IRAKASKUNTZA
IBILALDIA indartsu oztopoen gainetik EKIMENA BERRITZEKO GAITASUNA ETA LANKIDETZA IZAN DIRA KALAKALATA! LELOPEAN EGIN DEN AURTENGO EDIZIOAREN ARRAKASTAREN GAKOAK, ANDER DEUNA IKASTOLAK ETA BETIKO IKASTOLAK AZPIMARRATU DUTENEZ Erronka ez zen makala, baina 2021eko Ibilaldiak aise gainditu du. Sopelako Ander Deuna Ikastolak eta Leioako Betiko Ikastolak lan handia egin dute azken hilabeteetan, elkarrekin, eta azkenean joan den maiatzaren 30ean egin zen ekitaldiaren 43. edizioa. Ikastolek 4 gune diseinatu zituzten, eta horietako bakoitzean hainbat jarduera. Bertaratutakoek izena eman behar zuten jardueretan parte hartzeko, azokan izan ezik, horretara izenik eman gabe joateko aukera baitzegoen. Aurten ez da ibilbiderik egon, baina bai guztia aurrera eramateko erabakia eta gogoa. Horregatik, bi ikastolak bat etorri dira balorazioa egitean: “oso ona, guztia primeran atera da eta egoerari buelta eman diogu”. Jende pila batek hartu zuen parte. “Nabaritzen zen jendeak bazuela gogoa horrelako kontuetan ibiltzeko”. Eta horrela izan da. Koronabirusak egitaraua baldintzatu badu ere, euskararen eta ikastolen aldeko aldarria ozen eta argi entzun da. “Aurreko edizioekin alderatuta oso ezberdina izan da. Aurten ezin genuen antolatu kontzerturik, ibilbiderik, txosnarik… Ekitaldia berritu behar genuen, beste zentzu bat eman, komunitatea landu, eta ikastolen komunitatean bide hori jorratu dugu”, azaldu du Xabier Ugaldek, Ander Deuna Ikastolako zuzendariak. Ildo beretik, Betiko Ikastolako zuzendari Ainhoa Madariaga pozik agertu da euskaltzaleen erantzunarekin, eta baita Ander Deuna Ikastolarekin batera aurrera eraman duten elkarlanarekin ere. “Gozamena izan da, harremana oso erraza, guztiok ezagutzen dugu elkar eta harreman estua dugu”, ziurtatu du. Halabeharrez ikasi dute gauzak azkar alda daitezkeela egun batetik bestera, baina ez dagoela etsitzerik. “Egoera honetan oso inportantea da moldatzeko gaitasuna”, adierazi dute. Komunitate osoaren ilusioari eta gogoari esker lortu dute. “Gauzak aldatu behar izan baditugu, ba aldatu eta kitto”, nabarmendu dute, jarritako helburuak lortu izanaren pozez. Orain, «elkarteekiko eta erakundeekiko harremanetan sakontzea eta gure instalazioak egokitu eta hobetzea» dira bi ikastolen erronka nagusiak. Eta, jakina, aurrera jarraitzea euskara eta euskal kultura sustatu eta bultzatzen eta euskal komunitatea indartzen.
ANDER DEUNA IKASTOLA, KOOP. ELK. Sopelako ikastola 1968. urtean sortu zen. Beste ikastola askotan gertatu bezala, ikasle, irakasle, guraso eta laguntzaileek ereindako haziak eta urte hauetan guztietan egindako ahaleginak fruitu oparoak eman ditu eta etorkizunean ere emango ditu.
18
1987an guraso-kooperatiba gisa eratu zen, eta 1996an guraso eta langileen kooperatiba bihurtu zen. Gaur egun 550 familia, 920 ikasle eta 70 langilek osatzen dute komunitatea. Etapa guztiak dauzkate, Haur Hezkuntzatik hasiera Batxilergoraino (azken hori barne).
BETIKO IKASTOLA, KOOP. ELK. Zenbait guraso eta lagun euskaltzalek euskara eta euskal kultura berreskuratu eta zabalduko zuen ikastola berri bat sortzeko asmo sendoa zuten. Hamaika ikasleko talde bat osatu zuten eta Areetako etxebizitza bateko gela batean 1965ean hasi ziren andereño batekin. Geroago Gobela kalean zegoen txalet bat alokatu, egokitu eta txukundu zuten. Ikastolak hazten jarraitu zuen eta eraikin berria behar zen. Hala iritsi zen gaur egungo kokapenera, Leioako Artatza auzora. Betiko Ikastola egungo guraso-kooperatibak ia 700 ikasle, 400 familia eta 105 langile biltzen ditu. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza dituzte.