3 minute read

Ikasle-kooperatibak sustatzeko Unitate Didaktikoa

KONFEKOOPek eta Kooperatiben Kontseiluak Ikasle-Kooperatibak deitu duten material didaktikoa ipini dute hezkuntza kooperatiben eskura, ikastetxeetan printzipio kooperatiboak sustatu eta kultura ekintzailea bultzatzeko asmoz. Unitate Didaktiko honen bitartez, ikasleek, balio kooperatiboak ezagutu eta garatu ditzaten bilatzen da, baita Ikasle-kooperatibak sortzea ere.

Aitziber Ayestak izan du material didaktiko honen eraketaren gidaritza eta Amaia Ballesteros marrazkilariaren ilustrazioak jasotzen dira bertan. 2022-2023 ikasturtean 5 ikastetxeetan ipini da martxan proiektu hau, eta balorazioa ezin hobea izan da.

Advertisement

Esan bezala, proiektu honek IKASLE-KOOPERATIBEN sorrera sustatu nahi du, ikasleek ikasturtean zehar elkarlan prozesu bat burutuz. Horretarako, kooperatiba eratuko dute, estatutuen eta gobernu-organoen sorkuntzatik, eguneroko enpresa -bizitzako egoerak bizi eta horiek konpontzeraino. Sortuko duten enpresan plangintza desberdinak burutuko dituzte, marketinga, ekoizpena, giza baliabideen erabilera, finantziazioa, salmenta, lorpenak… Ikaskuntza kooperatiboaren bidez, ikasleek, bizitzarako ezagutza eraiki eta gaitasun eta trebetasun sozialak eta komunikatiboak eskuratzen dituzte, talde-lanean eta berdinen artean oinarrituta.

Talde-lanerako teknika edo modu ezberdinak erabiltzen dira, kideei esleitutako rolekin, eta zeregin edo jarduera bat garatzeko antolaketa-jarraibide batzuekin. Finean, ikasleen autonomia bilatzen da, irakasleak, protagonismo gehiegirik gabe, bidelagun izan daitezen.

Material didaktiko hau Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailarako eratuta dago printzipioz, baina beste maila batzuetara egotzeko aukera eskaintzen du.

Unitate Didaktikoak 6 atal ditu eta atal bakoitzak amankomunak diren 3 azpiatal ditu: hautsak harrotzen, goazen harira eta kezkak argitzen.

1. ATALA. Zer dakigu?

Atal honetan ikasleen aurretiazko ezagutzak aktibatu nahi dira, beste ezagutza batzuekin erlazionatuz eta unitatearen edukiari buruzko jakingura sortuz.

2. ATALA. Sor ditzagun taldeak!

Atal honen helburua, taldean, parte-hartzea ahalik eta gehien ziurtatuz, eta elkarren arteko aldibereko interakzioa indartuz, elkarrekin lan egiten ikasi, elkarren proposamenak gehitu eta ikasle bakoitzaren gaitasunak gorenera eramatea da.

3. ATALA. Ekimenez ideia eta logotipoa sortzen

Ikasle-kooperatiba sortzeko beharrezkoa den ekintzailetza zer den ezagutu ondoren, kooperazioari dagokion antolaketa lanetan hasiko dira eta kooperatibaren logo edo marka aukeratuko dute.

4. ATALA. Ikasle-kooperatibaren eraikuntza

Ikasle-kooperatiba eraikitzen hasiko dira; horretarako bazkideen zerrenda, arautegia (estatutuak) eta haren erregistroa egingo dute.

5. ATALA. Ekoizpenaren kudeaketa eta etekina

Enpresaren Ekoizpen Plana egingo dute atal honetan: produktua fabrikatzeko edo zerbitzua emateko prozesua deskribatu, baita giza, material eta eragiketa horien funtzionamendurako beharrezkoak diren baliabide teknologikoak ere.

6. ATALA. Produkzioaren zabalkundea eta itxiera

Ikasle-kooperatiba bakoitzak ekoitziko duena sortu eta ikasleek, saltzailearen rola hartuz, produktua eskainiko dute hartzaileen interesa sustatuz. Behin proiektuaren xedea beteta, sortutako ikasle-kooperatiba itxiko dute.

Uzturpe Ikastola Irakaskuntza Kooperatiba Elkartea

Ibarrako Uzturpe Ikastola Irakaskuntza Kooperatiba Elkartean DBHko 4.mailan garatu dute proiektua ekonomiako irakasgaian. Nagore León Plaza irakasleak hartu du proiektua martxan ipintzearen ardura eta esperientzia ona izan dela dio. “Hasiera batean digitalki hasi ginen, baina azkenean PDF formatuko materiala inprimatu genuen eta oso gustura aritu ginen”- azaltzen du. Kooperatiba zer den eta nola funtzionatzen duen jakiteko materialetan dauden euskarriak goraipatu nahi izan ditu; bere aburuz “oso interesgarriak, baliagarriak eta lagungarriak” baitira.

Ikasleek kooperatiben inguruan ezagutza handiagoa dutela orain azpimarratzen du Nagore Leonek eta helburua lortu dela: “Arreta jarri genuen bereziki kooperatiben funtzionamendu, eraketa eta baloreetan” eta ikasleek asko ikasi dute kooperatiba praktikan ipintzean.

Bi proiektu egin dituzte Uzturpe Ikastolako ikasleek. Alde batetik, kooperatiban oinarritzen den musika talde bat sortu dute. Gazteak izanik, beraien interesetara bideratu daitekeen kooperatiba fiktizio batean oinarritu dira, non erabakiak guztienak diren eta beraien kooperatiba hasieratik sortu behar izan dute. Bestetik, Bartzelonan Top Manta kooperatiba oinarri hartuta, gizarteratzea bultzatzen duen kooperatiba bat sortu dute, bereziki salmentan dauden etorkinak gizarteratzea lortzeko asmoarekin eta bertokoekin berdintasun harreman bat lortu dezaten. Ikasleei erabilitako materiala, erreza, interesgarria eta batez ere erabilgarria iruditu zaie eta kooperatibak beste enpresa edo sozietate motekin konparatzen ikasi dute; “kooperatiban dagoen horizontaltasuna” delarik gehien gustatu zaiena.

Colegio Vizcaya Hezkuntza Kooperatiba Elkartea

Zamudioko Colegio Vizcaya Hezkuntza Kooperatiba Elkartea izan da eskola-kooperatiben proiektua garatu duten beste ikastetxeetako bat eta Ekintzailetza arloko Batxilergoko 2. mailako ikasleekin egin dute.

Ana Moral Ekonomia eta Ekintzailetzako irakasleak dio “eskola-kooperatiben sorrerak ilusioa, autonomia eta konfiantza” eman diela ikasleei. “Proiektu honek erakutsi digu adin honetan ere posible dela lankidetzan ekitea, eta auskalo gaur egungo eskola-kooperatiben hazia etorkizuneko kooperatiba-mugimendu bihur daitekeen.”-nabarmendu du Ana Moralek.

BRITH.VELAS, NAZARU, ASAS eta TRES DE CUATRO bezalako eskola-kooperatibak sortu dituzte Colegio Vizcayako ikasleek eta prozesu osoan zehar, askatasun osoa izan dute zer eta nola egin erabakitzeko. Ekipoak osatzea, produktuan pentsatzea, ereduak, markak eta logotipoak diseinatzea, estatutuak egitea, materiala eskatzea, produktua egitea eta salmenta-kanala aukeratzea, ikasleen esku egon dela azpimarratu du Ana Moralek, eta “errealitate bihurtutako ametsa” dela Colegio Vizcaya Kooperatibak “bere eskola-kooperatibak izatea” gaineratu du, “bere ikasleengan espiritu kooperatiboaren suari eutsi ahal izateko”.

Ikastetxeko zuzendaritzak ekimena babestu du, sorkuntza eta hedapena errazteko espazioak eta baliabideak eskainiz, eta ikasleen balorazioa ere positiboa izan da. BRITH.VELAS kooperatiba sortu duten ikasleek diote proiektua zirraragarria izan dela. “Hasieratik argi geneukan kooperatiba iraunkor bat sortu nahi genuela, guk egindako produktu bat prezio eskuragarrian eskainiz, eta hainbat esentziatako kandela pertsonalizatuak egitea bururatu zitzaigun”-azaltzen dute.

“Kooperatiba sortzeko urrats egokiak emanez joan ginen, eta argizari mota, molde eta esentzia desberdinak ikertzeari ekin genion; argi izan genuenean, bakoitzak elaboraziorako behar zuen guztia eskuratzeko egin behar zuen ekarpena adostu genuen. Txandaka antolatu ginen eta ikastetxeko sukaldeko laborategian egin genuen. Gure kandelak merkaturatzea ere gure esperientziaren funtsezko zati bat izan zen, sare sozialak erabili genituen eta harrera ona izan zuen publiko zabalago batengana iristeko. Eskola-kooperatibaren proiektu pilotua zabaltzeko eta ikusarazteko, stand bat prestatu genuen ikastetxeko jaietan, ekimena azaltzeko eta produktua saltzeko.”-deskribatzen dute BRITH.VELAS kooperatibako ikasleek. Azpimarratzen dute proiektu pilotu horri esker, modu errazean, modu kooperatiboan kudeatzen ikasi dutela, eta prozesu osoaz gozatu dutela, beste ikaskide batzuek jakin-mina senti zezaten eta bertan parte har zezaten animatuz.

This article is from: