8 minute read

Komunikatu Irakurgaia

Next Article
Ezagutu literatura

Ezagutu literatura

Zer irakurriko duzun

Victor Hugok —xix. mendeko frantses idazleak— Frantziako hiriburuari buruzko beste ikuspegi bat ematen digu testu honetan. Irakurri arretaz zer dioen, eta bidaia harrigarria egingo duzu Parisko historian zehar.

Hiriburu miresgarria

Duela 350 urteko Paris, xv . mendeko Paris, hiri erraldoia zen.

Jakina denez, Paris sehaska-itxurako Cité uharte zaharrean sortu zen. Uhartearen ertzak izan ziren hiriaren lehen harresiak, eta Sena ibaia, berriz, lehen lubakia. Parisek uharte gisa iraun zuen zenbait mendetan zehar, bi zubi zituela: bata iparraldean, eta bestea hegoaldean. Gero, lehen dinastiako errege-erreginen ondoren, uhartean estuegi eta mugitu ezinik zegoenez, ibaiaren beste aldera egin zuen salto. Orduan, harresien bidez, Senaren bi aldeetako lurrak mugatzen hasi ziren. Mende oso batean zehar, etxeak estutu, pilatu eta altxatu egin ziren itxitura hartan. Etxebizitza sakonagoak eraikitzen hasi ziren, eta pisu bat bestearen gainean jartzen. Etxe bakoitzak bestea gainditzen zuen, gora egiten zuten, eta denak lehiatzen ziren ondokoen gainetik burua atera, eta aire pixka bat arnasteko. Kaleak gero eta sakonagoak eta estuagoak ziren. Libre zegoen espazio oro bete, eta desagertu egin zen. Azkenean, etxeak ere harresiaren beste aldera igaro, eta aise sakabanatu ziren lautadan zehar. Paris bezalako hiriak beti ari dira hazten, eta horrelako tokiak dira, hain zuzen, hiriburu bihurtzen direnak. Herrialde bateko korronte geografiko, politiko, moral eta intelektual guztiek hara jotzen dute. Zibilizazio-putzuak dira, nolabait esateko; edo estoldak, non, mendez mende eta tantaz tanta, merkataritza, industria, adimena eta biztanleria (hau da, nazioaren bizia eta arima den guztia) etengabe iragazi eta oratzen diren. Harrezkero, egunetik egunera deformatu da hiria. Paris erromanikoaren gainean, Paris gotikoa eraiki zen, eta, gerora, hori ere desagertu da. Baina, jakin dezakegu zer Parisek ordeztu duen hiri gotikoa? Tuileries-en, Katalina Medici-ren Paris ikusten dugu; Udaletxean, berriz, Henrike II.arena (biak gustu oneko eraikinak oraindik ere); Royale plazan, Henrike IV.aren Parisen zantzuak ikusten dira: adreiluzko fatxadak, harrizko kantoiak eta arbelezko teilatuak; Luis XIV.aren Paris Invalides-en dago, handi, aberats, urreztatu eta hotz; Luis XVI.arena Panteoian, gaizki kopiatutako Erromako San Pedro hartan; Errepublikako Paris ere badugu; baita Napoleonena ere, Vendôme plazan. Monumentu bereizgarri horietako bakoitzaren inguruan, antzeko gustu, itxura eta estiloko etxeak eraiki ziren.

Gaur egungo Parisek, beraz, ez du inolako fisionomia orokorrik. Hainbat mendetako laginen bilduma bat da, eta ederrenak desagertu egin dira. Hiriburua hazten ari da etxe berriak eraikitzen dituztelako, eta a zer nolako etxeak! Martxa horretan, Paris berrogeita hamar urtean behin berrituko da. Horrenbestez, hiriko arkitekturaren esanahi historikoa apur bat ezabatzen da egunero. Monumentuak gero eta bitxiagoak dira. Gure gurasoek harrizko Paris ezagutu zuten. Gure seme-alabek, ordea, igeltsuzkoa ezagutuko dute.

