IKERTZAILE AZ-KIDEA
Isabel de Naverán Uhina gogoan
Joan den otsailetik, Isabel de Naverán ikertzailea Uhina gogoan garatzen ari da, idazketa somatikoa kuradoretza-modu gisa hartzen duen proposamena. Arreta berezia jarriz gorputzaren pertzepzioan, zentzumenen lokailua den aldetik, proiektuak idazketa bat entseatu nahi du, aldi berean entzuteko gailu eta ikerketametodologia dena. Virginia Woolfek Vita Sackville-Westi bidalitako gutun batean oinarritzen da Uhina gogoan. Gutunean, idazketan erritmo egokia aurkitzeak duen garrantzia azpimarratzen du Woolfek. Olatu isil baten mugimenduarekin alderatzen du, zeina itsas zabalean hasi, eta pixkanaka itsasertzerantz hurbiltzen den. Idazten duenaren zeregina, bere ustez, olatu horren mugimendua hautematea da, hurbiltzen den bitartean. Sakoneko irudi horrekin, Uhina gogoan lanak elkarrizketak eta elkartrukeak egiten ditu artista eta ikertzaile batzuekin, zeinen lana koreografia, performancea, filosofia, eskultura edo poesiaren arloarekin lotzen den. Lorea Alfaro (Estella-Lizarra, 1982) artistarekin den lehenengo hartuemanean, eraldatzen ari den egoera bat erretratatzeko ahaleginetik abiatzen
56
da, Isabel de Naveránek azaldu bezala. «Lorea Alfaro gonbidatu dut, irudiekin egiten duen lan sentsorial eta sentsualak pizten didan interesagatik, eta bertara esperientzia fisiko eta esperimental batetik sartzeko nahiak bultzatuta. Egiten dugunaren bidez elkar ezagutzeak esan nahi du konfiantza izan behar dugula harreman material eta sentikorretan, horietan lotzen eta korapilatzen baitira gure egiteko moduak. Era berean, lekualdatze produktibo bat da, elkar entzutearen bidez egina. Historia handia eta kontakizun hegemoniko ofizialekin tentsioan sartzen diren keinu iheskor edo iragankorrak harrapatzeko intesaren oinarrian nire aurretikako ikerketak daude, dantzaren eta gorputzaren transmisioaren eta memoriaren inguruko koreografiaren arlokoak. Lorea Alfarorekin izandako korrespondentziak galderak sorrarazten ditu mutazio, alterazio eta bariazio fisikoa dei ditzakegun gorputz-egoeren potentziari buruz, eta ikerketa, beste arlo batzuetara zabaltzen du. Uhina gogoan lanak, nola edo hala, hori bilatzen du: espazioa egiten du eta denbora ematen die harreman sentikorren bidez ehundutako esperientzia arautu gabeei, elkartrukeen bidez, eta, kasu honetan, ahalik eta modurik errazenean partekatzen dira: idazketa eta irudiak ekoitziz».