BINKE 092 Apirila 2024

Page 1

«Oso
92. zenbakia • 2024ko apirila LUIS FERNANDO ATHLETIC CLUBEKO JOKALARI OHIA
futbolari ibilbidea amaitu dela onartzea»
gogorra da zure

«Athleticek Kopa irabaztea nahi nuen batez ere jendearen ilusioarengatik»

TESTUA: IRATI ALONSO GARCÍA

ARGAZKIAK: JON GOMEZ GARAI

Berrogei urteren ostean, gabarra berriz, edo lehenengoz, ikusteko aukera izan zuten zale zurigorriek duela egun batzuk. Hauetako bat izan zen Luis Fernando galdakoztarra, ume baten moduan bizi izan zuenak garaipena.

Berezitasun batekin ordea, izan ere, zortzi denboralditan zehar Athleticen kamiseta jantzi zuen futbolari ohiak, 1984 eta 1992 artean. Jokalaria gehiago ezagutzeko hitz egin du BINKEk berarekin.

Ajearekin oraindik? Ez dakit oraindik ajea heldu den, uste dut gozatzen gabiltzala oraindik. Finala tentsio handiko partida izan zen eta horren ostean pisu handi bat gainetik kendu genuen guztiok. Urte asko izan dira irabazi barik.

Athleticen garaipena espero zenuen? Ez dakit espero nuen ala ez, baina gertatzea nahi nuen, batez ere jendearengatik. Zelaian ingurura begiratzen nuen eta zaleen aurpegiak begiratzean ikusten nuen aurten bai garaipena lortzeko esperantza zutela gehienek. Eskerrak gertatu zela! Emozio handiko uneak izan ziren, nire familiarentzat ere.

Garaipenaren ostean ospakizunak etorri dira. Nola bizi zenuen gabarra? Lasaitasunez bizi nuen, nire emaztearekin Basurto eta Zorroza artean. La Cartujan urduritasuna utzi ostean, gozatzeko uneak izan ziren, sentimenduz beterikoak jende guztiarentzat eta noski, niretzat ere.

Oso ezberdina izan zen 1984ko gabarrarekin alderatuz? Egia esan nahiko antzekoa izan zela gogoratzen dut. Bilbo

jendez lepo zegoen ere eta testuingurua ezberdina izan arren, gozatzeko momentuak izan ziren duela berrogei urtekoak ere. Ilusioa mantentzen da zaleen artean.

Gabarra horren ostean, 1984ko irailean, heldu zinen Athletic Cluben lehen taldera. Nola bizi zenituen hasierako momentuak? Niretzat ametsa betetzea izan zen. Lezaman zauden bitartean egunero duzun ametsa da lehen taldera heltzea eta horretarako lan egiten duzu. Debuta bera ez nuen asko gozatu hodei baten modukoan nengoelako baina oso ilusio handia nuen.

Garai ilunak izan ziren Athleticentzat garaipenen ostean, aldaketa eta eztabaida askorekin. Jokalari talde oso atsegina zegoen, duela denbora luze elkar ezagutzen zirenak eta oso ondo jaso ninduten, babestuta sentitu nintzen. Horregatik hain zuzen, pena handiz bizi genituen aldaketak eta entrenatzaileekin bizi ziren liskarrak.

Hala ere, oroitzapen onak izango dituzu zurigorri moduan. Noski! Niretzat pribilegio handia izan da Athleticen kamiseta janztea eta hainbeste partida jokatu ahal izatea. Lezaman zauden bitartean handik igarotzen diren jokalari asko ikusten dituzu eta horietatik nik lehen taldean jokatzeko aukera izatea izugarria izan da. Gainera, izan nituen entrenatzaile guztiekin jokatu nuen, eta hori eskertzekoa da. Urte onak eta txarragoak izan genituen, baina esperientzia orokorra oso positiboa izan zen.

Lehen taldearen egungo entrenatzaile den Ernesto Valverderekin jokatu zenuen. Izugarri da, benetan. Oso atsegina da, lagun ona eta batez ere zintzoa. Pertsona ona

2 apirila 2024 Binke!
LUIS FERNANDO ATHLETIC CLUBEKO JOKALARI OHIA

Luis Fernando Fernández 1964, Villafáfila (Zamora)

Zamoran jaio arren, oso txikia zela heldu zen Bilbora eta gaztea zenean aldiz, Galdakaora. Iturrigorrin hasi zen futbolera jolasten eta 14 urte zituela Athleticen jokatzeko deitu zuten. Lezaman hainbat urte eman ostean 1984ko irailean egin zuen debuta lehen taldearekin, Javier Clemente entrenatzailearen eskutik. Zortzi denboraldiz jantzi zuen kamiseta zurigorria eta txapelketarik irabazi ez zuen arren, finalak jokatu zituen. Bere ibilbidea ordea Burgosen eta azkenik Gernikan amaitu zuen.

bezala definituko nuke. Eta orain oso lan ona egiten ari da entrenatzaile moduan, hori azpimarratzeko da.

Athletic utzi eta Burgos eta Gernika izan ziren zure ibilbideko azken helmugak. Zelan moldatu zinen Bilbotik kanpo? Ba egia esan oso gaizki. Lezaman oso babestuta daude jokalariak eta zurigorri moduan oso ondo bizi zara, hori aitortu beharra dago. Burgosen adibidez arazo ekonomiko asko bizi genituen eta ilusioa galtzen hasi nintzen pixkanaka-pixkanaka.

Lezaman asko ikasten dela diote han egon direnek. Hala da? Ni 14 urterekin heldu nintzen eta hara heltzean konturatzen zara leku ezberdina dela. Lezaman profesional izatera bideratzen dute dena eta horretarako lan egiten dute jokalariekin. Diziplina askoz handiagoa da han eta asko laguntzen dizute ere mentalitatea lantzen. Ez dakit orain, baina lehen salto itzela zen klub txiki batetik Lezamara heltzea.

Euskara ere han ikasten hasi zinen? Derioko euskaltegira joaten hasi ginen baina hainbatek izena eman genuenez

azkenean Lezamara etortzen zen irakaslea. Nahiko ikasi genuen eta gaur egun ia dena ulertzen dut. Hitz egiteko ordea zailtasunak ditut, ez dudalako asko praktikatu urte hauetan zehar. Pena handia da, baina horrela da. Beti diodan moduan: ikasten ari naiz.

Futbolari moduan zure ibilbidea amaitu dela onartzea gogorra da? Erabat. Nire kasuan oso oso zaila izan zen. Erretiroa hartu nuen arte bizitza osoan zehar egin nuena futbolaria izatea izan zen eta hori amaitzen dela onartzea oso gogorra izan zen, benetan. Txikia zarenean hasten zara, Lezaman ematen dituzu pilo bat urte, gero profesional bihurtzen zara... eta bat-batean gaztea zara oraindik eta amaitu zaizu bizitza futbolari moduan. Ni esaterako, ezin nintzen San Mamesera joan hasieran. Nostalgia puntu hori sentitzen nuen eta gogorregia zen niretzat.

Zer egin duzu futbola utzi ostean? Bizkaiko Foru Aldundiaren enpresa batean egon nintzen hasieran eta ostean Forumen lan egiten egon nintzen denboraldi batean zehar. Ostean lagun on batekin batera garraio enpresa batekin hasi

Binke! apirila 2024 3

Jokalaria nintzenean beti

sentitu nuen

zaleen errespetua eta babesa

Taldeak oso dinamika ona du eta Kopako

garaipenak hegoak eman dizkigu

4 apirila 2024 Binke!

nintzen eta ordutik horretan nabil, futbolarekin zerikusi gutxi edo ezer ez duen sektore batean egia esan.

Hala ere, futbolean aritzen jarraitu duzu eta Athletic Cluben 125. urteurrenean egin zen legends partidan jokatu zenuen. Nola izan zen San Mamesen berriz jokatzeko esperientzia? Ikaragarria, oso polita eta batez ere berezia. Athleticen belaunaldi ezberdinetan jokatu duten kideekin izateko aukera izan nuen eta hori izan zen gehien gustatu zitzaidana. Eta noski, nire inguruan San Mames beteta berriz ikustea, hori oso hunkigarria izan zen.

Ekonomikoki, diferentzia handia dago zuok jokalari moduan zenuten soldata eta gaur egungo jokalariek dutenaren artean? Oso oso urrun ginen gaur egun duten bizitza erritmotik. Egia da gaur egun gertatzen den moduan beste ofizio batzuetan zutenaren baino soldata handiagoa genuela baina ez genuen bizitza osoan zehar diru horrekin egoteko hainbeste kobratzen. Gaur egun, edozeinek ikusi dezakeen moduan, beste guztion planetatik kanpo bizi dira futbolariak eta hori telebisten negozioa sartu zenetik gertatu da.

Jokatzeko modua ere ezberdina da? Bai, noski. Gure garaian ligan jokatzen genuen talde bakoitzaren zelaia ezberdina zen, klima ezberdina zelako. Iparraldean adibidez beti jakin izan dugu zelai heze eta bustietan jokatzen eta hegoaldeko zelaiak aldiz, nahiko lehorrak ziren. Horren ondorioz asteburu bakoitzean jokatzeko leku batera egokitu behar ginen, eta horrek oinarritzen zuen gure estiloa. Gaur egun ordea, teknologia aurrerapenei esker, asko zaintzen dira zelaiak eta errazagoa da talde batek estilo finko bat mantentzea beti, joko horizontalago batekin, zelaiak nahiko antzekoak direlako haien artean. Hala ere, nik joko bertikala nahiago dut, bai futbolari eta baita zale moduan.

Kaletik ezagutzen zintudan Athleticen jokatzen zenuenean? Bai, baina beti sentitu dut zaleen errespetua. Bilbon beti esan da oso babestuta gaudela eta egia da. Berotasuna eta ilusioa somatzen nuen kaletik norbaitek ezagutzen ninduenean baina esandakoa, bizitza normala egiteko aukera izan dugu beti, nik behintzat.

Galdakoztarren aldetik, babes hori sentitzen zenuen ere? Bai, orduan eta baita orain ere. Jende askok ezagutzen nau Galdakaon eta baita Usansolon ere, hasieran hona etortzean han bizi nintzelako. Niretzat oso garrantzitsua izan da beti familia eta betiko lagunak mantentzen ditut oraindik, hemengoak, betikoak. Oso herri politak eta giro onekoak dira Galdakao eta Usansolo eta hemendik ibiltzea gustatzen zait.

Egunerokotasunera bueltatuz, Athleticen aro berri baten hasiera ireki du Kopako garaipenak? Jendea ilusio handiarekin dago eta ulergarria da. Taldeak oso dinamika ona du urte hasieratik eta Kopako garaipen honek hegoak eman dizkigu zaleoi. Ez dakit garaipenen aro berri bat izango den, baina Athletic hau ere irabazteko gai dela erakutsi dute jokalariek, eta hau da bidea. •

Arin-Arin!

Asteko egun gogokoa? Larunbata.

Herriko txoko gustukoa? Elorritxueta eta Lekubaso.

Liburua ala tablet-a? Tablet-a.

Pelikula bat? La Gran Evasión.

Ez duzu onartzen… Solidaritate eza.

Zoriontsu egiten zaitu… Familiak.

Plater bat? Makarroiak.

Deskribatzen zaituen berba? Futbolaria.

Herrian zer kenduko zenuke? Ezer ez.

Eta zer berria jarri? Bidegorria erdigunetik.

Euskarazko berbarik politena? Hementxe.

Zure ametsetako bidaia? Everest mendira.

Berba egin ala entzun? Entzun.

Zure mesanotxean ezin da falta… Zapi bat.

Abesti bat? Summer of '69, Bryan Adamsena.

Binke! apirila 2024 5
ELKARRIZKETA LUIS FERNANDO

Aginke!

Errealitatetik hurbilegi dauden albiste faltsuak

VIDAL SALCEDO

«Ez dakit komeni zaigun Athletic berriz final batera heltzea. Penalti txandan bizitako tentsioa ez da gomendagarria...»

Galdakoztarrok ez dakigu Vidal izena ala abizena den

Sarean

arrantzatua

Ba al zenekien...

Txakurrak solte ibiltzeko gune berriak estreinatzearekin batera txakur jabeen arteko bikote berriak sortzen ari direla?

