
URTZI GARTZIA KAZETARIA
URTZI GARTZIA KAZETARIA
TESTUA ETA ARGAZKIAK: JON GOMEZ GARAI
Irratia entzuteko ohitura duenak ezagun izango du hilabeteko protagonistaren ahotsa, euskaraz eta Euskadi Irratian entzuteko ohitura badu behintzat. Hara-hona ibiltzen da, goizean goizetik hasita, eguneko albisteren baten berri notiziaren tokitik bertatik ematen. Albistea non, bera han. Eta denetarikoak izaten dira lantzen dituen gaiak. Ordea, Euskal Herrian barrena aritu aurretik Madrilen ere aritu zen, korrespontsal garai batez eta Amaiur alderdiko prentsa arduradun beste batez. Bada, ahots goxo eta zorrotz horren atzean dagoen galdakoztarra ezagutzeko aukera izan du BINKEk.
Aktualitateari begira bizi zara. Zelan daramazu? Ondo. Oso gaztetatik jarraitu izan ditut gaurkotasun gaiak. Egunkaria irakurriz, telebistako albistegiak ikusiz edota irratia entzunez. Gaur egun, noski, internet edota sare sozialetatik jasotzen dut informazioa. Dena ez, baina asko bai. Hala ere, onartu beharra daukat noizik behin saturatuta amaitzen dudala. Gero eta gehiagotan, egia esan. Eguneko 24 orduak informazioa kontsumitzen egotea nekagarria ere bada. Edo beste barik, adin kontua izango da (barreka).
Asteko lan-plangintza aurreikusteko aukera ematen dizu zure ogibideak? Jorratu ohi ditudan gaietan saiatzen naiz agenda bat osatzen. Datak zehazten, alegia. Eta gauzarik garrantzitsuenak, gertakizun nagusiak aurreikusten saiatzen naiz. Baina zoratu gabe, eh?! Gehiegi estresatu gabe.
Zein da kubritu behar izan duzun albisterik gogorrena? Gogorrena ez dakit, baina gogoan dut, 2005ean Madrilen korrespontsal nintzela, euskal gatazka politikoaren
testuinguruaren garai haietan hain ohikoak ziren polizia sarekada horietako bat kubritu behar izan nuela. Auzitegi Nazionalean nengoela, inkomunikazio aldia igarota, epailearen aurrera zeramatela, atxilotuetako batekin egin nuen topo aurrez-aurre pasilloetako batean. Poliziez inguratua eta eskuak loturik zituen eta elkarri begiratu genion. Ezagunak ginen. Ez dut sekula bere izu aurpegia ahaztuko. Epaileak deklarazioa hartu ostean espetxera bidali zuen. Ondoren, operazioaren auto judiziala kazetari bati eskura nola ematen ikusi nuen epailea —oso ezaguna eta mediatikoa zen epailea—. Filtrazioak eguneroko kontua ziren Auzitegi Nazionalean. Atxilotuen senide eta lagunak kanpoan zeuden zain. Haiek bezala, abokatuek ere komunikabideon bitartez jakin zuten zer leporatzen zieten atxilotuei. Gogorra egin zitzaidan egun hura. Ez dut sekula ahaztuko.
Eta goxoena? Ba Kanadan, Albaola elkarteak XV. eta XVI. mendeko bale-arrantzaleen bizipenak eta abenturak ezagutarazteko egin zuen espedizioaren lehorreko eskifaia ginen Agurtzane eta biok. Eta aldi berean, nik, ETB-rako kronikak egin nituen. Espedizioaren jarraipena egin nuen. Oso oroitzapen ona dut!
Usansoloren segregazioaren berri ematea ere egokitu zaizu. Zelan bizi izan duzu? Ba pozarren egin nuen. Galdakoztar guztiok bezala, txikitatik oso gertukoa izan dudan kontua da. Kuadrillako bat Usansolokoa dugu. Pentsa. Eta azken urteetan Euskal Herriko politikagintzan bizi izan dugun «lehortea» kontuan hartuta, gertakizun handia izan da. Ilusioa egin zidan desanexioaren berri ematea. Eta, noski, usansolotarrengatik ere asko poztu nintzen. A ze turradie emon deuskuen! (keinuz, barreka)
Urtzi Gartzia Goieaskoetxea 1977, Galdakao
Eguzkibegi Ikastolan hasi, Elexalde Institutuan jarraitu eta EHUtik Informazio Zientzietan lizentziaduna da Urtzi Gartzia galdakoztarra. Ostean, Telebistako Erreportajegintzari buruzko graduondonkoa egin zuen Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitatean eta geroztik kazetari dabil hara-hona. Euskal Herritik kanpo zenbait lurraldetan bizi ostean, azken urteetan bere ahotsa egunero entzuteko aukera dugu Euskadi Irratiko uhinetan.
Usansolotarrekin, autobusez, Bizkaiko batzarretxera bidean BINKEri aitortu zenion albiste «are handiagoa» zela Usansoloren segregazioa galdakoztarra izanda. Bai noski. Esan bezala, galdakoztarrok jakin badakigulako zertaz ari garen. Nor hobeto ni baino albistearen berri emateko! (barreka) Eta aitortu beharra daukat, Gernikako juntetxerako bidaia historiko hura bizi izanak asko bete ninduen. Hain pozik zegoen jendea...
Kazetari bezala, erraza al da norberaren sentimenduak mikrofonoetatik kanpo uztea? Ez, ez da bat ere erraza. Ez niretzat, behintzat.
Ez dugu gaiak lantzeko nahikoa
Eta baduzu trikimailurik elkarrizketatzen duzun herritarrari sentimenduak ateratzeko? Ba ez, egia esan. Enpatia azalduz agian…
Elkarrizketatuez ari garela... Irratian ez dago irudirik eta ahotsak du indarrik handiena, hiztun onak aurkitzen saiatzen al zara? Bai, noski. Horrek kronika hobetzen du. Kalitatea ematen dio. Eta azaldu nahi dudana hobeto azaltzen laguntzen du. Azken finean, herritarrengana jotzen badugu, benetako protagonistak eurak direlako da.
Eta hiztun onak bilatzeko lan horretan, zailtasun gehigarria al da euskaldunak aurkitzea? Are gehiago euskaraz ari garenean. Baina ez da erraza. Zaila eta nekagarria izaten da. Eta euskaltzale bezala, amorru handia ematen dit kalean entzuten dudan euskara mailak. Gaztelaniaz lan egitea askoz errazagoa da. Pentsa, batzuetan ez dut euskaldunik aurkitzen kale-inkestaren bat egitera kalera irteten naizenean. Desesperagarria da.
Hala ere, errazagoa izango da agian herritarrak irratira gerturatzea telebistako kameren aurrera baino? Bai. Telebistak, askori, beldurra eragiten die. Baina baita irratiak ere. Mikrofonoa ikuste hutsak ihes egitera bultzatzen ditu. Horrelakoetan ere, desesperagarria izaten da.
Kazetari eta herritar askoren eskaera izan da: euskaldunek euskaraz soilik egin ahal izatea bere adierazpenak EITBn. Nola bizi duzu zuk praktika hori? Erabat ados nago irizpide horrekin. Erabat. Hori da hain zuzen, Euskadi Irratiko irizpidea.
Euskarazko adierazpen gutxi entzungo zenituen ordea Madrilen aritu zinenean... Bi egonaldi egin ditut Madrilen. Bata, Euskadi Irratia-Radio Euskadirako korrespontsal urte eta erdiz. Batik bat politika kontuak kubritzen nituen. Zer esanik ez Amaiurren prentsa arduradun
gisa. Informazioaren beste aldean egon nintzen ia zazpi urtez. Interesgarria izan zen nire ibilbide profesionaleko etapa hura. Hara heldu nintzenean, kazetari garaiko kide ohiekin egin nuen topo. Horrek asko erraztu zidan lana.
Zer lantzen zenuen bertan? Batez ere, giza-harreman edo harreman-sozialak landu nituen. Zubi-lana egiten zuen, nolabait esatearren. Ilegalizazioaren osteko garaia zen eta distantziaz begiratzen gintuzten, deabruak baiginan. Eta ni bertan ikusteak, kazetari asko lasaitu zuen. Beste alde batetik, gainerako talde parlamentarioetako prentsa arduradunekin harreman oso ona nuen. Baita PP-koekin ere.
Zelan hartu zenuen bertara joateko proposamena? Ondo. Irratiak ez zidan aparteko aukerarik eskaini eta nire ibilbide profesionalean aldaketa bat egiteko unea iritsi zela erabaki nuen. Denetarik egin behar da.
Jasotzen diren informazio guztiak kontrastatzeko kapazitatea al dago gaur egungo komunikabideetan? Ez. Eta are gutxiago guk lantzen dugun breaking news formatuan. Egunerokoak jan egiten gaitu eta gehienetan, irratian behintzat, ez dugu gaiak lantzeko nahikoa denborarik. Eta egia esan behar badizut, horrek erre egiten nau.
Zenbateko ardura du gizartean kazetari batek? Ba handia. Zer esanik ez fake news-en garaien honetan. Nahiz eta ez den berria komunikabideetatik gezurrak zabaltzea. Betidanik egon da. Kontua da, orain, jendeak, gazteek batez ere, sarean bilatu eta jasotzen dutela informazioa —edo desinformazioa—. Hor dago gakoa. Kode deontologikorik ez duten medioak direla. Eta gutxieneko kontraste bat behar du informazioak.
Euskadi Irratiaren neurriko irrati publiko eta handi batean, zenbateko aukera duzu zure ekarpenak egiteko? Tira, ni kazetari soil bat naiz. Ez dut ardura kargurik. Baina pentsatu nahi dut, nire iritzia eta ekarpenak kontuan hartzen direla.
EITB taldekoak ez diren zein beste komunikabide jarraitzen ditu Urtzi Gartziak egunerokoan? Denetarik. Euskal Herrikoak, Espainiakoak, Kataluniakoak, Frantziakoak eta mundu anglosaxoikoak…
Eta nor gustatuko litzaizuke zuen uhinetan elkarrizketatzea? Donald Trump, Vladimir Putin eta Angela Merkel, esaterako.
Amaitzeko. Kontatzea gustatuko litzaizuken notizia hori, zein da? Asteko lanaldia lau egunera murriztu dela. •
Asteko egun gogokoa? Barikua.
Herriko txoko gustukoa? Ganguren tontorra.
Liburua ala tablet-a? Liburua.
Pelikula bat? Bernardo Bertolucciren Novecento.
Ez duzu onartzen… Traizioa.
Zoriontsu egiten zaitu… Mendiak.
Plater bat? Tximoiak bere tintan.
Deskribatzen zaituen berba? Zirikatzailea.
Herrian zer kenduko zenuke? Guardia Zibilaren kuartela.
Eta zer berria jarri? Merendero bat parrillakaz Muguruko landan.
Euskarazko berbarik politena? Potxola.
Zure ametsetako bidaia? Amazonia.
Berba egin ala entzun? Berba egin.
Zure mesanotxean ezin da falta… Mokuzapia.
Abesti bat? My way, Frank Sinatrarena.
Hilabete honetako sarituak Urtarrileko saridunak
Maider Bilbao Jugo Miren Rodrigo Aurtenetxe
Martxoaren 9an Bidai on, amona Braulia ikusteko bina sarrera irabazi dituzte!
Andoni Beroiz (ezkerrean) eta Laura Moya (eskuinean) Binkekideak Alberto Arrieta Dog&Fox jatetxeko arduradunarekin, bina menuen berri jaso zuten unean.
