Atzo arratsaldean zuten Biltzar Nagusiaren ondotik Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek jakinarazi dute frantses gobernuak Hiriburuko Baste-QuiĂŠta eskola publikoan murgiltze gela bat idekitzea onartzen zuela, zenbait hilabetetako blokatze egoerari bukaera emanez. Erabaki horrek atea idekitzen die beste eskola batzuen eskaereri eta horrela murgiltzeak segitzen ahalko du garatzen. Joan den larunbatean murgiltze ereduaren alde jendekate bat osatzera deitu zuten Euskal Konfederazioa eta hiru sareetako irakasle eta guraso elkarteak pozten dira erabaki horretaz. Murgiltzearen aldarrikapena bururaino atxiki duten Iparraldeko hautetsiak txalotzen ditugu, baita, bistan dena, larunbateko mobilizazioan parte hartu zuten guraso, erakasle eta euskaltzale guziak. Garaipen horrek erakusten digu iraganean frogatu ahal izan genuen bezala mobilizazioak eta indar harremana erakitzeak balio dutela! Hala ere, deitoratzen dugu beste behin hein horretaraino mobilizatu behar izatea frantses Estatuak gurasoen eta erakasleen borontatea onartu eta EEPren baitan eragile guziek eraman elkarlana gauza dezan. Izan ere, ez dezagula ahantz iaz luzaz borrokatu behar izan genuela murgiltze klaseak Ainhoan eta Irisarrin ideki ahal izateko eta idekitzeko erabakiaren berri sartzea baino zenbait egun lehenago bakarrik eman zuela frantses Estatuak. Orain gelditzen da murgiltze sistema erabiltzearen sendotzea eta indartzea elebidun sailetan. Gurasoak, irakasleak, Iparraldeko hautetsiak eta frantses Estatuko ordezkariak deitzen ditugu elkarlanean segi dezaten, urtez urte gero eta murgiltze gela gehiago idekitzeko, eredu horren eskaintza orokortu arte. Gurasoek eskola publikoan eredu horren hautatzeko eskubide osoa dutelako, euskarak murgiltzea behar duelako. Baiona, 2020ko urriaren 16a