Baina, gaur egungo Paris miresgarria iruditzen bazaizue ere, berregin ezazue xv. mendeko Paris, berreraiki ezazue zeuen buruan, begiratu iezaiozue argiari orratzen, dorreen eta kanpandorreen ilaran zehar, zabaldu ezazue begirada hiri ikaragarrira. Azkenik, hiri zaharraren zirrara sentitu nahi baduzue —hiri berriak eskaini ezin dizuena—, igo zaitezte, jaiegun bateko egunsentian, hiriko puntu alturen batera, zeinetatik hiriburu osoa ikus dezakezuen, eta entzun ezazue karilloien esnatzea. Hasieran, tintin-hots sakabanatuak dira, eliza batetik bestera igarotzen direnak. Gero, kanpandorre bakoitzetik zarata-zutabe bat irteten da, harmoniazko ke-lainoa balitz bezala. Ondoren, soinuak areagotu egiten dira pixkanaka-pixkanaka, bata bestearekin nahasten dira, eta kontzertu eder bat sortzen dute. Urrutira, Saint-Martin abadiako kantu garratz eta kraskatua entzungo duzu. Harago, Bastilleko ahots latza eta iluna. Beste muturrean, Louvreko dorre handia. Jauregiko errege-karilloiak txorrotxio liluragarriak jaurtiko ditu etengabe, norabide guztietan, eta, denbora-tarte zehatzetan, txorrotxio horiekin Andre Mariako kanpandorreko kolpe-hots baxuak tartekatuko dira.

Sinets iezadazue: benetan merezi du opera hori entzutea. Normalean, egunez entzuten den murmurioa hiriaren hizketa da, eta gauez entzuten dena, berriz, bere arnasa. Orain entzuten duguna, ordea, hiriaren kantua da. Entzun, beraz, kanpandorreen tutti hori, eta gehitu milioi erdi bat pertsonen zurrumurrua, ibaiaren etengabeko kexua, haizearen bafada amaigabeak eta urrutiko muinoetako lau basoen kuarteto grabe eta urruna, lau organo-kaxa ikaragarriren soinua duena. Esadazue ba ote den munduan gauza aberats, alai eta distiratsuagorik, kanpai- eta ezkila-zarata hori baino, musika-labe hori baino. Badago gauza ederragorik, hirurehun oineko harrizko txiruletan abesten duten brontzezko hamar mila ahots horiek baino, orkestra oso bat den hiria baino, burrunba ekaitz bihurtzen duen sinfonia baino?

Hiztegia

Cité (Île de la Cité): Paris erdian dagoen uhartetxoa; hirian jatorria da.

Lubaki: zulo luze eta meharra, alde bietara ezponda utziz, lurrean egiten dena.

Karilloi: melodia bat jotzen duen kanpai multzoa, bereziki erloju bati, orduak jotzeko, atxikia dena.

Kuarteto: lau musika-tresna edo ahotsetarako musika-lana.

Oin: luzera-neurri zaharra, 30 bat cm-ren baliokidea zena.

Komentatu testua

1 Nolako itxura zuen hasierako Parisek?

2 Noiz eraiki zituzten lehen harresiak?

3 Zergatik dio narratzaileak Paris «hainbat mendetako lagina» dela?

4 Zer gomendio ematen die narratzaileak xv. mendeko Paris sentitu nahi dutenenei?

5 Zer gertatzen da jaiegunetako egunsentietan?

6 Azaldu zer ezaugarri dituen karilloien esnatzeak eta kanpai-hotsen kontzertuak.

7 Zer-nolako zirrarak eragiten dizkio kanpai-hotsen multzoak narratzaileari?

8 Denbora-lerroa. Osatu Parisko historiaren denbora-lerroa, testuan ageri diren aroei, eta pertsonaia historikoei eta eraikinei buruzko informazioa bilduz.