Eman zure babesa urteko 36 € ordainduta
Oraindik Binkekide ez bazara, eta neurri honetako lehenengo komunikabide euskalduna babestu eta sustatu gura badozu, hauek dozuz horretarako bideak:
1. Bete beheko formulario hau, eskaneatu edo atera argazki bat eta bidali e-postaz: info@binke.eus
2. Bete formularioa, moztu, eta utzi gutunazal baten, Binke izenarekin Torrezabal Kultur Etxeko atezainaren leihatilan.
IZEN-ABIZENAK:
HELBIDEA:
NORTASUN AGIRIA:
E-POSTA:
KONTU KORRONTEA:
TELEFONOA:
3. Eskaneatu zure mugikorraren QR irakurgailuarekin beheko kodea eta bete formularioa!
IRATI BEDIAGA REMENTERIA
Otsaileko egunek zein aldarri daramaten begiratu dut: Minbiziaren aurkako eguna, lekaleen eguna, maitasunaren eguna…
Gehien maite dudan pertsona karramarroak hil zuen eta hauek atzeraka zergatik egiten duten ikertzeko diru gehiago eska nezake lerrootan. Baina ortuko lekaleak saltzen dituen nekazariak tarte hau komertzio handien zapalkuntzaren aurka egiteko erabiliko luke. Eta polimaitasuna praktikatzen duen asexual batek inposatzen diguten maitasun erromantiko eredu bakarra urkatzeko ahaleginak egingo lituzke orri honekin.
JOSE INAZIO BASTERRETXEA POLO
Eta badaude otsailean sartzen ez diren bestelako egunak, aldarriak, egiak. Etorriko da Bullying-aren aurkako eguna (maiatzak 2) , eta kideen jazarpena pairatzen ari den mutiko baten aitak dena egingo du bere txikiaren sufrimendua eteteko: zuzendaritza taldeari neurri gogorrak exijitzetik, mehatxu zuzenak eskaintzeraino. Egunero semea amultsu eta epelean besarkatuko du. Baina lantokian, bere lankide emakumearen protestei zera erantzungo die: horren zaurgarria ez balitz, proaktiboagoa eta ausartagoa balitz, kristalesko zabaiak aspaldi leudekela apurtuta. Seme gizarajoari babesa eman, lankide kexatiari ordea ekintza eskatu.
Etorriko da Euskararen eguna (abenduak 3), eta langile emakume horrek ospitale publikoan alaba artatzen duen medikuak euskara jakitea defendatuko du. Baina alaba etxetik ordu erdira dagoen ikastolara darama, auzoko eskola publikoan etxekoak ez
Euskaldunok marginatuak, baita marginatzaileak ere ordea
diren bestelako hizkuntza eta kultura aniztasuna direlako nagusi. Euskaldunok marginatuak, baita marginatzaileak ere ordea.
Etorriko da depresioaren aurkako eguna (urtarrilak 13), eta eskola publikoko langile bat psikiatria unitatean ingresatuko dute, besteak beste eskizofrenia pairatzen dutenekin batera. Berea denboraldi triste bat baino ez dela, bere lekua ez dagoela existitzen ez diren ahotsak entzuten dituztenekin batera. Baina bere egoeraemozionalak gainezka egiteko falta zen su-tanta honakoa izan da: kartzelatik irten berri den nebaren etxeko paretan «Aquí vive un violador, bortxatzaileak zulora» pintada. Eta mina ematen dio ikusteak zigorra bete duten batzuk herrian txalo eta mimo artean hartzen direla, beste batzuei behintzat anonimotasuna onartzen zaiela eta badaudela betirako gorrotoarekin markatzen direnak. Kaletik ospitalera sartzean burbuilak nahi, espetxetik kalera irtetean ordea denok berdinak izatea desio.
Ez dakit noiz den zalantzen eguna, baina hemen bat: bakoitzak bere tontorrak eskalatzen edo denok larre zabalak ereiten lortuko dugu ekosistema duinago bat?
Zomorroak eskoletako menuan
TESTUA: JON GOMEZ GARAI
INFOGRAFIAK: PIXELSHOT
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetako menuak zeresana ematen ari dira azken aldian, eta modu txarrean eman ere. Jakiak egoera desegokian hornitzen zituen Serunion enpresari
Eusko Jaurlaritzak kontratua eten berritan, otsailaren 5an
Urreta eta Egia ikastetxeko azaloreetan zomorro txikitxikiak agertu ziren.
Otsailaren 5ean, zomorro txiki batzuk agertu ziren Urreta eta Egia eskola publikoko azaloreetan, Ausolan enpresak hornitutako jakietan. Ondorioz, eta aurretik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zenbait eskoletako jantoki-zerbitzuetan sortutako iskanbilaren ostean, hautsak harrotu zituen Galdakaoko Urreta eta Egia ikastetxeetan gertatutakoak.
Aldiz, desberdintasun nabarmen bat dago bi ikastetxe galdakoztarren artean: Egia ikastetxeko azaloreak ez ziren ikasleen plateretara iritsi, eta Urreta ikastetxekoak bai. Eta hortxe dator arazoa. Bada, Urretako lehenengo eraikineko zenbait gurasok jantokiko langileei leporatu diote zomorro txiki horiek ikasleen platerera iritsi izanaren ardura.
Jantokiko arduradunen aldarrikapena. Ardura horri ez diote bizkarra eman jantokiko arduradunek, «nahiz eta agertutako zomorroak txikiegiak izan eta behin azalorea kontsumitzeko apurtuta agertu —eta ez zerbitzatzerako orduan—», BINKEri esan diotenaren arabera. Baina hedabide honi berari irmoki adierazi diotenaren arabera, «ez dugu onartuko gure burua zapaltzera etortzea, gezurrekin eta guri guzti honek bost ardura baligu bezala».
Horren aurrean adierazpen bat ere bidali zioten BINKEri, inongo sindikaturen sinadura barik, Urretako Guraso Elkarteari jazarpen horren ardura leporatuz.
Bi puntuko adierazpen horretan elkarte honetako bi guraso aipatu dituzte lehenik, komunikabideetan zuzenean agertu baitziren gertatutakoaren erantzukizuna jantokiko langileetan jarriz: «Ikastetxe honetako Guraso Elkarteko
bi kidek jangelako langileen aurka egindako adierazpenak onartezinak dira». Langileek, gainera, ikasleak azalorea jatera derrigortu zituztela omen diote gurasoek, eta baieztapen hori gezurra dela diote jantoki-zerbitzuko langileek.
Zuzenketaren eskaera. Bigarren puntuan berriz, Urretan gertatutakoa «jangelen egungo ereduaren isla baino ez» direla diote arduradunek, eta horren «arduradun bakarra» Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila dela azpimarratu.
Guzti horregatik, Urreta HLHI ikastetxeko jangelako langileek, euren kontra egindako «salaketa larriak publikoki zuzentzeko» exijitu diote Guraso Elkarteari —IGE edo gaztelaniaz AMPA akronimoz ezaguna den horri—.
Sortu den zeresanaren aurrean erantzuna eman nahi izan du ere Eusko Jaurlaritzak. Zomorroak agertu eta bi egunetara azalpenak eman zituen Jokin Bildarratzek, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuak, «arazo puntuala» izan dela azpimarratuz. Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean azpimarratu zuen, «ez duela zerikusirik» kontratua eten zioten Serunion enpresarekin gertatzen zenarekin.
«Arazo puntuala». «Kontuan izan behar da egunero 85.000 otordu ematen dituztela Euskadiko ikastetxeek. Azalorean ohikoak diren zorriak agertu dira, besterik ez. Zerbait puntuala izan da, eta zorionez berehala konturatu ziren, ikasleen
osasunean eragin gabe. Goratu nahi dut bazkarietan eskaintzen duten kalitatea», nabarmendu zuen Bildarratzek.
Sailburuaren esanetan, lehengaiarekin lotutako arazo bat izan da, «egunerokoan, produktu freskoak erosten ditugunean, gure etxean gerta daitekeen legez», hau da, ez duela jangelen ereduarekin zerikusirik.
Bildarratzek gogoratu zuen ere Hezkuntza Lege berrian jantokietako eredu berri bat ezartzeko pausoak proposatuko direla, «janaria bertan egiteko eredurantz».
Gaiaren inguruko informazio eguneratua: BINKE.EUS
MANU ETXEBARRIA AYESTA
Kalendario Julianoa eta gero Gregorianorik harako hilabeteen izenak euskal kalendariora ekarri eta geure kulturara egokitu doguz. Gainera, izen bat baino gahiagogaz izendatzen doguz urtaroko fenomenoen arabera. Urteko bigarren hilabete honek lau izen daukaz gurean: zezeil, otsail, katail eta barantail (Iparraldean). Lau izenotatik hiru, animalienak dira eta bigarren hilabete hau bakarrik adierazten dogu animalien izenakaz. Barantail dala-eta, latineko «parentalia»-tik hartua dala esan behar dogu eta bere esanahia, urteroko defuntuen oroimenagaz loturik dago. Gaztelerazko «febrero» latineko «februarius»-etik dator eta hau purifikazio hilabetea zan eurentzat. Gaur, otsail, nagusitu bada be, bizkaieraz, zezen+(h) il>zezeil be erabiltzen dogu. Behirik harako txahala, urruza edo zekor jaiotzen da. Zekorra kapau ezkero, idi egiten da eta kapau ezik, zezen edo paradako zekor ernalketarako. «Zezena eta zezengorri» euskal mitologian be agertzen dira, kobazuloen zaindari legez. Gorbeialdean, Itzinako Supelegor kobazuloan be «herri zekorra» eukan Mari Anbotokoak. Zekorra, esaeran be erabiltzen dogu gaur Gorbeialdean: «Arratiako zekorra txikerra baia gogorra».
Edu Madina Etxebarria galdakoztarra hil zen otsailaren 5ean, 69 urterekin. Galdakao Gogora elkarteko sortzaileetako bat izan zen eta herriaren memoria historikoa berreskuratzeko lan handia egin zuen. Ardura horretan hainbat artikulu idatzi zituen BINKErentzat ere.
Otsailaren 5ean Edu Madina Etxebarria galdakoztarra hil zen. Madinak 69 urte zituen eta herrian ezaguna zen memoria historikoa berreskuratzearen alde egindako lanagatik. Galdakao Gogora elkarteko sortzaileetako bat izan zen eta historia galdakoztarreko pasarte asko gogorarazten lan handia egin zuen Madinak, baita Galdakaoko Udala arlo horretan laguntzen ere.
Memoriaren berreskuratze lan horretan, artikulu eta erreportaje asko idatzi zituen BINKErentzat, besteak beste, Angel Zubieta futbolari galdakoztarraren, 1983ko uholdeen, Artxandako jolasparkearen eta Santa Barbara kaperaren ingurukoak.
Bestalde, Kapi auzo elkarteko kide izan zen eta laguntzaile lanak egin zituen Jose Mari Mintegik eta Galdakaoko Udalak argitaratu zuten liburuan, perretxikoen izenak euskaraz batu zituen lehenengo argitalpenean. Horretan ere, perretxikoen munduan, aditua zen Edu Madina galdakoztarra.
Eskerrik asko erakutsi eta eskaini diguzun guztiagatik, Edu. Gugan bego.
Edu Madinak argitaratutako zenbait erreportaje gurean:
«Eskertuta
Galdakaori urte gutxi lotuta daramatza Zuriñe Gutierrezek (1992, Astrabudua) eta «pixkanakapixkanaka» herrian lekutxo bat egiten saiatu da. Duela bost urte zabaldu zuen Juan Bautista Uriarte kalean kokatuta dagoen So Much denda eta hasiera batean arropa bakarrik saltzen bazuen ere, hori baino askoz gehiago bihurtu da denborarekin.
Zergatik erabaki zenuen Galdakaon denda bat irekitzea? Jende asko harritu zen denda Galdakaon jartzea erabaki nuenean, hemengoa ez izanda, baina, egia esan, Galdakao nahiko herri bizia eta giro ederrekoa iruditu zait beti. Pentsatu nuen So Much bezalako denda gazte eta gaur egunekoa oso ondo egokitu litekeela horrelako herri batean.
Duela gutxi bete dituzu bost urte denda ireki zenuenetik. Nola ikusten duzu zure negozioa une honetan? Egia da oso une zailak igaro ditugula. Ez naiz Covid-ari buruz bakarrik ari, gerrek eta hauen ondorioz eragindako inflazioak ere eragin handia izan dute. Jendearengan ziurgabetasuna sortzen duen oro zulo bat da gure egunerokotasunean. Hala ere, zorionekoa naiz hemen jarraitzen dudalako eta jendeak nire alde egiten jarraituko duelako. Babesa sentitzen dut.
Zuretzat, garrantzitsua da jendeak herrian kontsumitzea? Hil edo bizikoa da! Zer gertatuko litzateke Galdakao herriko dendarik gabeko herri bat izango balitz? Oso garrantzitsua iruditzen zait jendeak herrian kontsumitzea eta erosketa bakoitzaren atzean zer dagoen pentsatzea, besteak beste, nori laguntzen diogun eta zer sustatzen dugun. Herrian ez kontsumitzea herria grisagoa eta lokal itxiz beteta egotea egingo luke.
Arropaz gain, zer aurkitu daiteke So Muchen? So Much
ez da arropa denda bat bakarrik... Bai, neurri handi batean, baina bisuteria ere badago, lore sorta lehor eta zainduak, tokiko markak, hala nola, Ene Kreazioak... Baina niretzat garrantzitsuena da transmititzea So Much estilo bat eta arima duen denda dela, beraz espero dut bisitatzen gaituen jendeak hori sentitzea.
Nola ikusten duzu denda txikien egoera Galdakaon? Egia esanda, uste dut zaila dela, beste herri batzuetan bezala, enpresa handiek kalte handia egiten dute beti... Zaila da jendea motibatzea, geure burua ikusarazten ahalegintzen garen arren. Beraz, herriko jendea animatzen dugu tokiko merkataritza sustatzeko egiten diren ekintza guztietan parte hartzera.
Herriko jendearen berotasuna sentitzen duzu? Bai, zorte handia izan dut! Lehen egunetik saiatu naiz neure burua ezagutzera ematen, eta uste dut pixkanaka-pixkanaka, Galdakaok maitasunez hartu nauela. Oso eskertuta nago une gogorretan herria beti hor delako laguntzeko. Eskerrik asko benetan Galdakao!
TESTUA: IRATI ALONSO GARCÍA
ARGAZKIAK: GALDAKAOKO AEK
Martxoaren 14an Irunen hasi eta 24an Baionan amaituko da 23. Korrika. Galdakaotik eta Usansolotik ordea, hilaren 21ean igaroko da lasterketa. Euskaldun askok eta askok parte hartuko dute berriz euskararen aldeko ekimenean eta honen istoriari buruz gehiago jakiteko helburuz, Korrikaren jatorrian murgildu da BINKE ondoko erreportajean.
Korrika, euskararen aldeko ekimenik handiena, berriz antolatuko da aurten. AEK-k iragarri zuenez, martxoaren 14tik 24ra izango da, Irunen hasi eta Euskal Herriko hainbat txokotatik igaro ostean Baionan amaitzeko. Galdakaotik eta Usansolotik ordea, martxoaren 21ean igaroko da. Aurtengoa 23. edizioa izango da eta Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko da, zehazki, baxoa eta brebeta euskaraz egiteko borrokan aritu eta ari diren ikasleak.«Euskara da haien aldarria, Korrikarena bezalaxe; beren ikasketen une erabakigarri batean, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egiten dute, Frantziako Gobernuaren aginduen gainetik eta beren notetan ondorioztatu kalteak onarturik», adierazi dute AEK-tik.
Aste batzuk barru hortaz, milaka pertsona izango ditu berriz ere Korrikak bidelagun euskararen alde, hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko asmoz. Iraganari erreparatuz ordea, ba al dakizu noiz eta non ospatu zen Korrika lehen aldiz?
Lekukoa, eskuz esku. Diktadura frankistaren ostean euskarak jasaten ari zen «egoera kezkagarria» abiapuntu hartuz, euskaldun guztiak batuko zituen ekimena egiteko helburuz antolatu zuen lehen aldiz AEK-k Korrika. Lehen edizioa 1980ko azaroaren 29an hasi zen Oñatin eta abenduaren 7an amaitu zen Bilbon; eta hainbat eta hainbat lagun batu zituen euskararen alde.
Remigio Mendiburu izan zen lekukoa egiteko arduraduna eta motrailu bat hartu zuen oinarri gisa diseinua egiteko.
Mendibururen esanetan, motrailua eskuz esku zioan objektua zen eta lekukoak ere funtzio berdina bete behar zuen: euskara eskuz esku, belaunaldiz belaunaldi bidatzea. Edizio bakoitzean 10.000 pertsona inguruk dute bidaia hori errealitate bihurtzeko ardura. 1988ra arte Mendibururen pieza hau ibili zen Euskal Herrian barrena. 1988az geroztik aldiz, Juan Gorriti eskultoreak eginiko kopia da herriz herri dabilena.
Mezu sekretua . Lekukoaren barruan mezu bat idaztea eta Korrikaren azken egunean irakurtzea erabaki zuten antolatzaileek euskararen aldeko ekimena sortzean, eta horrela izan da edizio guztietan.
Mezua idazteko arduraduna euskaldun bat izan ohi da urtero, sarritan kulturgintzari lotuta dagoena, eta AEK-ko sei kidek erabakitzen dute nor izango den.
Hitz galduak. Egilea sekretuan mantentzen da mezua irakurtzen den egunera arte eta
pasa den edizioan esaterako Karmele Jaio deidazlea izan zen. «Sinistu dezagun euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik», izan ziren Jaiok botatako hitzetako batzuk, euskara hizkuntza bat baino askoz gehiago dela azpimarratuz.
Maialen Lujanbio, Joseba Sarrionaindia, Amets Arzallus, Martxelo Otamendi, edo Xabier eta Miren Amuriza izan dira, besteak beste, Korrikaren lekukoaren barruan gordetzen den mezuaren beste egileetako batzuk.
Guzti hauen aurretik, Rikardo Arregi kazetari eta euskaltzalea izan zen lehen Korrikaren mezua idazteko arduraduna. Hitzak ordea, bidean galdu ziren.
AEK-k azaldu duenez, irakurtzeko momentuan konturatu ziren papera Oñati eta Bilbo arteko bidean galdu zela, Euskal Herriko txokoren batean. Arregik beraz hitzak inprobisatu behar izan zituen eta ordutik papera «oso ondo» gordetzeko eta kopiak egiteko erabakia hartu zuten antolatzaileek.
Hitzen garrantzia. Inprobisatuak izan edo egunetan zehar pentsatutakoak, garrantzitsuak dira eta oso hitzak Korrikan. Hitz musikatuak ere, hau da, kantuak.
Lehen Korrika antolatu zutenean, publizitatea egiteko abesti bat egitea ona izan zitekeela pentsatu zuen AEK-k eta Xabier Amuriza deitu zuten egiteko honetarako. Bi eguneko tartearekin bakarrik abisatu zuten arren, honezkero euskaldun askoren imaginarioan gordetzen den kantua konposatu zuen Amurizak: «Bat Korrika, bi Korrika, milaka korrikari. Euskal Herri guztietan denok bai euskarari».
Ereserkiak. Hau izan zen lehenengoa baina ereserki bihurtu diren beste hainbat kantu izan ditu ere Korrikak. Nork ez du oroitzen Betagarriren «Kantatu dezagun, ongi etorri lagun...», edota Fermin Muguruzaren «Begira ezazu, Big Beat Beñat, begira ezazu, Big Mac behera, Korrika Badator, Big Beñat buru uh, uh, uh, uh, uh, uh... Mundu bat bildu!»? Edota Gozategiren «Bat, bi, hiru, lau, bost sei, zortzi, bederatzi, hamar Euskal Herria Korrika»?
Aurtengo kantua ordea Maite Arroitajauregi 'Mursego' musikariak konposatu du eta «Harro herri» lema hartu du oinarri. «Harro herri, hona gu euskaldunak, euskararen lagunak, hats eta izerdi», dio abestiaren zati batek.
Bidelagunak momentu oro . Bai lekukoa eta baita doinu hauek Euskal Herria osotik zehar zabaltzeko arduradun nagusiak herritarrak dira. Kolektiboek edo pertsonek kilometroak
erosten dituzte eta dirua euskararen aldeko ekarpenean inbertitzen da ostean.
Lasterketa luze honetan ordea, laguntzaile berezia dute parte-hartzaileek. Furgoneta famatuaren inguruan ari gara eta, noski, horren barruan doazen pertsonei buruz.
AEK-ko kideak dira eta hamar egunetan zehar herritarrak animatzen dituzte «tipi-tapa, tipi-tapa» euskararen alde korrika egitera. Egun edo gau izan, parte-hartzaileek beti dute aurrean norbait eta horretarako, hamar orduko txandak egiten dituzte boluntarioek. Egun gogorrak izan ohi dira haientzat, baina emozioz beterikoak ere kide beraiek hainbataten aitortu eta erakutsi dutenez. «Euskaldun izateak duen nekeza irudikatzen dugu Korrikaren egunetan zehar», adierazi dute AEK-ko kideek.
Euskal Herritik haratago . Lagunak, familia, eta baita ezezagunak batzen dituen ekimena da Korrika eta hori da lasterketaren xarma: momentu oro dagoela norbait euskararen alde korrika egiten. Martxoaren 14tik 24ra doazen hamar egunetako edozein momentutan ere, norbait egongo da Euskal Herriko txokoren batean gure hizkuntza defendatzen. Eta baita Euskal Herritik kanpo, izan ere, ehundaka eta milaka kilometrotara daudenek ere bat egiten dute Korrikaren edizio bakoitzarekin. Besteak beste, Bartzelonan, Amsterdamen, Grezian, Nikaraguan eta Estatu Batuetan animatzen dira hizkuntzari babesa ematera. 22. Korrikak esaterako, lau kontinente eta berrogeita bost hiri hartu zituen.
Honetaz gain, Ziberkorrika izeneko ekimena ere garatzen da. Honetan munduko txoko desberdinetatik ziberkilometroak erosten dituzte, interneten Korrika birtual eta paralelo bat osatuz.
Badator 23. Korrika. Laskerketa bat baino gehiago dela argi utzi du beraz Korrikak urte guzti hauetan eta horren lekuko da ekimenaren harira egin ohi den Korrika Kulturala. Hitzordu honetan musika eta dantza protagonista dituzten hainbat saio antolatzen dira Euskal Herriko hainbat herritan, tartean Galdakaon eta Usansolon.
Gure herrietako AEK-ko arduradunek azaldu zutenez, aurten ere Korrikaren inguruan zenbait ekintzatan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek eta aurrerago emango dute honen berri.
Bitartean, antolatzaile eta herritarrak prestatzen hasi dira honezkero martxoaren 21ean eguerdi aldera Galdakaon eta Usansolon beste behin euskararen alde egiteko. Tipi-tapa, tipitapa, badator 23. Korrika!
ARGAZKIAK: PEIO ZAMALLOA / ARGAZKI GUZTIAK: BINKE.EUS
TESTUA: IRATI ALONSO GARCIA
ARGAZKIA: SALBA DALMAUK BIDALITAKOA
Salba Dalmau galdakoztarrak ‘Eziña ekiñez egina’ bere lehen liburua argitaratu du. Autoekoizpena izan da eta «Euskal Herria XXII. mendera euskalduna eta indar handiz iristeko» ehun neurri baino gehiago proposatu ditu. Lanaren inguruan gehiago ezagutzeko helburuz, idazlearekin hitz egin du BINKEk.
Gaur egun Arrasaten bizi den arren, jaiotzez galdakoztarra da Salba Dalmau. 1946an jaio zen Plazakoetxen eta Goi Mailako Ingeniaritza ikasi zuen baina gaztetatik historiazalea da, baita euskal kulturaren sustatzailea ere. Ildo honetan ‘Eziña ekiñez egina’ bere lehen liburua autoekoitzi eta argitaratu berri du.
«Euskal Herria XXII. mendera euskalduna eta indar handiz iristeko» ehun neurri baino gehiago proposatzen ditu Dalmauk lan honetan eta neurri hauek «gure historian oinarrituta daude, historian oso garrantzitsuak izan ziren estrategietan, jarreretan, balioetan eta antolatzeko eran».
Momentuz 'Eziña ekiñez egina' liburuaren berrehun ale kaleratu ditu galdakoztarrak eta 20 euroko prezioan erosi daiteke Galdakaoko Cervantes Liburudendan, baita Akelarre kafetegian ere.
Zelan sortu zen liburua idazteko ideia? Nire bizitza profesionalean ikerketa asko egin nituen, enpresen egoera eta etorkizuna hobetzeko. Eta, Euskal Herriaren etorkizunaz oso kezkatuta nengoenez erabaki nuen arazoak eta irtenbideak ezagutzea. Gauza interesgarri asko deskubritu ostean, erabaki nuen liburua idaztea.
Noiz hasi zinen liburua idazten eta nolakoa izan da prozesua? Betidanik nabil ezagutzen Euskal Herriaren egoera. Baina pandemia hasi zenean erabaki nuen benetan ikertzea. Gogorra izan arren, oso gustura egin dut lana. Hasteko, informazio bilatu. Gero sailkatu informazio ugari
hori. Eta, azkenean, forma eman denari. Ez da erreza izan, batez ere, modu sinple batez idaztea.
Dokumentazio lan sakona egin duzu informazioa lortzeko. Zertan oinarritu zara? Batetik, etxean dauzkadan liburuetan. Bestetik, Internetekoan be, asko eta ona dagola eta baita Labayru Fundazioko artxibategietako liburu eta aldizkarietan (hamabi urtez daramat han laguntzen). Azkenik, Nabarralde Fundazioaren ikastaroetan eta aldizkarietan (Nabarralderen bazkide eta fundatzailea naiz, orain dela hogei urtetik).
Zergatik da garrantzitsua euskararen eta euskal kulturaren inguruan hausnartzea? Euskal kultura ez da bakarrik euskara eta folklorea. Benetako Euskal Kulturaren ezaugarriak bederatzi ataletan proposatzen ditut, Euskal Herriaren sustraiak eta oinarriak izan direnak historia osoan eta, posible egin dutenak hainbeste mendeetan irautea. Eta, osasun eta indar handiz eramango gaituztenak XXII. mendera.
Euskal kultura ez da bakarrik euskara eta folklorea
Emakumeen papera nabarmendu duzu liburuan. Zergatik izan dira garrantzitsuak Euskal Herriaren historian? Haiek izan direlako euskararen transmititzaile nagusiak, milaka debekuak izan arren. Halaber, bizitza sozialean baztertuak izan arren, lan garrantzitsua egin zutelako: etxea gobernatu, baserriak aurrera eraman, seme-alaben hezkuntza… Eta baita etorkizunean, oso garrantzitsuak izango direlako ere: hezkuntzan, familian, enpresen zuzendaritzetan... •
Neguko Bizkaiko Igeriketa Txapelketa antolatu zan duela bi aste Urreta kiroldegian, maila junior eta absolutuan.
Bertan parte hartu eban Galdakao Igeriketa Taldeko hainbat kidek eta guztira 59 domina lortu ebezan: 21 urrezkoak, 18 zilarrezkoak eta 20 brontzezkoak. Irabazle guztien zerrenda: BINKE.EUS.
Eguzkibegi Ikastolako Lehen Hezkuntza 6. mailako ikasle batzuk Iñigo Hernando alkateagaz solasean ibili ziran Galdakaoko errealitatea ezagutzeko helburuz.
Peña Santa Cruzek Jardunaldi Mikologikoak antolatu ebazan azaroan eta alkartasun pintxoagaz 1.584 euro batu ebazan. Samsara Nepal alkarteari emon deutso lortutako dirua.
Urtarrilaren 13an Bizkaiko Kluben Arteko Txapelketa lehiatu zan Bermeon eta Julen Carrasco usansolotarrak irabazi eban kadete 3. mailan.
Espainiako Gobernuaren ordezkaria EAEn, Denis Itxaso, Usansoloko eta Galdakaoko alkateekaz batu zan Usansolon. Bere erakundea «zuen esanetara» egongo dala ziurtatu eutsien Agustin Aizpuru eta Iñigo Hernando alkateei.
Urtarrilaren 20an antolatu zan Euskadiko Poomsae Txapelketa Bilbon eta Urreta Taekwondo Talde galdakoztarrak bi domina lortu ebazan.
Igor Anton txirrindulari ohia da Galdakao Txirrindulari Elkarteko presidente barria. Ezagutu Antonen hitzak aro barriaren inguruan BINKE.EUS-en.
Gorka Urbizu
musikariak ‘Hasiera bat’ diskoa argitaratu du eta honetau batu dituen kantuetako batean Libe Goitia galdakoztarraren esaldi bat erabili du.
Erorketak saihesteko helburuz, Pontzi Zabala kaleko espaloia hobetu du Galdakaoko Udalak, makina batekin zorua zakarrago bihurtuz.
Etxegarai-Gaminde eta Beitia-Mendizabal bikoteak izan ziren garaile Usansolon jokatu zen Emakume Master Cuparen jardunaldian.
Paperetik harago, hauek dira Binkeren webgunean irakurrienak!
Ertzaintzak 43 urteko gizon bat atxilotu zuen Usansolon, aparkatuta zeuden lau ibilgailutan indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta.
Zabalik dago martxoaren 4ra bitarte eskola materiala herrian erosteagatik emango den dirulaguntza eskatzeko epea.
EAJk Ainhoa Agirregoikoa, Galdakaoko jeltzaleen bozeramailea, sartu du Eusko Legebiltzarrerako zerrendetan.
Gure herrietako aktualitatea:
Ibaizabal ibaia berbideratu eta uholdeak saihesteko obrak amaitu dira.
Galdakaoko kiroldegietako langileek mobilizazioekin jarraitzen dute «hitzarmen duina» eskatzeko.
Hauek dira grabatu eta argitaratutako azken hiru bideoak Binke telebistan!
Basurde bi agertu ziren ekainaren lehen egunetan Galdakaoko kaleetan.
Usansolo Bizkaiko 113. udalerria bihurtu zela ospatu zuten auzokideek abenduaren 28an.
Palestina
Astiberri, 2023
Joe Sacco
Oraingo honetan, Julen Gabiria idazle eta itzultzaile galdakoztarrak euskarara ekarri duen Joe Saccoren 'Palestina' komikia proposatzen dizuegu irakurketagai.
Badira 28 urte Joe Saccok bere komikia argitaratu zuela. Iaz ekarri zuten euskarara, eta aukera ederra begitandu zaigu. «Zer moduz? Zaharrak berri» diogu nobedaderik ez dagoenean, egoerak bere horretan dirauenean eta halaxe da askotan, eta zer esanik ez, Palestinaren kasuan.
Dokumental edo erreportaje grafikotzat har dezakegu komikia; izan ere, Joe Sacco lehen Intifadaren sasoian izan zen Gazan eta Zisjordanian.
Hasieran fokua bere buruan jarri bazuen ere, errealitateak segituan gainditu zuen. Julen Gabiriak argi dion moduan, «konturatzen da bera ez dela protagonista eta tonua poliki-poliki aldatuz doa, marrazteko era ere bai: hasieran nahiko karikatureskoa dena findu egiten du».
Hilabete bian ehundik gora elkarrizketa egin zizkien bai palestinar bai judutar biztanleei, eta irudiak eta lekukotasunak, eta berak bizi izandako gora-beherak baliatu zituen 'Palestina' komikia sortzeko. Gazako biztanleak «historiako galtzaileak» dira Saccorentzat eta zoritxarrez, egungo errealitatean errepikatzen den historia da Julen Gabiriaren itzulpenak, denbora pasatu bada ere, erakusten diguna.
Proiektu honetarako lanean:
Argitaratzailea: Aitu elkartea.
Koordinatzailea: Jon Gomez Garai.
Erredakzioa: Irati Alonso eta Beñat Armentia.
Irudia eta sareak: Naiara Perez de Villarreal.
Batzorde Orokorra: Gaizka Uriarte, Ixone Muñiz, Leire Zamalloa, Ainara G. Goitiandia, Beñat Armentia eta Iñigo Larrea.
Ilustratzaileak: Irrimarra.
Inprenta: Comeco Gráfico.
Banaketa: Mediapost eta Correos.
Hilero banatutako ale kopurua: 14.000.
Lege Gordailua: BI-41-2016
ISSN: 2444-9385
Proiektu hau posible egiten dute:
Ohiko kolaboratzaileak: Manu Etxebarria, Edu Madina, Aitzol Altuna, Estibaliz Apellaniz, Joanes Urkixo, Yayone Altuna, Irati Bediaga, Julen Gabiria, Gotzon Barandiaran, Antton Irusta, Nerea Urgoiti, Josi Basterretxea, Xabier Valencia, Nagore Ferreira Zamalloa, Edu Olea eta Bego Martinez.
Elkarte laguntzaileak: Ganguren Mendi Taldea, Burtotza Mendi Taldea, Andra Mari Dantza Taldea, Galdakao Gogora, Etxerat, Usansolon Euskaraz, Euskaraldia eta Bagabiz euskara elkartea. Argazkilari kolaboratzaileak: Jabi Rojo, Gotzon Almaraz , Julio Legarretaetxebarria eta Peio Zamalloa. Webguneko laguntza: Aitor Espinosa eta Naiara Perez de Villarreal.
Binke aldizkariak ez du bere gain hartzen aldizkarian adierazitako iritzi edota esanen erantzunkizunik.
Harremana: 680 74 32 11 info@binke.eus www.binke.eus
Otsailak 24, zapatua
El Patio
Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa gelan
Ordua: 17:00 eta 19:00 Sarrera: 4-8€.
Martxoak 3, domeka
Alfonso Torregrosa
La verdadera historia de la muerte de Francisco Franco
Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa gelan
Ordua: 18:00 eta 20:00 Sarrera: 6-8€.
Martxoak 9, zapatua
Jazzbana Ensemble
Bidai on, amona Braulia
Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa gelan
Ordua: 12:00 Sarrera: 4-6€.
Martxoak 10, domeka
ESTUDI#1
Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa gelan
Ordua: 12:00 eta 17:00 Sarrera: 4-6€.
Martxoak 15, barikua
Taulelak
Euskaldungak
Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa gelan
Ordua: 20:00 Sarrera: 4-6€.
Martxoak 2, zapatua
13:08 Poteo musikatua.
15:08 Bazkaria.
16:38 Bazkaloste berezia.
18:28 Joselontxos Txaranga kalez kale.
21:28 El Reno Renardo, Mugi Panderoa Erromeria eta DJ Salda Dagoren kontzertua
Martxoak 9, zapatua
11:00 Harrera Unkina plazan
11:30 Hamaiketakoa
12:00 Kalejira Oinarineko joaldun eta Usgalduko erraldoiekin
13:00 Ekitaldia Mailu plazan
13:30 Poteo musikatua
15:00 Bazkari herrikoia eta bazkaloste animatua
18:00 Erromeria Oinarin Dantza Taldearekin
20:00 Tabariex Txaranga herritik zehar
22:00 Dj Perez
Otsailak 22, eguena
Emakumeen jakiturian ezkutatzen den zientzia
19:00 Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa aretoan
Martxoak 16, zapatua
Bilboko auzoetatik bisita gidatua genero ikuspegitik
11:00 Bilboko Berreginen Museotik
Otsailak 26, astelehena 'Palestina'
18:30 Peña Santa Cruzen, Julen Gabiria idazlearekin
Martxoak 10, domeka
Galdakao Triatloi Taldeak antolatuta
Galdakaoko VIII. Duatloi Txikia
10:00 Galdakaoko Bizkai kalean.
Otsailak 16-18
Bakeirara eskiatzera
18:45 Udaletxetik
Otsailak 24-25
Pirineoak. Formigal. Vertice de Anayet (2.555 metro)
07:00 Ganguren Mendi Taldearen egoitzatik
Martxoak 8-10
Bakeirara eskiatzera
18:45 Udaletxetik
Martxoak 17, domeka
Santutxo Iruntxur. Legorreta (743 metro)
09:00 Udaletxetik