XUXURLA 2021

Page 1

andra

mari ikastola

Eredu kooperatiboaren adibide gara! KIMU berriak hazten. DBHko eraikina: zaharrak berri.

Andra Mari Ikastolaren Aldizkaria

12



edo gai hi o k a a akir n tu n zenb at luza maneta o g b . e n u r n e r g r e Hur posam ekin ha n dizue pro te, gur skatze nu ne baze aitezte z jar

SARRERA Ikasturte zaila utzi dugu atzean, baina gure proiektuek sendo eta irmo jarraitzen dute, eta, urtero bezala, Xuxurla aldizkaria ere hemen dugu. Andra Mari Ikastolaren aldizkariak gure proiekturi buruzko informazioa, aholkuak eta gogoetak biltzen ditu. Honako hau 12. Xuxurla dugu, eta, ohi bezala, bete-betea heldu zaigu. Josu Reparazen (Nafarroako Ikastolen Elkartearen zuzendaria) artikulu batek ematen dio hasiera aldizkariari. Bertan, Andra Mari Ikastola eredu kooperatiboaren eredutzat hartzen du. Gero, Zer dio? atalean, Itziar Begiristaini (Andra Mari Ikastolaren zuzendari administratiboa) egindako elkarrizketa jasotzen da, eta egunerokotasunean zertan aritzen den azaltzen digu. Jarraian, DBH 4. mailakoen agurrerako bertsoekin hunkitzeko aukera ere izanen dugu. Gogotik atalean hiru artikulu interesgarri irakurtzeko aukera ematen digu Xuxurla aldizkariak, hiru ikasketa-etapak kontuan hartuta. Lehena, Haur Hezkuntzan askatasunaren eta mugak jartzearen arteko orekaz mintzo zaigu, oso adibide interesgarriekin. Bigarrenean, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak Lehen Hezkuntzarako sortu duen Kimu proiektu berria azaltzen da. Eta, azkenik, hirugarren artikuluan, DBHn jaso zuten formazio interesgarri baten berri ematen zaigu: Baloreetan oinarritutako erresilientzia. Ez da gutxi!

12 2021eko ekaina

Barra-barra atalean, irakurketa-idazketaren garrantzia nabarmentzen duen artikulua irakur dezakegu, eta, Euskara atalean, Euskaraldia ariketa kolektiboari buruzko xehetasunak ematen zaizkigu. Jarraian, Andra Mari Ikastolako zenbait ikasle ohik euren lekukotasunak eta oroitzapenak ekartzen dituzte gogora. Beste artikulu batean, Obra Batzordeak DBH eraikinean zer hobekuntza egiteko asmo dagoen azaltzen digu, eta eraikin horren 56 urteko historia ere ekartzen digu gogora. Gogoan izan hurrengo Nafarroa Oinez festa helburu horretarako erabiliko dela, besteak beste. Eta, amaitzeko, azken artikuluan euskal hezkuntza sistema propioaren bideaz irakurri ahal da, eta sistema horrek dituen 11 oinarri azaltzen zaizkigu. Gaurtik da bihar!

3 4 - 5 - 6 - 7 9 - 10 11 12-13-14-15 17 19-20-21-22 24 26-27 29 31-32 33-34

Agurra Beti aurrera Zer dio? Adiorik ez Gogotik Barra-barra Bizitakoak Euskara Harrapazak/n Denok berdinak, denok desberdinak Lan eta lan auzolan Ekin eta segi

Goza ezazu eskuartean duzun aldizkari honetaz, eta balio dezala gure proiektuaren ardatzetan sakondu dezagun, eta gure iparra zein den argi izan dezagun. Ikasturte oparoa izan dezazuela, eta zaindu gaitezen! Erredakzio eta koordinazioa: Itziar Begiristain, Adur Goikoetxea eta Olaia Martiarena. Kolaborazioak: Maider Ansa, Josune Arrazubi, Aiora Barandiaran, Nerea Lakuntza, Eneka Maiz, Agurtzane Ormazabal, Ane Zubeldia, Josu Reparaz eta DBH 4. mailako ikasleak. Zuzenketak: Eneka Maiz. Publizitatea: Itziar Begiristain. Diseinua eta maketazioa: Yolanda Goikoetxea. Inprimatzailea: SDI inprimategia.


04

BETI AURRERA

ANDRA MARI IKASTOLA:

EREDU KOOPERATIBOAREN ADIBIDE Andra Mari Ikastolak, Sakanako lagunek eta lagunentzat sortutako kooperatiba-ereduari leial, gizarte-berrikuntzako funtsezko eragile izaten jarraitzen du, hezkuntza-programa aitzindariak ezarriz eskola-jazarpena bezalako gaitzekin amaitzeko, material didaktiko propioak diseinatuz eta Euskal Herri osorako erabilera partekatuko beste material batzuen sorreran parte hartuz, profesionalentzako prestakuntzasistema propio eta espezifikoarekin. Andra Mari Ikastolan ezin da kooperatibismoa ulertu berau osatzen duten lagunen espiritu, konpromiso eta autoexijentziarik gabe. Sortu zenetik, duela berrogeita hamar urte baino gehiago, zailtasunak eta belaunaldi-aldaketak izan ditu, baina beti eutsi die bere sorrerako balioei: demokrazia, lankidetza, kooperazioa, konpromisoa, erantzukizuna eta elkartasuna, kideen partehartze kontzientea eta aktiboa sustatuz, eta interes kolektiboak norbanakoen interesen gainetik jarriz. Esan dezakegu eredu kooperatibo hori sendotutako eredua dela, estres-probak gainditu dituena, sortzaileak ezagutzera eman dituena eta belaunaldi berriak sartzean berrasmatzen dena. Kooperatibismoa humanismoan oinarritzen da. Humanismo horrek gizartea eraldatu nahi du, pertsonaren duintasunean, integrazio komunitarioan eta gizarte-antolamenduan duen zentraltasunean oinarrituta, lankidetza antolaketa demokratikoko sistema gisa erabiltzen baitu. Gaur egun kooperatibak diren gizarte-jarduera horietako askok, demokrazia berreskuratu ondoren, administrazio publikoen tutoretzapean amaitu zuten, eta txertatuta dauden komunitateetan hezkuntza-, kultura- eta ekonomiaeraldaketa sakonak sortzen jarraitu dute. Kooperatiben lehiakortasun-aldea pertsonen berrikuntzarako eta partaidetzarako gaitasunean dago. Komunitatean dagoen giza potentzialak eta antolakuntza-potentzialak aurrera egiteko aukerak eskaintzen ditu, eta gizarte-ekintza solidarioan eraginkortasunaren gakoak aurkitzen dira. Gaur egun, euskarazko hezkuntzaren arloan dagoeneko garatuta dagoen sistema publiko batekin, hirugarren sektore horretatik, hots, hezkuntza-kooperatibetatik abiatzen diren ekimenek ezaugarri garrantzitsuak dituzte, eta aintzatespena eta arreta ere merezi dute. Bestalde, erantzunkidetasun-ahalegina eskatzen dute, aktibatzeko ahalegina ere bai, nork bere arazoen aurrean erantzun aktiboa emateko ahalegina, eta, era berean, ahalduntze-efektua dute, nork bere gaitasunak indartzekoa.


BETI AURRERA

05

Andra Mari Ikastolak, Euskal Herriko gainerako ikastolek bezala, 70eko hamarkadaren hasieratik, kooperatibismoan aurkitu zuen formularik onena Sakanarako hezkuntza-komunitate bat eratzeko; ikuspegi berri batekin, hezkuntza modu autonomoan ulertzeko gai dena, bere eremu geografikoari lotua, euskara komunikazio-hizkuntza gisa erabiltzeko gai dena, eta eleaniztasunari uko egin gabe; denbora gehiegi gutxitua eta zapaldua izan den euskal kulturaren alde lan egiten duena, familien eta ikastolako profesionalen parte-hartze integrala sustatuz komunitate horren kudeaketan. Antolaketa-eredu horrekin bat etorriz, Ikastolak ikasleen lan kooperatiboa azpimarratu du, lantaldeetan beren ikuspuntuak bereizten eta egiaztatzen ikas dezaten eta ezagutza eraikitzeko prozesuak sor ditzaten. Pertsona bakoitzak bere kabuz ikasiko lukeena baino gehiago taldean ikasten duela jakinik, ikerketa neurologiko berriek adierazten duten bezala, lan kooperatiboa sustatzen dute, banakako lanaren batura baino gehiago dena. Taldeetako kideen arteko elkarrekintza berariaz bilatzen da, baita baterako sorkuntzara bideratutako antolaketa-egiturak sortzea ere, ez elkarren ondoan jarrita, lankidetzaren bidez baizik. Horrela, Nafarroako Ikastoletan, Lan Kooperatiboak proiektu komun bat eraikitzea dakar, non bakoitzak bestearen zereginean parte hartzen duen, kudeaketa osoan parte hartuz. Ikastolek beti izan nahi izan dute neska-mutilak elkarrekin bizitzeko, gizarteratzeko eta prestatzeko leku. Metodo kooperatiboak beti ahalbidetu du desberdintasuna baloratzea eta errespetatzea, LOGSEk lehen mailako hezkuntza-helburu gisa planteatzen zuen “Gizalegezko” balioak lantzea, errespetua, tolerantzia, askatasuna eta elkartasuna oinarri hartuta, gainerako guztia eraikiz, giza eskubideen aitorpenean oinarritutako bizikidetza demokratiko eta baketsua lortzeko. Josu Reparaz Leiza Nafarroako Ikastolen Elkartearen zuzendaria

Tel.: 948 46 00 27 Fax: 948 46 09 53 E-mail: galartxasl@gmail.com


06

BETI AURRERA

IKASLEAK IPAR Edo beste modu batez esanda, gure ikasleak, etorkizuneko gizartea eraikiko duten pertsonak izanda, zer nolako pertsonak izatea nahi dugu ikastolako ibilbidea amaitzen dutenean? Galdera honi erantzun nahian, Andra Mari ikastolako Ikaslearen Irteera Profila sortu genuen duela bi ikasturte. Sorkuntza lan honetarako ikasturte oso bat behar izan genuen; ikasturte oso bat hausnartzen; ikasturte oso bat ikastolako ikasle, irakasle eta familiak lankidetzan; ikasturte oso bat guztiok norabide berean. Baina hau ez da dokumentu soil batean geratu den zerbait, horren arabera antolatu baitugu gure ibilbidea. Horrek gure norabidea markatu du; gure egiteko guztiaren iparra izan da. Baina, halako ezaugarriak garatuko dituen ikasle bat nahi dugunez, zein da gure eredu pedagogiko eta metodologikoa? Balizko erantzunarekin ikastolako Hezkuntza Proiektuaren oinarria izango genuke. Beraz, Irteera Profila zehazturik dugula, gure proiektu pedagogiko guztiak ezaugarri horiekin lerrokatu ditugu. • Konfiantzaren pedagogia: pertsona bakoitza bakarra eta errepika ezina izanik, bere gaitasun, indargune, amets eta beharretan errespetua eta konfiantza jartzen duen pedagogia da. Hortaz, autonomia, kritikotasuna, ziurtasuna eta sorkuntza garatzen dira. • Ekintza autonomoa: haurrak ezagutza berriak eraikitzen ditu bere kabuz, objektuen bidez eta beste haur batzuekin elkarrekintzan, berezko duen ikertzeko sena ekintzan jartzen duenean arreta eta jakin-mina piztuz. Beraz, autonomia, kritikotasuna, kooperazioa, eta ziurtasuna garatzen da. • KIMU: LHko lehen ziklorako material berria da eta euskal currikulumean dago oinarritua. HHko estiloa eta EKIren funtsa bateratzen ditu. Etapen arteko lotura egiten du, eta Irteera Profileko gaitasun guztiak lantzeko moduko proposamenak dakartza. Batzuk aipatzekotan, autonomia, sormena eta ekintzailetasuna sustatzen ditu batez ere. • EKI: edozein bizitza-egoeratan konpetentea izatea lortu behar du ikasleak: pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten eta egiten eta ekiten jakin behar du. • Eleanitz: konstruktibismoan oinarritutako proiektua da, hau da, esperimentazioa eta horren aplikazioan ikasten dira hizkuntzak. Euskara eta euskal kultura sustatuz, eleaniztasuna eta komunikazioa garatzea dakarren proiektua da. • Orekaz: LH eta DBHko Gorputz Hezkuntzako proiektua da. Ikasleak bere aisialdia era aske batean planifikatzeko gaitasuna izatea da. Horretarako, egunerokotasunean, prozesuak du garrantzia. Hortaz, ikasle autonomoak, kooperatiboak, ekintzaileak, sortzaileak eta komunikatzaileak garatzen dira. • KiVa: jazarpenari aurre egiteko proiektua da, eta talde fenomeno bat dela kontuan hartuta, gakoa ikasleen jarreran eragitea da, haien jarreraren eta pertzepzioaren aldaketa proposatzen duelarik. Honekin, ikasleen kritikotasuna, kooperatibotasuna, ziurtasuna, adeitasuna eta komunikazio egokia sustatzen dira.


BETI AURRERA

07

• Sormen: HHtik hasita eredu egonkorrak gainditzeko bidean jartzen gara. Bestalde, beste aspektu batzuez gain, aurreiritziak gainditu eta aukera anitzak ere aztertzen dira. Honela, ikasle kritiko, autonomo, kooperatibo, ekintzaile, sortzaile, ziur eta komunikatzaileak sustatzen dira. • Pentsaera konputazionala: problemetan edo sistemetan pentsatzerako garaian, hauekin konputagailu bat lagungarri izan dadin erabiltzen ditugun prozesu eta ikuspegiak deskribatzen ditu pentsaera konputazionalak. Ez da erabilgarria soilik arazo informatikoak bideratzeko, edozein motatako sistema, prozesu edo arazo ulertzeko eta ebazteko baizik. Honela, ikasleen autonomia, kooperatibotasuna, ekintzailetza, sorkuntza eta komunikazioa garatzen dira. •

YESict: ikasleen ekintzailetza sustatzeko sorturiko programa da. Bertan, talde kooperatiboetan, egoera bati modu ekintzailean aurre egin beharko diote ikasleek. Hortaz, kritikotasuna, autonomia, kooperatibotasuna, ekintzailetza, sorkuntza eta komunikazioa garatzen da.

• Ikaskuntza kooperatiboa: talde kooperatiboetan lanean aritzea lortzen da, eta arloetako edukiak ikasteaz gain, komunikaziorako trebezia eta talde harremanak garatzen dira. Talde txikietako lanaren erabilera didaktikoa da, hain zuzen, bakoitzaren eta besteen ikaskuntza ahalik eta gehien garatzeko. Ikasleek badakite beren helburuak lortuko dituztela, bakarrik taldekideek ere lortzen badituzte. Modu horretan, kritikotasuna, autonomia, kooperatibotasuna, ziurtasuna, adeitasuna eta komunikazioa lantzen dira.

Ikusten duzuenez, proiektu asko gauzatzen dira Ikastola osatzen duten hiru eraikin hauen barruan, baina denak norabide berean zuzenduta daude: etorkizuneko gure ikasleei begira, herritarrei begira, eta gizarteari begira. Komunitate lana da hau, eta denok jakin behar dugu zein den iparra. Ikasleek, irakasleek eta baita familiek ere. Ekin gurekin!


Garcia Ximenez Kalea 31 • ALTSASU

T. 948 564 260 610 098 595


ZER DIO?

09

ZUZENDARITZA ADMINISTRATIBOA:

EGUNEROKOTASUNEAN ZER? 2008/2009 ikasturtean hasi zen Itziar Begiristain tolosarra gurean lanean, eta orduz geroztik, bere jarduna beti egon da idazkaritzari erabat lotua. Lehenengo bi ikasturteetan, Josebe Sagastibeltza Zuzendari Administratiboarekin aritu zen lanean bulegoan, azkenik, 2010. urtean, Andra Mari Ikastolaren Zuzendaritza Administratiboa bere gain hartzeko. 11 urte eta makina bat istorio… Ikus dezagun zer kontatu digun bere lanaren inguruan: 1. 2008an hasi zinen ikastolan lanean, eta 2010eko irailetik aurrera zara zuzendari administratibo, baina zeintzuk dira zuzendari administratiboaren eginkizunak? Zuzendaria administratiboaren eginkizunak zerrendatzea nahiko aspergarria litzateke. Funtsean, ikastolaren arlo pedagogikoaren kalitate ona mantentzeko giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak modu eraginkor batez kudeatzea da zuzendari administratiboaren eginkizun nagusia. Arlo pedagogikoaren eta ekonomikoaren arteko oreka lortzea da helburua, eskura dauden baliabide guztiak ahalik eta hobekien aprobetxatuz. Zuzendaritza Batzordea da ikastolaren egunerokotasunean erabakiak hartzen dituen organoa, eta erabaki horiek ahalik eta zuzenenak izan daitezen, informazioa xehatua eta landua eramatea da zuzendaritzaren papera. Zerbitzuen kudeaketa ere zuzendari administratiboaren ardura da, hau da, ikastolak eskaintzen dituen zerbitzuak (hala nola jantokia, garraioa, zaintza zerbitzua edota garbitasun zerbitzuak) egokiak izan daitezen, etapa guztietan giza baliabideak eta baliabide materialak izatea. 2. 10 urte egin dituzu zuzendari postuan. Zein aldaketa bizi izan ditu urte hauetan ikastolak? Aldaketak oso handiak izan dira urte hauetan; azken hamarkadan ikastola asko hazi da. Ni lanean hasi nintzen ikasturtean 407 ikasle genituen, eta 20 ikasgela zeuden funtzionamenduan; gaur egun 436 ikasle ditugu, eta 27 ikasgela daude martxan. Beraz, ikasle kopurua horrenbeste handitu ez den arren, gela kopuruan gorakada nabarmena izan da. Bestalde, gizartea orokorrean asko aldatu da, gizartean kolektiboak indar gutxiago du, eta indibidualismoa handitzeko joera ikusten da. Horrek ikastolan ere badu bere isla. Ikastolak herritik eta herriarentzat sortuak izan ziren. Lan asko egin zen hasiera haietan, eta orain asko lortua dagoen arren, ikastolaren hasierako filosofia mantentzeko beharrezkoa da talde lana, bai familiena, bai langileena, ez baitago ikastolarik herrigintzarik gabe. Hizkuntzaren aldetik ere aldaketa nabarmena izan da. Nire hasieratan bilerak gaztelania hutsean egiten ziren, kideren batek euskaraz ez zekielako, eta gaur egun zuzendaritza batzordeko bilera guztiak euskara hutsean egiten dira. Euskaraz bizi eta lan egiten dugula baieztatu dezakegu, eta gizarteari eskaintzen diogun oso ezaugarri garrantzitsua da hori: euskara eta euskal kultura. Eskualdean egindako hizkuntza azterketek baieztatzen duten moduan, ikastolako ikasleek euskararen erabilera handiagoa egiten dute eskualdeko batezbestekoak baino.


10

ZER DIO?

3. Zuzendaritza administratiboak familiekin lotura zuzena du; etengabe aritzen zara hauekin elkarlanean. Nolakoa da elkarlan hori? Familiekin elkarlana oso aberasgarria da denontzat. Batak bestearengandik ikasten dugu. Familiek ikastolako barneko egitura ezagutzeko aukera dute, batzordetan parte hartuz edota Zuzendaritza Batzordeko partaide izanda. Askotan Zuzendaritza Batzordean parte hartzen duten pertsonak jabetzen dira ikastolan zenbat gai lantzen diren, eta zein anitzak diren gai horiek. Harriduraz bizi dute hau, egia esateko. Oso familia mota ezberdinak daudenez, familiek ikastolari egiten dioten ekarpena askotarikoa da, eta horrek oso aberats egiten du gure proiektua. Ikastolako partaide garenok elkarrengandik asko ikasteko aukera dugu, eta aukera hori ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatzen gara. 4. Horrez gain, eta irakasle lanetan zuzenean ez bazabiltza ere, zein da irakasle taldearekin duzun harremana? Irakasleriarekin, nahiz eta harreman zuzen-zuzena ez izan, elkarlan handia dago gure egunerokotasunean. Zuzendaritza Talde Pedagogikoarekin elkarlanean aritzen naiz, eta nire lana ez dut elkarlan hori gabe ulertzen. Talde lana oso garrantzitsua dela iruditzen zait, eta nahiz eta bakoitzak bere lan eremua izan, elkarren artean proiektuak aurrera eramatea askoz aberasgarriagoa da, bai profesionalki norberarentzat, bai proiektuentzat, lan horiek bakarka gauzatzea baino. Lehen aipatu dudan bezala, ikastolaren proiektua aurrera eramateko bi eremu hauen oreka izanda soilik eraman baitaiteke aurrera. Ezin utzi aipatu gabe ikastolan langileria guztiaren inplikazioa oso handia dela, norbera bere onena ematen saiatzen dela, eta horrek gauzak asko errazten dituela. 5. Etorkizunari begira zein erronka nagusi ditu ikastolak? Etorkizunari begira, ikastola aldiro eguneratzen ari da proiektu pedagogikoetan, eta proiektu ezberdinak aurrera eramaten ditu. Alderdi pedagogiko horretaz gain, oraintxe epe motz batean ditugun erronka nagusiak bi dira: Nafarroa Oineza eta DBHko eraikinaren eraberritzea. Nafarroa Oineza 2023 urterako aurreikusten dugu, eta horrek gure ikastolako komunitate guztia aktibatzea ekarriko du. Bestetik, Oinezarekin lortutako finantzaketak DBHko eraikina eraberritzeko aukera emanen digu. Aurreproiektu bat jada egina dago, eta Zuzendaritza Batzordeko kideak buru-belarri dabiltza lanean proiektu hau gauzatzeko. Zorionak Itziar! Eskerrik asko hainbeste urtetan ikastolaren alde eginiko lanagatik!


ADIORIK EZ

DBH 4.MAILAKO IKASLEAK:

OHARTU GABE HELDU GARA MUGARA HHn egon ginen eta Arbizukoak etorri orduan bost urte genituen dena zen guretzat berri. Klasean denak batera egon algara asko ta irri lehenengo etapa bukatu zen beste bat heldu zen sarri.

Irakasle berriak etorri guri klase ematera Ta LHko bizipenak daude gurekin batera. Hondarribiko gauak gogoan eta gero ahuntzetxera LH 5 ta 6n izan zen bidai ona Zuhatzara.

Ziklo berri bat hasi genuen taldeak nahastu zituzten ikasbidaira denak joan ginen elkarrekin bidaiatzen ta orain hemen gaude batera bai, ikastola amaitzen aspaldi hasi genuen hura ikusten dugu bukatzen.

