5 minute read

Izaskun Lete

Next Article
DBH4koen agurra

DBH4koen agurra

Izaskun Lete Floreagako ikasle ohia da. Orain ikastetxeko bi haurren ama da, gainera. Eta BBVAn ordezkapenak eginez dabil lanean. Galdera batzuk egin dizkiogu “Gure Artean” aldizkariaren 82. alerako.

Zein dira zure txikitako oroitzapenak?

Advertisement

Oroitzapen asko ditut, bai etxekoak eta bai eskolakoak… Txikitan baserrian bizi nintzen eta han ez nitzen aspertzen, beti bilatzen nuen zerbait entretenitzeko. Bizikletan asko ibiltzen nitzen, mendira ere sarritan joaten nintzen aulki txiki bat hartuta, gero zuhaitzaren azpian eserita egoteko… Gure amamak ere askotan esan izan dit, beti panpinez, liburuz eta jostailuz gainezka kargatuta, ibiltzen nintzela baserrian zehar… bapo bizi nitzen!

Eta eskolakoak?

Eskolara gustura joaten nitzen, giro osa ona genuen gelan eta ikaskideekin eta irakasleekin ez nuen arazorik. Gainera, nire koadrilako guztiak, gutxi gorabehera, txiki-txikitan Floreagan ezagututako lagunak dira, eta eskolako ekintza gehienak ere elkarrekin egiten genituen. Astean zehar, eskolatik irtetean, kirol-entrenamenduak izaten nituen. Gehien gustatzen zitzaidan kirola futbola zen eta oso gustura ibiltzen nintzen. Larunbatero, Alai-Batzara joaten nintzen lagunekin, arratsalde pasa, goxokiak janez eta jolastera… Ostiraletan, berriz, ADS edukitzen genuen. Ia egunero, eskola amaitzean, eskolaz kanpoko ekintzaren bat izaten nuen!

Floreaga eskola utzi ondoren, zer ikasketa egin dituzu?

Floreagan amaitzean, Natur-zientzien batxilergoa egin nuen, hementxe Azkoitin. Bi urte horiek, oso gogorrak izan zirela gogoratzen dut, urte zailak, eta ez nuen disfrutatu. Ondoren, informatikako ikasketak egin nituen eta horiek amaitu ostean, merkataritza eta marketineko goi-mailako ikasketak burutu nituen Donostian. Beka bat lortu nuen Maltara joateko ingelesa ikastera, bi hilabeterako. Oso esperientzia polita eta aberasgarria izan zen, errepikatzeko modukoa. Osterantzean, beste hainbat kurtso egin ditut, besteak beste, giza baliabideen kudeaketari dagokiona, duela gutxi.

Zein izan da zure lan ibilbidea?

Informatikako ikasketekin hastearekin batera, lanean hasi nintzen ostalaritzan. Gutxi gorabehera, 15 bat urte igaro nituen zerbitzari lanetan, nire lehenengo umea jaio zen arte, hain zuzen ere. Lan lotua eta gogorra da zerbitzari postua, baina oso gustuko dudan ogibidea. Eta egia esan, pena handia eman zidan lana utzi beharrak, baina familiari dedikatu nahi nion ahal nuen denbora guztia, eta ezinezkoa nuen lanean jarraitzea. Duela bost urte, merkataritza eta marketineko ikasketekin lotuta BBVA-n ordezkapenak eginez, lanean hasteko aukera eskaini zidaten eta halaxe hasi nintzen orain arte, eta oso gustura nabil.

Ume txikien ama izatea… Nola sentitzen duzu?

Oso pozik nago osatu dudan familiarekin. Bizipoza eta indarra ematen dit seme-alabak nola ari diren handitzen eta hezitzen ikusteak. Bi ume txikik lan asko ematen dute baina, aldi berean, asko erakusten dute eta egunean zehar eskaintzen dizkidaten momentuek, baita detaile txikienak ere, ez dute preziorik, ez nituzke une horiek beste ezeregatik aldatuko!

Nola lortzen da enpresan lana egitea eta etxeari eustea, aldi berean?

Ez dut esango batere erraza denik. Hala ere, ni lanean naizen garaietan, aiton-amonen laguntza izaten dut umeak eskolara eramateko, jasotzeko eta bazkaria emateko, beraz, ezin naiz kexatu. Ahal dugun moduan organizatzen gara! Bestetik, senarrak ere laguntzen dit umeekin eta etxeko lanak egiten, ahal duen neurrian, noski. Bestela, laguntzarik gabe, ezinezko nuke guztia aurrera ateratzea.

Zuen umeentzat Floreaga ikastetxea aukeratu duzue. Zergatik?

Nik argi nuen, noizbaiten umeak izaten banituen eta Azkoitin bizi banintzen, umeak Floreagara ekarriko nituela. Ez nuen zalantzarik. Eta senarra konbentzitzen berriz, ez

nuen lan handirik izan!! Izan ere, gure seme-alabentzat prestakuntza integrala nahi genuen, ikasketei ez ezik, garapen pertsonalari ere garrantzia ematea. Horretaz gainera, neu Floreagan ibili izanak, asko bultzatu zigun umeak bertara ekartzera. Izan ere, hainbeste urteetako bizipenak eta oroitzapenak, ahaztezinak dira, eta horretaz aparte, neureganatutako baloreak, ezagutzak, prestakuntzak…

Zein dira, zure ustez, eskolan transmititu behar diren giza baloreak?

Giza baloreak asko aipatuko nituzke: enpatia, heldutasuna, entzuten jakitea, elkartasuna, konfiantza, laguntasuna, umiltasuna, errespetua, pakea… Oraindik ere gogoratzen naiz, DBH1era iritsi nintzenean, euskarako irakasleak, serio-serio, behatza sarrerako atera luzatuz nola esaten zigun “Hor kanpun DBH1 jartzeu, eztu LH jartzen…” Alegia, helduak ginela adierazten zigun eta umekeriak alde batera utzi behar genituela.

Covid19aren egoera xelebrean gaude. Nola ikusten duzu? Ba al duzu mezurik emateko alor honetan?

Egoera xelebrea bezain larrian gaudela, esango nuke. Aste Santuen bueltan, gero eta kutsatu gehiago dago… tristura eta beldurra ematen dit egoera honek. Egia da, nazkatu xamar edo zeharo nazkatuta gaudela hartu beharreko neurriekin: musukoa, distantziak, hamarretarako etxeratu egin behar, herritik ezin irten, momentu oro hidrogela ipintzen… baina, geure burua zaintzeko eta ingurukoena babesteko ezinbestekoak dira, aldi berean. Eta hala eta guztiz ere, esango nuke, neurri guztiak hartuta ere, nahiko lan badela kutsatua ez izateko. Bestalde, ari dira txertoak ipintzen, nahi nukeena baino astiroago, baina horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen dit. Izan ere, babestuago egongo garela deritzot eta egoera honekin amaituko dugunaren itxaropena pizten dit.

Nola gogoratzen duzu, lehengo urtean Covid19a gurera iritsi zeneko garai hura? Zertan eragin dozu?

Gogoratzen dut, hasieran batean, Covid19aren inguruan informazio falta zegoela eta gripe batekin konparatzen zutela. Egunak aurrera joan ahala, egoera okertzen joan zen eta bat-batean etxean konfinatuta geunden. Hasieran, larritu egin nintzen umeekin etxetik atera gabe, nola konponduko ote ginen baina, egia esan, arazorik gabe pasa genituen aste horiek. Umeekin gehiago egoteko eta disfrutatzeko aukera bat izan zen niretzat. Bestetik, familia eta lagunei dagokienez, nolabait banantzea ekarri zigun, urruntzea. Familiako bazkariak, ospakizunetako jatorduak, lagunekin hileroko afariak eta larunbatetako gosariak… Guztia bertan behera utzi genuen eta oraindik ere, horrela jarraitzen dugu, zain noiz iritsiko normaltasunera, lasaitasunez elkarrekin egon ahal izateko.

Udaberrian gaude. Ekainaren 24ko bezperako gaua majikoa da, San Joan sua eta guzti. Zer erreko zenuke sutan? Zer sortzea nahiko zenuke?

Koronabirusa bera, botatzea balego!! Hainbeste nahigabe, buruhauste eta sufrimen ari da eragiten… Ez dut besterik eskatzen, pandemiarekin amaitu eta betiko normaltasun, lasaitasun eta ohituretara bueltatzea, lehen bait lehen.

Mila esker, Izaskun.

TESTA

Edaria: Ura Janaria: Paella Mutil izen bat: Aimar Neska izen bat: Sarai Kirola: Futbola Pelikula: Ocho apellidos vascos Aktore bat: Paco Leon Aktoresa bat: Aitziber Garmendia Bidaia bat: Dubai Mendi bat: Xoxote Hondartza bat: Kontxa Nazio bat: Euskal Herria Herri edo hiri bat: Zarautz Musikari bat: Pello Reparaz Musika taldea: Bulego Abesti bat: Zurekin batera - ETS Museo bat: Donostiko Aquariuma Kolore bat: Berdea Urtaro bat: Uda Zaletasunak: Musika, mendia

This article is from: