5 minute read

Oihane Ucin Iriarte

Next Article
DBH4koen agurra

DBH4koen agurra

Oihane Ucin Iriarte Floreagako ikasle ohia da. Enpresa eta Humanitateetan lizentziatua, bankuen munduan aritzen da lanean. Anaitasuna Futbol Taldean aritu da azken bolada honetan. Galdera batzuk egin dizkiogu “Gure Artean” aldizkariaren 82. alerako.

Zein dira zure txikitako oroitzapenak?

Advertisement

Ume alaia eta mugitua izan naiz, geldirik egoten ez zekien horietakoa. Haurtzaroan pentsatzen dudanean, kalean lagunekin edozertara jolasten egoten nintzeneko momentuak edo familiakoekin pasatako momentuak etortzen zaizkit burura, eta ia denak oroitzapen politak dira.

Eta eskolakoak?

Eskolako oso oroitzapen onak ditut. Gela ona izan ginen beti, edo hori zioten behintzat irakasleek. Adineko gehienok laguntasun handia izaten jarraitzen dugu, nire koadrila guztia eta bikotea ere eskolakoak izanik. Gehien gogoratzen ditudan momentuak egiten genituen egunpasak eta ikasbidaiak dira, lagunekin leku ezberdinak bisitatu eta ekintzak egiteak ilusioa egiten baitzidan.

Floreaga eskola utzi ondoren, zer ikasketa egin dituzu?

ADE + International Management Skills ikasi nuen Deustuko Unibertsitatean. Amaitu bezain laster hasi nintzen lanean, baina ikasten ere jarraitu dut. Finantza Aholkulariaren Postgradua egin berri dut eta irakasle izateko masterra amaitzear nago.

Zein izan da zure lan ibilbidea?

Gradua amaitu bezain laster Begi Bistan izeneko turismo eta zerbitzu enpresa batean hasi nintzen lanean. Bertan arlo komertzialaz eta marketinaz arduratzen nintzen, baina batzuetan ekintzak gidatzea ere tokatzen zitzaidan. 2020 amaieran, egoera irregularra zela eta, Kutxabanken hasi nintzen lanean, eta bertan jarraitzen dut orain. Beti gustatu izan zait pertsonekin tratatzea, eta batzuetan egoera deserosoei aurre egitea tokatzen zaidan arren, gustura nago lanean.

Munduko bazter batzuk ezagutu dituzu, zure ikasketa prozesuan. Zer gertatu zaizu harrigarriena?

Ikasketa prozesuan gertatu zaidan gauzarik onena Donostian etxebizitza konpartitzea izan da Ane eta Mikelekin. Unibertsitatean oso koadrila polita egin genuen eta izugarrizko oroitzapenak ditut, astea bertan pasatzen genuenez denbora asko iragotzen baikenuen elkarrekin. Bigarren mailako udan, irakasgai bat eta Deustuk Vicente Ferrer fundazioarekin eta Bangaloreko unibertsitatearekin zituen akordioak zirela eta, Indiara joateko aukera izan genuen klaseko guztiok proiektu batean parte hartuz. Bidaia polita baina aldi berean gogorra izan zen, barrua mugitzen zuten gauza asko ikusi baikenituen. Azken urtean, aldiz, Alemaniara joan nintzen Erasmus programarekin. Etxean 7 nazionalitate ezberdinetako jendea bizi ginen, eta kultura ezberdinei buruz asko ikasteaz gain, leku mordoa bisitatzeko aukera izan nuen bertan nengoen bitartean.

Anaitasunaren nesken taldean ari zara jokatzen. Zein izan da zure ibilbidea futbolean?

Pixka bat mugitu naizela esan daiteke… DBH amaitu arte Anaitasunan egon nintzen, baina 16 urte genituela, herrian taldea osatzen ez zela eta Zestoara joan beharra izan genuen 5 azkoitiarrek. Bertan bi urte egin genituen, bigarrengoan baita Jubenilen liga irabazi ere. Hurrengo urtean, ordea, Anaitasunan berriz taldea osatzen zela eta itzuli egin ginen, urte horretan berriz Jubenilen liga irabaziz. Jarraian, Zarautzek zuen proiektua gustatu zitzaidanez, bertara joatea erabaki nuen, izan ere, Euskal Ligan zeuden eta bigarren mailara igotzea zuten helburu. Urte hori izugarria izan zen, liga irabazi eta bigarren mailara igotzea lortzeaz gain, lagun asko egin bainituen, eta taldekideon arteko harremana ezin hobea izan baitzen. Bigarren mailan urtebete iraun genuen, eta jaitsitakoan beste urte bat ere egin nuen Zarautzekin Euskal Ligan. Gradua amaitzean, etxera bueltatu beharrarekin bat etorri zen Anaitasuna Euskal Ligara igo berri zela, eta berriz bertara itzultzea erabaki nuen lehengo urtean. Aurten, bigarren mailara igotzea hasiera batean helburutzat ez zegoen arren, oso oso gertu ibili gara… Herritarrez osatutako herriko talde bat izanik, ametsetako denboraldia egin dugu!

Gol garrantzitsu batzuk sartu dituzu… Zein dira gogokoenak?

Aurrelaria edo erdilari aurreratua naizenez, beti gustatu izan zait golak sartzea. Gogokoenak erregate bereziak edo baloia takoiz jo eta gauza arraroen ostean etortzen direnak dira niretzat. Izan ditudan entrenatzaile gehienek horrelakoak egiteagatik errieta egiten didaten arren, neurean jarraitzen dut beti, futbolaren politena eta dibertigarriena hori iruditzen baitzait. Oraingo entrenatzaileak, Gorkak, futbolean erdi brasildarra naizela esaten dit txantxetan.

Nolako giroa nabaritzen duzu zuen taldean?

Taldeko giroak asko eragiten du emaitzetan, edo emaitzek asko eragiten dute taldeko giroan. Oroitzapen onenak ditudan urteak futbolistikoki zerbait lortu edo ia lortu dugun urteak izan dira. Helburuak lortzeko gertu ikusten zarenean, taldea gehiago batzen dela iruditzen zait. Aurtengoa Anaitasunan orain arte izan dudan urterik onenetakoa izaten ari da, eta hurrengo urteak ere oso itxura ona du, gutxi gorabehera talde berdina mantenduko dugula baitirudi.

Zein dira, zure ustez, kirolean transmititzen diren giza baloreak?

Oso garrantzitsua da talde batean partaide guztiak beharrezkoak direla ulertzea. Hasieratik hamaikak jokatzen duten arren, ondoren jokatzera irtengo direnek partidua erabaki dezakete, eta jokatzeke geratu direnek ere rol garrantzitsua izan dezakete astean zehar partidua prestatzen ari garen bitartean. Gainera, edozein momentutan aldatu daiteke jokatzeko modua, edo norbaitek min hartu dezake, eta hasierako partiduetan asko jokatu ez duen batek protagonismoa har dezake pixkanaka. Entrenatzailearen rol garrantzitsuena eta zailena talde osoa motibatuta izatea da, baina norberaren lana da egoera ulertu eta taldearentzat onena zer den ikustea, zeure buruari bakarrik begiratu beharrean.

Eskola eta heziketan ibilbide bat egin duzu. Zer baloratzen duzu gehien heziketan? Zeri eman beharko litzaioke indarrik handiena? Zergatik?

Ekintzak eta ikasgelako ariketak taldean egitea oso garrantzitsua iruditzen zait, elkarri laguntzeaz gain, aberasgarria baita pertsona ezberdinen ikuspuntuak aztertzea, denek baitute beti gehitzeko zerbait. Horrez gain, bizitzarako zeharo garrantzitsuak diren sozializatzeko gaitasunak lantzen dira, etorkizunean eta beraien ohiko ingurunetik irteten direnean umeek eskertuko dituztenak.

Covid19aren egoera xelebrean gaude. Nola ikusten duzu? Ba al duzu mezurik emateko alor honetan?

Konklusio garbiena da espero genuenaren aldean oso luze joan dela eta guztiok egoeraz nazkatuta gaudela. Txertatzearen garrantzia azpimarratu nahiko nuke, normaltasunera itzultzeko modu bakarra baita.

Udaberrian gaude. Ekainaren 24ko bezperako gaua majikoa da, San Joan sua eta guzti. Zer erreko zenuke sutan? Zer sortzea nahiko zenuke?

Azken urte eta erdia zailak izan dira guztiontzat, eta egon diren gatazka guztiak ikusita, gorrotoa eta amorrua erre nahiko nituzke, enpatiari, bakoitzaren egoera ulertzeari eta itxaropenari bidea irekiz.

Mila esker, Oihane.

TESTA

Edaria: Garagardoa Janaria: Txokolatea Mutil izen bat: Markel Neska izen bat: Kattalin Kirola: Futbola Pelikula: The Greatest Showman Seriea: Game of Thrones Aktore bat: Steven Knight (Tomas Shelby) Aktoresa bat: Maisie Williams (Arya Stark) Bidaia bat: New York Mendi bat: Hernio Hondartza bat: Itzurun Nazio bat: Euskal Herria Herri edo hiri bat: Donostia Musikari bat: Olatz Salvador Abesti bat: Corazon de tango Museo bat: Museum of Natural History (NY) Kolore bat: Urdina Urtaro bat: Uda Zaletasunak: Futbola, bidaiatzea eta parranda. Pertsonaia historiko bat: Xabi Alonso

This article is from: