

«Kirolak hazten eta gure mugei aurre egiten laguntzen digu»
106. zenbakia • 2025eko uztaila
RICHARD GOMEZ EUSKADIKO TRIATLOI FEDERAZI0KO PRESIDENTEA
RICHARD
«Federazioaren gihar finantziarioa berreskuratu nahi dugu»
TESTUA: IRATI ALONSO
GARCÍA
ARGAZKIAK:
JON GOMEZ GARAI ETA RICHARDEK BINKERI BIDALITAKOAK
Galdakaon kirol munduan soberan ezaguna da Richard Gomez. Triatloietan parte hartu ohi du eta Galdakaoko Triatloi Taldeko kidea da, non lan handia egiten du gazteen eta inklusioaren alde. Duela hilabete batzuk ordea, kargu berri bat hartu zuen herritik kanpo, Euskadiko Triatloi Federazioko presidentearena. Triatloiaren egoeraren eta federazioaren erronken inguruan hitz egin digu galdakoztarrak.
Hiru kirolen diziplina da triatloia. Ez dakienarentzat, zeintzuk dira hiru kirol horiek? Igerian hasten gara, gero bizikleta egiten dugu eta helmugara korrika sartzen gara.
Zu triatloian aritzen zara. Badago hiru kirolen artean gehiago gozatzen duzunik? Niri gehien gustatzen zaidana oinezko lasterketa da. Lehiaketa ondo kudeatzen dudala uste dut eta horrek oinezko lasterketa on batekin bukarazten nau.
Zure semeek triatloia maite dute? Bai, Enetzek, down sindromea duenak, ez du galtzen parte har dezakeen frogarik. Uste dut ona dela gizarteari gai dela erakustea, harro nago egin dugun lanarekin. Egun batean, sare sozialetan, down sindromea zuen haur bat izan zuen familia baten mezua jaso nuen, gaizki pasatzen ari zirela azalduz. Nirekin hitz egin nahi zuten, Enetzekin nola egin genuen ikusteko. Sare sozialetatik ezagutzen zuten. Gaur egun familia hori ni bezain zoriontsua da bere seme Hodeirekin. Nirr seme Urtats ere igeriketan buru-belarri dabil, Espainiako txapelketetan zazpi domina lortu baititu dagoeneko. Triatloia egin du ere eta zale amorratua da.
Zer transmititzen diezu seme zein gainontzeko kirolari
gaztetxoei? Kirola bizitzeko modu bat dela esaten diet. Diziplina, ahalegina, sakrifizioa, konstantzia eta gainditzea irakasten dizkizu. Kirolak zeure burua hobeto ezagutzen laguntzen dizu, zure mugei aurre egiten, eta talde-lana balioesten du, nahiz eta banakako kirola izan. Balio asko irakasten ditu, eta hazten laguntzen du, kirolari gisa ez ezik, pertsona gisa ere.
Galdakaoko Triatloi Taldetik lan handia egiten ari zarete txikienekin, eskolarekin. Zenbat kide ditu dagoeneko? Orain dela lau urte eman genuen pausoa eta 27 txikitik 62ra pasatu gara. Oso polita da hazkunde hau eta txikiek duten ilusioa ikustea.
Gero eta gehiago haztea espero duzue? Uf, zenbakiek beren kabuz hitz egiten dute. Ezin diogu inori esan ezin dela eskolan sartu, baina zaila da hainbeste txiki kudeatzea. Laguntza handia behar da, eta gero eta zailagoa da beren denbora gauza horietan eman nahi duten pertsonak aurkitzea. Nik diodan bezala, boluntariotza desagertzeko zorian dago.
Triatloi talde galdakoztarra lan handia egiten ari da ere inklusioaren alde. Zergatik da garrantzitsua? Dakizuenez, down sindromea duen seme bat dut, eta egoera honek abandonatuta dagoen eta gizartean nire ustez merezi duen tokia ez duen kolektibo batez inguratuta egotea eragin dit. Hori dela eta, gogotsu nago, eta probak eta lehiaketak antolatzen ditut desgaitasuna duten pertsonentzat. Gizartearen zati oso garrantzitsua dira, eta denoi pertsona hobeak egiten gaituzten balioak erakusten dizkigute. Niretzat oso berezia izan zen igeriketa inklusiboko txapelketa, BINKE ere han izan zela. Han gertatutakoaz pentsatuta ere hunkitu egiten naiz.
Kirolean eta gizartean orokorrean gero eta inklusiboagoak

Richard Gomez Rugama 1969, Galdakao
Soro-administratzaileen arloan
lan egiten du gaur egun, baina kirol munduan da ezaguna, triatloian zehazki. Bi ultraman eta 13 ironman burutu ditu eta
lan handia egiten du gazteen eta inklusioaren alde Galdakao
Triatloi Taldetik. Orain Euskadiko
Triatloi Federazioko presidentea da, iazko azarotik.



Estatu mailan eta nazioartean Euskadi bezala lehiatzea da helburuetako bat
gara baina, asko dago egiteko oraindik, ezta? Inklusiboak bagara, baina ez du balio esateak, jardun egin behar dugu. Beti esaten dut denok dugula erantzukizun sozial bat, eta pauso bat aurrera eman behar dugula.
Duela hilabete batzuk izendatu zizuten Euskadiko Triatloi Federazioko presidente. Nolakoak izaten ari dira lehen hilabeteak? Oso zailak izaten ari dira, lan eta neke handikoak, bizi duen egoera zailagatik.
Nola heldu zitzaizun federaziora heltzeko aukera? Zein egoeratan zegoen ikusi nuen, eta erantzukizunagatik, ezin genuen beste alde batera begiratu. Hitz egin nuen proiektua babesteko pertsona talde batekin, eta urratsa eman genuen
Hauteskundeetan ez zen beste hautagairik aurkeztu. Zergatik uste duzu gertatu zela? Bai, beste pertsona bat aurkeztu zen, baina ni aurkeztu nintzela jakitean, bere hautagaitza erretiratu zen, eta egin nuena nire lan taldean sartzea izan zen Denok bat egiten dugu.
Federazioa momentu zailetan zegoela esan zenuen kargua hartzean. Zein zentzutan? Ekonomikoki zor handiarekin dagoelako, eta gero kirol arloan eta instituzionalki ere ez oso aintzatetsita. Euskal Federazioa egon behar duen tokian kokatu behar dugu.
Zeintzuk dira zure helburuak federazioan? Oso errazak dira eta sen onekoak, jajaja. Behar duen gihar finantzarioa berreskuratzea, proba kopurua handitzea eta bai estatu mailan bai nazioartean Euskadi bezala lehiatu ahal izatea.
Eta erronka nagusiak? Ofizialtasunaren aitortza izan, baina horretarako, eldarnio guztiak behar ditugu.
Gazteekin egin beharreko lana azpimarratu duzu ere helburuen artean. Nola lortu daiteke harrobi sendo bat osatzea? Triatloi eskolekin. Hemen Galdakaon eskola bat daukagu, 27rekin hasi ginen eta orain 62 gaude guztira. Honek gauzak ondo egiten ari garela frogatzen du, eta batez ere, triatloia erakargarria eta ikusgarria dela. Euskadin inoiz ez da egin hainbeste proba gazteentzat.
Zein garrantzia dute klubek egiteko honetan? Uste dugu klubekin lan gehiago egin behar dugula, eta parte-hartze handiagoa bilatu behar dugula. Klub batzuek proba handiak antolatzen dituzte eta horrek egiten du handi federazioa. •
ELKARRIZKETA RICHARD GOMEZ
Arin-Arin!

