
3 minute read
IRAKASKUNTZA
from Konfekoop 91
by KONFEKOOP
Jangela, irakaskuntza kooperatibetako proiektu pedagogikoan txertatzeko aukerak
Ikastetxean bazkaltzera gelditzen diren haurrak inguruan duen edonork daki jantokia ez dela beti beraien gustuko erabakia izaten. Atsegin ez dituzten jakiak, etxean atsedena ez hartzea, eguerdiko etena egiten ez dutela pentsatzea,… ez da erraza izaten. Horri umeen osasuna eta jasangarritasuna gehitzen bazaie, argi dago jangelen kudeaketak berrikuntzak behar dituela. Horretan ari dira, adibidez, Abusu eta Orereta Irakaskuntza Kooperatibak.
Advertisement
Abusu Ikastolan 2016an hasi ziren jangelari buruzko hausnarketa egiten, eguerdiko ordu horiek haurrentzat traumatikoak izan zitezkeela konturatuta: “Arineketa batean bazkaldu eta kanpora ateratzen ziren, gehienetan”. Eta ikastetxean eraldaketa metodologikoa lantzen ari zirela kontutan izanda, aldaketa hori jantokira ere iritsi behar zela konturatu ziren. Horixe da ere Orereta Ikastolaren planteamendua: Jangela proiektu pedagogikoan txertatzea. Gelan dituzten testuinguruarekin jarraitzen dute ikasleek jangelan ere, eredu berdinarekin. Horrela, gelan ikasten diren baloreak lantzeko aukera ematen du bazkalorduak.

Jantokia baino gehiago
Gelan balore batzuk transmititzen badira, testuinguru hori bera eraman behar da jantokira, bertan egiten denak bestea indartzeko balio baitu. Bi kasuetan, Orereta eta Abusun, gurasoek hasitako hausnarketari eta beraiek garatutako ekimenari esker ondo jateko tokia baino askoz ere gehiago bihurtu dira jangelak. Ikasleen rol berriak txertatu dira jangelan; ikasleen esku geratu da otorduen inguruan dagoen lanaren parte handia: mahaia jantzi, zerbitzatu, biltzea eta garbitzea (gero garbitzaileek berriro egiten duten arren), lagunen eskuak garbitzen lagundu, ikaskideei bazkaltzeko zer dagoen aurkeztu,… Dena txandaka, egun batean mahaia biltzeko ardura duenak beste batean garbitu egin behar du, lan horien berri zuzena izan dezaten guztiek.
Esperientzia berriak
Haurren protagonismoa indartzeko bide horretan, eta jangelakoa esperientzia ona izateko helburuarekin urtebetetzeak ospatzen hasi dira Abusun, adibidez: kandeladun tarta eta guzti. Bietan, Abusu zein Oreretan ikasleek zapore berriak dastatu eta ezagutzeko aukera bultzatzen dute. Abusun ostegunetan izaten dute atzerriko jakiak probatzekoa jantokiko egun berezia eta, eta Oreretan ikasleentzat berritzaileak diren menuak eskaintzen dituzte, baita beste herrialde batzuetako janariak ere, kultura-aniztasuna sustatzeko eta zapore berrietara ohitzeko helburu bikoitzarekin. Esperientzia berriak ez dira bazkalorduan amaitzen. Jan ostean eta klaseak berriz hasi baino lehen gidaturiko aisialdia egiten da. Eta horren atzean prestakuntza handia dago. Oreretan taldeen garapenerako plangintza, gatazken kudeaketa eta aisialdi plana diseinatu dute tarte horretarako, eta Abusun, egunerokoaz gain, hiru hilabetean behin ekimen handia egiten da, hitzaldi interesgarri eta gonbidatuekin.
Balio erantsia
Inbertsioa eskatzen du jangelaren filosofia berria garatzeak, noski. Langileak kontratatu edo azpikontratatzea, jangelak moldatzea, janaria haurrengana tenperatura egokian iristeko behar den azpiegitura, etabar. Izan ere, bai Oreretan baita Abusun ere ikastetxean bertan sukaldatzen da, eta bazkalkide kopurua ez dira nolanahikoak gainera: Abusun 560 bazkari ematen dira egunero eta Oreretan 800. Zalantzarik gabe inbertsioak merezi du, irakaskuntza kooperatibaren proiektuari balio erantsia ematen diolako. Klaseak bost eraikinetan ematen dituen Orereta Ikastolan, adibidez, egin behar izan duten aldaketa nagusietako bat janaria eraikin guztietara garraiatzeko modua asmatzea izan da, eta sukaldeko makinaria ere berritu behar izan dute. Abusun berriz, jantokia bera moldatzea izan da inbertsiorik handiena, itsasontzi itxura eman diote, horrek pedagogikoki ematen dituen aukerak baliatzeko.
Aukera ezberdinak
Jangela ikastetxeko eredu pedagogikoan txertatzeko erabakia era ezberdinetan egin daitekeela argi dago, Abusu eta Oreretako kasuei begira. Oreretak sukalde eta jangelako langileak kontratatu ditu, eta horrek “giroan eta zerbitzuaren eskaintzan eragin positiboa du eta nabaritzen” dela diote. Abusun berriz, azpikontratazioaren bidez garatzen ari dira proiektua. Jasangarritasuna eta bertako produktuak kontsumitzea aldiz, kezka da bientzat. Abusun argi dute “horretan sakontzea eman behar den hurrengo urratsa” dela eta Oreretan, sasoian sasoiko eta bertako Km 0 lehengai ekologikoak kontsumitzeari garrantzi handia ematen dio. Orereta Irakaskuntza Kooperatibak gertuko hornitzaileak erabiltzen ditu menuak egiteko oinarri, eta Abusuk erosketak auzoan egiteko helburua du. Covidak etendako programak berreskuratzeko lanean ari dira ikastoletan, izan ere, distantzia mantendu beharrak gauzak zeharo aldatu ditu jantokietan 2020ko martxotik hona. Hori bai, orain artean emandako pausuak aztertu eta hobekuntzak planteatzeko denbora egon da eta irailean, ikasturte berriarekin batera, jantokietan pedagogia indartzeko, osasuna zaindu eta ingurua babesteko ekimenak bueltatzeko lanean ari dira hainbat ikastetxe.
