EUSKAL KONFEDERAZIOA
Aurten ere, abenduaren 3an mota guzietako ekitaldi, mintzaldi eta animazio antolatuko dira Euskararen nazioarteko eguna kari, Euskal Herrian baita mundu osoan zehar ere. Ekimen desberdinak bainan helburu bakarra: euskaraz gozatzea eta euskaraz bizitzeko grina ozenki aldarrikatzea. Alabaina, zenbaitetan, aldarrikapenak karrikaratu eta euskaraz normaltasun osoz eta arlo guzietan bizitzeko ditugun eta ezartzen zaizkigun trabak salatzeko baliatzen dugu abenduaren 3ko eguna. Eta joan den urtetik hona, anitz izan dira euskarak ezagutu gorabeherak ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Adibidez: Paueko administrazio auzitegiaren erabakia Uztaritzeko herriko etxeak hartu zuen deliberoari buruz, Hendaiako herriko kontseiluak bere deliberoa erretiratu beharra Prefetaren interbentzioaren ondotik, Lurralde kontratuaren baitako euskara atalaren inguruko negoziaketaren porrota, edota, Frantzia mailan, Hizkuntza gutituen aldeko Itunari buruzko eztabaida kalapitatsua Senatuan, kolegioen erreforma berriak sortu arrangurak euskararen eta euskarazko irakaskuntzari dagokionez, ... Bainan euskalgintzak eta euskaltzaleek erne eta mobilizaturik egon behar dugula oroitarazten diguten gertakari ezezkor horien artean, 2015eko urteak berri onak ere ekarri dizkigu, berri on horiek euskalgintzako eragileak dinamikoak eta ekimen arrakastatsu bultzatzaileak direnaren seinale: murgiltze klase gehiagoren idekitzea irakaskuntza publikoan, formakuntza profesionalaren atalean arlo batzuetako langile euskaldunen beharrei erantzuteko AEKk abiatu sei hilabeteko formakuntza trinkoak, Seaskako lizeo profesionalaren idekitzearen baieztapena, eta abar... Horiek ere kontuan hartzekoak dira eta euskararen berreskurapen osoa lortu arte bidea luze gelditzen bada ere eta etorkizuna erronkez beterik bada ere, aitzin-pausu horiek ezinbestekoak dira euskaraz bizi nahi duenari aukera berriak eskaintzeko eta euskarara hurbildu nahi duenari ate gehiago idekitzeko, azken finean abenduaren 3az gain urteko beste egunetan ere euskara lau haizetara zabaltzen laguntzeko...
Baiona, 2015eko abenduaren 2a