Asteko egun gogokoa? Barikua.
Herriko txoko gustukoa? Elorritxueta.
Liburua ala tablet-a? Tablet-a.
Pelikula bat? Dragonfly.
Ez duzu onartzen… Jardun gabeko politika.
Zoriontsu egiten zaitu… Kirolak.
Plater bat? Arrautsak.
Deskribatzen zaituen berba? Ez dakit, galdetu jendeari.
Herrian zer kenduko zenuke? Kotxeak.
Eta zer berria jarri? Elexaldeko igerilekua estaltzea.
Euskarazko berbarik politena? Aitatxu.
Zure ametsetako bidaia? Estatu Batuetara.
Berba egin ala entzun? Entzun, gehiago ikasteko.
Zure mesanotxean ezin da falta… Ur botila bat.
Abesti bat? Brother in arms, Dire Straitsena.
Aginke!
Errealitatetik hurbilegi dauden albiste faltsuak

SANTOS CERDÁN
«Galdakaon egin behar ziren obra guztietan interesa nuen baina… Asier Egiraunek ez zidan telefonoa hartu»
Santua ala demoniyua?
Sarean arrantzatua

Ba al zenekien...
Kiroldegiko obren langileek Berbalagunen arituko direla lehen hitza euskaraz egiteko ohitura hartzeko?
10
Aurten BINKEk 10 urte bete ditu eta oraindik milaka kontu ditugu kontatzeko… eta Aginkatzeko.
Txiste txarra
— Ezetz esaten ikasi dot, behingoz. — Kroketa gehiago gura dozuz? — Ez, baina ekarri ezkero jango dodaz.
Galdakaoko
eliza, Osakidetzaren esku
Anbulategiko tenperatura altuak ekiditeko helburuz, Galdakaoko gotzainak herriko elizetako ateak irekita izango dituela adierazi dio Osasun Sailari. Neurri honi esker, elizak berak ere urte osoan igandetako mezara gerturatuko den publikoa fidelizatuko duenaren esperantza du.

Urretako
jaiak Elexalden izango dira 2026ean
Urretako jaietako erakustaldiko kotxe istripuak sona handia hartu zuen. Hala ere, jende gehien batu zen ekimena izan zenez, datorren urtean errepikatzeko asmoa dute antolatzaileek. Hori bai, Elexaldeko tiro zelaian, astebururo tronpoak bertan egiten direlako inolako istripurik gabe.
Elexaldeko igerilekuko misterioak ez du azalpenik
Inor gutxik ulertzen du zergatik sorosleek ez duten uzten igerileku bazterrean eguzkitako betaurrekoak jarrita egoten baina zergaitik ez dieten ezer esaten jateko guneak beraiena eginda, musika altua jarrita zakarrez betetzen dutenen aurrean edota uretara bertara txano gabe sartzen direnean.

Hilabete honetako sarituak Ekaineko saridunak
Bakarne Begoña Larrabe
Urtzi Llarena Gorostiola

Xabier harategiak eskainitako produktu sorta bana irabazi dute.
Santi Txarramendieta (ezker) eta Jose Ramon Legarda (eskuin) Binkekideak Basoa jatetxeko Gaizka Sainzekin, irabazi dituzten bina jatorduen berri jasotzeko unean.

Zuk ere Binkekide izan gura dozu?
Eman zure babesa urteko 39 € ordainduta
Oraindik Binkekide ez bazara, eta neurri honetako lehenengo komunikabide euskalduna babestu eta sustatu gura badozu, hauek dozuz horretarako bideak:
1. Bete beheko formulario hau, eskaneatu edo atera argazki bat eta bidali e-postaz: info@binke.eus
2. Bete formularioa, moztu, eta utzi gutunazal baten, Binke izenarekin Torrezabal Kultur Etxeko atezainaren leihatilan.
IZEN-ABIZENAK: HELBIDEA: NORTASUN AGIRIA:
KONTU KORRONTEA:
3. Eskaneatu zure mugikorraren QR irakurgailuarekin beheko kodea eta bete formularioa!

San Juan Galdakaon
ARGAZKIAK: ANDER ELORDUI / ARGAZKI GUZTIAK: BINKE.EUS





San Juan Usansolon
ARGAZKIAK:





ANDER ELORDUI / ARGAZKI GUZTIAK: BINKE.EUS
Galdakao Gogora Elkartea
Euskaldunen kontzentrazioesparrua, bertatik bertara
TESTUA: NAGORE FERREIRA/GALDAKAO GOGORA
ARGAZKIAK: NAGORE FERREIRA ETA YOLANDA LARREA
Galdakao Gogora Elkarteak
Gurs kontzentrazio-zelaiko memorialera irteera antolatu du urriaren 4rako. Honen inguruan gehiago ezagutzeko helburuz, ondoko testua prestatu du Nagore Ferreira Zamalloa elkarteko kideak.
Euskal Herritik hur, Zuberoatik urrun barik, dago Gurs herria. Han, 1939an, kontzentrazio-esparru erraldoia eraiki zuten, gerratik ihesi zetozenak hartzeko. 6.500 euskaldun heldu ziren bertara. Eta tartean zeuden, sikeran, sei galdakoztar. Galdakaotik ordu bi eta erdira besterik ez dago Gurs, etxetik benetan hurre daukagu eta halanda ere, ezezaguna zaigu.
Gure historia ere baden Gurseko kontzentrazio-esparru hori ezagutzeko egun osoko bidaia antolatu du Galdakao Gogorak urriaren 4an.
Joan-etorria autobusez egingo dugu, eta bertan Jabi Bilbao gaian aditua izango dugu gidari eta hizlari. Iazko maiatzean, urtero antolatzen dugun memoria historikoaren inguruko jardunaldietan, hain zuzen ere, Bilbaok 'Gurs kontzentrazio-esparrua' berbaldia eskaini zuen.
Historia ezezagun eta iluna. Gurseko esparruak historia ezezagun eta iluna dauka. Bartzelona tropa nazionalen esku geratu ostean, milaka lagunek Frantzia aldera egin zuten ihes, gerra eta errepresio frankista atzean utzi guran.
Baina, Frantziak, ustez eskubide eta askatasunek herrialde eredu zenak, gaizkile legez sentiarazi zien, eta begirune barik eta baldintza benetan gogorretan hartu zituen. Hasiera baten, Rossellóko hondartzetan antolatutako esparruetara eraman zituzten eta handik Gursera joan ziren.
Gurseko kontzentrazio-esparrua 1939an eraiki zen, euskaldunak, nazioarteko, brigadistak eta aireko armada