Erreparatu testuaren egiturari

9 Zer pertsonatan dago idatzita testua?

10 Narratzailea hainbat aldiz zuzentzen zaio irakurleari. Bilatu horren adibideak, eta azaldu aditzaren zer modu erabili duen horretarako.

11 Azaldu testuko literatura-baliabide hauek:

«Ibaiaren etengabeko kexua».

«Uhartean estuegi eta mugitu ezinik zegoenez, [Parisek] ibaiaren beste aldera egin zuen salto».

«Egunez entzuten den murmurioa hiriaren hizketa da, eta gauez entzuten dena, berriz, bere arnasa».

«Etxe bakoitzak bestea gainditzen zuen, eta denak lehiatzen ziren ondokoen gainetik buru atera, eta aire pixka bat arnasteko»

12 Zer testu mota da nagusi irakurgaian? Arrazoitu erantzuna.

Bilatu informazioa

13 Bilatu informazioa Victor Hugo idazleari buruz, eta idatzi: a) Biografia labur bat. b) Zer lan ezagun idatzi zituen. c) Parisko Andre Maria lanak zer garrantzia duen, eta zer pertsonaia ageri den eleberrian.

14 Zer gertaera lazgarri gertatu zen 2019an Parisko Andre Mariaren katedralean?

15 Zein da Parisko ikur nagusia? Zergatik ez da ezer esaten horri buruz testuan?

Hausnartu testuari buruz

16 «Paris berrogeita hamar urtean behin berrituko da», dio testuak. Binaka jarrita, komentatu:

• Zer esan nahi du aipuak? Lotu testuan Parisko bilakaerari buruz esaten denarekin.

• Zer dakizue Bilboko eraberritze-prozesuari buruz? Nola aldatu da hiria azken urteotan?

• Ezagutzen duzue antzeko kasurik munduan?

17 «Zibilizazio-putzuak dira hiriak, zeinetan mendez mende merkataritza, industria, adimena eta biztanleria etengabe iragazi eta oratzen diren»

Taldeka, eztabaidatu:

• Zer esan nahi du aipuak, zuen ustez?

• Nolako tentsioak sortzen dira herrialde bateko hiriburuaren eta gainerako lurraldearen artean?

18 GHJ. Aurreikuspenek diotenez, datozen hamarkadetan hazi egingo da hirietan bizi den biztanleria-kopurua. Hausnartu:

• Zer-nolako arazoak eragin ditzake horrek?

• Nola planifikatu behar da hirien hazkundea? Azaldu zer erabaki hartu behar dituzten agintariek honako hauei buruz: etxebizitza , mugikortasuna eta garraioa , osasuna , berdeguneak , zerbitzu publikoak

Hiriak

1 Hiriak espazio konplexuak dira. Azaldu honako hauek zer diren: auzoa etorbidea etxadia barrutia saihesbidea geltoki intermodala

2 Ikasi gehiago hiri hitzari buruz: a) Azaldu hiri hitza oinarrian duten honako hauen esanahia: hiriburu, hiri-bazter, hiri-estatu, hiri santu. b) Bilatu hiritar hitza Euskaltzaindiaren Hiztegian, eta azaldu:

• Hitzaren jatorrizko esanahia zein den.

• Hiritar eta herritar hitzek zer lotura semantiko duten, eta zer testuingurutan diren sinonimoak.

• Hiritartasun kontzeptua zer den.

3 Polis hitzak, antzinako grekoan, «hiria» esan nahi zuen. Ikertu polis hitzarekin lotutako alderdi hauei buruz: a) Azaldu hitz hauen esanahia: metropoli, megalopoli, akropoli, nekropoli Gero, bilatu zein diren Europako hamar metropoli handienak eta munduko bost megalopoli nagusiak. b) Toponimo askok polis hitza dute. Bilatu horren adibide diren AEBetako bi hiriburu eta Greziako hiri bat. c) Politika hitza ere polis- etik dator. Zergatik?