356.278

eulitxo hil ekarri zituzten gutxi gorabehera beraien autoetako aurrekaldean Sevillara Kopako finala ikustera joan zirenek.

Txiste txarra

— Tatuatzea mingarria da? — Lekuaren arabera. — Basaurikoa naz.

Greba japoniarra egingo dute kiroldegietan

Agintarien arreta deitzeko asmoz, udal kiroldegietako langileek japoniar erako greba egingo dute. Iigerilekuetako ura hiru gradu igo, aerobik klaseen ondoren txokolatea eta opilak banatu edo dutxetan Nenuco kolonia eskura utziko dute, besteak beste.

Bisita

gidatuak eskainiko dituzte adinekoentzat

Herriko adindunak entretenituta izateko asmoz, Galdakaoko eta Usansoloko udalek bisita gidatuak antolatuko dituzte, obren eboluzioaren nondik norakoak azalduz. Horietan kontutan izango dira adinekoen ekarpenak.

'Zein da zein' jokoa hauteskundeetan

Inkesten arabera oraindik boto emaile askok ez dute garbi alderdi bakoitzean nor den Lehendakaritzarako hautagaia. Hori dela eta, Usansoloko enpresa batek 'Zein da zein' jokoaren bertsio bat erabiltzaileen eskura jarri du.

6 apirila 2024 Binke!

Iñaki Garai, 1984ko gabarra bizi zuen galdakoztarra

Athletic Clubek apirilaren 6an Espainiako Erregearen Kopako finala irabazi zuen, duela 40 urte txapelketa honetan lortu zuen azken garaipena errepikatuz. Gabarra atera zuten orduan ere eta milaka pertsonak bizi zuten ospakizun zurigorria, haien artean Iñaki Garai Athleticeko jokalari ohi galdakoztarrak. Berarekin hitz egin du BINKEk.

TESTUA: IRATI ALONSO GARCÍA

ARGAZKIA: IÑAKI GARAIK BIDALITAKOA

Athletic Clubek apirilaren 6an irabazi zuen Espainiako Kopako finala. Taldeak RCD Mallorca izan zuen aurrean eta duela 40 urte, 1984an, txapelketa honetan lortutako azken garaipena errepikatu zuen itxaronaldi luzearen ostean.

Azken garaipen horretan, pasa den apirilaren 11n bezala, gabarra igaro zen Bilboko inguruetan zehar eta milaka zale zurigorri batu ziren Espainiako Erregearen

Kopan eta baita Ligako txapelketan lortutako garaipenak ospatzeko. Zale guzti hauen artean galdakoztarrak zeuden ere, besteak beste, Iñaki Garai Athleticeko jokalari ohia.

Futbolariak lau denboraldi eman zituen jokalari zurigorri moduan, 1973tik 1978ra arte, eta beste asko klubari lotuta, Lezaman laguntzaile moduan. «Oso polita izan zen urte horretan bizi genuena. Bilbo osoa zegoen zurigorriz jantzita, ikaragarria zen», aitortu dio BINKEri Garaik 1984ko ospakizunen inguruan.

Ez zen gabarrara igo baina momentu «oso bereziak» izan zirela gogoratzen du: «Ezin da ondo azaldu momentu horretan sentitzen duzuna. Umeak, helduak, nagusiak… denak batera garaipena ilusio

handiz ospatuz».

Finalari begira, zuhurra izatea nahiago izan zuen partida baino lehen egindako galderetan: «Momentuan ikusi beharko da. Egia da faboritismo puntu hori izan dezakegula egiten ari garen denboraldi onagatik baina partida jokatu behar da».

Garaik garrantzia eman zion partidari baina baita egun osoan zehar bizi zenari. «Garrantzitsuena dena ondo ateratzea da, giro ona bizitzea zaleen artean», azaldu zuen, ilusioa galdu gabe: «Egia da gabarra hori bizi genuen guztiak hura errepikatzeko irrikitan gaudela. Hainbeste urteren ostean oso polita izango litzateke berriz Bilbo osoa zurigorri ikustea».

Eta behingoz errepikatzeko aukera izan zuen apirilaren 11n, milaka zurigorriren artean.

Binke! apirila 2024 7
Athletic Club

Hilabete honetako sarituak Martxoko saridunak

Maite Lopez Garai Irantzu Martinez Arkarazo

Lurberrigane jatetxean bina pertsonentzako jatorduak irabazi dituzte.

Eunate Barroeta (ezker) eta Jose Ramon Muñiz (eskuin) Binkekideak Nekane Mazorriaga Kerren jatetxeko arduradunarekin bina menuen oparia jasotzeko orduan.

Zuk ere Binkekide izan gura dozu?

Eman zure babesa urteko 36 € ordainduta

Oraindik Binkekide ez bazara, eta neurri honetako lehenengo komunikabide euskalduna babestu eta sustatu gura badozu, hauek dozuz horretarako bideak:

1. Bete beheko formulario hau, eskaneatu edo atera argazki bat eta bidali e-postaz: info@binke.eus

2. Bete formularioa, moztu, eta utzi gutunazal baten, Binke izenarekin Torrezabal Kultur Etxeko atezainaren leihatilan.

IZEN-ABIZENAK:

HELBIDEA:

NORTASUN AGIRIA:

E-POSTA:

KONTU KORRONTEA:

TELEFONOA:

3. Eskaneatu zure mugikorraren QR irakurgailuarekin beheko kodea eta bete formularioa!

8 apirila 2024 Binke!
IBAN ENTITATEA BULEGOA K.Z. KONTU ZENBAKIA

MATRIKULA ZABALIK

MATRÍCULA ABIERTA

Maiatzaren 2tik 24ra

Del 2 al 24 de Mayo

MÁXIMO MORENO UDAL MUSIKA ESKOLA

Musika klaseak

Matrikula eta bekak online: www.galdakao.eus/musika-eskola

Matrícula y becas online: www.galdakao.eus/escuela-musica

ARRETA ORDUTEGIA HORARIO DE ATENCIÓN

Astelehen eta ostegunetan Lunes y jueves 11:00-14:00 • 16:00-19:00

Astearte, asteazken eta ostiraletan

Martes, miércoles y viernes 09:00-14:00

5 urtetik aurrera Clases de música a partir de 5 años

MÁXIMO MORENO

UDAL MUSIKA ESKOLA

Urreta 21 A - 48960 Galdakao

Tel.: 94 601 04 55

musikaeskola@galdakao.eus

2024·2025

Memoria historikoa

Gurs, camp des basques

TESTUA: GALDAKAO GOGORA

ARGAZKIA: EL MUNDO

Memoria historikoa lantzen duen

Galdakao Gogora Elkarteak ondoko testua prestatu digu maiatzaren 15ean Gurs zelaiaren inguruan egingo duen solasaldiaren harira.

Gurs, silaba bitxi bat, negar-zotin bat bezala, eztarritik irtetea lortzen ez duena», Louis Aragon. Gurs hitza aipatuz gero jende askorentzat ez zaigu hitz arrotza egiten, noizbait nonbait entzundako hitza egiten zaigu, baina gutxi batzuk dakigu zertan datza hitz bitxi hori: Euskal Herritik gertuen eratutako konzentrazio zelaia da, mugatik 35 kilometrotara, Frantzian konzentrazio eremu garrantzitsuena beren 7 urtetako ibilbidean, 1939tik 1946ra hain zuzen ere.

Bertako barrakoietatik 64.000 preso pasatu ziren, horietako 6.555 euskaldunak zirela, galdakoztarrak batzuk. Hauetako gehienak Eusko Gudarostean faxismoaren aurka borrokan ibiliak, muga zeharkatu zutenak babesaren bila Errepublikak gerra galdu zuenean.

Hasieran ofizialki euskaldunentzat bereziki irekia «harrera zentroa» bezala izendatua bazen ere laster aldatu zen bere izatearen ziotik Auschwitz kontzentrazio zelaiaren mailara izatera, frantziarrek atzerritarren aurka erabili zuten adierazle errepresibo bat bihurtuz. Frantziarrak ziren bertako nagusiak, haien eskuetan zegoen egiten zen guztia. Gesalibar euskal

kronistak hitz laburrez definitu zuen Gurs: «Eskubide motzak, janaria ez ugari, zaindari ge(h)iegi».

Ez da kasualitatea Euskal Herritik hain gertu eta milaka herrikide bertatik pasatuta hain gutxi entzuna izatea, komunikabideek aktiboki hartu baitzuten parte isilarazteko lan horretan, Ezkaba presondegitik ihesaldia edo frankismoaren aurkako hainbat eta hainbat ekintzekin egin zuten bezala.

Oroitzapen historikoa landuz Galdakao Gogora elkarteak hitzaldi bat antolatu du maiatzaren 15erako Torrezabalen 19:30ean, Gurs zelaiaren inguruan Jabi Bilbaoren eskutik. Halaber, aurten, Gurs-era bisita bat antolatuko dute.

10 apirila 2024 Binke!

Ikasleek metodo berritzailea eta praktikak nabarmendu dituzte

Galdakaoko Andra Mari Lanbide

Heziketako ikasleek hezkuntza metodo berritzailea, enpresetan egindako praktikak eta eskola-giroa azpimarratu dituzte, besteak beste.

Galdakaoko Andra Mari Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko (LHII) ikasleekin berriki egindako elkarrizketa batean,Lanbide Heziketari begira, ikastetxe horretako hezkuntza-esperientzia nabarmendu zen Administrazio Kudeaketako ikasleetako baten arabera

I.C., Lanbide Heziketaren formatua lan-eremu desberdinetan etorkizuneko langileak prestatzera bideratuta dago, beste hezkuntza-formatu tradizional batzuekin konparatuz gero. Ikastetxearen irakaskuntza-metodoa optimoa zela nabarmendu zuen, ikaskuntza argia eta erraza emanez. Gainera, erronkak eta talde-lanak azpimarratzeak ikasleen arteko errespetuzko eta elkarlaneko giroari lagundu zion.

Bestalde, Mantentze Elektromekanikoko ikasle batek, O.G., hezkuntza-metodoaren ikuspegi praktikoa goraipatu zuen, enpresetan praktikak egitea barne hartzen duena. Esperientzia horiek lan-ingurunearen ikuspegi errealista bat ematen diete, eta ikasgelan eskuratutako ezagutzak indartzen dituzte. Era berean, ikasgela barruko eta kanpoko giro positiboa azpimarratu zuen, ikasle askok aurrez elkar ezagutzen ez zuten arren.

Beste ikasle batek, oraingoan Telekomunikazio Instalazioetakoa, E.I. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren

ondoren lan-merkatuan sartzeko aukerarik egokiena Lanbide Heziketa dela deskribatu zuen. Irakaskuntza metodoaren erakargarritasuna nabarmendu zuen, ikaskuntza praktiko eta errepikakorrean oinarritzen dena. Gainera, hezkuntzakomunitateko kideen arteko giro ona eta esleitutako zereginak egiteko baliabide eta tresna egokiak izatea goraipatu zuen.

Galdakaoko Andra Mari LHIIko ikasleen hezkuntzaesperientziari esker, positiboki baloratzen dituzte irakaskuntza-metodo berritzailea, enpresetako praktikak eta ikastetxeko lankidetza-giroa. Alderdi horiek iradokitzen dute ikastetxea prestakuntza integrala eta eraginkorra ematen ari dela, etorkizuneko profesionalak beren ikasketa-arloetan lanmundurako prestatzen dituena.

Binke! apirila 2024 13
Andra Mari LH PUBLIERREPORTAJEA

Gure berbaz

Iturriak

Baserri bakarrak zein auzunekoak eraikitzean, leku altua eta eguzkibegia aukeratzen zan. Leku horretan, iturria zan beharrezkoa ura edateko eta urrun barik erreka bat ganaduentzat zein etxeko bogada-garbikuziak egiteko. Ur mota ezbardinetako iturriak daukaguz: haitz-ura, haitz barrurik harakoa; metal edo burdin-ura, burdin kolorekoa; uratsa, ur sulfurosoa; gesala, ur gaziduna; urberoa, ur beroa emoten dauana. Iturriko ur batzuk edatekoak dira eta beste batzuk osasungarriak eta bañuetxeetan erabiltzekoak. Zeberion, esaterako, bañuetxe bi egon ziran, bata Uratsen eta bestea Gesalen. Txorro-iturria, danean, ura garbi dator, baina otsin-iturria danean, kontuz ibili behar da zein ganaduak apatxak sartu eta kontaminatu. Horregaitik, iluntzean, «abemariak» jo eta gero ekarten zan iturrioko ura, bedeinkatu egin behar zala esaten euskuen gure aurrekoek. Gorbeiako pastoreek be, iturburuko ura estaldu egiten eben eta ubidetxu bategaz beheragoan egin otsin bat ganaduentzat. Iturriak, bidebatez, topagune eta barriketa leku be izan dira. Iturriko ur berbera edatetik ei dator nortasun-esaera hau: «Urak emoten jok horko izakera». Baleiteke!