errepublikanoko kideak hartzeko. 'Camp des basques' — euskaldunen esparrua— esaten zioten ere. 42 egunetan prest zegoen. Barrakoiak, baina, ez zeukaten ez oherik, ez armairurik ez ezer, eta kanpoan lupetza orkatiletaraino zegoen.
Sei galdakoztar Gursen. Euskal Herri osoko jendea egon zen Gursen, Galdakaokoak ere bai. Galdakao Gogorak batutako informazioaren arabera, Gursen izan ziren gure herriko Domingo Egileor Uribarrena, Ramón Gandarias Larrinaga, Francisco Larrinaga Zamalloa, Francisco Rodríguez Martín, Juan Ruíz Antón eta Miguel Zenarruzabeitia Aboitiz. Gehiago ere izango ziren, beharbada, baina ez dugu datu gehiagorik lortu. Ezer gutxi dakigu han bizitakoaz, eta ostekoaz ere.
II. Mundu Guda sasoian, nazien okupazioaren ondorioz, Gursek beste aro bat hasi zuen. Atzera ere kontzentrazioesparru moduan hasi zen funtzionatzen, eta han sartu zituzten juduak, ijitoak, brigadistak, emakumeak, umeak... Euretariko asko eta asko Auschwitzeko deuseztatzeesparrura bialdu zituzten.
Denetara, 1939 eta 1944 urteen artean, 61.000 lagun batu ziren Gursen, euretariko 6.5000, euskaldunak. 1950ean behi betiko zerratu zuten, barrakoiak erre eta arbolak landatu zituzten.
Hainbat hamarkadatan guztiz ahaztuta egon ondoren, 1979an, inguruko herritar eta elkarteak esparruaren memoria berreskuratzen hasi ziren.
Eta bertara joateko proposamena egin gura du Galdakao Gogorak, gure memoria ere baden Gurseko esparrua bertatik bertara ezagutzeko. •




Gure berbaz
MANU ETXEBARRIA AYESTA
Gorbeiako jaia
Gorbeiako jaia San Inazio egunean ospatzen da. Gurutzera igoteko ohitura handia dago, gero Igiriñaon jarraitzeko festagiroan. Historia apur bat eginez, aikomenzan datu jakingarri batzuk. Gorbeian Amabirjina bi daukaguz, Begoñako ama gurutzepean eta Edurretako ama Igiriñaoko ermitan. Ermita honek, bere historia dauka. Aiko. Eleuterio Goikoetxea zeaniztarrak txabola bat eraiki eban Igiriñaon 1922an. Tertzio berean, txabolaren gainetxuan, ermitatxua egin eban haitzari deutsala, Gorbeialdeko pastoreak Zeanuriko parrokiaraino joan baharrean obligaziozko meza entzuten, euren txabolarik hara Igiriñaon bertan entzuteko. Jakina, ermita horretan abadea eta akolito birentzat bakarrik dagoanez lekua, geroagorako ermita handiago bat egitea erabaki zan. Planoak be egin ziran baina gareztiegia zanez, bertan behera geratu zan proiektua. San Inazio jaia ospetsua da Igiriñaon. Eleizkizuna, bazkaria eta erromeria. Erromerian gauza bitxi bat gertatzen zan. Zeanurik Igiriñaon muga egiten dau Orozkogaz eta Zeanurin debekatuta egoanez dantzabaltseoa egitea, bikoteak Orozko partera pasatzen ziran. Pasadizuak pasadizu, eutsi deiogun Gorbeiako jaiari etorkizunean. Hala bedi!

Eskola-materiala erosteko dirulaguntzak
Udalerrian erroldatuta eta eskola-adinean dauden seme-alabak dituzten familiei zuzenduta dago dirulaguntza, eta Galdakaoko dendetan egindako erosketak bakarrik lagunduko dira. Familiaunitatearen errentaren arabera banatuko dira laguntzak.
Hezkuntza-jarduera laguntzea eta merkataritza sustatzea dira deialdiaren helburuak, eta 2 urteko gela, HH, LH, DBH, Batxilerra, Lanbide Heziketa eta hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleen gurasoak eta tutoreek eskatu ditzakete. Dirulaguntza jasotzeko ezinbesteko baldintzak izango dira ikasleak eta gurasoak Galdakaon erroldatuta egotea, erosketak Galdakaoko dendetan egitea, eta fakturak aurkeztea (ez baita tickerik onartuko). 2025ko ekainaren 1etik irailaren 26ra arteko erosketak onartuko dira.
Familia-unitatearen errenta aintzat hartuko da dirulaguntza emateko edo gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko. www.galdakao.eus atarian hezkuntza unitateko dirulaguntzak atalean kontsultatu daiteke diruz lagunduko diren familia-unitateen errenta eta tarte bakoitzeko familiek jasoko duten gehieneko diru laguntza.
Iazko elementu berberak hartuko dira eskolako materialtzat:
1- Haur Hezkuntzako ikasleen kasuan: amantalak eta adur-zapiak.
2- Teknologietako, Musika eta Heziketa Plastikoetako elementuak.
3- Mahaigaineko materiala eta suntsigarriak: arkatzak, boligrafoak, ezabatzeko elementuak, klipak, zorrozkailuak, erregelak, eskuairak, kartaboiak, garraiagailuak, errotulkiak, koadernoak, folioak eta informatikako suntsigarriak.
4-Material ez suntsigarria: sailkatzaileak, artxibategiak, estutxeak, kalkulagailuak, konpasak, eskolako bizkarzorroak, orri-bereizleak, hiztegiak.
Ez dira inolaz ere diruz lagunduko honakoei lotutako gastuak:
1- Betaurrekoak, lentillak edo beste edozein elementu zuzentzaileak.
2- Ikasliburuak eta irakurketa liburuak.
3- Ekipo edo gailu informatikoak (ordenagailu eramangarriak edo mahai gainekoak, tabletak…).
4- Arropa eta oinetakoak.
Informazio gehiago: hezkuntza-euskara@galdakao.eus • 944010540

Tentsio guneak
Etxebizitza, gaurko eta etorkizuneko erronka
TESTUA: IRATI ALONSO GARCÍA
ARGAZKIA: GOOGLE MAPS
Galdakaoko Udalak Aperribai ingurua gune tentsionatu izendatzeko eskaera egin zuen duela hilabete batzuk eta izendapena jasoko duela baieztatu zuen Eusko
Jaurlaritzak. Hilabete honetan gauzatuko da baina, zein eragin izango du izendapen honek herritarrengan? Hemen batu ditugu tentsio guneen eta etxebizitza plan berriaren xehetasunak.
Espainiako Gobernuak etxebizitza arloko lege berria onartu zuen duela bi urte eta honek berrikuntza ugari ekarri zituen gai honetan. Besteak beste, autonomia erkidegoek tentsio eremuak izendatzeko aukera eskaini zuen. Galdakaoko Udalak esaterako, Aperribai ingurua gune tentsionatu izendatzeko eskaera egin zuen duela hilabete batzuk eta izendapena jasoko duela baieztatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak izendapena jaso dezaketen herrien zerrenda eguneratu zuen maiatzean eta Aperribairen kasuan hilabete indarrean sartuko dela adierazi zuen.
Hilabete honetatik aurrera beraz, gune tentsionatu izango da Galdakaoko 2. eremua, Aperribai ingurua hartzen duena. Baina, zer dira zehazki tentsio guneak eta zein eragin du izendapen honek herritarrengan?
Izendapena jasotzeko irizpideak. Tentsio gunea eremu geografiko bat da —udalerria edo honen zati bat— non desoreka bat dagoen alokairuko etxebizitzen merkatuko eskaintzaren eta eskariaren artean eta egoera horrek herritarrei zaildu egiten du etxebizitza eskuratzea arrazoizko baldintzetan.
Zein irizpide bete behar ditu udalerri batek eremu tentsionatutzat jotzeko? Batetik, alokairuaren edo salerosketaren prezioa KPI+3 puntu baino gehiago igo izana azken 5 urteetan. Irizpide honek bi testuinguru hartzen ditu kontuan: etxebizitzaren alokairu-prezioak, etxebizitzaren merkatu-eremu tentsionatu deklaratu aurreko bost urteetan, dagokion autonomia-erkidegoko KPIaren

hazkunde metatuaren ehunekoa baino gutxienez hiru puntu portzentual gehiagoko hazkunde metatua izatea eremu horretan; eta etxebizitzaren salerosketa-prezioak, etxebizitzaren merkatu-eremu tentsionatu deklaratu aurreko bost urteetan, dagokion autonomia-erkidegoko Kontsumoko Prezioen Indizearen hazkunde metatuaren ehunekoa baino gutxienez hiru puntu portzentual gehiagoko hazkunde metatua izatea eremu horretan.
Ahalegin ekonomikoa. Bigarren irizpidea aldiz, etxebizitza ordaintzeko ahalegin ekonomikoa etxeko diru-sarreren % 30 baino handiagoa izatea da, hau da, bizikidetza-unitatearen aurrekontuan hipotekaren edo alokairuaren kostuaren batez besteko kargak gehi oinarrizko gastu eta hornidurek etxeen batez besteko dirusarreren edo batez besteko errentaren % 30 gainditzea. Hau da Aperribairen kasua.
Horrez gain, beste faktore batzuk ere hartzen dira kontuan, hala nola, etxebizitza eskuratzeko zailtasuna —eskaintza ez delako behar bestekoa—, alokairuaraubidean dauden etxebizitza nagusien ehunekoa, azken urteetan biztanleriak izan duen hazkundea eta etxebizitza turistikoen kopurua.
Herritarrengan duen eragina. Eta, zeintzuk dira tentsio guneetan —Aperribai barne— ezarri ahal diren neurriak? Eusko Jaurlaritzaren arabera, zazpi puntutan laburtu daitezke: alokairuen prezioak mugatzea— alokairuen prezioen erreferentzia-indize bat ezartzea, gehieneko mugak kontratu berrietan, eta prezioak izoztea lehendik dauden kontratuak berritzean—, jabeentzako pizgarri fiskalak, etxebizitza sozialaren sustapena, etxebizitza turistikoak erregulatzea, birgaitze eta eraginkortasun energetikoko programak, maizterrak babesteko neurriak
eta etxebizitza-eredu berriak sustatzea. «Neurri horien helburua da etxebizitzaren merkatua orekatzea, etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzea eta maizterrak babestea; aldi berean, pizgarriak eskaintzen zaizkie etxebizitzen jabeei, epe luzeko alokairua arrazoizko preziotan sustatzeko», adierazi du Jaurlaritzak.
Galdakaoko Udalaren plana. Beraz, hauek dira Aperribain ezarri ahal izango diren neurriak, eta baita Galdakaoko Udalak aurkeztutako etxebizitza planekoak ere. Izan ere, tentsio gune izendatzeko eskaerarekin batera, hurrengo urteetarako asmoak aurkeztu behar dituzte udalek.
Galdakaoren kasuan, «hurrengo hiru urteetan udalerri osoan eragiteko eta desorekak zuzentzeko» plana adostu zuen udalbatzak, «galdakoztarrek bizitza proiektua herrian bertan egin ahal izateko» helburuarekin.
Herrian 961 etxebizitza hutsik daude ofizialki, hau da, inor erroldatuta ez dutenak, eta Etxebiden aldiz, Euskal Etxebizitzaren Zerbitzuan, 842 galdakoztarrek dute izena emanda bizitoki bat alokatu edo erosi nahi dutelako. «Datu hauek kontuan izanda, uste dugu instituzioek eta norbanakoek ardura hartu behar dugula etxebizitzaren merkatua lasaitzeko», adierazi zuen Iñigo Hernando alkateak.
Lau ildo, hainbat ekintza. Udalak burututako planak lau ildo nagusi ditu. Alde batetik, 200 etxebizitza berri eraikiko dira Galdakaon, Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak eta Miguel de los Toyos Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailburuordeak Galdakaoko udaletxean izandako bileraren ostean azaldu zutenez. ««Etxebizitza gizarte-ongizatearen funtsezko zati bat da, eta dauden etxebizitza-eskaera mota guztiei erantzun nahi diegu. Eskatzailea babestu nahi dugu, etxebizitza bat eskuratzeko erraztasunak emanez ahal bada, eta hori ezin bada bizitoki bat eskuratu ahal izateko laguntza ekonomikoekin, hala nola Gaztelagun eta Emantzipa programekin», nabarmedu zuen De los Toyosek. Galdakao eraikiko diren etxebizitza berrietatik 104 batestuak izango dira, 40 zuzkidura-bizitokiak eta 54 libreak. «Etxebiden 1.474 pertsona daude izena emanda Galdakaon, eta horietatik 900 inguru herrian erroldatuta daude. Eskaera honi konponbidea bilatzea da planaren helburua, etxebizitza-eskubidea bermatzeko eta galdakoztarrek bizi proiektua herrian garatu ahal izateko», nabarmendu zuen alkateak.
Etxebizitza hutsen erabilera. Bestetik, hutsik daude etxeak alokairuan jartzeko neurriak martxan jartzea aurreikusi du planak. Guztira 6.500 euroko dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte jabeek etxebizitzak konpondu eta gero alokairuan jartzeko: 3.000 euro irisgarritasuna eta eragikortasun energetikoa hobetzeko, eta beste 3.500 konponketa orokorrak egiteko. Gainera, etxebizitzak Alokabide programan jarri ezkero, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan %50eko hobaria izango dute jabeek.
«Badakigu gainera jabe handiek, bankuek eta putre funtsek etxebizitzak soilik inbertsio moduan dituztela, eta hauen aurrean kanona aplikatuko dugu beraien etxebizitza
Galdakaon 961 bizitoki daude hutsik eta 842 herritarrek egin dute etxebizitza eskaera
Herrian 200 bizitoki berri eraikiko dira:
hutsak alokatzen jartzeko. Banaka espedienteak zabalduko dira eta metro kuadroko 10 euro ezarriko dira. Hau da, 70 metro kuadroko etxebizitza bati adibidez, urtean 700 euroko kanon bat aplikatuko zaio», azaldu zuen Hernandok hiru urterako planaren aurkezpenean.
Lokal komertzialak etxebizitza bihurtuz. Planaren hirugarren zutabea aldiz, Galdakaon dauden lokal komertzialei dagokie. Zehazki, lokal komertzialak etxebizitza bihurtzeko ordenantza malgutuko du Udalak eta berak izango du lehen eskubidea erosteko, eta ondoren etxebizitza publiko bihurtzeko.
Azkenik, Aperribai eta Jugo ingurua gune tenkatua izendatzen dutenean honek ekarriko dituen hobekuntzak nabarmendu zituen Hernandok: «Azken 5 urteetan alokatuta ez egon diren etxebizitzetan alokairua mugatuko da; indarrean dauden kontratuak 8 urtera arte luzatu ahal izango dira 5 beharrean; eta gaur egun alokatuta dauden etxebizitzetan prezioa KPIra mugatu ahal izango da». •
Etxebizitza

Iñigo Hernando da Galdakaoko politikaririk baloratuena
Galdakoztarren iritzia ezagutzeko inkesta egin du Aztikerrek
Galdakaoko Udalaren eskariz eta honen arabera Iñigo Hernando da Galdakaoko politikaririk baloratuena, 7,6ko puntuazioarekin. Baina, zein balorazio jaso dute Udaleko gainontzeko politikariek?
Herrian egiten ari diren lanei buruz herritarrek duten iritzia ezagutzeko eta haien lehentasunak eta kezkak jakiteko helburuz, inkesta egin du Aztikerrek, Galdakaoko Udalaren eskariz. Enpresak 378 herritarrei telefonoz zein online egindako galderen bidez osatu du lana.
Ikerketa honen arabera, Iñigo Hernando alkatea da Galdakaoko politikari ezagunena eta baloratuena. Auzokideen %72,1ek ezagutzen du eta 7,6ko puntuazioa jaso du, batez beste.
Alkateari buruz ez ezik, Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztietako bozeramaileei buruz ere galdetu diete herritarrei eta Edurne Espilla EH Bilduko bozeramailea izan da bigarren balorazio altuena jaso duena, 7,1eko puntuazioarekin. Oso hurbil geratu da Iñaki Urgoiti, Usansolo Herria plataformako bozeramailea, 6,9eko puntuaziorekin eta Toño Gonzalezek, Auzoakeko bozeramaileak aldiz, 6,1eko balorazioa jaso du herritarrengandik.
Oposizioko politikariei dagokienez, PSE-EEko bozeramaile den Victor Trimiñok 5,2ko puntuazioa jaso du eta Ainhoa Agirregoikoa EAJ-PNVko bozeramailea izan da suspenditu duen bakarra, 4,9ko balorazioarekin.
Udalaren kudeaketa «oso ona». Bestalde, ikerketa honen arabera, galdakoztarren %29,5ek uste du Udala herriko arazoak konpontzen ari dela, eta %39,8k dio Udalak badakiela nola konpondu, baina denbora gehiago behar duela. Herritarren ia %70k aldiz Udalaren gaitasunean konfiantza maila bat erakusten dut, «nahiz eta emaitzak ez diren berehalakoak».
Oposizioari buruz, %17,6k uste dute proposamenak egiten laguntzen duela, baina %19,9k kontrakoa dio; hau da, udal gobernuari oztopoak jarri besterik ez duela egiten. %24,4k ez dute alde batera edo bestera egin, eta beste asko dira erantzunik eman nahi izan ez dutenen kopurua: %38.
Udal Gobernuaren kudeaketaren gai zehatzei buruz galdetuta, kale garbiketa jarri dute herritarrek posizio onenean: %70,7k esan du kudeaketa oso ona edo nahiko

