Euskal Konfederazioa - Agiria zirkularra lurralde hizkuntzak

Page 1

PRENTSA AGIRIA Euskal Konfederazioak oraintxe izan du euskararen eta euskarazko irakaskuntzari buruzko zirkularraren berri. Kontseilu Konstituzionalaren 2021eko maiatzaren 21eko zentsuraren parean, zirkularrak murgiltzea eredua garatzeko koadroa zehazten du. Ikastetxeek antolatzeko duten libertatea aipatzen du, baldin eta eskolaldiaren bukaeran "ikasleak bi hizkuntzak era orekatuan menperatzen baditu". Praktikan erran nahi du ikastolak bezalako kontratupeko elkarte eskolen eredua sendotua dela. Eta erran nahi du ere eskola publikoan murgiltzea lizeoraino gara daitekeela, orain arte ama eskolan bakarrik posible zelarik. Brebeta eta batxilergo azterketen gaia ere aipatua da. Zirkularrak "kursus elebiduna segitu duten ikasleek batxilergoan ikasgaiak lurralde hizkuntzan aurkezten ahal dituztela" agertzen badu ere, modalitateak ez dira zehaztuak. Euskal Konfederazioak azalpen eta argibide gehiago eskatzen ditu horri buruz, funtsezko eskubide hau behin betiko errespetatua izan dadin. Bestalde, Molac legearen baitan bozkatu artikuluak nola aplikatuko diren ez du baitezpada zehazten zirkularrak. Zirkularraren edukiaz gain, Euskal Konfederazioak bi puntu garrantzitsu azpimarratu nahi ditu: • Lehenik, zirkularra hartua izan den testuingurua: Kontseilu konstituzionalaren aitzineko errekurtxoa hezkunde ministeritzatik mamitu zuten eta erabakiak sua piztu zuen. Irakaskuntzaren bidez lurralde hizkuntzen garapena sustatzeko egiazko borondatea baino, frantses gobernuak Kontseilu konstituzionalaren erabakiak eragin haserrea (milaka jende karriketan Hexagono osoan maiatzaren 29an Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboak antolatu mobilizazio eguna kari) baretu nahi izan du frantses gobernuak zirkular horrekin. •

Bigarrenik, ez dezagun ahantz zirkular bat besterik ez dela atera dena, hots normen hierarkiatik kanpoko argibide zerrenda bat, balio juridikorik ez duena auzibide kasuan: Kontseilu konstituzionalaren erabakiak indarrean segitzen du eta Damoclès ezpata beti dabil murgiltze ereduaren buruaren gainean, bai eskola publikoan, bai ikastolan...

Maila apalekoa bada ere, zirkularra hor da eta aitzinamendu konkretuak ahalbidetzen ditu. Euskal Konfederazioak Euskararen Erakunde Publikoa, tokiko hautetsiak, gurasoak, erakasleak eta hezkuntza arloko eragile guziak deitzen ditu heldu den sartzetik beretik euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren karta osatzeko iniziatibak har ditzaten, elebidun diren eskoletan edo/eta murgiltzea ama eskolan garatzen duten eskoletan murgiltze eredua lehen mailako azken urteraino garatzeko, eta euskara batere present ez den eskoletan oren parekotasunezko eredua plantan ezartzeko. Baiona, 2021eko abenduaren 16a


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.