Guraso eskola

Galdakaoko guraso elkarteak eta, bereziki, horiek osatzen dituzten guraso euskaldunak beraien inguruan euskararen erabilera areagotzeko agente dira. Gauzak horrela, elkarteak eta gurasoak ahalduntzea eta tresnak eskaintzea, haien helburuak lortzeko faktore baldintzatzaile izan daitezke.

Guraso elkarteak baliabidez/ideiez hornitzeko eta gurasoak ahalduntzeko Galdakaoko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarlanean, 3 saioko programa osatu dugu. Honako hauek izango dira helburuak:

- Galdakaoko guraso elkarteen dinamika ezagutzea

- Guraso elkarteetan euskararen erabilera areagotzera begira egiten diren eta egin daitezkeen egitasmoak ezagutzea

- Guraso euskaldunak ahalduntzea (formazio soziolinguistikoa, elkarrizketa elebidunak…)

- Egitasmo partekatuak proposatu eta antolatzea

Hauxe da proposatzen dugun formatua:

- 3 saio

- Maiatzak 7, 14 eta 21

- 17:30-19:00

- Torrezabal Kultur Etxean (lehenengo solairua, 2. gela)

1. Saioa: Ahalduntzea eta pedagogia

a. Zer rol jokatzen dugu guraso euskaldunok?

b. Nola eragin gure inguruan?

2. Saioa: Nola eragin dezakegu?

a. Nolako egitasmoak antolatu ditzakegu?

b. Nola eragin jende gehiagorengan? (erdaldunak…)

3. Saioa: Zer egingo dugu?

a. Nola jardun dezakegu elkarrekin?

b. Zer egin dezakegu Galdakaon?

Parte hartu nahi baduzu, bete galdetegia, mesedez. Izena emateko azkeneko eguna: apirilak 30.

Informazio gehiago: hezkuntza-euskara@galdakao.net

12 apirila 2024 Binke!
• 944010540

Galdakaoko Jai Batzordeak bere logoa aukeratzeko lehiaketa martxan jarri du

Galdakaoko Jai Batzordeak behin betiko logoa izatea erabaki du eta lehiaketa baten bitartez aukeratuko du. Txapelketa martxan da honezkero eta ekainaren 1era bitarte bidali ahal dira proposamenak.

Galdakaoko Jai Batzordeak behin betiko erabiliko duen logoa sortzea erabaki du aurten. Horretarako lehiaketa bat jarri du martxan, nahi duenak bere logo proposamenak aurkezteko.

Lehiaketa honetan 16 urtetik gorako edozein pertsonak aurkeztu ahal izango du logo bat edo gehiago. Hau kolore bakar batekoa izan beharko da (bere erabilpen errezari begira) eta diseinatzerako orduan, kontuan izan beharko da dokumentuak sinatzeko zigiluetan ikusgarri geratu behar dela, bai gomazko zigilu batekin sinatzeko, baita karteletan agertzeko ere, «ikusgarri» geratu beharko da. Beraz, logoa gauzatzeko tamainak egiterakoan esandako erabilerak kontuan izan beharko dira.

Logoa bi modalidatetan aurkeztu behar da. Batetik, «Galdakaoko Jai Batzordea» testua argi ikusi beharko da, eta bestelako irudirik jartzea librea da.

Bestetik, irudi bat baino ez da agertuko, testurik gabe. Bigarren modalitate honetan, aurreko irudi berdina agertu beharko da. Beraz, bien arteko desberdintasun bakarra testua agertzea ala ez izango da.

Tipografia ere librea da eta Galdakaoko Jai Batzordetik azpimarratu dutenez, debekatuta dago Adimen Artifizialaren bitartez logoa egitea.

Diseinuak galdakaokojaibatzordea2020@gmail.com helbidera bidali beharko dira, «logo» gakoa idatzita, eta

epemuga ekainaren 1a izango da.

Ekainaren 15ean aukeratutako diseinua publiko egingo da, eta baita logoa ere. Halaber, egilearen izena komunikabideetara bidaliko da.

Epaimahaia Galdakaoko Jai Batzordearen lan talde batek osatuko du eta jasotzen diren diseinu guztiak Jai Batzordearen erabilpen librerako izango dira, «Jai Batzordearen beharren arabera».

Epaimahaiak «komenigarriak» izan daitezken egokitzapenak eskatuko dizkio diseinu-irabazlearen egileari, horrela baloratzen baldin badu diseinuak jaso osteko bileretan.

Irabazleak bi pertsonentzako bi afari irabaziko ditu herriko bi jatetxetan, 2024an zehar disfrutatzeko, eta baita plaka oroigarri bat ere, Galdakaoko jaiei egindako ekarpenaren oroigarri.

Txapelketa honetan irabazlerik egon ezean, lehiaketa datorren urtean errepikatuko dela iragarri du Galdakaoko Jai Batzordeak.

Binke! apirila 2024 13
Txapelketa

Korrika Usansolon

8 apirila 2024 Binke!
ARGAZKIAK: PEIO ZAMALLOA ETA AEK / ARGAZKI GUZTIAK: BINKE.EUS
Binke! apirila 2024 9

Korrika Galdakaon

ARGAZKIAK: PEIO ZAMALLOA ETA AEK / ARGAZKI GUZTIAK: BINKE.EUS

18 apirila 2024 Binke!
Binke! apirila 2024 19
20 apirila 2024 Binke!
Binke! apirila 2024 21

Paisaia zoragarria gozatuz

ESTIBALIZ APELLANIZ INGUNZA Lurretik

Zorionekoak gara Euskal Herritar gehienok, edertasunez inguraturik bizi garelako. Batez ere gu, galdakoztarrok, mendi zoragarrien altzoan lekututa gaude eta.

Egin dezagun ames-bide bat: herrigunetik Elexalde auzora igo, eta iparralderantz begiratuz gero, Ganguren mendia dugu aurrez-aurre. Ekialdera begira jarrita, Oiz mendia ikusiko dugu. Mendi hau Tertziario Periodoko 50 milioi urte inguru daukaten hareharriz eta lutitaz osatuta dago eta Algortako Galea Puntatik Ermuraino doan toles sinklinalaren gunean kokatzen da. Arroka horiek, kareharriak baino ahulagoak eta galkorragoak direnak, gaur egun akuifero-erreserba oso handia osatzen dute eta Durangaldeko baserri askotako harlanduzko harriak bezala erabili izan dira.

Gure ames-bidean jarraituz, Oizetik hego-ekialderantz jotzen badugu, Aramotz mendilerro ederra ikusiko dugu. Arratia eta Durangaldea bereizten dituena da, eta, hortik hegoalderago, Gorbeia gure mendi gorena eta Lekandako haizpurua ikusten dira. Lekandako arrokak, eta jakina Aramotzekoak ere, fosilez beteta daude, arrezifekareharriak direlako, hau da, harrigogortu zirenean, koralezko arrezifeak izan ziren, eta gaur eguneko arrezifeak bezala, jarraitasun laterala mugatua izan zuten. Horregatik mendi horiek, nahiz eta adin berekoak izan, mapa batetan bananduta agertzen dira. Hegoaldera begira, Galdakaoko hirigunetik, ia ber-berton dauzkagu Mandoia eta Upo mendiak, gero Artanda, eta gure ames-bidea osatzeko, begiratu hegomendebalderantz eta han daukaguz Ganekogorta eta Pagasarri. Galdakao, gora begira ames egiteko herria!

20 apirila 2024 Binke!

Zulaibar Arratiako Lanbide Ikastegia

Campus Zulaibarrek bere hezkuntza eskaintza handitu du

Zulaibar Arratiako Lanbide Ikastegiak

Web Aplikazioen Garapeneko goi mailako gradua eskainiko du datorren ikasturtean.

Zulaibar Lanbide Ikastegiak gradu berri bat gehitu du bere hezkuntza eskaintzari: Web Aplikazioen Garapeneko goi mailako gradua. Apustu honekin, Zeanuriko ikastegiak, eremu digitalera bideratutako lanbideen garrantzia identifikatu eta bere prestakuntza plana berritu du. Hainbat urteetako ibilbidean errotuta, ikastegiak berrikuntzaren alde egin du beti eta egungo eremu profesionalaren beharretara egokitzen da. Ziklo berri honekin, ikastegiak hamar gradu izango ditu guztira. Campus Zulaibarren testuinguruan, Arratiako eta Bizkaiko hezkuntza eremu garrantzitsuenetako bat. Gune berriak 3.500 metro karratu ditu eta Smart Factory 4.0 tailerrekin eta coworking gelekin dago hornituta. Izan ere, hezkuntza proposamenaz aparte, campusak ikasleei enpresetatik gertu egoteko aukera ematen die eta ekintzailetza proiektu berriak abiarazteko erraztasun guztiak jartzen ditu. Enpresa berriak sortzeko ametsa

dutenentzat leku aproposa da.

Apustu fidagarria da Zulaibar, ia 70 urteko ibilbidea berme ezin hobea da eta Campus Zulaibar berriak talentua garatzeko ekipamendu eta profesional onenak eskaintzen ditu. ETHAZI metodologia oinarri, ikasleek Erasmus+ edo Global Training bezalako nazioartekotze programetan parte hartzeko aukera izango dute ere.

Ikastegian aurrematrikula egiteko epea maiatzaren 6tik 24ra egongo da zabalik. Interesa dutenek 94 673 91 16 telefonora deitu edo orientazioa@zulaibar.net helbide elektronikora idatzi ahal dute.

Aurrematrikula egiteko: Maiatzaren 6tik 24ra 946739116 orientazioa@zulaibar.net

Binke! apirila 2024 21
PUBLIERREPORTAJEA

Galdakao Bolei Taldea Superliga 2 mailara igo da

Galdakao Bolei Taldeko senior mutilek Superliga 2 mailara igotzea lortu dabe, apirilaren 6an 2-3 Madrilgo Chamartin taldearen kontra irabazi ostean. Partida Ardanza parkeko pantaila erraldoian ikusi ahal izan zan, Athleticen finalaren aurretik, eta ehundaka herritar batu ziran hitzorduan. Informazio gehiago: BINKE.EUS.

Goitiandiaren proiektu barria

Ainara Goitiandia galdakoztarrak ‘Sorginkeria Irratia’ podcast feminista martxan jarri dau Libertad Daganzogaz. Spotify-n, Ivoox-en eta haien webgunean entzun leike.

Ane Atxutegi, Bizkaiko txapeldun

Bilbao Basque Fest jaialdian, herri kirolen gunean antolatutako Bizkaiko orga joko txapelketan, Ane Atxutegi usansolotarra izan zan txapeldun.

22 apirila 2024 Binke!
BOLEI
GALDAKAO
TALDEA
AINARA GOITIANDIAK BIDALITAKOA
BINKE

Oihane

Aranburu, finalean jokalariekaz

Apirilaren 6an Espainiako Errege Kopa irabazi eban Athleticek eta partidaren aurretik Oihana Aranburu Julen Agirrezabala atezainagaz urten zan zelaira.

Geltokia eskatu eban Usansolok

Ehunka auzokide batu ziran apirilaren 13an Usansolon, herriaren erdigunean

Metro geltokia eskatzeko manifestazioan. Unkina plazatik irten ziran eta kaleak zeharkatu ebezan aldarrikapena eginez. Informazio gehiago: BINKE.EUS

Ane Gonzalez, Mihiluze saioan

Ane Gonzalez galdakoztarrak ETB-1eko ‘Mihiluze’ saioan parte hartu eban bere lagun Oihan Perezegaz batera. Ezin izan ziran programaren bigarren fasera sailkatu.

Espinar, Euskal Selekzioagaz

Apirilaren lehen astean Europa Pilota Txapelketa antolatu zan Portugalen eta bertan izan zan Patri Espinar, Euskal Selekzioagaz entrenatzaile lanetan.

Binke! apirila 2024 23 BINKE
BINKE USANSOLO HERRIA EITB EUSKAL PILOTA SELEKZIOA

Luis Angel Sanchez de Lachina, idazlea

«Ezin dut irudikatu nire barne mundua begirada eraldatzailerik gabe»

TESTUA: IRATI ALONSO GARCIA

ARGAZKIA: LUIS ANGEL SANCHEZ DE LACHINAK BIDALITAKOA

Luis Angel Sanchez de Lachina galdakoztarrak bere bigarren liburua kaleratu du. Lanak 'Desmontando utopías' du izena eta idazlearen bizitzako «une zehatz baten sentsazioak eta oroitzapenak» jasotzen ditu. Gehiago ezagutzeko helburuz, idazlearekin hitz egin du BINKEk.

Gizarte mugimenduei lotuta egon da beti Luis Angel Sanchez de Lachina galdakoztarra eta urte batzuetan zehar Galdakaoko zinegotzia izan zen, Galdakao Orain taldearekin. Bestalde, idazle bezala ibilbidea hasi zuen duela urte batzuk eta orain bigarren liburua argitaratu du. Lanak 'Desmontando utopías' du izena eta egilearen bizitzako «une zehatz baten sentsazioak, oroitzapenak eta pultsioak» jasotzen ditu haren hitzetan. Liburua eskuragai dago Arrigorriagako Amalur liburudendan, Deustuko liburudendan eta Amazonen.

Nola sortu zen liburu hau idazteko ideia? Nire lehenengo bilduma urte askotan zehar gordetako idazkiekin egin nuen. Momentu honetan helduarora egokitu behar dira nire poemak, denborak dakartzan zalantza eta galderei lotutakoak. Nagusia zarenean gaztetazko amets eta idealak nola deuseztatzen diren ikusten duzu, eta horrekin bat xede berriak eraiki behar dituzu. Hortik dator 'Desmontando utopías', berreraiki beharretik, amets zaharrak beste utopia berrien ordez aldatzeko beharretik.

Zeintzuk dira liburuan jorratzen dituzun gaiak? Bizitza, maitasuna, denboraren joana, agurrak, topo egiteak, datorren munduaren aurreko ziurgabetasunak… egunez egun bidean agertzen diren gai eta arazoei buruz idazten dut.

Hauen inguruan hitz egiten duzu zure sentimenduak plazaratuz. Nola izan da zure burua biluzteko prozesua? Nik beti ikusi du idazketa terapia prozesu gisa. Zuk hartzen

24 apirila 2024 Binke!

duzu sentimentu bat, sentipen bat, ahalegin bat, eta paper aurrean egokitzen duzu zuk nahi duzun erara errealitateari aurre egiteko nahian. Poesiak duen ezaugarrirrik liluragarriena bakoitzak berea egiten duela da. Ez da idazlea poesiaren aurrean biluzten den bakarrk, irakurleak ere.

Lan hau kontraesanak adierazteko modua dela diozu, baina itxaropena galdu gabe. Bizitza kontraesanez betetako bide bat dela esatea ez da sekretu bat, kontraesanen aurka nola jokatzen dugunean dago giltza. Zeure burua aldatzen ari dela jabetzeak, izan dituzun amets eta nahiak aldatzen ari direla jabetzeak ikaragarria edo itxaropentsua izan daiteke. Aukera honen aurrean aldaketei beti itxaropenetik aurre egin behar zaie.

Zure bizitzan oso lotuta egon zara gizarte mugimenduetara. Hauen eragina antzeman daiteke zure poemetan? Bai, nire idazkera nire konbikzioei guztiz lotuta dago eta poesia soziala hor dago. Ezin dut irudikatu nire barne mundua begirada eraldatzailerik gabe. Nire

poemek bakezaletasun, antipatriarkal, edo globalizazioaren aurkako mugimenduaren arrastoa daukate. Nahiz eta mila gatazka galdu beste mundu bat posible dela sinesten dutenen arrastoa. Gazak eragiten didan minatik idazten dut, Genovan izandako Carlo Giulianiren hilketa eta hor bizitako egunetako oroitzapenetik idazten dut, Argentinako plazak bete dituzten ama eta amamen gatazkatik idazten dira nire bertsoak. Bere moduan poesia borroka era bat da.

Zure bigarren liburua izanda, zelako harrera izan du publikoaren artean? Momentuz jasotako harrera oso ona izan da. Nire lehenengo liburua barne barnekoa zen baina honekin munduari zabaldu dut nire poesia eta jendearen erantzuna oso positiboa izaten ari da.

Beste proiekturen bat duzu buruan literatura lotua? Nire buruan beti eratu gabeko ideiak daude biraka. Orain liburu hau gozatuko dut apur bat eta gero ziur poemak idazten jarraituko dudala. Noiz etorriko da hurrengo liburua? Nolakoa izango da? Hori bakarrik denborak esango du. •

Binke! apirila 2024 25

Binke.eus

Josu Gonzalez eta Ricardo Capetillo usansolotarrek 900 kilometro bizikletaz egin zituzten Athletic Cluben Kopako finala Sevillan ikusteko.

Galdakao protagonista duen ‘Erlojupekoa’ filma Laburbira zirkuituan ikusi ahal izan zen eta orain modu librean dago ere, Youtube plataforman.

Itsasne Urkiaga galdakoztarrak lehen postua lortu zuen 16 kilometroko ibilbidean Kolazino Mendi Lasterketaren zortzigarren edizioan.

Paperetik harago, hauek dira Binkeren webgunean irakurrienak!

Kopako finalaren aurretik Athletic Hirian batu ziren zaleak Sevillan eta hainbat galdakoztar izan zen han, antolatzaile, zerbitzari edo aurkezle.

Galdakaoko kale garbiketako langileek deitutako bi asteko greba bertan behera utzi zuten, enpresarekin akordio batera heldu ostean.

Kamioi batek errepidearen alde batetik bestera doan trafiko seinale handi baten kontra egin zuen, eta jausteko zorian izan zen.

Gure herrietako aktualitatea:

Binke TV

Ehunka ikasle batu ziren aurtengo Galdakaoko Korrika Txikian.

Binke!

Parte Hartze Ordenantza lehen aldiz sortzea onartu zuen Galdakaoko udalbatzak azken osoko bilkuran, martxoaren 22an.

Hauek dira grabatu eta argitaratutako azken hiru bideoak Binke telebistan!

Herritarrak galdetuz: zer dakite Galdakaon eta Usansolon Korrikaren inguruan?

Usansolo Bizkaiko 113. udalerria bihurtu zela ospatu zuten auzokideek abenduaren 28an.

26 apirila 2024

Leidu Irakurketa

Taldearen txokoa

Familiako lexikoa

Igela, 2021

Natalia Ginzburg

Beste hilabete bat ere joan zaigu, maiatza. Atseginak izaten dira goiz argiak eta arratsalde luzeak baina eguzkia eta euria ere izan ditugu: «Eguzkia eta euria, Erromako zubia».

Sustrujue sarri izan dugu gure goietan.

Badator ekaina, badatoz Sanjuanak eta badator hilabete honetarako beste irakurketa proposamen bat: Natalia Ginzburgen libururik intimoena, Fernando Reyk euskaratutako 'Familiako lexikoa'.

Ginzburgek hitzek, esaldiek eta esaerek gogora ekartzen dizkioten gertaerak kontatzen dizkigu. Bere familiakronika osatzen duten gaiak (heriotzak, jaiotzak edo maitasunak) azaltzen ditu, baita faxismoaren gorakada Bigarren Mundu Gerran ere.

Hitz propioek sortzen dizkioten oroitzapenen bidez biziarazten digu bere familiako eta Italiako giroa; ama eta aita, neba-arrebak, bere lehenengo senarra, tertulietan ibiltzen ziren politikoak eta intelektualak eta XX. mendeko Italia antifaxistaren historia ere.

Nahiz eta askotan izen propioen dantzak zaildu egin dezakeen irakurketa, egunerokotasunaren ispilua da nobela. Idazkera sinplean baina sakontasunez dabil idazlea, eta hainbatetan hausnartzeko ateak irekitzen ditu.

Ginzburgen 'Familiako lexikoa' beharragaz amaituko dugu ikasturtea.

Irailean izango gara bueltan, bien bitartean ondo ibili eta asko leidu!

Proiektu honetarako lanean:

Argitaratzailea: Aitu elkartea.

Koordinatzailea: Jon Gomez Garai.

Erredakzioa: Irati Alonso García.

Irudia eta sareak: Naiara Perez de Villarreal.

Batzorde Orokorra: Gaizka Uriarte, Ixone Muñiz, Leire Zamalloa, Ainara G. Goitiandia, Beñat Armentia eta Iñigo Larrea.

Ilustratzaileak: Irrimarra.

Inprenta: Comeco Gráfico.

Banaketa: Mediapost eta Correos.

Hilero banatutako ale kopurua: 14.000.

Lege Gordailua: BI-41-2016

ISSN: 2444-9385

Proiektu hau posible egiten dute:

Ohiko kolaboratzaileak: Manu Etxebarria, Edu Madina, Aitzol Altuna, Estibaliz Apellaniz, Joanes Urkixo, Yayone Altuna, Irati Bediaga, Julen Gabiria, Gotzon Barandiaran, Antton Irusta, Nerea Urgoiti, Josi Basterretxea, Xabier Valencia, Nagore Ferreira Zamalloa, Edu Olea eta Bego Martinez.

Elkarte laguntzaileak: Ganguren Mendi Taldea, Burtotza Mendi Taldea, Andra Mari Dantza Taldea, Galdakao Gogora, Etxerat, Usansolon Euskaraz, Euskaraldia eta Bagabiz euskara elkartea. Argazkilari kolaboratzaileak: Jabi Rojo, Gotzon Almaraz , Julio Legarretaetxebarria eta Peio Zamalloa. Webguneko laguntza: Aitor Espinosa eta Naiara Perez de Villarreal.

Binke aldizkariak ez du bere gain hartzen aldizkarian adierazitako iritzi edota esanen erantzunkizunik.

Harremana: 680 74 32 11 info@binke.eus www.binke.eus

Binke! apirila 2024 27

Antzerkia

Apirilak 20, zapatua

Ganso & Cía

Welcome & Sorry

Santi Brouard enparantzan

Ordua: 18:00

Apirilak 26, barikua

Teatro Gorakada

Bermutaren kermessea

Kurtzeko plazatik

Ordua: 20:00

Dantza

Apirilak 19, barikua

Matxalen Bilbao eta Ertza

Fugas eta Otempodiz

Juan Bautista Uriarteko markesinan

Ordua: 20:00

Apirilak 27, zapatua

Ana Capilla

Aperribaiko frontoian

Ordua: 18:00

Hitzaldiak

Orreaga iritzi taldeak antolatuak , Torrezabal Kultur Etxean

Apirilak 30, martitzena

19:00 Begoña Bilbao, Karmele Perez eta Gurutze Ezkurdia, ‘Emakume abertzalek 100 urteko ibilbidean’

Maiatzak 7, martitzena

19:00 Asisko Urmeneta, ‘Gora Euskal Herrientsak’

Adinekoentzat

Apirilak 22 eta 24

Sakeleko telefonoa erabiltzen ikasteko tailerra

20:00 Iberluzeko Etxea Anaitasuna Adinekoen Zentroan

Izen-ematea zabalik dago Adinekoen Dinamizazio

Zerbitzuaren bitartez

Apirilak 25, eguena

Ibilaldia Gernika-Forua-Axpe

20:00 Izen-ematea zabalik dago Adinekoen Dinamizazio

Zerbitzuaren bitartez

28 apirila 2024 Binke

Irakurketa taldea

Apirilak 22, astelehena

'Gizon barregarriak'

18:30 Peña Santa Cruzen

Irteera

Apirilak 20, zapatua

Gaztañaga sagardotegira Berbalagunekin

10:15 Ardanza parketik

Mendia

Apirilak 20, zapatua

Zazpi Trokak mendi lasterketa

10:00 Gipuzkoa kaletik

Apirilak 21, domeka

Orkatzategi(869m)-Arrikurutz

08:30 Juan Bautista Uriartetik

Maiatzak 11, zapatua

Bekeara ibilaldia

09:00 Kurtzeko plazatik

Binke! apirila 2024 29
30

Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.