KOLDO CUÑADO ESKU-PILOTA EPAILEA

«Epaile izateko ogibidea gastu bat da guretzat, ez onura ekonomiko bat»
KOLDO CUÑADO ESKU-PILOTA EPAILEA
«Epaile izateko ogibidea gastu bat da guretzat, ez onura ekonomiko bat»
Esku-pilota profesionaleko epailerik beteranoena da Koldo Cuñado galdakoztarra. Gizon umoretsua, alaia eta oso urduria da, baina kontrakantxara jaisten denean kontrako epaile bilakatzen da: serioa eta oso lasaia, bere buruarengan konfiantza handia duena. Binkerentzat umoretsu bezain irmo aritu da, esku-pilota profesionaleko epaile izatearen alde argi zein ilunez berba egiteko.
Zergatik hasi zinen epaile? Hamar urte nituela Adiskide elkarte galdakoztarrean hasi nintzen esku-pilotan, Zamakoan auzokide nituen Eñaut eta Oier Zearra anaiekin batera. Baina kadeteetara iristean zaila zen herrian jokatzen jarraitzea, eta kanpora joan behar izaten genuen askok.
Kanpora joatea saihesteagatik hasi zinen epaile, beraz?
Ez, ez! Baina kanpora entrenatzen joan eta hortik urte gutxira, 19 urterekin, eskuko minekin hasi nintzen. Orduan Humberto Alzagak —epaile eta hautatzaile zenak— pilotari ibiltzeari utzi behar genion batzuei ikastaro bat egitea proposatu zigun, epaile izateko. Eta nik proposamena onartu nuen!
Pilotako beste modalitate batzuetan ere aritu zara?
Bai, lehen ia egunero jokatzen zen palan Bilboko Deportivo klubean, eta astean bi aldiz joaten nintzen sarri. Zestan ere ibilitakoa naiz... Baina gehiena esku-pilotan, bereziki 2002ko irailean LEP.M Liga sortu zenetik aurrera.
Ordura arte ez al zegoen ligarik? Ez, 2002an Asegarce — gaur egun Baiko dena— eta Aspe enpresek Eskuzko Pilota
Enpresen Liga sortu zuten —gaztelaniazko 'Liga de Empresas de Pelota a Mano' hitzetatik dator LEP.M laburdura—. Gaur egun Ligako epaileak gara, baina ordura arte federazioek jartzen zuten epailea, eta tokian tokiko edozein epaile aritzen zen.
Txantxetan esaten da epaileak kirolari «frustratuak» zaretela... Eta egia da! (barreka) Denak izan gara kirolariak, baina motiboren bategatik gehienok utzi diogu kirolari izateari. Esku-pilotako epaileen artean behintzat horixe gertatzen da!
Tira, baina zuen bidea ere ez da erraza izango! Gustuko lekuan aldaparik ez, badakizu. Baina egia da bereziki profesionaletara igaro aurreko urteak gogorrak izaten direla. Eskolaz kanpoko mila partida epaitu behar dituzu, hasieratan gaztea zara, partidak asteburuetan dira, parrandatxoekin uztartu behar duzu lana... (irribarretsu)
Eta zure profesionaletako lehenengo finala gogoratzen duzu? 2003ko martxoak 31: Koka eta Beloki, Olaizola eta Paskualen aurka. Ez dut gogoratuko ba! Ligatik deitu ninduten Atano pilotalekuan, Donostian, epaile nagusi aritzeko. Aste osoa urduri baino urduriago egin nuen. Baina hori gutxi ez, eta aurreko egunean astebete atzeratu zen finala, Beloki gastroenteritisak jota baitzegoen. Non sartu ere ez nekien, urduritasun horrekin beste astebete egin behar nuela-eta! (barreka)
Zer egin behar da esku-pilotako epaile profesional izateko? Gaur egun, ezer ere ez. Tira, kirol honetaz jakin. Baina orain ez da ikasketarik behar esku-pilotako epaile izateko. Dagoeneko ez garenez federazioko kide, Ligak berak erabakitzen du nor izango den epaile.
Koldo Cuñado Egaña
1975, Galdakao
Eguzkibegi Ikastolan hazi zen eta Zulaibar Ikastegian jarraitu zituen ikasketak azken urte luzeetan Arrigorriagan lan eta bizi den Koldo Cuñado galdakoztarrak. Hamahiru urte daramatza Cementos Rezola enpresan lanean, baina bere eguneroko lana esku-pilotako epaile izatearekin uztartzen du. Hori da bere pasio, eta horrek eraman du LEP.M ligako epailerik beteranoena izatera.
Zer gertatu zen euskal pilota federazioaren eta LEP.M Ligaren artean? Epaileei dagokionez behintzat, lehen federazioko langile izaten ginela eta orain Ligako langile. Labur azalduta: federazioak epaileen zerbitzua eskaintzen zien Aspe eta Asegarce enpresei, eta une batetik aurrera, federazioa epaileen baldintzak hobetzeko exijitzen hasi zitzaien enpresei. Eztabaida horren erdian, bi enpresek bat egin eta liga bateratua sortzea erabaki zuten, epaileak ere Ligaren parte bilakatuz. Hortik aurrera beraz, epaileetako batzuk Ligako epaile izatera pasa ginen, eta federazioak Ligari eskaintzen zion zerbitzu hori eten egin zuten.
Zu Liga sortu aurretik aritzen zinen, beraz. Hori da, eta gaur egun Ligan hasiera-hasieratik dagoen epaile bakarra naiz. Ez zaharrena, baina bai urte gehien daramatzana! (barreka)
Epaile profesional izateak, ordea, ez du esan gura lan honetatik biziko zarenik, ala bai? Inondik inora ere. Epaile izateko ogibidea gastu bat da guretzat, ez onura ekonomiko bat. Hilean bizpahiru partida izan ditzakegu —udan gehiago— eta ez dugu askorik kobratzen partidu bakoitzeko. Baina gainera, kobratzen dugun gutxi hori Errenta Aitorpenean oso zigortua dago, bigarren lanbide hartzen dutelako... Honetan ari garenak pilotazaleak gara, kirol hau maite dugu eta horregatik ari gara epaile lanean, gozatu egiten dugulako.
