
2 minute read
IRAKASKUNTZA
by KONFEKOOP
Hezkuntzaren Euskal Legearen aurreproiektua:beharrezkoa, baina osatugabea
Irakaskuntzako kooperatibok aspalditik aldarrikatzen ari gara lege bakar batek barne hartu eta arautu behar duela euskal hezkuntza-sistema. Ildo horretan, bat gatoz Hezkuntza Sailarekin: hezkuntzaren euskal lege berria behar da, batez ere kontuan hartuta Eusko Legebiltzarreko talde politikorik gehienek hezkuntza-akordio bat adostu dutela eta oso gertukoa dugula. Euskal hezkuntza-sistema eraldatzea da proposatutako arau berriaren helburua. Zenbait hezkuntza-printzipio, -helburu eta -balio jasotzeaz gain, bereizketaren deuseztapena, ekitatea, eskubide-berdintasuna eta bikaintasuna ditu xede, eta euskara ardatz, guztiak ere irakaskuntzako kooperatiba-sektoreak partekatutako osagaiak. Izan ere, azken urteotan, goitik behera aldatu ditugu gure hezkuntza-proiektuak, eta aldaketak egin ditugu espazioetan eta antolaketan, besteak beste. Hala ere, araua ez da behar bezain zehatza euskal hezkuntza-sistemaren funtzionamendurako funtsezkoak diren alderdiei dagokienez, eta zehaztapen hori ondorengo erregelamenduzko garapenen mende uzten du. Gure ustez, oso garrantzitsua da aurreproiektuan ahalik eta gehien zehaztea ondoren erregelamendu bidez garatuko diren funtsezko alderdi guztiak. Gainera, gure aburuz, legeak sozietate kooperatiboak berariaz aipatu beharko lituzke; alde batetik, euskal hezkuntza-sisteman duten garrantziagatik, eta, bestetik, forma juridiko horrek hezkuntza-komunitateko estamentuei benetan parte hartzeko aukera ematen dielako. Arauak irakaskuntzako kooperatiben izaera bereizgarria eta haien elementu erabakigarriak jaso behar ditu. Aurreproiektuaren arabera, euskal hezkuntza-zerbitzu publiko berria eratuko da, euskal hezkuntza-sistemaren errealitatea egituratzeko funtsezko elementu gisa. Gure ustez, hezkuntza-zerbitzu publikoa ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta betebeharrak jaso beharko lituzke arauak, bai eta dagozkien eskubideak ere, Eusko Legebiltzarrak apirilean hartutako Hezkuntza Akordioan ezarritakoari jarraituz.
Advertisement
Arauak dioenez, funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeek irakaskuntzaren doakotasuna bermatu behar dute, Legean bertan adierazitakoaren arabera. Gure iritziz, irakaskuntzako kooperatiben egungo ekonomia-, finantza- eta enpresa-errealitatea hartu behar ditu kontuan doakotasun horrek, baita orain arte hartutako konpromisoak eta beste betebehar batzuk ere. Lege-proposamenaren bidez, helburu hauek lortu nahi dira: sistemaren deszentralizazioa bultzatzea, zuzendaritza-taldeak ahalduntzea, irakasleen prestakuntza hobetzea eta hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea sustatzea. Ados gaude elementu horiekin guztiekin, baina uste dugu Euskadiko Kooperatiben Legean eta oinarrizko beste arau batzuetan ezarritakoa ere errespetatu behar duela. Legearen artikuluetan jasotako eginkizunetako asko irakaskuntzako kooperatiben gobernantza-sistemaren kontrakoak dira, eta, horrenbestez, Euskadiko Kooperatiben Legean ezarritako beharrezko organo sozialak eskola-kontseiluaren funtzioetan subrogatzeko aukera ematea proposatzen dugu.
Azken finean, hezkuntza-lege berria izapidetzearen alde dago KONFEKOOP–Irakaskuntza, beharrezkoa iruditzen zaigulako etorkizunerako aurreikusten diren aldaketei eta erronkei aurre egiteko eta hezkuntza-sektorea bera eraldatzeko. Dena den, legea osatu gabe dago gure ustez, ez baitu arestian aipatu duguna jasotzen, ez baitu sozietate kooperatiboen berezitasuna aipatzen eta ez baitu irakaskuntzako kooperatiben gobernantza errespetatzen —eta guk kooperatiba horien alde jarraitzen dugu lanean. Amaitzeko, azpimarratu behar da KONFEKOOP–Irakaskuntzan federatutako 89 irakaskuntza-kooperatibek eta haietako 74.100 ikasleek, 55.298 bazkideek eta 7.026 langileek euskarari, euskal kulturari, kalitatezko hezkuntzari, gure herriari eta gizartearen erronkei ekarpena egiten jarraituko dutela, orain arte egin duten bezala.