ona dela; kultur eskaintzan %64,9k, eta ingurumena eta naturaren zaintzan %63,5ek.
Etorkizunerako ekimenak. Datozen urteetarako udal proiektuen artean, ibaiertza aisialdirako gune gisa indartzeari eta merkataritzako dirulaguntzak zabaltzeari eman diote herritarrek garrantzi handien —batez beste, 8,4 puntu bakoitzari—.
Kirol instalazio berriak sortzeari eta herri inklusiboagoa eraikitzeari ere 8,3ko eta 8,2ko puntuazioa eman diote, hurrenez hurren. Lehentasunak ezartzerakoan, hala ere, herri inklusiboagoa egitea eta kirol instalazio berriak eraikitzea gailendu dira.Etxebizitzaren inguruan hartu beharreko neurriei buruz galdetuta, oso aldekoa izan da herritarren erantzuna.
Aparkaleku falta. Herriko arazo nagusien inguruez ere galdetu diete galdakoztarrei eta izendatuena aparkaleku falta izan da, %27,4k aipatu baitu. Ondoren mugikortasun arazoek eta garraio publiko gabeziak kezkatzen dituzte herritarrak —%17,5— eta etxebizitza aipatu dute ondoren— %11,3k—. Segurtasun falta —%5,8— aisialdirako guneen babesa —%4,8— eta kaleen garbitasuna —%3,9— gaiak ere aipatu dituzte herritarrek. Kezka pertsonal nagusiei dagokienez ere, aparkaleku falta aipatu dute %18,9k. Etxebizitzarekin lotutako arazoak %12,6k izendatu dute eta garraio publikoa eta mugikortasun arazoak %12,3k.

UEraso matxistak… Udala bidelagun?
sansoloko Udalak maiatzaren 31n
Unkina eskolak jasandako erasoei erantzunez, gaitzespen ohar bat helarazi zigun usansolotarroi: «Usansoloko Udaletik gure kezka eta gaitzespena adierazi nahi dugu gizalegearen aurkako horrelako jokabideen aurrean, eta herritar guztiei dei egiten diegu, indarkeriazko portaerarik edo bizikidetzari eragiten dioten jarduerarik ez onartzeko. Gertaera guztiak agintari eskudunari jakinarazi zaizkio, eta dagokion ikerketan laguntzen ari gara».
Ño! Ondo! Erantzun argi eta irmoa. Erantzuna hurrengo egunean emon ez bazen ere, erasoak astea bete baino lehen Udalak erantzuna eman zuen.
Hezkuntzak eta udal erakinek badute nork defendatu baina, zer gertatzen da eraso matxistak jasotzen dituzten emakumeen kasuan? Ezer! Erasoak behin eta berriz jasatera kondenatzen ditu Usansoloko Udalak.
Usansolon emakume bik eraso matxista publikoak jasan dituzte., eraso matxistak udal altzari eta hormetan. Emakumeen izenak eta datu pertsonalak udal lorontzietan eta herriko kaleetako horma ezberdinetan daude, erasoa jasan duten emakumen kontrako indarkeria betikotuz.
Iritzia
Espero dut erasoak lehen baino lehen altzari eta hormetatik ezabatzea
Pintada matxistak ezabatzeko eskaerak 2024ko urriaren 2an eta 2025eko maiatzaren 27an, bigarren emakumearen erasoaren ostean, erregistro ofizialez eskatu ziren, Udal Gobernua jakinaren gainean jarriz. Eta zein izan da Usansoloko Udalaren erantzuna? Bat ere ez! Udal altzarietako pintadak eta mehatxuak ezabatu ere ez ditu egin! Erasoak gaitzestetik urrun, erasoak betikotuz.
Non geratzen da gizalegearen kontrako kezka eta gaitzespena emakumeak erasotzen direnean? Non geratzen da indarkeriaren kontrako deia emakume bi hauek indarkeria jasaten dutenean?
Espero dut erasoak lehen baino lehen udal altzari eta hormetatik ezabatzea eta, ahal den neurrian, biktimek Udalak eskaini diezaiekeen laguntza jasotzea.

AINTZANE URKIZA PEREZ


Gazte trukea Frantziako hamahiru ikasleegaz
Argizai Eskaut Taldeak gazte trukea egin dau aurten be, kasu honetan Frantziagaz. Hango gazteak hilaren hasieran izan ziran Galdakaon eta harrera egin eutsien Galdakaoko Udaleko ordezkariek udaletxean. Galdakoztarrak uztailaren 8tik 14ra joan ziran Frantziara, eta Roubaixeko hainbat txoko bisitatzeko aukera izan eben. Informazio gehiago: BINKE.EUS.

Espainiako Vuelta, Galdakaotik
Abuztuaren 23tik irailaren 14ra bitartean izango da aurtengo Vuelta, Espainiako txirrindularitza itzulia. Guztira 21 etapa izango dauz eta hauetako bat Galdakaotik igaroko da, birritan. Info gehiago: BINKE.EUS.

Iskanderren erronka barriak
Iskander Sagarminagak erronka barrri bat burutu dau: Kaliforniako Katalina kanala igerian zeharkatzea. Honi esker, itsas zabaleko igeriketako Hiruko Koroa lortu dau, munduan 300 pertsonek bakarrik lortu dabena.

Arrieta, Espainiako
txapeldunorde
Espainiako Eskolarteko
Txirrindularitza Egokituko
Txapelketa lehiatu eban Eneko
Arrieta galdakoztarrak eta txapeldunorde izan zan.

Pintxoen dirua, Aperribairentzat
Peña Santa Cruzek 1.950 euro bildu ebazan Galdakaoko Mikologia Jardunaldien
56. edizioaren pintxo solidarioagaz. Aperribaiko Laguntza Sareak Ehuntzen proiektuari emon deutso dirua, Basandere Elkartearen bidez.

Cantalapiedraren azken diskoa
Ekainean argitaratu eban Ainhoa Cantalapiedrak ‘Arrastrando un cadáver’ diska. Lana salduena izan da iTunesen, Espainiako pop generoko diskoen artean.


Gazteen ideientzako saria
Galdakaoko gazteek gazteentzat daukiezan ideiak batu eta sarituko dituen GazT Nahaste lehiaketaren bigarren edizioa jarri dau martxan Udalak, 2.000 euroko sariagaz.



Jose Angel Sagasti zendu da
Uztailaren 1ean hil zan Jose Angel Sagasti, Andra Mari Dantza Taldeko presidente ezagunenetako bat. Bihotzeko baten ondorioz hil zan 69 urtegaz.

Casillasen errekor barria
Espainiako Udako Master Txapelketan parte hartu eban Maria Casillas galdakoztarrak eta igerilariak munduko errekorra hautsi eban 4×100 krol modalitatean, Mikel Bildosola, Iñaki Bildosola eta Ane Ibarrondogaz batera.

