
2 minute read
Ezagutu hizkuntza Gramatika
Hizkuntzalari handiak
Honako hauek dira historiako hizkuntzalaririk garrantzitsuenetako batzuk:
• Ferdinad de Saussure suitzarra (1857-1913) da hizkuntzalaritzaren sortzailea. 1916an, hizkuntzalaritzaren oinarri teorikoak ezarri zituen, Hizkuntzalaritza orokorreko ikastaroa lanean.
• Roman Jakobson errusiarrak (1896-1982) hizkuntza-funtzioen teoria proposatu zuen.
• Noam Chomsky (1928) estatubatuarrak hizkuntza-jabekuntzari buruzko teoria berritzaileak proposatu zituen.
• Gurean ere bada hizkuntzalaririk. Euskal Koldo Mitxelena (19151987) da euskal hizkuntzalaririk garrantzitsuena. Gaur egungoen artean, Itziar Laka (1962) dugu aipagarriena.
Hizkuntzalaritza
Hizkuntzalaritza hizkuntza aztertzeaz arduratzen den zientzia da.
Konplexutasun handiko fenomenoa denez, zenbait maila erabiltzen dira hizkuntza aztertzeko: maila fonetikoa, maila morfologikoa, maila sintaktikoa, maila semantikoa eta maila pragmatikoa
Maila horietako bakoitzean, hainbat metodologia eta teknika erabiltzen dira; Hizkuntzalaritzaren barruko diziplinek dute hizkuntzaren maila horiek aztertzeko ardura.
Hizkuntzalaritzaren barruko diziplinak
Hauek dira Hizkuntzalaritzaren barruko diziplinak:
Fonologia
Hizkuntzaren alderdi fonikoak aztertzen ditu. Fonemak ditu aztergai; hau da, hizkuntza baten hots-sistemaren barruan bereizgarriak diren unitateak. Adibidez: gari ≠ gazi /r/ ≠ /z/ Ikus daitekeenez, fonemek esanahia bereizteko balio dute.
Fonetika
Hizketaren soinuak aztertzen ditu, hau da, komunikazio-egoera edo solasaldi erreal batean fonemak nola sortzen eta ahoskatzen diren. Esaterako: /b/ fonema, kasuaren arabera, [b] herskaria edo [ß] frikaria izan daiteke. Hiztun batentzat alderik ez badago ere, zientziaren ikuspuntutik desberdin ahoskatzen dira soinuak.
Morfologia
Hitzen barne egitura eta barne osagaiak aztertzen ditu. Morfemak ditu ikergai; hau da, hizkuntzaren barruan esanahia duen unitaterik txikienak. Morfema horiek elkarrekin nola konbinatzen diren ere aztertzen du. Adibidez: paristar hitz eratorria da, hitz bakun batek (Paris) eta atzizki batek (-tar) osatutakoa.
Sintaxia
Hitzak elkarrekin nola konbinatzen diren aztertzen du, sintagmak eta perpausak sortzeko. Esaterako: Gure aitona irakurzale amorratua da, eta ehunka liburu ditu etxean perpaus elkartua da, bi perpaus bakunek osatzen baitute.
Semantika
Hitzen esanahia aztertzen du, une jakin batean eta historian zehar. Hitzen esanahien artean zer-nolako loturak sortzen diren ere aztertzen du: sinonimia, antonimia, polisemia, homonimia…
Pragmatika
Hizkuntzaren erabilera du aztergai, komunikazio-egoera errealetan. Testuinguruaren arabera hizkuntza nola erabiltzen dugun aztertzen du. Esaterako: «Nolako zortea!» esaldiak, testuinguruaren arabera, zentzu desberdina izan dezake.
Hizkuntza-gaitasuna eta gramatika
Hizkuntza-gaitasun (edo gramatika-gaitasun) deritzo hiztun batek bere hizkuntzaz duen berezko ezagutzari.
Barruan duten hizkuntza-gaitasunari esker, hiztunak gai dira enuntziatu jakin bat zuzena ala okerra den esateko, eta mezu koherenteak eta egokiak sortzeko, betiere hizkuntzaren arauen arabera.
Hizkuntza-jabekuntza —hau da, hizkuntza bat ikastea— prozesu naturala , inkontzientea eta konplexua da, eta bizitza osoan zehar gertatzen da, lehen hotsak ahoskatzen ditugunetik hiltzen garen arte. Hori dela eta, ez dute hizkuntza-gaitasun bera haur batek eta heldu batek: nagusitu ahala, hizkuntzaz jabetu, eta gero eta egitura konplexuagoak ikasten ditugu.
Hizkuntza-gaitasunari gramatika edo gramatika-gaitasun ere esaten zaio. Hortaz, komunitate bateko kide guztiak dira gramatikaren jabe, denek baitute beren hizkuntzari buruzko berezko gaitasun hori, hizkuntzaren elementuak nola konbinatzen diren azaltzeko gai ez badira ere.
Ariketak
1 Bost minutuko geldialdia. Lotu esaldi bakoitza Hizkuntzalaritzaren diziplina batekin:
– «Bai neska atsegina!» esaldiak, batzuetan, esanahi ironikoa du.
– Euskaraz, aditzak komunztadura du Nor , Nori eta Nork kasuekin.
Beste hizkuntza batzuen aldean, fonema bokaliko gutxi daude euskaraz.
-tsu, -bera eta -ti atzizki izenondo-sortzaileak dira.
Zuberoako euskaran, /u/ fonema bi modutara ahoskatzen da: [u] eta [ü].
Hausnartu aditzaren esanahiaren bilakaera.
2 Hiruko taldetan, ikasi gehiago Fonetika ri buruz: a) Ahoskatu fonema hauek: /p/, /t/, /n/, /f/. Ahoskatu ahala, erreparatu soinua sortzeko moduari. b) Gero, erantzun: zer organo erabili dituzue fonema bakoitza ahoskatzeko? Non kokatu duzue mihia kasu bakoitzean? c) Orain, bilatu informazioa honako hauei buruz, eta lotu bakoitza goiko fonema batekin:
Ezpainbikaria
Gramatika kontzeptua
Gramatika hitz polisemikoa da; aipatutakoaz gain, beste esanahi hauek ere baditu:
• Hizkuntzalaritzaren atal tzat jotzen da askotan. Hizkuntzaren arauak azaltzea du helburu, eta morfologia eta sintaxia hartzen ditu barruan.
• Hizkuntza bat deskribatzen duen lana ri ere esaten zaio horrela. Euskal gramatiken artean, honako hauek ditugu:
– Sareko Euskal Gramatika sarean eskura dagoen gramatika da.
– Euskaltzaindiaren arauak euskara arautzeko Euskaltzaindiak hartutako erabakiak dira.
3 Binaka jarrita, egin eskema bat, eta azaldu orain arte ikasitako lotura semantiko hauek: sinonimia , antonimia , polisemia , homonimia , hiperonimia , hiponimia . Jarri adibideak.
4 Bilatu informazioa Noam Chomskyren gramatika unibertsala kontzeptuari buruz, eta azaldu, laburlabur.
5 Egin kontsultak euskal gramatiketan: a) Bilatu Euskaltzaindiaren 4., 5., 15. eta 87. arauak, eta lotu bakoitza Hizkuntzalaritzaren diziplina batekin. b) Bilatu Euskara Batuaren Eskuliburuan honako hauei buruz zer esaten den:

– aditz-izena
– batera / elkarrekin
– ere lokailua – omen