Merezi du dirutan irabazten duzuen gutxi horrek, frontoian duzuen ardurarekin? Beste aberastasun mota batekin irteten zara frontoitik. Nik neuk betekada zoragarria eramaten dut etxera bueltan, eta gero eta presio handiagoa egon partidan, orduan eta gozatu ederragoa hartzen dut. Ardura da,
bai, baina horrek ez du esan nahi sufritzeko ardura denik.
Zenbat epaile zaudete gaur egun Euskal Herrian? Bizkaia eta Araban —elkarrekin gaude— zazpi epaile gara, Gipuzkoan bi baino ez daude, Nafarroan bost edo sei dira eta Errioxan lau. Denera hogei epailera ere ez gara iristen.
Emakumerik badago? Bai, bi emakume daude, biak gure taldean gainera! Adin desberdineko bi epaile fin: Irene Ortiz eta María Sánchez.
Esku-pilota profesionaleko partidak urte osoan eta ia astebururo antolatzen dira. Zelan antolatzen zarete norgehiagoka guztiak kubritzeko? Epaileon WhatsApp talde bat daukagu, eta ni nabil bertan Ligaren eta epaileen arteko koordinatzaile. Ligak epaileak eskatzen dizkit eta nik galdetu egiten dut guztien artean... bakoitzaren prestutasunaren —bere laneko egun libreen— eta
egindako saioen arabera osatzen dut egutegia.
Bi epaile bakarrik izanda, gipuzkoarrek zail izango dute ba egutegia osatzea! Eta horregatik Bizkaia-Araba taldetik lagundu egiten ditugu, Gipuzkoako partida guztietan epaile bi bermatzeko.
Partidako epaile biak aipatuta, badago ardura edo rol desberdinik bi epaileen artean? Epaile nagusiak du erantzukizun handiena, frontiseko hormatik gertuen kokatzen denak. Besteak lagundu egiten du, eta aukeratutako sei piloten otzara ere berak eramaten du.
Nork erabakitzen du non kokatu epaile bakoitza? Gure artean erabakitzen dugu hori, baina normalean esperientzia handiena duenak hartzen du epaile nagusi izateko ardura.
Zu beti epaile nagusi ikusten zaitugu ba! Atzean aspertu egiten naizelako! (barreka)
Erabaki azkarrak behar dituzue eman, baduzu erratzeko beldurrik? Ez, egia esan. Gehiago esango dut, oso pertsona urduria naiz, baina frontoian inoiz baino lasaiago egoten naiz. Niretzako frontoia terapia itzela da, eta konfiantza handia izaten dut nire buruarengan.
Zuek ez duzue VAR sistemarik, eta pilota azkar mugitzen da. Bista ona izan beharko duzue ba! Ondo kokatuta egotea eta pilotaren inpaktu puntuari adi egotea dira gakoa. Azken honek sortzen ditu gainera eztabaida asko pilotazaleen artean, jendeak errepikapenetan edo zuzenean ikusten baitu pilotaren alde bat marraren gainean dagoela, eta beraz kanpoan dagoela ondorioztatzen du maiz. Baina ez, lur edo horman jotzen duen pilotaren zatia hartu behar da kontutan...
VAR sistemarik ez, baina gero eta gehiago dira frontoietan dauden pantaila handiak non, besteak beste, jokaldiaren errepikapenak unean bertan publikoak ere ikusten dituen telebistako ikusleek bezala. Epaileentzat mesede ala kaltegarri dira? Kaltegarri. Eta aurreko galderan erantzundako arrazoi beragatik askotan. Kameraren enfokearen edo ikuspuntuaren arabera gauza bat edo bestea gertatu dela eman dezakelako. Baina gu pilotagandik oso
hurbil gaude. Eta askotan, ondo ikusi baino, ondo entzuten dugu non jotzen duen pilotak.
Ekarri dizue pantailek arazorik? Momentuz, ez. Baina publikoak epailea epaitzen du, eta gero entzun behar...
Zein da zuretzako jokaldirik zailena? Bi boteak ondo ikustera iristea. Sarritan gainera pilotaria lurrera botatzen da pilota altxatu nahian, ez digute ondo ikusten uzten eta pilotak oso azkar eman ditzake bi boteak lurrean. Baina pilotak eskutik irteteko orduan duen norabidearen arabera igarri dezakegu bote bakarra eman duen ala bi egin dituen lurrean.
Futbolean, orokorrean, ez da epailea askorik errespetatzen. Zelakoa da esku-pilotako epaileek jasotzen duzuen tratua? Gaur egun pilota mundua ez da lehen modukoa. Askoz giro sanoagoa dago egun, bai pilotarien aldetik zein publikoaren aldetik ere. Lehen pilotariek asko xaxatzen zuten publikoa, epailearen kontra egin zezaten. Baina horretan enpresak fin ibili dira, eta pilotariei transmititu egin diete epaileak ere jokoaren parte garrantzitsu garela; euren kide.
Eta zaleen aldetik? Gero eta apustu gutxiago egiten da pilotalekuetan, eta horrek eragina du epaileen gainean dagoen presioan. Gero eta diru gutxiago egon tarteko, orduan eta giro jatorragoa dago guztien partetik.
Baina izango zenuen pasarte bitxirik! Profesionaletan izan dudan pasarterik gogorrena, hain justu, apustu egin zuen zale baten erruz bizi izan nuen.
Zer gertatu zen? Bilboko esku-pilotako torneo baten finala jokatu zen, orain urte mordoa, Bilboko Deportivo klubean. Norgehiagoka estelarrean ez zen arazo nabarmenik izan. Baina beste partidan Gorostiza eta Taberna, Lejardi eta Mendiaren aurka aritu ziren. Lehenengoak 21-10 irabazten joan ziren, eta Lejardi-Mendiak 21era berdintzea lortu zuten partida: 21-21. Lejardik atera zuen eta atzetik Gorostiza joan zitzaion pilotaren bila, baina Lejardirekin talka egin zuen. Lejardi ez zen une baten ere mugitu, eta beraz tantoa LejardiMendiaren alde eman genuen Humbertok eta biok. Kriston zalaparta sortu zen frontoian, Gorostiza-Taberna bikotea aise irabazten joatetik galtzera igarotzera pasa zirelako.
Baina epaileek ez zenuten errurik izango, ezta? Ez, baina sortu zen burrunba horren erdian harmailatik zale bat oihuka jaitsi zen kontrakantxara guri begira, «kabroiok, akatu egingo zaituztet!», eskuan apustu-sorta handia zeramala. «Nork ordainduko dizkit orain apustu guzti hauek!» eta antzekoak esaten zituen, eta hain bortizki aritu zenez bi epaileok aldageletara sartu behar izan gintuzten babestuta.
Ez zitzaizuen ezer gertatu? Zorionez, ez, horretan geratu zen. Eta horixe izan da bizi izan dudan unerik gogorrena profesionaletan. Okerragoak dira afizionatuen mailan, gurasoak tarteko daudenean: guraso guztiak dira epaile, kirolari, entrenatzaile, abokatu... •
Asteko egun gogokoa?
Osteguna.
Herriko txoko gustukoa?
Upo.
Liburua ala tablet-a? Tablet-a.
Pelikula bat? Braveheart.
Ez duzu onartzen… Jetak.
Zoriontsu egiten zaitu… Familiak.
Plater bat? Bakailaoa.
Deskribatzen zaituen berba? Irribarretsua.
Herrian zer kenduko zenuke?
Kendu baino, Elexalde auzoa gerturatu.
Eta zer berria jarri?
Garraiobide hobea.
Euskarazko berbarik politena? Ama.
Zure ametsetako bidaia?
Australia, eta eginda daukat.
Berba egin ala entzun?
Berba egin.
Zure mesanotxean ezin da falta… Telefonoa.
Abesti bat?
TNT, AC/DC taldearena.
Elexaldeko eta Eguzkibegiko ikasleak larritu egin direla, Bizi-busa proiektuaren berri izan eta eurek ere bizikletan igo behar direla uste izan dutenean?
UNAI ERREMENTARIA
Bizkaitarron zaindari forala
Lasai mundu guztia, bi hilabete besterik ez da falta maiatzeko udal- hauteskundeak izan eta kaleetatik obra zein berrikuntza guztiak lau urtera arte berriz desagertzeko. Hartu arnasa, orain oso polito jartzen ari dira-eta.
— Ezizenen bat dozu?
— Galtzerdi.
— Zerba?
— Ez dodalako parejarik aurkitzen.
Torrezabal Kultur Etxeak hainbat ekitaldi proposatu ditu herritarrak kulturara gerturatu eta herria bera ere Torrezabalen biltzeko. Programazioaren parte izateko esperantzaz «scape room» bat prestatzen ari dira; erronkarik handiena tentsioa kontrolpean mantentzea izango da, bereziki komunetan.
Ezkondu eta ezkongabeen arteko futbol partidak egungo egoera zibiletara egokitu egin behar izan dira eta haurren denboraldi bukaerako partidetan ezkonduek bananduen aurka jokatuko dute. Edonola ere, bananduak harreman berrien merkatuan berriz egoteko fisikoki hobeto daudenez, ezkonduek ezkongabeak ere fitxatu ahalko dituzte.
Kultur Ondarearen katalogoa irakurri ondoren, hainbat taldek euren proposamenak egin dituzte, badaudelako kulturarekin harremana duten guneak katalogo horretan agertzen ez direnak: Elexaldeko tiro-gunea, txamizoak, Ikus-Toki, Zamakoa kaleko altzairu denda enigmatikoa… eta abar.
«Lasai, Sarratun egin tunelarenbeharreko neurriak ondo hartu ditugu Metroarentzat»
Hilabete honetako sarituak Otsaileko irabazleak
Alize Mintegi García
Izaskun Garai Zarate
Estibaliz Arizmendi (ezker, Markelekin) eta Iker Landeta (eskuin, Naiarekin) Olaia Parra zinegotziarekin batera ‘Batetik bestera’ antzezlana ikusi aurretik.
Eguneko bina menu irabazi dituzte Kerren jatetxean. Zorionak eta on egin!
Eman zure babesa urteko 36 € ordainduta
Oraindik Binkekide ez bazara, eta neurri honetako lehenengo komunikabide euskalduna babestu eta sustatu gura badozu, hauek dozuz horretarako bideak:
1. Bete beheko formulario hau, eskaneatu edo atera argazki bat eta bidali e-postaz: info@binke.eus
2. Bete formularioa, moztu, eta utzi gutunazal baten, Binke izenarekin Torrezabal Kultur Etxeko atezainaren leihatilan.
IZEN-ABIZENAK:
HELBIDEA:
NORTASUN AGIRIA: TELEFONOA:
E-POSTA:
KONTU KORRONTEA:
3. Eskaneatu zure mugikorraren QR irakurgailuarekin beheko kodea eta bete formularioa!
Urtarrilean bost urte bete ziren pentsiodunak batzen hasi zirenetik. Ordutik, hobekuntzak egin ditu Espainiako Gobernuak baina pentsiodunek «nahikoak» ez direla adierazi dute. Egungo egoera ezagutzeko, Manu Rodríguez (eskuinean) Galdakaoko Pentsiodunen Mugimenduko bozeramailearekin hitz egin du Binkek.
Zeintzuk dira gaur egungo aldarrikapen nagusiak? Duela bost urte eskatzen genuen berdina aldarrikatzen dugu: gutxieneko pentsioa
1.080 eurokoa izatea eta alargunek %100 jasotzea. Galdakaon batzen garen askok hori lortu dugu baina borrokatzen jarraitzen dugu, pentsiodun guztion eskubideak errespetatu behar dituztelako. Emakumeen kasuan batez ere, asko galtzen dute, hainbatek ez dutelako kotizatu eta haien senarrek kobratu zutenetik bizi direlako.
Genero-arrakalan jartzen duzue arreta, hortaz. Bai, alargun geratzen diren emakumeak oso egoera txarrean daude. Haien senarrek kobratutakoaren
%60 ordaintzen diete 65 urte gorakoak badira eta gazteagoak direnen kasuan, gutxiago. Ez da bidezkoa, oso bizitza gogorra izan dute eta babes gabe gelditzen dira nagusitzen direnean. Hau aldatzeko beharra dago, eta lehen baino lehen egitekoa.
Espainiako Gobernuak igoerak egin ditu pentsioetan bost urte hauetan. Zein balorazio egiten duzue? Badirudi entzun digutela, eta pixkanaka pentsioak igotzen joan dira. Azkenenegoaren kasuan, %8,5koa izan da igoera eta
%15koa Gizarte Segurantzari egin dioten ekarpenagatik kotizaziopeko pentsio bat jasotzeko eskubidea ez dutenei. Eskertzen dugu bide hau hartu izana, baina ez da nahikoa, inondik inora ere. Ez dira guk eskatzen dugun minimo horretara heltzen eta horregatik borrokatzen jarraituko dugu, kalera irtengo gara astelehenero eta manifestaldiak egiten jarraituko dugu. Orain ezin gara gelditu.
Nola gogoratzen duzue hasiera, batzen zineten lehenengo aldiak?
Hasieran zertan ari ginela galdetzen ziguten, gure egoera hain txarra ez zela argudiatuz. Guk momentu horretan eta orain berdina esan dugu: nazkatu egin gara. Pentsioen fondoa hustu dute eta jendearen soldatak gero eta baxuagoak dira: nondik aterako dugu pentsioak ordaintzeko dirua hurrengo urteetan? Gainera, bizitza gero eta garestiago da baina soldatak eta pentsioak ez dira igotzen. Aski da.
Euria, elurra edo bero itzela izan, astelehenero irten zarete kalera. Uste duzue egindako mobilizazioek egoera hobetzen lagundu dutela? Noski, horregatik jarraitzen gara astelehenero batzen. Bost urte hauetan gero eta pertsona gehiago bildu gara, bai Galdakaon eta baita estatuko beste hainbat hirietan ere. Nagusiok
erakutsi dugu borrokatzen gauzak lortu daitezkeela.
Herriko beste aldarrikapen sozial batzuekin bat egin duzue ere Galdakaoko Pentsiodunen Mugimendutik. Bai, talde feministekin eta Etxebizitza Sindikatuarekin izan gara ere mobilizazioetan. Gure borroka beste hainbat gaiekin lotuta dago eta garrantzitsua da elkarren artean laguntzea. Gehiago bagara, gauza handiagoak lortzeko aukera izan ahal dugu.
Herritarren babesa sentitzen duzue? Bai, handia gainera. Gazteek ere gurekin bat egin dute eta hori oso polita da. Halaber, egungo Udalaren babesa jaso dugu eta hori guretzat garrantzitsua da, tokiko mailan behintzat gauzak lortzen joateko, pixkanaka bada ere.
Manu Rodríguez, Galdakaoko Pentsiodunen Mugimendua
«Pentsioetan egindako
ez dira minimora heltzen»
Emakumeak ahalduntzeko helburu nagusia izango dauan Galdakaoko Emakumeen Etxearen aurreproiektua sortu dau Udalak. «Feminista, ahalduntzea bultzatzen dauana, intersekzionala eta mota guztietako emakumeak hartzen dituana» izango da eta Zuloaga plazaren ondoan kokatuko da bi solairu izango dituan eraikina.
Galdakaoko Duatloi Txikiaren zazpigarren edizioa ospatu zan martxoaren 12an, Urreta kiroldegiaren inguruetan. Guztira, 250 ume inguruk parte hartu eben.
Erraldoien konpartsa barria jaio da Usansolon. Lau pertsonaia dauz: esne-saltzailea, lamia, gaiteroa eta tabernaria. Proiektuaren ideia 2018an sortu zan.
Saria jaso dau
Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k
Zirgari Saria emon deutsoe Ane
Legarreta galdakoztarrak sortutako ESAS ekimenari, bardintasunaren alde egiten dauen lanagatik.
Andra Mari Lanbide Heziketako ikasleek Bilbon ospatu zan txapelketan parte hartu eben eurek eraikitako autoarekin. Ibilgailua ekologikoa eta eletrikoa zan eta Greenpower proiektuaren barruan sortu eben.
Espainiako II. Artzai Txakur Txapelketa egingo da Murgian apirilaren 29tik maiatzaren 1era. Bittor Bengoetxea eta Juanra Askargorta galdakoztarrek parte hartuko dabe.
Pedro Asua galdakoztarraren familia Jakan izan zan Iñigo Hernandorekin batera, fusilatutakoaren gorpuzkiak berreskuratzeko. Domekan lurperatuko da Galdakaon.
Martiko ekinokzioan negutik urten eta udabarrian sartzen gara. Neguan
lozorroan egon dan natura
berbiztuz dator eta gure
baserritarrak ereintza lanak
egiten hasten dira. Lurra lantzeko
era asko dagoz eta zelango
laborea halako tresna erabiltzen da. Batzuetan bedarrez josita
dagoan lurra udalandu egiten
da aitzurrez zohiak atera eta
lurra bistan itxita. Baina noizean
behin lurra sakonagotik iraultzea sano ona eta onuragarria izaten da. Horretarako aspaldiko
tresna bat aipatuko dogu: laia, (gazt. laya, euskeratik hartuta), lurra iraultzeko hagin luze biko lanabesa, bere burdinazko
eskulekuko zulounean zurezko
asta eta guzti. Laia, etxeko talde-lanean edo auzo-lanean
erabiltzen zan, eta bere ekintzari:
laieta eritxan. Taldeko bakoitzak
laia bi hartzen ebazan eta
danak batera sartu euren laiak
lurrean, alboak zainduta. Gero
norberagana tiratu, oinakaz
lagundurik barrurago sartu, danak batera jaso lur zatia eta
irauli. Holan eragoioen solo
guztiko lurra irauli arte. Hurrengo
beharra, aitzurren egin eta lurra
jo edo lantzea zan. Geroagora, tresna hobeak agertu ahala, laiak
baztertu ziran. Gaur apaingarri
lez-edo ikusten dira leku askotan.
Euskaraz egiten duten tabernari, begirale, dendari, ume zaintzaile, eskola laguntzarako irakasle eta bestelako lanen eskaera gero eta handiagoa da gure herrian. Eskaera horri erantzuteko beharsarea.net sortu zen 2011n eta Galdakaok 2014tik erabilgarri du tresna hori.
Beharsarea euskarazko lana bideratzeko interneteko ataria da, doakoa eta euskaraz egiten den lana eskaini eta eskatzeko tresna erraz eta eraginkorra da. Erabiltzaileek bi baldintza baino ez dituzte bete behar: batzuek lan baldintza duinak eskaintzea eta besteek lana euskaraz egitea. Lanak sei kategoriatan sailkatuta daude (zaintzaileak, begiraleak, merkataritza, ostalaritza, eskola laguntza eta bestelakoak), baina lan mota guztiak bideratzeko balio du Beharsareak, lan partzialak zein lan profesionalak.
Bitartekari da, beraz, langile euskaldunak behar dituztenen eta lan horiek egin nahi dituztenen herritarren artean. Bertara bidalitako iragarkiak argitaratzen ditu eta erabiltzaileen arteko harremana bideratzen du. Doako zerbitzua da, gainera, eta erabiltzaileak ez du erregistratu behar: e-posta helbidea nahikoa da, erantzunak helbide horretan jasotzeko.
Udaleko Hezkuntza eta Euskara Arloak kudeatzen du Beharsarea; euskaraz lan egitea bideratu eta, bide batez, lan alorrean, eta beste hainbat esparrutan, familian, aisialdian, merkataritzan, kirolean eta abarrean euskararen erabilera sustatzeko programa da.
Beraz, lana euskaraz egiteko jendea behar baduzu, edota euskalduna bazara eta lana bilatu gura baduzu, bide erraza eta zuzena duzu Interneten: www.beharsarea.eus.
Infomazio gehiago QR honetan daukazu:
Iritzia
Ospitaleko larrialdietako itxarongelan bost ordu eman nauzen, plastikozko urdin koloreko ahulki gogor baten, botata. Gorputzak erre egiten zozten eta gorputzeko atal guztietan oinazea zan nagusi, begietatik sua dariola. 39ko kalentureak ordurako hondamendia sortua eukon nire gorputzean. Ahulki urdina urtuko zala pentsatu neban.
Ez nintzen bakarra itxarongelan, batzuk itxuraz hobeto zagozen, baina ni moduan hotzikarak jota, ahulki urdinean, dardarka, orduak eta orduak eman zauriezanak ere bazagozen. Inguruko sismografoek igerriko zaurien lurrak dardara urdine egiten zauela.
Osasun langileen apatia ere bizi izan nauen, lehenengo artatu ninduen «doctor» harek. Zutik egotera behartu zozten, hanken gainean zutik egoteko indarrik ez neukala azaldu eta ezartzeko eskatu notzen arren. Zutik bai, eta ez proba bat egiteko, berba egiteko baino. Uniforme zurie eukola uste dot.
Baina beste osasun langileen enpatia ere bizi izan nauen, bost orduk askotarako emoten dau eta. Sukarra barriro hartzeko eskatu notzen erizain bateri eta harek berehala hartu zozten. Kalenturea topera neukola ikusi zauenean, mediku barri bategaz jarri zozten harremanetan eta diagnostikoak eta tratamenduek aurrera egin zauen. Aurreko «doctor» hura ez nauen barriro ikusi, zorionez.
Osasun langileak lanez gainezka ikusi nauzen, gaixoak ahalik eta hoberen artatzeko, baina sistemak gaixoen
beharrak ez dauz asebetetzen, langileenak asebetetzen ez dauzen moduen. Tranpa horretan jauzten ez bazara, lagun, nire ustez, ez dago inolako arazorik.
Enpatia falta jako osasun sistemari. Besteen lekuan jartzeko ariketa hori egin ote dau sistema diseinatu dauenak? Ahulki urdinetan ordu luzez gaixorik egotea egokitu ote jako?
Nik bizitakoa lagin bat besterik ez da. Albistegietan maiz irakurri izan doguz osasun langileen aldarrikapenak, gaixoen eskaerak eta abar. Osasun sistemak behar dauen baliabide pertsonalez eta materialez ez bada ornitzen, osasungintzak beharko lukeen gizatasunetik oso urrun egongo gara.
Osasun mentala
Sentipen negatiboak, etengabeko kezka, lo egiteko arazoak... hainbat dira antsietatearen sintomak, askotan antzeman ezin daitezkeenak. Gero eta pertsona gehiagok sufritzen duten gaitza da eta horregatik sakonago ezagutu nahi izan du Binkek. Horretarako, sufritu duten pertsona bi eta psikologo bi batu ditu.
Ez ditugu ikusten, baina hor daude. Osasun mentalean eragina duten gaitzak gero eta ohikoagoak dira ume, gazte eta nagusien artean. Horrela gertatzen da ere euskaldunen kasuan.
Euskal Estatistika Erakundearen arabera, 2015 eta 2019 urteen artean %5,2 igo zen Euskadiko Osasun Mentaleko Sarean tratamendua jaso zuten pertsonen kopurua. Pandemiaren ostean datua askoz gehiago hazi zela adierazi dute aditu gehienek, zehaztasunez ezartzea zaila bada ere. Mota askotako gaitzak sufritzen dituzte eta antsietatea da ohikoenetakoa.
Lehen pertsonan. Hain zuzen, antsietatea sufritzen du 27 urteko gazte usansolotar batek. Lo egiteko arazo handiak ditu eta hartu behar duen erabaki bakoitzaren aurrean bularrean bola moduko bat duela sentitzen du. «Ez naiz ondo sentitzen, ondo arnasteko arazoak ditut», esan zion duela bost urte amari. Harrituta begiratu zion orduan amak, irribarra ahoan, pozik bizi den gaztea baitirudi. «Laguntza behar dut. Ez dakit nire emozioak kudeatzen eta egunerokoan eragiten hasi da», nabarmendu zion.
Psikologoarenera joatea erabaki zuen orduan eta honek berehala esan zion barruan zuen hori antsietatea zela. «Oso neska urduria naiz, emozioak mugaraino eramaten ditut beti, hortaz, hori zela pentsatu dut beti», azaldu du gazteak. Arazoa ordea, txikitatik zetorren: «Ikastolan nengoenean ere horrela sentitzen nintzen. Azterketa baten edo partida baten aurretik adibidez hainbat egun ematen nituen lo egin gabe. Normala zela pentsatzen nuen».
Haratago. Jada heldutasunean ordea, sakonagoa egin da arazoa. «Lanean norbaitekin haserretzen nintzenean kalera irten behar nintzen, jendearen aurrean lehertuko nintzela sentitzen nuelako. Lagunekin ere, hainbatetan gertatu zait eta izena jarri diodan arte nire izaeraren parte zela pentsatzen zuten haiek, eta baita nik ere», aitortu du.
Medikazioa hartzen hasi zen eta lau urteren ostean hau gabe bizitzea lortu du. «Oraindik psikologoarenera noa eta egoera zehatzetan mugak jartzea zaila egiten zaidan arren, askoz hobeto nago», adierazi du. Hala ere, antsietatea berarekin betirako biziko dela argi du: «Nire izaeraren zati bat da jada, eta horrekin bizitzen ikasi dut. Atzera begiratzen dudanean irakaspen prozesu baten moduan ikusten dut, gaur naizena eraikitzen lagundu didana».
Beste gaitzen ondorio. Berdina pentsatzen du 43 urteko emakume galdakoztar batek. «Nik gaur egun dudan bizitzeko moduan eta nire seme-alabei transmititzen diedanean eragin handia du nik txikitan bizitakoa».
Hamalau urte zituela gurasoei esan zien «txarto, ezer egiteko gogorik gabe» sentitzen zela. Profesionalen laguntza jaso zuten orduan baina ez zuten erantzuna aurkitzen. «Bartzelonara joan behar izan ziren nire gurasoak eta hango psikologo batek esan zien nik sufritzen nuena mugako nortasun nahasmena zela. Horren ondorioz antsietatearekin bizi nintzen».
Medikazioa hartzen hasi zen eta urte asko eman zituen prozesu «oso zail batean murgilduta»: «Zaila da sentitzen nuena hitzekin azaltzea. Bularrean eta eztarrian korapilo moduko bat nuela uste nuen. Nire gurasoei esaten nien,
mesedez kendu hemen dudan harri hau».
«Hilabete asko eta asko ez ditut gogoratzen. Espazio txuri baten modukoa dut buruan», aitortu du. «Click» egin zuen arte. «Ez dakit nola eta zergatik baina ni bakarrik konturatu nintzen ez nuela horrela jarraitu nahi. Medikazioak lokartuta uzten ninduen eta bat-batean pentsatu nuen hori ez zela nik nahi nuen bizitza», azaldu du.
Normaltasunera. Medikazioa eta psikologoa utzi eta pixkanaka-pixkanaka «normaltasunera» bidaia egin zuen. «Guztiok dugun garapen prozesuaren moduan, nik uste beste aro batean sartzeak asko lagundu ninduela», adierazi du emakumeak. «Irakasle batek esan zidan ez nuela eskola amaituko eta begira. Lan egiten nabil duela hogei urtetatik eta ni bakarrik, nire ingurukoen laguntzarekin noski, atera naiz», azpimarratu du. «Honekin ez dut esan nahi psikologoen laguntza behar ez denik, alderantziz. Oso beharrezkoa da profesionalen papera, dugun arazoa kudeatzeko tresnak ematen dizkigutelako. Baina nabarmendu nahi dut gakoetako bat, nire kasuan gertatu zen bezala, gure buruan dagoela», dio.
Adituen iritzia. Hain zuzen, pertsona berak duen garrantzia azpimarratu du Lorena Mendezek, Bizkaiko Psikolgia Elkargoaren kide den psikologo galdakoztarrak: «Garrantzitsua da momentuan egoten ikastea, ez aurreratzen eta oraindik gertatu ez den eta gerta ez daitekeen horretaz larritzen ikastea. Gelditu gure barne-ahotsa entzuten. Zer nahi dut? Zer behar dut? Pentsamendu katastrofista horiek zalantzan jarri behar dira, errealitatera egokitzen diren horiek lehenetsiz».
Janire Madariaga psikologo galdakoztarraren hitzetan, ingurukoen laguntza ere beharrezkoa da. «Askotan antsietatea ez da kanpotik ikusten eta sufritzen dutenei ez zaie behar beste kasu egiten. Izan ere, sufritzen ez duenak errazegi ikusten du arazo honen konponbidea edo kasu batzuetan ez du uste arazoa denik ere», azaldu du.
Mezu desegokiak. «Irten zaitez kalera!», «Ez emon hainbesteko garrantziarik!», «Ez zaitez hainbeste arduratu!» edo «Zure aldetik gehiago jarri behar duzu! Arazoa zuk daukazu!» bezalako mezuak jasotzen dituzte askotan antsietatea sufritzen dutenek eta intentzio onenarakin ematen badira ere, konturatu gabe «kalte handiago» egiten dietela nabarmendu du Madariagak. «Errudun sentitzen dira», adierazi du. Mota honetako mezuekin batera, aurreiritziek egiten duten kaltea aipatu du psikologoak. «Gaixotasun mental gehienak zentzudunek pairatzen dituzte. Nork ez du ezagutzen fobia bat duen norbait? Edo elikadurari lotutako gaixotasunen bat? Depresioa? Gaur egun minbiziaren eta kotxezko istripuen atzetik suizidioa da hirugarren heriotz kausa nagusiena. Hau oso larria da eta osasun publikoak dituen faltak agerian uzten ditu», azaldu du, ideia bat nabarmenduz: «Gaixoak ez dira gaiztoak. Batzuetan gaixoen poblazio txiki batek gaiztakeriak egiten ditu, baina ez dira gehiengoa».
Pedagogia, gakoetako bat. Hau aldatzeko, pedagogia da gakoetako bat adituen esanetan, bai sufritzen dutenenentzat eta baita gizartearentzat ere. Erreza da hanka apurtu eta etxean gaudela esatea baina antsietatearen ondorioz dela aitortzea zailagoa da. «Uste dugu gure kabuz moldatu behar garela eta laguntza eskatzea ahuleziaren seinale dela, guztia edozein preziotan irentsi behar dugula», adierazi du Mendezek. Bizi ez dutenen kasuan askotan osasun mentalaren
inguruan aritzea «oso zaila» dela aitortu du Madariagak eta arreta enpatian jartzen du: «Hori da emozioak ezagutu eta kudeatu ahal izateko bide bakarra. Ez du askor balio urdina tristuraren kolorea dela irakastea, gero triste dagoen ume edo gazteari poztu zaitez, ez emon hainbesteko garrantziarik, edo ez zaitez triste egon esaten badiegu. Horrek ez du ezertarako balio». «Zoriontsu izatera bultzatzen gaituen pseudopedagogia honeri aurre egiteko bide bakarra erreferente ona izatea da. Errespetuzko eta enpatiazko erreferentea izatea», dio.
Prebentzioa sendagai gisa. Guzti honek gure osasun mentala zaintzeko beste gakoetako batera eramaten gaitu: prebentzioa. Baina honetara heltzeko aurretik pausoak eman behar dira, kausak ezagutuz. Bi adituen arabera, hiru dira ohikoenak: estresa, lan gehiegi izatea eta autoexigentzia gehiegi jartzea. Honen ostean, hauek ekiditzea da hartu beharreko erabakia. «Beharrezkoa da ulertzea gizakiok ugaztunak garela eta taldeetan bizi garela. Beharrezkoa da gure artean ondo tratatzea», azpimarratu du Madariagak.
Ohiturak hartzea, oso osasungarria. Berarekin bat dator Mendez eta gomendio batzuk gehitzen ditu: «Norberaren zaintzara bideratutako ohitura osasungarriak gauzatu behar ditugu, hala nola, kirola edo meditazioa bezalako praktika. Gure egunerokoan gelditzeko eta gure gorputzarekin eta buruarekin lotzeko aukera ematen digutenak».
Pandemiak gure osasun mentalean izan duen eragina ere kontuan izatea eskatzen du Madariagak: «Beldur mezuak entzun ditugu egunero hainbat hilabeteetan zehar. Ezin ginela jendearekin batu, estalita joan behar ginela… Nahiz eta covid-ari aurre egiteko beharrezkoak izan, kalte handia egin du jendearen osasun mentalean». «Zaindu gaitezen», nabarmendu du. •
Euskal tradizioak iraganetik jasotako ondare ukiezin gisa gauzaten badira ere, euskal gizartearen balio eta eskakizunetara egokitzen joan dira ezinbestean.
Esaterako, euskal zuzenbidea, jabetza zatiezinaren erregimen natural bezala, jabego kolektiboko lurraldetik abiatu zen, bertan finkatutako biztanle multzoek familia eta etxeak eratuz.
Baserriaren inguruko bizimoduak gaur egun ere indarrean dagoen beste euskal tradizio bat biltzen du; auzolana. Baserriak auzoetan antolatuta zeuden eta berauen arteko harremanak elkarri laguntzean oinarritzen ziren; baita adibidez bidezorren erabilera ere, forma naturalean eragindakoa; izan ere, komunitate hori osatzen zuten pertsonek ez ziren gizamultzo bat bakarrik, lotura moral bat zuten.
Ez da hau umetan espero nuen etorkizuna. Egia da umetan ezin dela gauza handirik espero etorkizunarengandik: gehienez ere, autoek hegan egitea; eta bistan da holakorik ez dela bete.
Beste askoz gehiago ezin espero, baina hau, bizitzen ari garen hau, Euskal Herri bat non euskara, oraindik ere, azala uzteraino borrokatu beharreko esparru bat den, justu etorkizun hau ez nuen imajinatzen umetan.
Euskal Herri bat zeinetan goizero esnatzen garen euskararen kontrako beste epai batekin; zeinetan egunero ikusten dugun akatsez jositako euskarazko publizitate-kanpainaren bat; zeinetan dagoeneko ohitu garen akats horietara eta, protesta egin beharrean, barrez lehertzen garen. Euskal Herri bat, zeinetako telebista publikoak hutsaren pare tratatzen duen bere
Gaur egun, EAEn dauden gobernuz kanpoko erakunde eta herri mugimendu kopuru altuek iraganeko elkarri laguntzeko sarearen irakurketa berritua izan daiteke.
Ohiturek gure herria definitzen lagundu izan dutela esan genezake. Beste garai bateko ohiturak badira ere, askok gaur arte biziraun dute, eta zenbait kasutan legea bera baino garrantzitsuago bihurtu herritarrentzat.
Azpimarratzekoa da ohiturak zuzenbide iturri gisa duen indarra Euskal Herrian, berau, askatasun zibil etengabea gauzatzearen ondorio baita, herriaren borondatearen islada. Begira bestela kalean alkohola edatea debekatu zuen legeak zenbat «iraun» zuen bere horretan… Nork kenduko digu poteoa euskaldunoi?
Jauntxoa 0-Herria 1.
lehengai eta xede izan behar lukeen hizkuntza. Euskal Herri bat non euskara maite dugula esaten dugun, baina ingelesez; non euskarari buruzko umorea egiten den, baina gaztelaniaz; non jiratu egiten garen kalean euskaraz entzuterakoan; non emozioz negar egitera iristen garen euskararen inguruko ekimenetan; non poliziak eta epaileek euskarazko egunkari bat zarratu dezaketen inpunitate osoz. Euskal Herri bat zeinaren eztabaida-iturririk emankorrena euskara bera den: zer den zuzena, zer periferikoa, zer baztergarria, zer arbuiagarria. Euskal Herri bat non euskaldunak Euskal Erdia baino ez garen, eta non beste erdiak burutik behera txiza egiten digun. Euskal Herri bat bere hizkuntzan batere konfiantzarik ez duena.
Euskal Herri bat zeinetan umeek hobe duten auto hegalariekin amets egiten jarraitu, etorkizun gertagarriago gisa.
Galdakaoko Udalak, Memoria Historikoaren legea betez, Bekea auzoko etxebizitza batean jarrita zegoen frankismo garaiko oroigarria kendu du.
Euskal Trenbide Sareak berriz lizitatuko du Galdakao eta ospitalearen arteko Metro zatia, kalkulu-akatsak aurkitu ostean.
Galdakao eta Bilbo arteko bidegorria sustatzea adostu dute Galdakaoko Udalak, Biziz Bizik eta Txirrindulari Elkarteak.
Paperetik harago, hauek dira Binkeren webgunean irakurrienak!
Aurreko urteko triatloi eta duatloi denboraldietako sariak banatu zituen Euskadiko Triatloi Federazioak Galdakaon.
Frantzian lehiatu zen Munduko Eslalon Txapelketan 35. postua lortu zuen Aingeru Garay eskiatzaile galdakoztarrak.
Josi Sierra galdakoztarrak 'Galateabot' dokumentala aurkeztu zuen Soriako mujerDOC jaialdian.
Galdakao Txirrindulari Elkartearen eskolak bere laugarren denboraldia aurkeztu zuen Torrezabal Kultur Etxean, 33 txirrindulari gaztetxoekin.
Hauek dira grabatu eta argitaratutako azken hiru bideoak Binke telebistan!
Herritarrak galdetuz: martxoaren 8a jai egun izan beharko litzateke?
Jon Azkueta idazle usansolotarrak Binketx 'txalenge'-an parte hartu du.
Igeriketa inklusiboko lehen txapelketa ospatu zen otsailaren 25an Galdakaon
Zuengandik ahalik eta hurbilen egoteko, webguneaz gain Binkek WhatsApp, Telegram, Instagram, Twitter, Facebook eta YouTube sareak ditu eskura. Eta gainera, bere zenbaki guztiak formatu digitalean argitaratzen ditu ISSUU kanalean. Esteka horiek, eta askoz gehiago, ondoko QR kodean dituzu!
Proiektu honetarako lanean:
Argitaratzailea: Aitu elkartea.
Koordinatzailea: Jon Gomez Garai.
Erredakzioa: Irati Alonso eta Beñat Armentia.
Irudia eta sareak: Naiara Perez de Villarreal.
Batzorde Orokorra: Gaizka Uriarte, Ixone Muñiz, Leire Zamalloa, Ainara G. Goitiandia, Beñat Armentia eta Iñigo Larrea.
Ilustratzaileak: Irrimarra.
Inprenta: Comeco Gráfico.
Banaketa: Mediapost eta Correos.
Hilero banatutako ale kopurua: 14.000.
Lege Gordailua: BI-41-2016
ISSN: 2444-9385
Ohiko kolaboratzaileak: Manu Etxebarria, Edu Madina, Aitzol Altuna, Estibaliz Apellaniz, Joanes Urkixo, Yayone Altuna, Irati Bediaga, Julen Gabiria, Gotzon Barandiaran, Antton Irusta, Nerea Urgoiti, Josi Basterretxea, Xabier Valencia, Nagore Ferreira Zamalloa, Edu Olea eta Bego Martinez.
linktr.ee/binke
Elkarte laguntzaileak: Ganguren Mendi Taldea, Burtotza Mendi Taldea, Andra Mari Dantza Taldea, Galdakao Gogora, Etxerat, Usansolon Euskaraz, Euskaraldia eta Bagabiz euskara elkartea.
Argazkilariak: Jabi Rojo, Gotzon Almaraz eta Julio Legarretaetxebarria.
Webguneko laguntza: Aitor Espinosa eta Naiara Perez de Villarreal.
Binke aldizkariak ez du bere gain hartzen aldizkarian adierazitako iritzi edota esanen erantzunkizunik
Harremana: 680 74 32 11 info@binke.eus www.binke.eus
Babesle ofizialak:
Martxoak 17, barikua
Artedrama, Axut! Hondamendia
Torrezabal Kultur Etxean
Ordua: 20:00. Sarrera: 7,5-10€.
Martxoak 25, zapatua
Oinarin Dantza Taldea
Usansoloko kaleetan
Ordua: 18:00
Martxoak 26, domeka
Ados, Bidebitarte eta Teatro de Malta
Muchos amigos negros
Torrezabal Kultur Etxean
Ordua: 19:00. Sarrera: 7,5-10€.
Apirilak 1, zapatua
Pausoka
Goazen 9.0
Torrezabal Kultur Etxean
Ordua: 17:00 eta 19:00. Sarrera: 6-10€.
Martxoak 27, astelehena
18:30 Peña Santa Cruz
Martxoaren 20tik 28ra
Greba orokor feministarantz
Torrezabal Kultur Etxean
Ordua: 11:30-13:30 eta 17:30-20:30
Martxoak 25, zapatua
Pirineoak. Chipeta alto (2.172m)
Ordua: 07:00 Gangurenen lokaletik
Apirilak 2, domeka
Galdakaoko Musika Banda Da Capo
Torrezabal Kultur Etxean
Ordua: 13:00. Sarrera: Doan.
Apirilak 2, domeka
Cantabria. Mortillano (1.415m) eta Peña
Rocias (1.336m)
Ordua: 09:00 Gangurenen lokaletik
Martxoak 30, eguena
Meatzaldetik mendi irteera
Martxoak 28, martitzena
Iraia Iturregi eta Gaizka Garitano
Euskararen erabileraz
19:00 Torrezabal Kultur Etxean
Martxoak 24, barikua
Zigiluak sortzeko tailerra
Gurasolagun ekimenaren barruan
17:15 Barandiaran AEKn
Martxoak 18, zapatua
Gasteizeko izotz pistara
Gazteberrik antolatua
Ordua: 16:30
Martxoak 25, zapatua
Eltziegoko Bauza upeltegira
Ordua: 10:00 Usansoloko tren geltokitik