EUSKAL KONFEDERAZIOA
Euskal Konfederazioko adierazpena Pasa den abenduaren 10ean iragan den bere Biltzar Nagusian, Euskal Konfederazioak eta barne biltzen dituen elkarteek1 deliberatu dute Euskararen Erakunde Publikoko Aholku batzorde orokor edota tematikoetan bere parte hartzea suspenditzea. •
Erabaki hori hartua izan da Lurralde Kontratuaren karietara Estatuak, Eskualdeak eta Departamenduak hizkuntza politika garatzeko erakutsi duten borondate eta anbizio eskasari erantzuteko.
•
Lurralde Kontratua lantzerakoan Euskal Konfederazioa buru belarri aritu izan zen euskara biziberritzeko hizkuntza politika emankorra definitzen. Adostasun zabala agertu zen egindako lanari buruz eta hizkuntza politikari bultzada berria emateko: Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak konklusioak bere egin zituzten eta euskararen aldeko paktu politikoa adostea proposatu zuten ondoko ildoak jorratuz, besteak beste: ▪
Hezkunde ministeritzarekiko kooperazio koadroa sendotzea
▪
Formakuntza profesionalerako diru fondo amankomuna sortzea
▪
Hizkuntza politika garatzen segitzeko EEPren aurrekontua bikoiztea
•
Haatik instituzioek paso egin diote proposamenari eta beraz « bultzada berria » ez da emanen. Ondoko urteetan eramanen duten hizkuntza politikak ez die erantzunen euskara biziberritzeko erronka nagusiei. Hizkuntza politika sortzen eta gauzatzen duen EEP erakundearen Aholku batzordean normaltasunez segitzea, deus gertatu ez balitz bezala, politika horri kozionea ekartzea litzateke.
•
Erabaki hori ongi gogoetatuz eta azken bi hilabeteetan eztabaidatu ondoren hartu dugu. Erabakia, salaketa soil batetik haratago doa. Egoeraren mailakoa da. Alabaina, EEP sortzerakoan, nolabaiteko paktua bazen, urteetan bereiz ibili edota konfrontazioan ziren herri mugimendu eta instituzioen artean hizkuntza politika publikoa elkarrekin eraikitzeko (batzuek proposamenak eginez, beste batzuek erabakiz). Paktu hori kaltetua da instituzioen azken erabakiekin eta horrek ere justifikatzen du erabakia.
•
Gure aldetik berresten dugu borondate osoa dugula instituzioekin elkarlanean aritzeko eta euskararen aldeko hizkuntza politika egokiaren definizioan parte hartzeko.
•
Instituzioek hizkuntzari buruz “berriz ikusteko klausura” aipatu dute Kontratua izenpetzerakoan. Bestalde, ondoko hilabeteetan panorama berria ukanen dugu EEPren arraberritzearekin eta berrantolaketa instituzionalaren prozesuarekin. Guk ere hartu dugun erabakia ber aztertzeko engaiamendua hartzen dugu, edozein momentutan, hizkuntza politika garatzeko baldintzak aldatuz gero.
•
Baldintza horiek sor daitezen ahalegin guziak eginen ditugu eta konbentzituak gara Euskal Herri Elkargoaren sortzea (HELEP bakarra) baliatu beharreko parada izanen dela.
Baiona, 2015eko abenduaren 10ean
1 AEK, Aldudarrak Bideo, Berria, Bertsularien Lagunak, Biga Bai, Euskal Haziak, Euskal irratiak, IKAS, Seaska, Uda Leku