Hamalau urte iragan dira hau dena hasi zenetik milaka_istorio sortu ditugu denok batera jadanik familia_handi bat osatu dugu momentu guztiengatik gure bizitzako lehen etapa lagun on askoz beterik

Iritsi da gure amaiera agurtzeko momentua bizi_izandako gauza guztiak bihotzean gordetuak irakatsi diguten guztia daukagu barneratua eskerrak eman nahi dizkizugu ikastola maitatua

11


12

GOGOTIK HAUR HEZKUNTZA

ASKATASUNA ETA MUGAK JARTZEA. NON DAGO OREKA? Artikulu honetan gure eguneroko hainbat egoera azaltzen dira. Helduoi dagokigu oreka bilatzea, izan ere, helduok gara umeen ezaugarriak ezagutzen ditugunak, eta hausnartzeak garapenean aurrera egiten laguntzen digu. Pertsonen bizitzako arrakasta oreka da. Muga/askatasuna eguneroko egoeretan agertzen zaigun hausnarketa da. Hona hainbat egoera: 3 urteko haur batek etengabe eskatzen digu laguntza edozein gauza egiteko. Muga jarri beharko genioke, “bakarrik” egin ahal dituen gauzak egongo direlako. Haurraren garapena beti ulertu behar dugu modu berean: haurrak egin dezakeen guztia bere kabuz egin dezake, gure presentziarekin. Eta guk egin beharko dugu ezin duen gainerakoa. Erronkaren kontzeptua ere horrela ulertu behar dugu. Adinaren garapena kontuan izanda, haurrari erronka txikiak gainditzen utzi behar zaio. Etengabe gure beharra duen haur batek autonomiarekin arazoa du. Laguntzeko modua da, autonomia uztea posible dituen ekintzetan; adibidez eskailera bat igotzen duenean. Haur talde bat jolasean ari da, eta beste haur bat hurbiltzen zaie, baina ez diote jolasten uzten. Aztertu beharko litzateke zergatik jolastu nahi duten haur horiek bakarrik. Aztertu beharko litzateke ez dutela min emateagatik egiten, ez dela sistematikoa, ez diotela beti haur berari egiten. Hori dena frogatuta, errespetatu beharko genuke haur horiek elkarrekin eta bakarrik jolasten segitzeko duten askatasuna eta eskubidea. Beste haurraren kasuan, beste haurrengandik jasotzen duen ezezko-muga hori landu beharko genuke; lagundu beharko genioke muga horrek sor lezakeen mina edo frustrazioa elaboratzen, nahiz eta ez geniokeen zapuztu behar min horren bizipena. Muga batek erronka eta aukera ere ekartzen du. Ate bat ixteak beste bat irekitzen dio; hori bilatzen eta kudeatzen lagundu beharko genioke. Elkarri mina egiteari, hitzez edo kolpez, beti jarri behar zaio muga. Salbuespenik gabe. Haurra litxarreriak jan eta jan ari da etxean. Adin horretako haur batek agian ez daki oraindik jan behar dituen kantitateak kudeatzen. Gure zainketaren parte bat da haurrari laguntzea horri muga jartzen. Baina haurrek ikasi egin behar dute euren gorputzaren asebetetze neurria topatzen. Muga beti guk jartzen baldin badiegu, zailago izanen dute euren muga non dagoen jakitea. Noizean behin litxarreriek sabeleko mina sortzen dutela ohartu behar dira.


GOGOTIK

13

4 urteko haurra korrika, jolasean eta saltoka dago egongelan eta pasabidean. Adin horretako haur batentzat mugitzea behar naturala da, oinarrizko sena da. Baina berak behar hori izateak ez du esan nahi guk ere gure behar bati uko egin behar diogunik. Biak bateragarri dira. Behar hori asetzen duela ziurtaturik, adibidez parkean edo kalean denbora gehiago igarota, behar horri etxeko egongelan muga jartzen ahal diogu. 4 urteko haurrak ez du eskatzen fardela ken diezaioten eta gurasoek ez diote kentzen. Batzuetan haurrek erresistentziak dituzte jadanik gai diren zerbait egiten hasteko, beldurragatik, bertigoagatik... Helduok lagunduko diogu muga bat modu egokian jartzen. Agian horren azpian ezintasun bat dago, eta gainditu ahal izateko, azaleratzen lagundu behar diogu. Hori gertatzen zaion haur bat zerbait erakusten ari da, eta ez baldin badugu hori mugaren bitartez kudeatzen, ezin izanen dio aurre egin. Haurrak ez du parketik alde egin nahi. Plazerraren printzipiopean bizi den haur batentzat erabat normala da hori. Baina denboraren kudeaketa guri dagokigunez, parketik alde eginen dugu hala behar duela erabaki dugunean, komeni da haurrari tarteka gogora ekartzea etxera itzultzearen unea iristen ari dela, denboraren nozioa ez baita, inondik ere, gurearen modukoa. Baina muga bai. Bi haur errepidea hurbil dagoen kale batean ari dira bakarrik jolasean. Oraindik ez badute heldutasun nahikorik arriskua kudeatzeko, heldu batek egin beharko du. Ez diogu beldurrik izan behar mugak jartzeari. Haurraren autonomia errespetatuz, eta gure emozioen auto-kontrol egokia eginez, haurraren askatasuna bermatuko dugu, pertsona osasuntsu eta elkarkide izaten ikasiko duelako. Haurrek afektua eta ordena behar dute beren bizian. Jaiotzean ez dituzte bere gorputzaren mugak ezagutzen, eta 0-6 urte bitartean egiten dituzten jarduera eta jolas guztiak bere burua ezagutzeko izaten dira. Lehengo urte hauetan helduok gara eskutik eraman behar ditugunak, beraien autonomia eta aukeratzeko ahalmena ahaztu gabe. Haurraren eta helduaren arteko etengabeko elkarrizketa izan behar da. Helduok haien beharrak benetan entzuten ikasi behar dugu, haurrak orainean bizi baitira, eta helduok bihar izango diren pertsona horiek irudikatzen ditugulako. Askotan gure beldurrak haiengan proiektatzen ditugu, momentuan ikasi behar duenari erreparatu gabe, eta aukeratzeko ahalmena kontuan hartu gabe. Gure beldurrak eta nahiak adierazi behar dizkiegu, beste heldu bati adierazten dizkiogun bezalaxe, haurrek ulertzen dituztelako eta konfiantzak lotura afektibo goxoa sortzen duelako. Haiengan konfiantza garatzea eta gure lidergoa behar ditugu alde berean. Oreka horrek eredu ona emango die. Eta ematen diegun ereduaren bidez ikasten dute, ez esaten diegunaren bidez.


14

GOGOTIK LEHEN HEZKUNTZA

KIMU BERRIAK “Kimu”, halaxe deitu diote Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lankideek Lehen Hezkuntzako lehen ziklorako sortu berri duten proiektuari. Ez al da izen ederra? Udaberriak indar berria ekartzen du, eguzki ordu gehiago, lore eta animalien kimu eta kumeen sorrera. Horrelaxe bizi dugu proiektu honen etorrera ikastolan. Ikastolok, gure sorreratik, eredu pedagogikoetan hausnartu eta sakondu izan dugu, eta aldaketa berri hau ere lan horretatik dator. DBHn hasi eta LH 4. mailaraino EKI proiektua ezarrita daukagu, eta HHn Txaigorri proiektua sendotuta dago azken urteetan. Orain LH 1. mailari egokitu zaio, eta datorren bi ikasturteetan 2 eta 3. mailetara zabaltzea aurreikusita dago. Ez da bat-batean sortutako materiala, ez! Dagoeneko badira 4 urte Euskal Herriko Ikastola desberdinetako kideok 1. zikloko erreferente mintegian parte hartzen dugula. Bertan gogoeta sakona egin dugu ziklo horen jardunbideaz: helduaren rola zein izan behar den, haurraren garapenari egokitutako ikasketaren ezaugarriak, materialen eta espazioen azterketa... Gogoeta gunea da, elkar-jartze gunea, kooperazio gunea... Bertan sendotu da ikasleenganako begirada-aldaketa hori. Euskal Curriculumean oinarrituta dago, bertan sortu dugu, bertako jendearekin eta ikastola desberdinen ekarpenekin. Material berria den arren, haurrarenganako begirada da aldaketarik handiena. Haurraren ikasteko modua, garapena, eta behar indibidualak sekula baino presenteago dituen proiektua da Kimu. Manipulatiboki hasi, eta papereko abstrakzio maila lortzeko bidea jorratzen duena; ikasketa prozesua gozamenarekin bat ulertzen duena. Hiru proposamenetan ardazten da Kimu. Matematika, Euskara eta Literatura, eta Erronka. • Euskara eta Literatura: ahozkotasunari, irakurketa eta idazketari, sormenari eta hizkuntzarekin jolasteari garrantzia handia ematen zaio. Tradiziozko asmakizun eta aho-korapiloak berreskuratu dira; ipuin berriak sortu dira idazle eta ilustratzaile ezagunen kolaborazioarekin; eta noski, ziklo honetan hain garrantzitsua den irakurketa eta idazketa lantzeko proposamena ere badakar. Hala ere, irakurtzea ez du deskodetze soil moduan ikusten. Irakurketa gozatu egin behar da lehenik, gero manipulatu, eta azkeneko pausua litzateke idazketarekin lotzea. • Matematika: paperean aritzeko material aski sendoa zen orain arteko Baga Biga eta baliagarria da oraindik ere; hala ere, aurretik matematikak modu manipulatiboan lantzeko material eskaintza zabala dakar Kimuk. Zenbaki txartelak, karta-sortak, jolasak, ikerketak eta egunero sistematikoki lantzeko errutinak ere bai. • Erronkak: oinarrizko konpetentziak lantzeko aitzakia ederra dira erronkak. Ikaslea egoera baten aurrean kokatzen da, eta proiektu bat gauzatu behar izaten dute egoera horri irtenbidea aurkitzeko. Erronketan, bai matematiketan, bai euskara eta literaturan landutako jakintzak jarri behar izaten dituzte martxan. Orain arte Txanelak lantzen zituen gai sozial eta zientifikoetan oinarritzen dira erronka hauek. Dena den, ikastola bakoitzak bere ingurune eta interesetara egokitu ditzake erronkak, eta bereak sortu. Horregatik, proposamen nahiko zabalak dira, baina aldi berean, nahi izatera, oso egituratuak. Hauek dira udaberri honetako kimuak. Gure Kimu!


GOGOTIK DBH

BALOREETAN OINARRITUTAKO ERRESILIENTZIA Aurtengo ikasturtean, DBHko ikasleek, “baloreetan oinarritutako erresilientzia” lantzeko ikastaro bat egin dute Areté Activa antolakundearen eskutik. Formakuntza hau abenduko lehen egunetan egin zuten, eta DBHko talde bakoitzak bi saio jaso zituen, gelan bertan. Hasteko, Erresilientzia zer den ikasi zuten ikasleek, galdera eta bideo baten bidez. Honela, erresilientzia, pertsonok arazo, ezbehar eta trauma psikologikoei aurre egiteko dugun ahalmena dela ikasi zuten, autoezagutzaren eremuan sartuz. Hemen asko murgildu ziren, zein joera dituen bakoitzak, norberaren izaera, gustuko dituzten alderdiak eta gustuko ez dituztenak… hausnartuz. Alderdi hauek idatzi egin zituzten. Asko gustatu zitzaien, eta batzuetan, nahiz eta hasieran zerbait kostatu, oro har behar handia adierazi zuten gero idatzitakoak elkarren artean partekatzeko. Jarraian, norberaren alderdi soziala landu zuten, dinamika ezberdinen bidez: sormenaren bidez diagrama sozial bat marraztu eta margotu zuten. Gainera, galdera ezberdinak erantzun zituzten izaerari eta sozializazioari lotuta: besteen iritziari ematen dioten garrantzia, besteen onarpena bilatzeak sortzen dien ezinegona, askeak sentitzea ote diren ala ez, beldurrak, egoera erresilienteak... Honen guztiaren inguruan jolas/dinamika bat egin zuten gure DBHko ikasleek. Bigarren saioan, norberaren helburuez pentsatzea eta gutxienez hiru zehaztea eskatu zitzaien ikasleei. Helburu hauek, euren beldur eta zailtasunak lantzeko balio izan zuten: norbaiti zerbait adierazterakoan izan dezakegun beldurra; egoera zailen aurrean pentsamendu baikorrak izaten jakitea; norberaren autokonfidantza indartzea; ezetz esaten ikastea; besteei maitasun gehiago adieraztea; haserrea bideratzerakoan aurrerapausoak ematea, eta haserrea modu egokian adieraztea; ausardia garatzen jakitea… Oso aberasgarria egin zitzaien bigarren saio hau! Ikastaroa amaitzeko, feltroarekin poltsa txiki bat josi zuten. Jostea asko gustatu zitzaien. Bertan, eurek idatzitako helburu horietako bat orri txiki batean idatzi eta barruan sartu zuten. Poltsatxo hori oheko burukoaren azpian, logelan, edo eurek aukeratutako lekuren batean gorde zuten. Hortik aurrera, poltsatxoa gauero irekitzen zuten eurek idatzitako helburua irakurtzeko, eta hari buruz hausnartzeko. Modu horretan, beren buruei markatutako helburu horiek lortzen joan ziren, eta hauek lortu ahala, helburu berriak sortzen joan ziren, erresilientzia lantzen jarraitzeko, euren bizitzarako ezinbesteko oinarri bezala. Ikus daitekeen moduan, beraz, oso emankorra izan zen erresilientziari buruzko ikastaro hau. Asko ikasi zuten gure DBHko ikasleek, eta euren bizitzetan ezinbestekoak izango zaizkien hainbat balio finkatzeko balio izan zien.

15


ETXARRI ARANAZKO UDALA


BARRA-BARRA

17

LIBURUAK BADATOZ, LIBURUAK BADOAZ! Irakurketa-idazketa, hori da erronka hori! Ez da munduan ikastetxe edo irakaslerik irakurketaidazketaren garrantzia zalantzan jarriko duenik. Edo guk ez dugu topatu behintzat! Irakurketa-idazketa ez da gure hizkuntzaren soinuak identifikatzea. Ez da hizkiak ezagutzea bakarrik. Ez da esku-begi koordinazio fina entrenatzea soilik. Hori ere bai, baina gauza guztiak bezala, pausuz pausu egitea da gakoa, eta gustuz egiten bada… zoragarri! Horregatik, irakurzaletasuna sustatzea erronka handia izan dugu betidanik ikastolan, eta aurten beste ekimen xume bat jarri dugu martxan. Liburutegi ibiltaria! Liburuak beti egon dira ikasgeletako liburutegietan, baina horixe, azkenerako, egon bakarrik! Ez badira lekuz aldatzen, ez badira ikusgarri jartzen edo nolabait erakargarri egiten, ikusezin bihurtzen dira. Beraz, “liburutegi Ibiltaria” sortu dugu! • 3 apalategi mugikor edo karro-liburutegi erosi ditugu. Bat Haur Hezkuntzan barna ibiliko dena, beste bat 1, 2 eta 3. mailetan, eta hirugarrena 4, 5 eta 6. mailetan. Horrela, adin tarte bakoitzera egokitutako eskaintza bildu dugu. • Astelehenero gelaz aldatuko da liburutegi ibiltaria, eta gelan “nobedadea” izango denez, uste dugu haurrak errazago hurreratuko direla bertara. • Liburutegi ibiltaria etorri bezala joango da, beraz, momentua aprobetxatu beharko dute irakurleek. Eta gustuko libururen bat ikusten badute eta ez badute irakurtzeko denborarik izan, hurrengo txanda itxaron beharko dute. Honela, irrika piztea lortu nahi genuke. • Horrez gain, liburu berriak erosi ditugu, ea norbait maitemintzen den literaturaz, liburu berriek duten usain berezi horri esker. • Liburu zerrenda esperientzia handiko irakasle taldean adostu dugu. Nobedadeak eta klasikoak sartu ditugu, poesia eta prosa. Eta literaturaz aparteko liburu batzuk ere bai. Kuriositateak, errezetak, misterio liburuak, biografiak… Irakurzaletasuna entrenatu egiten da. Lagunen gomendioek irakurtzera animatzen gaituzte. Liburuak inguruan izatea beharbeharrezkoa da. Irakurleen gozamena ikusteak edo entzuteak gogoa pizten digu. Beraz, horretara dator liburutegi ibiltaria. Etortzen denean, hartu liburuak eta gozatu, laster alde egingo digu gelatik eta!


www.iruramateriales.com


HAUR HEZKUNTZA

BIZITAKOAK

19


20

BIZITAKOAK

LEHEN HEZKUNTZA


LEHEN HEZKUNTZA

BIZITAKOAK

21


22

BIZITAKOAK

DBH



24

EUSKARA

EUSKARALDIA: EGUNEROKOTASUNERAKO ARIKETA KOLEKTIBOA Asko izan dira azken hamarkada luzeetan, Euskal Herrian barrena, euskara biziberritzeko eta normalizatzeko bidean, euskaltzaleok aurrera eraman ditugun ekintzak. Hortxe dauzkagu, esaterako, Ikastolok gauzatutako “Nafarroa Oinez” eta “Araba Euskaraz” festak; euskararen alde egin ditugun “Kilometroak”, “Ibilaldiak”; edo denon artean gauzatu ditugun “Herri Urratsak”. Gainera, ezin ahaztu AEKko adiskideek hainbeste urtetan zehar atondutako “Korrika”, edo Euskal Herri osoan zehar, lau haizeetara, herri eragile ezberdinek euskararen alde antolatutako egikune andana. 2018an, beste ekintza erraldoi berri bat gehitu zitzaion orain arteko zerrenda luze honi: EUSKARALDIA *ZER DA EUSKARALDIA? Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara irekia, eta denborari dagokionez mugatua. Euskaraldiak herritarron hizkuntza ohiturak aldatu nahi ditu, euskararen erabilera handitzeko. Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra gauzatu zen ariketa masibo hau lehen aldiz, Euskal Herri guztiko ehunka herritako milaka parte hartzailerekin, “Euskaraldia: 11 egun euskaraz” lelopean. Norbanakoengan jarri zen fokua, eta esan bezala, milaka eta milaka izan ziren euskararen erabileran aurrerapauso bat emateko helburuarekin, “ahobizi” edo “belarriprest” moduan parte hartu zuten euskaltzaleak. 2020an gauzatu zen bigarrenez Euskaraldia, eta, horretan, norbanakoez gain, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egin zitzaien. Hauek ere euren eremuetan euskararen aldeko urratsak egin zitzaten. *HELBURUAK: Asko dira euskararen aldeko ariketa masibo honek dauzkan helburuak: - Hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea, euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko. - Norberaren hizkuntza portaera eta ohituren gainean gogoeta eragin eta aldaketan lagungarri izatea. - Euskararen erabileraren aurka doazen hainbat inertzia negatiboak apurtzea. - Gizartean eragina duten era guztietako norbanako eta entitateek hizkuntza ohitura aldaketan babes neurriak hartzea. - Gizarte euskaldun eta euskaltzalearen aktibazioa, ariketa kolektibo erraldoi honen bidez. - Herriz herriko euskaltzaleen artikulazioa bultzatzea. - Euskararen aldeko eragileak ekimen bateratu baten inguruan antolatzea. * ETORKIZUNEAN ZER? Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Herriko erakunde publiko ezberdinen arteko koordinazioak jarri zuen martxan ekinbide hau, herrietako batzorde, hainbat boluntario eta entitateren laguntzarekin. Lehen bi edizioen arrakasta ikusita, ez da zalantzarik Euskaraldia luzaroan geratzeko etorri dela, eta euskararen aldeko beste hainbat egitasmorekin batera, ezinbesteko bilakatuko dela, noizbait euskara zabaldu eta euskaldun eta euskaltzale ororen ahotara eraman nahi badugu. Gora euskara eta gora Euskaraldia!


Lizardi 649 444 018 • abenjumo@hotmail.com Nagusia 12 - 1B • Etxarri Aranatz

VENTA Y REPARACIÓN


26

HARRAPAZAK/N

GU ERE EGON GINEN IKASTOLAN Urteroko legez, aurten ere geure herri ezberdinetako bost ikasle ohirekin bildu gara euren bizitzaz eta ikastolaz dituzten oroitzapenez hitz egiteko. Jarraian daukazue kontatu digutena! 1. Zein esperientzia, oroitzapen, bizipen, anekdota... dauzkazu gogoan Andra Mari Ikastolan ikasten egon zinen garaikoak? 2. Zein eragin izan dute zure bizitzan Andra Mari ikastolan pasa zenituen urteak? 3. Definitu 3 hitzetan Andra Mari Ikastolan bizi izan zenuen ikasketa prozesua.

1. Oroitzapen, esperientzia… asko ditut ikastola garaikoak, baina esanguratsuenak, egin ditudan lagun onak, hauekin pasatako momentu paregabeak eta egindako txangoak izango lirateke. Lagunei dagokienez, Ikastolan egindako lagunetako batzuk betiko lagunak izan dira. Bestalde, txangoei dagokienez, oso gogoan daukat txikitxikitan Ordiziako azokara egindako txangoa eta DBHko bigarren mailan Bartzelonara egindako ikasbidaia. Oso aberasgarriak izan ziren niretzat. 2. Oso eragin ona, inongo zalantzarik gabe. Niretzako Ikastola familia handi bat bezalakoa izan zen, eta balio asko jaso nituen bertan. Batzuk aipatzekotan, elkarlana, errespetua, laguntasuna eta konstantzia aipatuko nituzke. Ikastolan jasotako balio hauek oso garrantzitsuak izan dira niretzat, alegia, nire lanean, egunerokotasunean, harremanetan… etengabe aplikatu ditudan balioak izan direlako. 3. Langilea izatearen garrantzia, errespetua eta adiskidetasuna. Hori nabarmenduko nuke.

JOSU BERGERA 31 urte, Arruazu (Pilotaria eta Indar enpresan informatikaria)

1. Bada, egia esan, anekdotarik ez dut gogoratzen, baina egiten genituen bidaien oroitzapen oso politak ditut: Iparraldeko ikasleekin eta Lizarrako ikastolarekin egin genituen ikasle-trukeak oso gogoan ditut. Lizarrako neskarekin harremana mantentzen dugu oraindik. Ikasbidaian Sevillako Expora joan gineneko bidaia ere beti gogoratuko dut. Bestalde, 6. mailan geundenean, gelako neskek sokatira talde bat sortu genuen. Luis Karlosekin batera, ikastolako patioan soka zuhaitz bati lotuta entrenatzen genuen, eta hiru urtetan zehar Euskal Herriko txapeldunak izatea lortu genuen.

NEKANE BETELU 42 urte, Uharte-Arakil (Industrias Laneko enpresako langilea)

2. Bada, ikastolan ikasketa guztiak euskaraz egiteak, nire eguneroko bizitzan hizkuntza hori erabiltzen lagundu dit. Gainera, irakasleengandik jasotako etengabeko maitasunak, jendearen arteko errespetuzko tratua nolakoa izan beharko litzatekeen ulertzeko oinarria izan dela uste dut. Amaitzeko, ikasgelan egiten genituen talde lanek ere balio handia izan dute niretzat. Taldean lan egiten ikastolan ikasi nuela esan dezaket. 3 . Oinarrizkoa, baliagarria eta aberatsa. Halaxe definituko hiru hitzetan Andra Marin bizi izan nuen ikasketa prozesua.


HARRAPAZAK/N

27

1. Bada, egia esan, oso oroitzapen politak gordetzen ditut ikastola garaitik. Haur Hezkuntzako oroitzapenak gogoratzea ez da erraza, baina azken mailan eduki genuen ikastolako etxetxoko famatu hartaz ez naiz inoiz ahaztuko. Bestalde, Lehen Hezkuntza oroitzapen politez betea daukat. Hasteko, Astizko lehen ateraldia eta bertako “diskotekan” egindako lehen dantzaldiak gogoratzen ditut. Garai hartako ostiral arratsaldeak ere oso gogoan dauzkat, plastika eta musika entzunez egiten genuelako, eta oso momentu politak sortzen zirelako. Azkenik, DBHko azken urtea eta ikaskideok sortutako “piña” ez ditut inoiz ahaztuko. 2. Nik esango nuke nire izaeran eta ingurukoekin erlazionatzeko eran eragin handia izan duela ikastolatik igaro izanak. Hau da, ikastolan, ikasgaiez gain, baloreak eta errespetua asko lantzen diren puntuak direla sentitu izan dugu ikasleok betidanik eta hori ikastetxetik kanpo nabaritu izan dugun zerbait da. Hortaz gain, euskararekiko zaletasuna eta euskal kultura ere txiki-txikitatik azpimarratzen joan zaizkigun baloreak dira, eta, urteekin, bertatik pasa garenok modu batera edo bestera gogoan edukiko dugun zerbait izango dela sentitzen dut. 3. Familia, elkarlana eta identitatea dira ikastola gogoratzen dudanean burura datozkidan lehen hitzak.

OIHANE GABIRONDO 23 urte, Iturmendi (Erizaintza ikaslea eta tabernaria)

1. Ikastolako garaiak gogoratzen ditudanean, gauza asko etortzen zaizkit burura, baina bi nabarmenduko nituzke. Batetik, futbito txapelketak. Normalean, Sakanako herrietan jokatzen genuen larunbat goizetan, eta oso momentu onak pasatzen genituen. Urte batean, gainera, Nafarroako Txapelketa jolastu genuen, eta txapeldun geratu ginen. Bestetik, herri-kirolak ere oso presente dauzkat. Horiek igandeetan jokatzen genituen gehienetan. Oso momentu onak pasatu nituen eta jende berri asko ezagutzeko aukera eman zidaten herri-kirolek. 2. Eragin handia izan dute nire bizitzan ikastolan pasa nituen urteek. Betirako izango diren lagunak egin nituen, bai Etxarrin, bai Sakanako beste herri askotan ere. Gainera, euskara balioesteko eta euskaraz bizitzearen garrantziaz ohartzeko ere balio izan zidaten. Amaitzeko, ikastolatik atera ondoren Agurainen eta Iruñean egin nituen ikasketak aurrera eraman ahal izateko hain beharrezkoak izan nituen ikasketa ohiturak lortu eta barneratzeko ere ikastolako urte haiek ezinbestekoak izan zirela iruditzen zait. IÑAKI GOIKOETXEA 41 urte, Etxarri Aranatz (Electricidad Ramos enpresan diseinatzaile mekanikoa)

3. Gertukoa, geurea eta euskalduntasunean oinarritua. Hiru kontzeptu horiek nabarmenduko nituzke.

1. Arbizuko ikastolan Gloria eta Martarekin igarotako urteak ez ditut ahaztuko. Batez ere Ilerdi bideko belardietara joaten ginenekoak. Dena zen gozagai, hunkigarri… Natura eta ingurua errespetatzen eta maitatzen ikasi nuen. Behin Etxarrira pasatako urteetan ezin ahaztu Karrakak eta Iparraldeko ikastolekin egiten genuen trukatzea. Ikaskide bati eta bioi Miarritzeko familia bat tokatu zitzaigun, eta oso aberasgarria izan zen han bizi izandakoa. 2. Andra Mari ikastolan pasatako urteak nire hazkuntzaren eta heziketaren zutabe sendoak izan dira, zalantzarik gabe. Irakatsi zidaten haurtzaroan eta nerabezaroan elkar ezagutzen, lagunkidetasuna, eta norberaren hausnarketak egiteko unean gauza on eta txarrak bereizten, nortasun kementsu bat sustatuz. Betiere euskaraz ikasiz, biziz eta maitatuz. Beraz, esan dezaket oso urte garrantzitsuak izan zirela niretzat ikastolan pasa nituenak. 3. Euskal hezkuntza herrikoia eta integrala. Horrelaxe definituko nuke ikastola eta hori da ikastola ikuskatzen dudanean pentsatzen dudana.

JAIONE MENDINUETA 45 urte, Arbizu (Euskara irakaslea AEKn)


Arbizu eta Lakuntzako udal haur eskola info@kattuka.com 948567009. Uhalde kalea z/g. 31839 Arbizu www.kattuka.com

www.ZeroHiru.com On line denda

-TABERNAKale Nagusia, 5 31839 ARBIZU (Nafarroa)

DENDAK: ALTSASU, Tel. 948 56 38 22 ETXARRI-ARANATZ. Tel. 948 46 09 88 POLIGONO IBARREA, Tel. 948 46 71 53 E-mail. portukookindegia@hotmail.com


DENOK BERDINAK, DENOK DESBERDINAK

29

BERDINTASUNEAN BIZITZEN IKASTEN SKOLAE PROGRAMA

Andra Mari Ikastolan jazarpenaren prebentziorako KiVa programak dimentsio garrantzitsua hartu duenean, ikastolako komunitateak gehiago sakondu nahi du. Horretarako, berdintasunean bizitzen ikasteko ibilbidean, aurten Nafar Gobernuak babestutako Skolae programan murgildu gara. Ikas prozesu guztietan bezala, lehenengo urratsa formakuntza eta hausnarketa izaten da. Hezkuntza pertsonen arteko harremanen eraikuntzarako ardatz garrantzitsua izanik, Skolaek eraman gaitu gure artean dagoen genero-, arraza-, kultura-… aniztasunaren aurrean berdintasun eza, indarkeria eta balore ezkorren transmisioa aztertzera. Horrekin batera, ikastolak berdintasunean hezteko eta harremanak izatekoan jokabide baztertzaileak identifikatu, orekatu eta zuzentzeko konpromisoa hartu du. Horretarako, formakuntzaz gain, hezkidetza plana eta lan taldea sortu dira. Pertsonen ardura, autonomia, ahalduntzea eta tratu onak dira zutaberik garrantzitsuenak. Ume bat jaio baino lehen, galdera hau egiteko ohitura egoten da: ”Zer da, neska ala mutila?” Eta, ondorioz, sabelean dagoenetik, haurra eredu bitar baten barruan sartzen dugu. XY genea ekarri badu, aurreiritziak esaten digu lehiakorra izateko jaioa dela, ezin duela afekturik edo emoziorik adierazi, ordena ez dela bere balorea izan behar, eta ausarta izan behar dela… Indartsua, lehorra, gogorra, nabarmena, manipulatua eta oinarrizkoa izateko hezten dugu. XX genea ekarri badu, berriz, zaintzaile izateko prestatzen dug;, ederra, gozoa, diskretua, maitekorra, sentikorra, seduktorea, manipulatzailea eta konplikatua izateko. Ez dugu umeaz hitz egiten, neska eta mutilez baizik. Zertarako halako banaketa? Ezberdintasun biologikoek inplikatzen al dute heziketa mota bat ala bestea, ala antolaketa sozial zehatz bat lortzeko balio du? Eta antolaketa sozial zehatz horrek zertan eragiten du pertsona bakoitzaren izaera eraikitzen eta bizi baldintzetan? Imajinatu, jaio orduko, begi argi ala ilunak izateagatik modu batez ala bestez jantzi, ibili edota izaera bat garatzera bideratuko bagenu. Imajinatu genitalak beharrean begien koloreak gure bizitzaren arlo guztiak baldintzatuko balitu. Egoera hau barregarria iruditzen zaigu, baina halaxe gertatzen zaigu eredu bitar honekin. Guztiok onartu dugu, eta automatikoki bizi dugu eta biziarazten dugu, beste aukerarik egongo ez balitz bezala. Haurren janzkerak, hitz egiteko moduak, haien adierazpenei erantzuteko modua, erosten dizkiegun jostailuak, esleitzen dizkiegun koloreak, haiei aisialdia nola planteatzen diegun… Benetan uzten diegu behar/ nahi duten bezala izaten? Ala mendeetan zehar planteatu den hezkuntza bera ematen diegu, sistema lotzaile bat bermatuz? Beharrezkoa da haurrak alde batean ala bestean mugatzea, guztiak modu desberdinez hazten badira eta gauza desberdinak gustatzen bazaizkie? Hausnartu dezagun.


Dastatu!!


LAN ETA LAN AUZOLAN

31

DBHko ERAIKINA: ZAHARRAK BERRI 2019ko uztailaren 4ko Batzar Nagusian erabaki zen DBHko eraikinean obrak egitea, 2023ko Nafarroa Oinezeko finantziazioarekin. Eraikina 1965ekoa da, eta nahiz eta urteotan hobekuntza batzuk izan dituen, gabezia nabarmenak ditu. Batetik, mugikortasun arazoak dituztenei ez zaie irisgarritasuna bermatzen; bestetik, isolamendu arazoak ditu; eta, gainera, azpiegitura batzuk eskas geratu dira. Laburbilduz, hobekuntza hauek egitea aurreikusten da: : a: ua un d s a en m rit r a l a sg Iso Iri Teilatua isolatu. Igogailua jarri. Paretak isolatu eta margotu. Arrapala egin. Leihoak aldatu : : a (solairu batekoak). m etu e b t o is kh us a l r i u a git rog e i e p B Az Gasoleozko galdara kendu Aldagela eta dutxa berriak. eta sistema Komunak handitu. efizienteago bat jarri.

Orain talde teknikoa lanean ari da, eta espero da urtea amaitu aurretik proiektua egina egotea. Oraindik ez dago zehaztuta lanak noiz hasiko diren, baina litekeena da faseka egitea, aurrekontuaren arabera. Orain inbertsioaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko plan bat egiten ari gara, eta beste finantziazio-bide batzuk aztertzen ari gara.


32

LAN ETA LAN AUZOLAN

56 urteko eraikin baten historia, urtez urte 1969an, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastola sortu zen, jende era eragile askoren ahaleginari esker. Hasieran haurrak herriko hainbat lokaletan ibili ziren, Guraso Elkarteak ez baitzuen ikastetxe propiorik: apez-etxea, gaur egungo liburutegia, etxebizitza pribatuak… 1965ean, gaur egungo DBHko eraikina Eskola Nazionala izateko eraiki zen. Lurrak 1964. urtean desjabetu ziren, eta proiektua Iruñeko Marcelo Guibert arkitektoak diseinatu zuen. 1.788.357 €-ko aurrekontua izan zuen. Gero, eraikina txiki geratu zen, eta Eskola Utzubartxikira eraman zutenean, hutsik geratu zen. 1985ean, Etxarri Aranazko Udalak, Nafarroako Gobernuaren baimenarekin (Jesús Malón kontseilaria zela), eraikin nagusia Andra Mari Ikastola kudeatzen zuen San Miguel de Aralar Guraso Kooperatibari utzi zion, hitzarmen bidez. 1610 m2-ko eraikina zen. 1987an, beste hitzarmen baten bidez, maixu-maistren etxea ere Ikastolari utzi zitzaion (beste 331 m2). 1989an ospatu genuen lehen Nafarroa Oinez festaren dirua maixu-maistren etxea egokitzeko erabili zen (kantaren leloa Nafarroan euskaldun izan zen). 1996an, bigarren Oinez festak eraikin nagusiko atzeko aldean eranskin bat egiteko helburu izan zuen (Herrikole lelopean ospatu genuen). 2009ko Nafarroa Oinez, berriz, Utzubartxikiko erakina egiteko baliabideak lortzeko erabili genuen (Txikiak Handi mezupean).

2016an eraikin berria mustu genuenean, HH eta LH Utzubartxikiko ikastolara joan ziren, eta herriko eraikin zaharrean DBH geratu zen. Eta, oraingoan, gure ikastolaren historian beste mugarri bat jarriko dugu. Gure eraikin zaharra berritzeko eta hobetzeko unea itsi da. Hel diezaiogun, denon artean, erronka berriari. Zaharrak berri! Andra Mari Ikastolako Obra Batzordea


EKIN ETA SEGI

33

EUSKAL HEZKUNTZA SISTEMA PROPIOAREN BIDEAN: GAURTIK DA BIHAR Biharko mundua galderak egiten ari zaigu gaur. Hizkuntza anitzetan ari zaigu galdezka, jatorri askotako umeen begiradarekin, jakin-minez eta ekin-gosez. Lan, gizarte zein politika arloko etorkizun aldakorrei erantzuten hasi behar dugu. Begiratu itsasoei, mendiei eta zeruei. Gu izarrei galdezka ari garelarik, gure planeta da itaunka ari zaiguna. Bihar zer? Zuk, adibidez, zer hezkuntza eredu nahiko zenuke Euskal Herrirako? Ikastolok XXI. mendeko Euskal Hezkuntza eratzen ari gara, eta hori, erantzukizun handia da. Horixe da Euskal Herriko ikastolok gaur partekatu nahi dugun gogoeta: herri bat, hamaika oinarri hezkuntza sistema adosteko; eta ehun eta hamaika tokitan, tokiko helburuak. Biharko erantzun horiek emateko, gaurko galdera orokorrak beharko ditugu. Begirada nazionala behar dugu, eta baita begirada partikularrak ere, jakiteko herriz herri zer ari garen ondo egiten, eta zein zailtasun ditugun. Ikastolon aburuz, hauexek dira Euskal Hezkuntza Sistemak bere baitan jaso beharko lituzkeen oinarriak: 1. UNIBERTSALA: inolako bazterketarik gabe, Euskal Herritar orori hezkuntza eskubidea bermatuko diona. 2. EUSKARA ETA EUSKAL KULTURA ARDATZ DITUENA: ikasle guztiei euskaraz osotasunean bizi ahal izateko maila bermatuko diena, duten abiapuntua dutela, eta bizi duten errealitate soziolinguistikoan bizi dutela. 3. EUSKAL CURRICULUMETIK ERAIKIA: oso-osorik, bertatik bertara, Euskal Herrian eraikitako curriculumean oinarrituko dena. 4. EUSKAL HERRIA BERE OSOTASUNEAN LANDUKO DUENA: dagokion lurralde bakoitzeko errealitatea kontuan izanik, Euskal Herriko errealitate guztien aniztasunari zentzu komuna emango diona, eta ikastetxeen arteko lankidetza bultzatuko duena. 5. HEZKIDETZAN OINARRITUA: askatasunetik eta aniztasunetik, pertsonen arteko berdintasuna bermatuko duena, genero, kultura, erlijio, gizarte-klase edota sexu orientazioaren baldintzarik gabe. 6. LAIKOTASUNEAN HEZIKO DUENA: sinesmen askatasuna bermatzeko, erlijioak curriculumetik kanpora utziko dituena, ez bada jakintzaren begirada zientifiko hutsez ekiteko. 7. IKASLEAK BERE EGITEN DITUEN EZAUGARRIETATIK ABIATUTA: ikasle euskaldun konprometitu eta eleaniztunak, konfidantzadunak, lankidetzan trebatuak, kritikoak, ekintzaile gogoetatsuak, jokabide etikodunak, ikusmira zientifikodunak, orekatuak eta sortzaileak heziko dituena. 8. INKLUSIBOA: Euskal Herrira etortzen direnen jatorrizko izaera errespetatuta, Euskal Herritar izateko baliabideak eskainiko dizkiena, eta, aldi berean, euren ekarpenak aberastasun gisa ulertuko dituena.


34

EKIN ETA SEGI

9. GOBERNANTZA DEMOKRATIKOTIK ANTOLATUA: hezkuntza komunitateko kide diren ikasle, guraso nahiz langileen erantzukizun partekatutik bideratua. 10. IKASTETXEEI AUTONOMIA AITORTUKO DIENA: ikastetxeei, gardentasunez eta autonomiaz, baliabide materialak zein giza baliabideak kudeatzeko erabateko eskumena aitortuko diena. 11. PUBLIKO-HERRITAR EREDUTIK SORTUA: irabazi asmorik gabeko herri proiektuak, gizarte ekonomian kokatuak, hezkuntza arloan ongizate-estatuaren oinarrizko helburuekin bat egiten dutenak, eta sistema publikoaren parte direnak.

Has gaitezen, bada, lanean. Ekin diezaiogun bideari, eta eraiki dezagun geure Hezkuntza Sistema propioa. Gaurtik da bihar!

Fontaneria -Iturgintza

Polígono Industrial Utzubar 31839 Arbizu (Nafarroa)

T. 948460167

info@fontaneriajaka.net


10 años



Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.