
1 minute read
Kinu. Tractora Koop. E. Kolektibo egoiliarren programa
Kinu
Tractora Koop. E.
Advertisement
Tractora Koop. artisten kooperatibako Usue Arrieta eta Ainara Elgoibar Kinu proiektua garatzen ari dira Azkuna Zentroan, Kolektibo egoiliarren programaren barruan. Kinu artisten ikus-entzunezko produkzioak programatzeko, ikusteko eta eztabaidatzeko plataforma bat da. Hiru hilean behingo topagune bat, artista bat bere lana erakustera gonbidatzen duena, harekin batera lan-saio bat egiteko, praktika-mota horri eta haren berezitasunei buruz taldean gogoeta egiteko. Proiektuak hiru parte ditu:
Aurkezpen publikoa:
Hiru hilean behingo saioen hasieran, artista gonbidatuaren lana proiektatu eta jendaurrean aurkeztuko da, eta, ondoren, mahai-ingurua egingo da. Kinu proiektua Kinu#1 saio pilotuarekin hasi zen, Elena Aitzkoa artistaren eskutik; irailean, AZko kolektibo egoiliarra zela, Kinu#2 saioa izan zen, Maddi Barber gonbidatuarekin; azaroan Kinu#3 saioa izan zen, Sabine Groenewegen zinemagileari eskainia (Haga, 1985), Kinu#4 saio bikoitza Andrés Duque gonbidatuarekin izan zen. Kinu#5, Imogen Stidworthy (Londres, 1963) artistari buruzkoa izango da eta haren soinu-lanen, filmen eta multimediainstalazioen hautaketa bat erakutsiko da.
Lantaldea:
Aurkezpen publiko bakoitzaren ondoren, artistak zuzendutako saio bat egiten da lantalde egonkor batekin (Lantaldea). Talde horren dinamika gonbidatutako pertsona bakoitzaren neurrira diseinatzen da. Lantaldea#1 eta Lantaldea#2 lan-saioek filmatzea izan zuten ardatz, eta ikusentzunezko pieza bat izan zen emaitza. 16 mm-tan filmatutako pieza bat, kameran muntatua, errebelatua eta saioa egindako egunean bertan proiektatua. Lantaldea#3 saioak beste batzuen materialekin film bat egiteko ekintza izan zuen ardatz, eta Sabine Groenewegenek emandako master classetik abiatu zen.
Datorren apirilaren 17an eta 24an Lantaldea#4 izango da, Andrés Duque zinemagilearen zuzendaritzapean, eta Augusto Boalek inprobisazioa filmatzeko garatutako teknikak hartuko ditu abiaburu. Boalek 70eko hamarkadatik garatutako metodologiak -Zapalduaren Antzerkia deitu zuenak- ulertzen du errealitatea eraldatzen duena eraldatzeko ekintza bihurtzen dela.
Distirak:
Azkenik, proiektua osatzeko, lantaldea osatzen duen pertsona batek testu bat egiten du (Distirak), lantalde bakoitzaren esperientzia jasotzeko. Azkuna Zentroan egin zen lehen saioan, Ander Pérez ikusentzunezko artistak egin zuen Distirak#2 testua. Distirak#3 Pablo Marte artistaren eskutik izan zen, eta Leire Aranberri (Bilbo, 1993) izan da Distirak#4 testua egin duena. Ohiane Iraguenek (Bilbo, 1985) idatziko du Distirak#5. Honen azken lanak soinuari eta performatibotasunari lotuta daude.
Kinu Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza politika-sailarekin elkarlanean burutzen da.
Kolektibo Egoiliarrak programaren bidez, hurbileko kolektiboei laguntzen diegu, artehizkuntzekin eta kultura garaikidearekin egiten duten lanean, era eta ikuspegi askotatik, eta elkarren arteko konplizitatea bultzatzen dugu kultura-programazioa antolatzeko orduan.