Navasen disko barria, kalean
Garazi Navas soinujole usansolotarrak ‘Sonografia irudipenak’ diskoa argitaratu dau Manu Gaignegaz batera. Euskal Herrian bere garaian egindako grabaketak eta toki horreitan gaur egun egindakoak erabili dabez.

Agur Bizkarra okindegi historikoei
Bizkaian urte askotan zehar erreferente izandako Bizkarra okindegiak enpresa usansolotarrak denda guztiak itxi dauz. Guztira hamabi denda ditu Bizkaian, hauetako bost Galdakaon eta bi Usansolon.

Capetillo, Euskadiko txapeldunorde
Xabier Capetillo usansolotarra txapeldunorde izan zan Bilbon lehiatu zan Euskadiko Atletismo Txapelketan eta honi esker Espainia mailan lehiatzeko sailkatu da.

GBGE saritu dau Jaurlaritzak
GBGE azarotik apirilera bitarte izan zan Paiportan, DANA-k sortutako kalteetan laguntzen. Lan honengatik aitorpena egin deutso Eusko Jaurlaritzak, «elkartasun antolatua, eraginkorra, egonkorra eta ezinbestekoa dala» azpimarratuz.

Igeriketa Taldea, sasoi onean
Uztailaren hasieran Espainiako Master Txapelketa antolatu zan Gran Canarian eta honetan bederatzi domina lortu ebazan Galdakao Igeriketa Taldeak.


Iñaki Sarriugarte hil da
Uztailaren 6an zendu zan Iñaki Sarriugarte euskaltzale ezaguna, ohorezko euskaltzain, bertso saioetako epaile, eta BINKEren sortzaileetako bat izandakoa, besteak beste.


Sara Diaz, petanka jokalaria
«Petankak kontzentrazioa, diziplina eta zehaztasuna eskatzen ditu»
TESTUA: IRATI ALONSO GARCÍA
ARGAZKIA: SARA DIAZEKO BIDALITAKOA
Abuztuaren 12tik 17ra petanka mundiala lehiatuko da Txinan eta honetan parte hartuko du Sara Diaz galdakoztarrak. Gaztea bi modalitatetan arituko da: doitasun-tiroa eta bikoizketa mistoa. Berarekin hitz egin dugu txapelketaren atarian.
Sara Diaz gazteak sasoi onean jarraitzen du. Maiatzaren 24 eta 25ean Espainiako Petanka Txapelketa antolatu zen Salamancako Villares de la Reina herrian eta gazteak garaipena lortu zuen Kukuiaga taldeko Monica Fernandez eta Marina Maestro kideekin batera, dupleta kategorian. Abuztuaren 12tik 17ra aldiz, Txinan antolatuko den mundialean parte hartuko du, doitasun-tiroa eta bikoizketa mistoa kategorietan.
Txinako mundialari aurre egiteko prest zaude? Erronka horri nazioarteko beste lehiaketa bat bezala aurre egingo diot, eta Frantzian egingo den munduko txapelketarako prestakuntza gisa.
Lehen aldia da maila honetako hitzordu batean parte hartuko duzula? Munduko jokoetara joaten naizen lehen aldia da, eta COE ordezkatuko dudan bigarrena. Lehen aldian Espainia ordezkatu unuen Mediterraneoko Jokoetan.
Zer espero duzu emaitzei dagokionez? Espektatibak beti dira altuak. Bidaia honetarako prest nago eta Espainia podiumaren gorenean uzteko borrokatzen naiz.
Petanka kirol ezezaguna da askorentzat. Zein ekarpen egiten du kirol gisa? Petankak, kirola den aldetik, kontzentrazioa, diziplina, estrategia eta zehaztasuna eskatzen ditu.

Zein eragin izan du Galdakaok kirolari gisa izan duzun garapenean? Garapen hori Galdakaon aritu baino askoz lehenago dator. Mozoilo Petanka Klub galdakoztarra aldiz, parte hartzeko eta petanka beste modu batera ikusteko kluba da.
Petankara jokatzetik bizi daiteke, ala zaletasun bat baino ez da? Petankatik zuzenean ezin da bizi beste kirol batzuetan bezala. Behar adinako laguntza jasotzen bada babesleen aldetik liberazio ekonomiko handiagoa izan dezakezu, edo nazioarteko dominak irabazten badituzu, kopuru ekonomiko jakin bat baituzu dominaren kolorearen arabera, kirol olinpikoa den ala ez, parte hartzen duten herrialdeen kopuruaren arabera eta modalitate indibiduala edo kolektiboa izan den kontuan hartuta. Petankatik bizi ez banaiz ere, niretzat ez da zaletasun bat. •

Petankatik zuzenean ezin da bizi


Binke.eus
Paperetik harago, hauek dira Binkeren webgunean irakurrienak!





Hasi dira Txomin Egileor kalea guztiz berritzeko lanak. Besteak beste, Zuhatzutik Plazakoetxera doan erreia kenduko da eta bidegorria jarriko da.
Galdakaoko udalbatzak Etxez
Etxeko Laguntza Zerbitzuaren
kontratua urtebetez soilik luzatzea adostu zuen azken osoko bilkuran.
Usansoloko Udalak kalistenia parke berria ireki du. Ekainaren 25ean
estreinatu zuten eta Emakumeen paarkean kokatuta dago.
Aztikerrek Galdakaoko Udalaren eskariz egindako inkestaren arabera, aparkalekuen falta da galdakoztarren arazorik nagusiena.
EHUk zahartu ahala hizkuntza gaitasuna nola aldatzen den aztertu zuen Galdakaoko Udalaren laguntzarekin.
Gure herrietako aktualitatea:

Binke TV
Hauek dira argitaratutako azken bideoak Binkeren sareetan!