4 Urbs latindar hitza ere iritsi da guregana, gaztelaniazko zenbait maileguren bitartez. Bilatu urbanismo hitzaren esanahia, eta eman euskarazko ordaina.

5 Zer da hiri globala? Bilatu informazioa, eta azaldu hiri horiek zer garrantzi duten hainbat arlotan: ekonomian, finantzetan... Gero, aipatu munduko bost hiri global garrantzitsuenak, aurtengo sailkapenaren arabera.

Hitzen kutxa

6 Hiri-tribu deritze hirietan bizi diren, eta antzeko zaletasunak dituzten gazteen taldeei. Tribu bereko kideek janzkera eta itxura fisiko bertsua izaten dute. Bilatu informazioa honako hauei buruz:

Otakuak Punkiak

Hipsterrak Gotikoak Gamerrak

• Tribu bakoitzak ere baditu bere lekuak hirian: tabernak, dendak, aisialdirako guneak… Non ibiltzen dira goian adierazitako hiritribuetako kideak?

1 Komunikatu Komunikazioa

Komunikazioaren elementuak

Edozein komunikazio-ekintzak oinarrizko sei elementu hauek ditu:

• Igorlea: informazioa transmititzen duena.

• Hartzailea : informazioa jasotzen duena.

• Mezua: transmititzen den informazioa.

• Kodea: mezua sortzeko erabiltzen den zeinu eta arau multzoa.

• Kanala: mezua transmititzeko bidea.

• Testuingurua : komunikaziorako ezinbestekoa den egoera multzoa.

Komunikazioa

Komunikazioa bi pertsonen edo gehiagoren arteko informazio-trukea da.

Edozein komunikazio-egoeratan, ezinbestekoa da informazio-trukea egotea, komunikazio-ekintzan parte hartzen dutenek informazioa transmititzeko asmoa izatea, eta transmisio hori zeinuen bitartez egitea:

• Informazio deritzo komunikazio-ekintzan transmititzen den edukiari, hau da, parte-hartzaileek partekatzen duten mezuari.

• Parte-hartzaileek informazioa transmititzeko asmoa izan behar dute, elkarrekin komunikatzen direnean.

• Informazio hori zeinu en bidez transmititzen da beti.

Zeinuak

Zeinu deritzo zentzumenen bitartez hauteman, eta errealitate jakin bat irudikatzeko erabiltzen dugun elementuari.

Zeinuaren eta zeinu horrek irudikatzen duen errealitatearen arteko lotura kontuan hartuz, hiru zeinu mota bereizten dira:

• Zantzua : irudikatzen duen errealitatearekin kausa-efektu lotura duen zeinua da; normalean, seinale fisiko bat izaten da, hala nola kea (sutearen zantzua), sukarra (gaixotasunaren zantzua)…

• Ikono deritzo irudikatutako errealitatearekin lotura duen zeinuari. Adibidez: herrialde baten mapa, argazkia edo karikatura.

• Sinboloa : irudikatutako errealitatearekin loturarik ez duen zeinua da. Esaterako: anbulantzia baten hotsa, semaforo baten argi gorria…

Hizkuntza-zeinua

Hizkuntza-zeinua errealitatea irudikatzeko erabiltzen den hitzezko elementua da. Ahoz edo idatziz hautematen dugu.

Hizkuntza-zeinua hizkuntzaren oinarria da, eta bi aurpegi ditu: adierazlea eta adierazia . Ikus dezagun:

Adierazlea zaldi = /z/+/a/+/l/+/d/+/i/

• Adierazlea: zenbait fonemak osatutako kate fonikoa da.

• Adierazia : kontzeptua bera da, hots, gizatalde bateko kideek buruan duten irudikapen abstraktua.

Adierazia

Hizkuntza-zeinua arbitrarioa da: adierazlearen eta adieraziaren arteko lotura ez da naturala, konbentzio edo itun baten ondorioz adostutakoa baizik. Hori dela eta, euskaraz zaldi deritzonak beste adierazle batzuk ditu inguruko hizkuntzetan: caballo, cheval, horse…

Lengoaia, hizkuntza, hizketa

Lengoaia gizakiok pentsamenduak eta sentimenduak transmititzeko dugun berezko ahalmena edo gaitasuna da. Gaitasun hori, gehienetan, hizkuntza-zeinuen bitartez gauzatzen dugu.

Giza ahalmena den heinean, pentsamendua egituratzeko eta transmititzeko erabiltzen dugu lengoaia. Horrenbestez, komunikazio-tresna ez ezik, pentsamenduaren euskarria ere bada.

Hizkuntza da gizatalde batek elkarrekin komunikatzeko erabiltzen duen ahozko eta idatzizko zeinuen multzoa.

Hizkuntzek zeinu multzo bat dute (hitzak), baita hitz horiek konbinatzeko sistema arautu bat ere (gramatika). Soinu-kopuru mugatu bat erabiliz, eta milaka hitz eta zenbait arau konbinatuz, gizakiok gai gara mugarik gabeko mezu-kopuru bat sortzeko.

Hizketa deritzo hiztun batek une jakin batean hizkuntzaz egiten duen erabilera konkretuari.

Hizkuntza gertakari abstraktua eta soziala da; izan ere, gizarte oso batek konpartitzen duen kodea da. Halaber, hizkuntza aldagaitza dela diogu: ezinbestekoa da kode hori bere horretan irautea, hiztunek elkar ulertzeko.

Hizketa, aldiz, gertakari konkretua da, norbanako ari dagokiona. Hori dela eta, aldakorra dela diogu: hiztun batetik bestera aldatu egiten da hizkuntza erabiltzeko modua.

ARIKETAK

1 Aukeratu egunean zehar izan duzun komunikazioegoera bat, eta aztertu elementuak.

2 Bilatu zer diren kodifikazioa , dekodifikazioa eta inferentzia, eta azaldu zer lotura duten komunikazioprozesuarekin.

3 Zer dela eta diozu hori? Adierazi zer motatako zeinuak diren honako hauek: a) Produktu kimiko baten etiketan dagoen garezurra b) Hotel baten sarreran dauden izarrak c) Haurtxo baten negarrak d) Herrialde bateko bandera e) Tarta batean piztuta dauden zenbait kandela f) Londresko metroaren planoa

4 Azaldu zer zeinu erabiltzen dituen kirol-epaile batek, partida batean zehar. Azaldu zeinuen esanahia.

5 Hizkuntza-zeinuak aldatu egiten dira hizkuntza batetik bestera. Adierazi nola esaten diren egunaren zatiak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

Animalien komunikazioa

Animaliek ere badute komunikatzeko gaitasuna. Hegazti askok, adibidez, soinuak igortzen dituzte, beste hegazti batzuei informazioa emateko: arriskuak, elikagaiak…

Hala ere, mugatua da animalien komunikazio-gaitasuna: estimuluen ondorio da (gosea, arriskua), eta egitura sinplifikatua du (soinuak, mugimenduak).

6 Irakurri testutxo hau, eta eztabaidatu, taldeka jarrita. Erantzun beheko galderei:

Bada paradoxa bat, hizkuntza-zeinuari dagokionez. Batetik, aldagaitza dela esan dezakegu: adierazle bati adierazi bat dagokio, nahitaez. Lotura hori ezin daiteke apurtu; bestela, ezingo genuke elkarrekin komunikatu. Baina, aldi berean, hizkuntza-zeinua aldakorra dela diogu; izan ere, badakigu hitz batzuen esanahia aldatu egiten dela historian zehar.

• Zer gertatuko litzateke hiztun batek hitz baten adierazlea aldatuko balu? Nola eragingo lioke horrek komunikazioari?

• Ezagutzen duzue historian zehar aldatu den hitzik? Jarri adibideak, eta azaldu.

• Bateraezinak iruditzen zaizkizue hizkuntzazeinuaren bi ezaugarri horiek?

This article is from: