asteasuelkartuz 2014 AZAROA-ABENDUA
UDAL ALDIZKARIA
6
Asteasuko Udalak martxan jarri du udalerrian turismoa sustatzeko plana Asteasuko Udalak udalerrian turismoa sustatzeko plana jarri du martxan, turismo eskaintza osatu, egituratu eta dinamizatzeko helburuarekin, eta era horretan, turista kopurua ugaltzeko eta horien egonaldia luzatzeko asmoz. Azken finean, Asteasuko ekonomia bultzatzea da helburu nagusia; alegia, bertako ostalaritza, lo-tokiak eta merkataritza sustatzea. 'Ongi Etorri Obabara' proiektua da, hain zuzen, planaren ardatzetako bat.
Plan hau eraginkorra eta dinamizatzailea izan dadin, hainbat baldintza bete behar direla adierazi dute Udaletik. Batetik, esan dute ezinbestekoa dela eragile publiko eta pribatuen partehartzea eta inplikazioa sustatzea. Bestetik, Asteasuko eskaintza turistikoak originala, erakargarria eta ulerterraza izan behar duela. Eta, azkenik, garapen iraunkorraren printzipioetan oinarritutako plana izan behar duela, herritarrek zein bisitari edo turistek era horretako onuraz goza dezaten. Planaren abiaburu gisa, apirilean, Tolosaldea Garatzeneko turismo sailak diagnostikoa egin zuen, eta maiatzean, Udalak proposamenak landu zituen. Planaren baitan, argi ikusi dute baliabide turistikoak indartzeko premia dagoela; esan nahi baita, baliabide natural eta aisialdikoak, baliabide historiko-kulturalak, eta gastronomiarekin, ostatu hartzeko tokiekin eta gertaera zein jai nagusiekin lotutakoak.
OSTALARITZA ETA MERKATARITZA DINAMIZATZEA XEDE Udalerriko ostalaritza eta merkataritza dinamizatzeko helburuarekin, Asteasun dagoeneko egiten diren azoka eta ospakizunen zabalkundea hobetzea bilatuko da, herria bera
zein bertan dagoen eskaintza ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen baitute. Produktu edo plater bat oinarri hartuta ekitaldi gastronomikoren bat egitea ere aurreikusita dago: hamaiketakoren bat edo ardi zezinaren kontsumoa bultzatzea... Bide beretik, produktu turistikoak garatzea ere funtsezkoa dela ondorioztatu dute. Hala, Tolosaldea Garatzen eta Tolomendirekin batera egindako diagnostikoa eta eskualdeko eta goragoko turismo planak kontuan izanik, Udal Gobernuak erabaki du natura eta turismorako gune bat sortzea. Horretarako, lehendik dauden igerileku, bidegorri eta mendi ibilbideak bestelakoekin osatzea aurreikusi da; esaterako, autokarabanentzako gune batekin, atsedenleku eta jolasguneekin eta hainbat ibilbiderekin (ez mendikoak, baizik eta eragile pribatuek eskain ditzaketen zerbitzuei lotuak eta Asteasuren bereizgarri izan daitezkeen gaien inguruan antolatuak). Planaren baitan, ekimen eta helburu guztiak bilduko eta irudikatuko dituen marka irudi bat aukeratu du Udalak. Ondorioz, marka irudi hori ikusten duen orok berehala jakingo du Asteasuren bueltan, bertako turismoa sustatzeko asmoz, prestatutako ekintza edo ekimena dela. Era berean, ongietorria emateko panelak jarriko dira Asteasuko sarreretan, Iturriotz eta Andazarrate ingurura hurbiltzen den jende andana herrigunera erakartzeko helburuarekin. Panel horietan erakargarritasun turistikoak eta Asteasuk eskaintzen dituen zerbitzuak agertuko dira zehaztuta. Nolanahi ere den, planari eta antolatuko diren ekimen guztiei buruzko informazioa eskuragarri dago Udalaren webgunean: www.asteasu.eu.
2014 AZAROA-ABENDUA
'Ongi Etorri Obabara' proiektua da planaren ardatzetako bat
1