Leidu Irakurketa Taldearen txokoa

Bisita Elkar, 2024 Mikel Pagadizabal

UPaziente isila
Erein, 2025 Alex Michaelides
darako proposamen bikoitza egin du Leiduk: 'Bisita', Mikel Pagadizabalen lehenengo nobela eta Fernando Reyk itzuli duen Alex Michaelidesen 'Paziente isila'.
Biak irakurtzean Leiduko gure kide izandako Iñaki Sarriugarte gogoan izango dugu.
Gidoigilea eta aurkezlea den Mikel Pagadik satira politiko bat ondu du 'Bisita' liburuan, zientzia fikzioa, fantasia eta umorea uztartuz. Estralurtarrak agertuko zaizkigu Gipuzkoako Anoeta herrian, baserri baten aurreko artasoroan. Agerpen horrek Jaurlaritzaren krisialdi mahaia lanean ipiniko du; berria AEBra ere helduko da, Etxe Zuriraino. Pagadik ez digu argituko zer gura duten estralurtarrek, baina aitzakia hori erabili du Euskal Herriko gizarteari eta politikariei kritika egiteko.
Bigarren proposamenak barruak nahastuko dizkigu, Alex Michaelidesen 'Paziente isila' eleberria thriller psikologikoa baita. Arrakasta handiko margolari batek bere senarrari bost tiro jo eta mutu dago harrezkeroztik.
Kasuarekin tematuta dagoen psikoterapeuta batek gau hartan gertatutakoa argitu nahi du eta margolaria ingresatuta dagoen zentro psikiatrikoan hasiko da.
Laster konturatuko da asko direla gertakariarekin zerikusia duten pertsonak eta isilik egotearen arrazoiak ere hainbat direla.
Eleberriak azkar harrapatuko gaitu eta hainbat gairen inguruko hausnarketa eragingo digu: iraganaren minak, umezaroaren zauriak, maitasunaren beharra, isiltasunaren indarra...
BINKE
Proiektu honetarako lanean:
Argitaratzailea: Aitu elkartea.
Zuzendaria: Jon Gomez Garai.
Erredaktorea: Irati Alonso García.
Irudia eta sareak: Naiara Perez de Villarreal.
Argazkilariak: Ander Elordui eta Peio Zamalloa.
Batzorde Orokorra: Gaizka Uriarte, Ixone Muñiz, Leire Zamalloa, Ainara G. Goitiandia, Beñat Armentia eta Iñigo Larrea.
Ekarpen taldea: Joseba Uranga, Igor Amarika, Jaime Zubero, Asier Balentzia, Leire Eskabel, Ainhoa Uriarte, Aitor Zelaia eta Unai Atutxa.
Ilustratzailea: Karmele Gorroño, Irrimarra.
Inprenta: Comeco Gráfico, Zamudio.
Banaketa: Joal Express eta Correos.
Hilero banatutako ale kopurua: 14.000.
Lege Gordailua: BI-41-2016
ISSN: 2444-9385
Proiektu hau posible
egiten dute:
Ohiko kolaboratzaileak: Manu Etxebarria, Aitzol Altuna, Estibaliz Apellaniz, Joanes Urkixo, Yayone Altuna, Irati Bediaga, Julen Gabiria, Gotzon Barandiaran, Nerea Urgoiti, Josi Basterretxea, Xabier Valencia, Nagore Ferreira Zamalloa, Edu Olea eta Bego Martinez.
Elkarte laguntzaileak: Ganguren Mendi Taldea, Burtotza Mendi Taldea, Andra Mari Dantza Taldea, Galdakao Gogora, Etxerat, Usansolon Euskaraz, Euskaraldia, Click&Click elkartea, Leidu taldea eta Bagabiz euskara elkartea.
Argazkilari kolaboratzaileak: Jabi Rojo, Gotzon Almaraz eta Julio Legarretaetxebarria.
Webguneko laguntza: Aitor Espinosa eta Naiara Perez de Villarreal.
BINKEk ez du bere gain hartzen aldizkarian adierazitako iritzi edota esanen erantzukizunik.
Harremana: 680 74 32 11 info@binke.eus
Jarraitu BINKEren edukiak zure gustuko sarean!


Babesle ofizialak:





Bengoetxeko jaiak
Uztailak 18, barikua
18:00 Argazki erakusketa: ‘Bengoetxe auzoaren oroimena’
18:30 Kalejira, txistulariak eta buruhandiak¡
19:00 Pregoia eta txupinazoa Bengoetxe Kantari koroarekin
19:15 Bengoetxe Kantari koroaren kontzertua
20:00 Sardinada herrikoia
20:30 Animazio musikala Samasiku txarangarekin
22:00 Bingo herrikoia
23:00 Berbena DJ Dandyren eskutik
Uztailak 19, zapatua
10:00 Txikientzako jolasak Bengoetxeko ludotekako begiraleekin, ludotekan
11:00 Igel txapelketa txosnan
12:00 Bitsaren jaia txosnagunean
13:00 Ur jolasak txosnan
13:00 Pintxopotea
15:30 Mus eta briska txapelketa
17:00 Umeentzako eskulanak
18:00 Sevillako dantza tradizionalen erakustaldia eta tailerra
19:30 Batxatako dantza tailerra eta dantza erakustaldia
Les Sens-en eskutik
22:00 Bingo herrikoia
23:00 Mojito tropikala festa
23:30 Tropikar festa Mozoilo irratiarekin
Uztailak 20, domeka
10:00 Txiki txangoa txosnagunetik La Trokara
10:00 Bengoetxeko mendi irteera Ganguren Mendi
Taldearen eskutik
11:00 Meza Santa Marina eta auzoko hildakoen omenez
12:30 Kontzertua Da Capo bandaren eskutik
14:30 Herri bazkaria
15:30 Kantu zaharrak eta erromeria Joxe Mendizabalekin
17:30 Txikientzako herri-kirolak
19:30 Txupina eta jai amaiera
Bertsolaritza
Irailak 10, eguaztena
Bizkaiko Bertsolaritza Txapelketaren lehenengo fasea
Torrezabal Kultur Etxean
Ordua: 17:00
Irakurketa taldea
Irailak 22, astelehena
'Bisita' eta 'Paziente isila'
18:30 Peña Santa Cruzen


Mendia
Uztailak 18-31
Himalaia- India. Trekking Ladakhetik
Ordua: 08:00
Irailak 6-7
Panticosa. Pico Arnales (3.001 m) eta
Pico Forato (2.013 m)
Ordua: 07:00

Irailak 14, domeka
Ganguren mendira igoera
Ganguren tabernatik
Ordua: 09:00




URTEBETETZEA
Irailak 18
Joseba Uranga
Irailaren 18an Joseba Urangak 47 urte beteko ditu. Zorionak eta Mosu potolo potoloak etxekoen partez. Asko maite zaitugu!

Atal honetan argitaratutako zorion mezuen artean zozketa bat egingo du BINKEk hilero, eta sariduna aldizkariaren hurrengo zenbakian jakinaraziko da. Saridunak 10€ arteko merienda Goxoa irabaziko du! Zorte on!

URTEBETETZEA
Irailak 3
Markel Uriarte
Irailaren 3an 9 urte beteko ditu. Jarraitu bizitzaz gozatzen eta besarkada handi bat etxekoen partez! Zorionak Markel!




