Brebeta euskaraz prentsa agiria

Page 1

EUSKAL KONFEDERAZIOA

AZTERKETAK EUSKARAZ PASATZEKO ESKUBIDEAREN ALDE! MOBILIZA GAITEZEN! Duela bi aste Euskal Konfederazioa poztu zen Euskal Elkargoak euskarari buruz hartu bi deliberoetaz, hizkuntza politikaren ingurukoa lehena, euskararen aitortze ofizialaren ingurukoa bigarrena. Ipar Euskal Herritik heldu berri on horren ondotik, aste honetan Parisetik, beste behin, etorri da berri txar eta haserretzekoa: brebetako zientzia azterketa euskaraz erredaktatu duten Seaskako 179 ikasleren kopiak partzialki zuzenduko dira. Oharra Bordaleko Errektoretzatik etorri bada ere, argi da konsigna “goragotik� heldu dela, hots frantses gobernamendutik, Bretainian batxilergoko matematika azterketa bretoieraz idatzi duten Diwaneko 15 ikasleren kopiak ere ez direla zuzenduak izanen jakinarazi baitu Roazhoneko Errektoretzak. Ekainaren 23an gehiengo handiz bozkatu hizkuntza politika proiektuaren bidez, Euskal Elkargoa hizkuntz esperimentazioa proiektua zehazteko lan bat aurtendanik abiatzea engaiatu da, frantses lege koadroa arrunt eskasa zela oharturik eta blokatze juridikoak gainditzeko asmoarekin. Hori ezinbestekoa bada ere, aldi honetan horrelakorik ez da behar Seaskako eta Diwaneko ikasleei inposatzen zaien debekua altxatzeko: Hezkuntza Kodeak azterketak lurralde hizkuntzaz idazteko posibilitatea zehazten du eta bai Ipar Euskal Herrian bai Bretainian kopiak zuzentzeko erakasleak baziren. Zergatik debekatu azterketak euskaraz edo bretoieraz pasatzea posibilitate hori legez bermatua delarik eta diru kosturik ez duelarik? Zergatik posibilitatea debekatu lurralde hizkuntzazko irakaskuntza Hezkunde ministeritzak berak ezagutzen eta onartzen duelarik? Nun ote da koherentzia? Zergatik iaz egin dena aurten ezinezkoa da? Kopiak ez zuzentzeko erabakia erabaki politiko hutsa da, euskara eta bretoiera erabiltzeko dugun eskubidea urratzen duena. Ipar Euskal Herriari dagokionez, lurralde honetako hautetsien eta Pariseko erabakitzaile politikoen arteko euskararen inguruko desfasea beste behin agerian utzi du mespretxuzko erabaki horrek. Bainan egoera larri honetan, Seaskak eta ikastoletako ikasleek sustengu mezuak eta euskararen aldeko delibero ausartak baino gehiago behar dute. Ondoko egun, aste eta hilabeteetako mobilizazio desberdinetan Euskal Konfederazioa bide lagun izanen du Seaskak.

Baiona, 2018ko uztailaren 6a


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Brebeta euskaraz prentsa agiria by Euskal Konfederazioa - Issuu