
4 minute read
Zizurkilgo herritarrek energiarekiko dituzten ohiturak
from XIXURRITZ 2022-2023
by otanoeskola
Elkarrizketa
AINHOA AZPEITIA (Zizurkilgo Udaleko Ingurumena eta Landa Garapeneko Teknikaria)
Advertisement
Zenbat urte daramatzazu Zizurkilgo
Udaletxean lanean?
2001ean hasi nintzen, orain dela 22 urte.
Zein aurrera pauso eman ditu Udalak energiari dagokionez? Zein aldaketa egin dira herrian?
Azkeneko urteetan saiatu gara energia kontsumoa gutxitzen, ni nabilenetik, behintzat, horretan gabiltza. Energi kontsumoa gutxitzeko, zer egin da? Alde batetik, kaleko argiterian eta udal eraikinetan kontsumo baxuko bonbillak jarri dira, led bonbillak, bonbilla horiek gutxiago kontsumitzen dute. Horretaz gain, argiteri publikoa, kaleko argiak, programatuta daude, kanpoan gutxi ikusten hasten denean piztu daitezen. Beste alde batetik, bakoitzak bere kotxea erabili beharrean garraio publikoa indartzeko autobus zerbitzuetan ordutegia gehitzeko lan egin zuen udalak.
Gabonetako apaingarriekin ere lan handia egin zen. Azkeneko urteetan, beste herri batzuetan entzun dugu hasi direla gabonetako bonbilla-apaingarri gutxiago jartzen. Ba, Zizurkilen urteak daramatzagu gabonetan bonbillak jartzen ez ditugula. Beste modu batean apaintzen da herria eta horretan zuek ere parte hartu duzue gabonetako apaingarri jasangarriak egiten; material berriztagarriekin eta eskulanekin apaindu dugu herria energia kontsumitu gabe.
Beraz, batetik, horrelako ekintza handiak eta bestetik, horrelako ekintza xumeak egiten saiatu gara. Gure lehenengo-lehenengo helburua hori izan da, kontsumoa murriztea, beharrezkoa dugun hori bakarrik erabiltzea. Behin lortzen dugunean energia- kontsumoa gutxitzea, orain, saiatu behar dugu kontsumitu behar dugun energia hori iturri berriztagarrietatik lortzen. Beraz, hori bigarren urratsa izango litzateke, behar dugun energia ea iturri berriztagarriekin osatzerik badugun.
Udalak laguntzen al die herritarrei energia gutxiago kontsumitzen (bide gorriak, autobus ordutegiak )?
Bai, saiatu gara gauzak egiten eta gauzak egin dira, gero norberaren erabakia ere izaten da, herritar bakoitzaren erabakia. Saiatu gara baliabideak jartzen. Bidegorria egin zen: Zizurkil-Asteasuko bidegorria. Hor enpresa asko daude eta enpresa horietara kotxez joan beharrean, bizikletaz ere lanera joateko aukera badago. Bestetik, lehen ere esan dudan bezala, garraio publikoa eta autobus zerbitzua indartzen saiatu gara. Hori Tolosaldea mailan egiten dugu, ez Zizurkilen bakarrik, Zizurkilek ez baitauka bere autobus propioa. Bestalde, aipatu berri ditugun bidegorria eta garraio publikoa indartzeaz gain, egin izan ditugu kontsumoa eta energia murrizteko “tailerrak”. Herritarrei eskaini eta zabaldu izan zaizkie doako tailerrak kontsumoa murrizteko aholkuak emanez, eta faktura ulertzeko ere bai, non kontsumitzen dugun gehiago… Egin dira sentsibilizazio lanak: udal batek ezin dio esan herritar bati nola kontsumitu behar duen energia, ezin du derrigortu, baina baliabideak eman dizkiegu, eta baliabiderik nagusiena informazioa da. Beraz, bide horretatik joan gara.
Nork erabiliko du/ zertan erabiliko da herrian sortutako energia (eguzki plaketatik sortutakoa…)?
Momentuz Zizurkilek berak, Udalak, ez du energia sortzen. Orain arte egin duguna da energia kontsumitu. Orain, berriz, hasi gara bigarren pausoa ematen, hau da, energia berriztagarriak ezartzen. Eguzki plakak jarriko dira lau eraikinetan: Otañoko teilatuan, Zizurkil goiko Iriarte kultur etxean, San Millan eskolan eta Zubimuxu ikastolan ere jarriko dira Baina hortik sortutako energia ez da izango udal eraikinetan kontsumitzeko bakarrik, baizik eta etxeetan kontsumitzen duzuen energiaren zati bat ere plaka horietatik kontsumitu ahal izango da. Horretarako komunitate energetiko bat sortu da; komunitate energetiko hori herritar guztiei dago irekita, hau da, herritar batek edo atxikitu nahi duen edozein familiak deituko du horretarako dagoen telefono zenbakira eta adieraziko du interesatzen zaiola bere etxean kontsumitzen duen energiaren zati bat plaka horietatik hartzea. Beraz, nahi izanez gero, familia batek egin behar duena da, elkarte energetiko horretan izena eman eta horrela ahalko luke kontsumitzen duen energiaren zati bat, plaka horietatik kontsumitu. Udala ere elkarte horretan egongo da. Beraz, energia horretaz baliatuko gara udal eraikinetan eta komunitate energetikoan sartzen diren familiak. Eta kontuan izan, orain izango dela energia berriztagarri hori sortzen hasten garen lehenengo aldia; orain arte udalak egin duena izan da bere eraikin publikoetan eta argiterian energia kontsumitu, ez sortu.
Jakin dugu Zizurkilgo eremu batean, Ezkeltzun, parke eoliko bat eraikitzeko egitasmoa dagoela. Gaiari buruz zerbait azaldu diezagukezu?
Bai… Orain dela urte bat, iritsi zitzaigun udaletxera enpresa baten eskutik AndatzaEzkeltzun lau haize-sorgailu jarri nahi zituztela eta parke eoliko bat jartzeko asmoa… Momentuz asmoa da, proiektua aurkezten denetik gauzatzen den arte baimenak behar ditu, ez dago bakarrik udalaren esku, udala hor ingurumen aldetik sortu dezakeen inpaktuen inguruko txostenak eta egiten ari da, baina beste erakunde batzuen eskutan dago, Eusko Jaurlaritzaren Industria sailaren esku dago. Momentuz asmo hori, itxura denez, geratuta dago. Asmoa bazegoen, mahai gainean dago asmo hori… 4 dorre dira, 4 sorgailu, 200 metrokoak… Kezka sortzen digu herrian ez bakarrik haize-sorgailuek baizik eta instalazio hori guztia egiteko bidean egin beharreko pistak eta errepide berriak. Hori guztia Ezkeltzuko mendi puntan egin nahi dute. Ezkeltzu herrian oso maitatua den mendia da eta beste erabilerak dauzkan mendia… Orduan kezka daukagu. Horren gainean gaude. Momentuz, esaten dute asmoa geratuta dagoela eta hor jarraitu beharko dugu… zertan den eta… adi!
Parke eolikotik lortutako energia zertan erabiliko litzateke?
Ikusten al dituzue tentsio altuko kableak? Ba al dakizue zer diren tentsio altuko kableak?
Dorreak eta ikusten dituzue? Hori dena sare bat sortuta dago. Sare horien bidez argindarra herrietan, probintzietan eta hirietan barrena garraiatzen da, baita herrialde batzuetatik besteetara ere. Sormen puntu batzuk daude, toki batzuetan sortzen dira eta kable horien bidez garraiatua izaten da eraikin guztietara. Ezkeltzun sortuko den energia eraman nahi dute Adunan dagoen zentral batera eta gero hortik sare orokorrera banatu. Orduan, non erabilia izango den? Azkeneko puntua ez dakigu, baina sartuko litzateke sare orokorrean eta gero beharra dagoen tokietan kontsumituko litzateke. Han sortuko da, Ezkeltzun, baina ez da bakarrik Zizurkilen kontsumituko den energia bat edo kontsumitu nahi duten energia bat baizik eta han sortu eta sare orokorrera saldu egingo dute. Azkenean negozio bat da enpresa pribatu batek interesa dauka, hor jarri nahi du, hori sortuko du, baina negozio bat da eta saldu egingo da eta kontsumitzen duenak ordainduko du.
ZIZURKILEN ENERGIA SORTZEN AL DA?
Zizurkilen, beste leku batzuetan bezala energia trantsizio unean gaude. Zer esan nahi du honek? ”Momentuz Zizurkilek berak, Udalak, ez du energia sortzen. Orain arte egin duguna da energia kontsumitu. Orain, berriz, hasi gara bigarren pausoa ematen, hau da, energia berriztagarriak ezartzen. Eguzki plakak jarriko dira lau eraikinetan”. “Lehenengo helburua energia kontsumoa murriztea da, behin hori eginda egin beharreko bigarren urratsak izan behar du kontsumitzen den energia hori energia iturri berriztagarrietatik lortzea”. Eta horretan ari da Zizurkilgo Udala, oraingoz eguzki-plakak jarri dituzte lau eraikinetan.

Zizurkilgo Ezkeltzun parke eolikoa egiteko proiektua dago.
Momentuz Andatza-Ezkeltzun parke eolikoa egiteko proiektua geratuta badago ere, asmoa hor dago. Proiektu honek kezka sortu du herrian.

Nolako eremua da Ezkeltzu?
Mendiko larreak izateaz gain, Andatza-Ezkeltzu inguruneak ondare zabala, bai naturala, bai arkeologikoa gordetzen du, esate baterako, elur zulo bat, saroi harria…
Babestutako espezie batzuk ere badaude, adibidez, miruak eta saguzarrak.