte-klasea.

2 Zer gomendio egin zion Henryk Basili, haren lana ikusita?

3 Zergatik egin zion uko Basilek lana Grosvenor-era bidaltzeari?

4 Henryk barregarri iritzi dio Basilen ezetzari eta jarrerari. Azaldu.

5 Zer dio Henryk margolariei buruz? Bilatu hiztegian banitate hitza, eta egin loturak.

6 Nolakoa da Dorian Gray? Bilatu testuan haren itxurari buruz esaten den guztia.

7 Zer diote batak eta besteak sekretuak izateari buruz? Azaldu zer nabarmenkeria egiten duen bakoitzak, sekretuak izatearekin lotuta.

8 Zer sentitu zuen Basilek, Dorian Gray lehenengoz ikusi zuenean? Zer erreakzio izan zuen?

9 Eta bigarrenez ikusi zuenean, nola jokatu zuen? Zerk eragin zuen jarrera-aldaketa hori, zure ustez?

Erreparatu testuaren egiturari

10 Testuan, flashback bat dago. Identifikatu eta azaldu.

11 Barne- ala kanpo-narratzailea du testuak? Arrazoitu erantzuna.

12 Narrazioaren zer atali dagokio eleberri hau, zure ustez? Azaldu.

13 Bilatu testuan hitz hauen sinonimoak:

Harroputz Margulduta Lelokeria Bertute Gailendu

Bilatu informazioa

14 Dorian Grayren erretratua Oscar Wilderen lanik ospetsuenetako bat da. Bilatu argumentua eta idatzi, 10 lerrotan.

15 Begiak eta begirada ohiko gaia izan dira literaturan:

• Zer irudikatzen zuten Erdi Aroko eta Errenazimentuko idazleentzat?

• Bilatu Gutierre de Cetina idazlearen «Madrigal» olerkia eta Mikel Markezen «Zure begiek» abestia, eta egin loturak gaiarekin.

Hausnartu testuari buruz

16 «Nolako bihotza, halako aurpegia»; «Aurpegiak asko esaten du», diote esaera zaharrek. Azaldu esanahia.

17 «Barru-barruko sentimenduz margotutako erretratu guztiak artistaren erretratuak dira, ez modeloarenak. Margolanean ez da hura agertzen, margolaria baizik» . Taldeka jarrita, eztabaidatu:

• Ados zaudete hitz horiekin?

• Uste duzue artistek arimaren zati bat jartzen dutela beren lanetan?

• Horrela bada, artelan horiei esker gehiago jakin dezakegu artistei buruz?

18 Bilatu informazioa Pigmalion mitoa delakoari buruz, eta egin loturak Wilderen lanarekin. Gero, azaldu zeri deritzon psikologian Pigmalion efektua.

Ikasi Hitzak

Giza harremanak

1 Bilatu informazioa, eta azaldu zer aztergai duten giza zientzia hauek: Psikologia , Soziologia eta Antropologia

2 Sortu sinonimo-bikoteak hitz hauekin, eta azaldu hitz-pare bakoitzak zer lotura duen giza harremanekin: ohitura elkarbizitza komunitate gatazka begirune errespetu bizikidetza liskar erkidego usadio

3 Bilatu protokoloa zer den, eta azaldu zertako erabiltzen dugun.

4 Taldeka jarrita, eztabaidatu sare sozialei buruz. Erantzun galdera hauei:

• Zer dira sare sozialak? Saiatu definizio bat idazten, denon artean.

• Zer sare sozial erabiltzen dituzte zuen adineko gazteek? Zertarako erabiltzen dute sare sozial bakoitza?

• Nola aldatu dute harremanak izateko modua?

• Onuragarriak ala kaltegarriak: zer deritzezue sare sozialei?

5 GJH. Binaka, irakurri, hausnartu eta komentatu.

Izaera da izaki bat tankeratzen duten nolakotasun eta ezaugarrien multzoa; hots, izateko modua edo era.

• Azaldu izaera mota bakoitzak zer ezaugarri dituen: barnerakoia , kanporakoia , egozentrikoa , nartzisista

• Nola eragiten du izaerak gizakion portaeran? Baldintzatzen ditu besteekin ditugun harremanak? Azaldu, eta eman adibideak.

• Nolako izaera duzu? Saiatu zeure izaera deskribatzen, 2-3 lerrotan. Gero, irakurri ikaskideari, eta esan iritzia azaltzeko.

• Lagungarria da harreman onak izatea, osasun mental egokia izateko?

Hitzen kutxa

6 Ordenatu letrak, aurkitu izaerarekin lotutako hiru kontzeptu, eta lotu definizioekin.

Ukeototuazptan Usoatematiu Onarokatolut

a) Pentsamenduak, zirrarak eta ekintzak kontrolatzeko eta kudeatzeko gaitasuna.

b) Norberaren burua estimatzea.

c) Nork bere buruaz duen iritzien multzoa.

• Azaldu auto- aurrizkiaren esanahia, eta jarri aurrizki hori duten beste hiru adibide.

This article is from: