XUXURLA 2020

Page 30

30

DENOK BERDINAK, DENOK DESBERDINAK

IKASLE OHIEN LAGUNTZA Aurten bizi izan dugun konfinamendu egoerak ikasle batzuen beharrizanak areagotu ditu. Arazo honi irtenbide egokia emateko ikasle ohien laguntzaz baliatu gara. DBHn 6 ikasle ohik (Adriana Ansotegi, Garazi Jaka, Iraitz Berastegi, Aritz Razkin, Garat Flores eta Oier Huizi) eta LHn beste batek (Izar Parot) 11 ikasleri eskaini zieten beraien denboraren parte bat ikasketa telematikoek sortutako zailtasunak kudeatzen laguntzeko. Ikastolako zuzendaritza taldeak bideratuta Lehen Hezkuntzako etapa bilera batean praktiketako ikasleek hainbat umeri laguntzeko aukera ipini zen mahai gainean. Ideia hau ontzat hartu eta orientazio praktiketan zegoen ikasle bati eskaini zitzaion aurrera eramateko aukera. Emaitzak positiboki baloraturik, DBHn detektatutako beste behar batzuei antzeko soluzioa ematea pentsatu zen. Laguntza saio hauek eraginkorrak izateko lehen urratsa laguntzaile eta ikaslearen arteko lotura emozionala ziurtatzea zen. Behin hori lortuta, irakasle laguntzailea ikaslearen bihurtu zen, goiz osoko ibilbidean bere parean joanez. Hau guztia posiblea izan zen bien artean goizaren hasieratik bideodei bidezko konexioari esker. DBHko etapan, ikasleek ordu eta erdiko 3 saio zituzten eta saio bakoitzean irakasleek egin beharreko lanaren azalpena eta jarduerak planteatzen ziren. Helburua, proposatutako lana saio horietan bukatzea, arratsaldea familiarekin edota beste jardueretan pasatzeko aukera emanez. Laguntza eskaintzeko urratsak honakoak izan ziren: - Bideodeietan ikaslearekin konektatu eta ikasleak pantaila aurkeztu. Laguntzaileak ikasgelara joateko orientabideak ematen zizkion eta ikasgaiko saioan sartzeko eskatzen zion. - Arloko irakasleak planteatutako lana irakurri: batzuetan irakasleak bideodeietan konektatzeko eskatzen zuen, eta beste batzuetan aginduak idatziz zeuden. - Saio horretako lanak planifikatu eta zalantzak argitu edo bideratu (irakasleari galdetuz‌). - Lanak entregatu zituztela ziurtatu. - Goizaren bukaeran zer falta zaien ikusi eta egin ez bazuten irakaslea informatu, zergatia azalduz. Hau guztia aurrera eramateko baldintza zehatz batzuk bete behar izan genituen. Lehenik eta behin, irakasle taldeak orientatzailearekin batera laguntza behar duen ikasleak detektatu behar izan ziren. Bestalde, familia planteamenduaz informatu eta bere oniritzia jaso. Azkenik, ikastolako IKT arduradunaren inplikazioa ezinbestekoa da. Lan honek arrakasta izan zezan, jarraipen zuzena egitea ezinbestekoa izan zen. Horretarako, orientatzailea eta arloetako irakasleak laguntzaileekin kontaktu zuzena izan zuten eta koordinazio lan handia egin zen. Esperientzia honek inprobisazio une asko izan zituen, inplikatutako banakako guztiak koordinatzea ez baitzen lan erraza izan. Funtzionamendua momentuan sortu ziren elkarrekintza eta egoeretara egokitzen joan zen. Ondorioa? oso esperientzia polita eta onuragarria, bai ikasle bai irakasleentzako. Etxarriko Andra Mari ikastola oso eskertua dago ikasle ohiek azaldu duten borondate onarekin. Eskerrik asko hau guztia posible egin duten guztiei!!


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.