
4 minute read
Ane Torronteras
from Gure Artean 82
Ane Torronteras Blázquez Floreagako ikasle ohia eta Alai Batzako monitorea da. Bere ibilbidea loturik dago Alai Batzarekin eta ADS taldeekin. Galdera batzuk egin dizkiogu “Gure Artean” aldizkariaren 82. alerako.
Zein dira zure eskolako oroitzapenak?
Advertisement
Oso oroitzapen onak ditut. Eskola barruko zein kanpoko giroa oso atsegina zen; arazoak sortzen zitzaizkigunean elkarri laguntzen genion eta gaur egun oraindik gelakideok elkartzen gara zenbaitetan afariak egiteko. Oso ondo pasatzen genuen gelan eta oso gustura joaten nintzen eskolara. Bertako momentu bat aukeratu beharko banu, gelako giro onarekin eta DBH4.mailan Madrilera egindako ikasbidaiarekin geratzen naiz.
Zein da zure oroitzapenak Alai Batza eta ADS taldeen inguruan?
Nire oroitzapenak oso onak dira, aste guztia horren zai egoten ginen. ADS taldeen inguruan oso oroitzapen onak ditut bertan gai askoren inguruan hausnartu ondoren, indarberrituta ateratzen ginen hurrengo eguneko jardueretan parte hartzeko. Alai Batzan, berriz, mota guztietako ekintzetan parte hartzen nuen: gynkanak, kantaldi-jaialdi, patioko jolasak, tailerrak, kanpaldiak… Bertan denbora oso azkar pasatzen zitzaidan.
Alai Batzan urte batzuk daramazu monitore gisa. Zein dira, zure iritziz Alai Batzaren arlo sendoak, edota gauza onenak?
Alai Batzaren gauza onenak ekintzak dira. Azken batean ostiraletan eta larunbatetan herriko gazteei jolaserako zein hausnartzeko aukera ematea aukera ona dela iruditzen zait. Kanpaldiak edukitzea ere oso egokia iruditzen zait; bertan elkar gehiago ezagutzeko aukera izaten dugu eta horrekin batera beste lekuetako jendearekin harremanetan jartzen gara.
Zertan hobetu beharko genuke?
Beti dago hobetzeko zerbait eta asmo horrekin egiten ditugu bilerak ekintza bakoitzaren ondoren. Aurtengo ikasturtea ez da besteen berdina izan, baina urtero bezala guk geure aldetik eskaintzeko daukagun guztia eman dugula uste dut eta horrekin geratu beharko ginatekeela iruditzen zait.
Nola deskribatuko zenuke Alai Batzako monitoreen arteko giroa?
Gure arteko giroa oso ona da. Guztiok harreman ona daukagu eta, horren ondorioz, ekintzak prestatzea eta aurrera eramatea erraza egiten da askotan.
Logroño eta Somalo kanpaldietan parte hartu duzu inoiz, bai monitore gisa, eta lehenago, zure LH eta DBH ikasle garaian. Zer balore dituzte kanpaldiek?
Somalo eta Logroñoko kanpaldiak leku desberdinetako jende berria ezagutzeko aukera ematen dute. Ikasle bezala urtero joan naiz hauetara eta esperientzia oso ona dela esango nuke, bertan astebetez jolasean ibiltzeko eta gai desberdinei buruz hitz egiteko aukera izaten dugulako.
Zure iritziz, “Uztaila Jolasean” ekimenak zer ematen die Azkoitiko ume eta familiei?
Uztaila Jolasean ekimenak udaran ekintza zein egun pasa desberdinetan parte hartzeko eta lagun nahiz begiraleekin une atseginak igarotzeko aukera ematen diete umeei.
Covid19ak asko baldintzatzen du eguneroko bizimodua. Nola eragiten dio Alai Batzari orain?
Alai Batzako formatu guztia aldatu behar izan dugu: Ezin dugu urtero bezala Alai Batza gela ireki eta bertan adin desberdinetako haurrak jolasean ikusi. Hasieran zaila izan zen, baina gaur egun ostiral zein larunbatetan bertan egoten bagara ere, mailaka antolatuta gaude aurten eskolako burbuilak mantentzeko asmoz eta horrekin batera, talde bakoitzak begirale finko bat dauka urte guztirako. Ni LH4Bko umeekin nago eta, egia esan, ez dugu arazorik izan jolasean ibiltzeko eta elkar ezagutzeko. Azken batean honek haurrak hobeto eta sakonago ezagutzeko aukera eman digu begirale bakoitzari eta horrekin geratu behar dugula iruditzen zait.

Floreagan DBH4 bukatu ondoren, zer ikasi duzu eta zer ikasten ari zara orain?
Floreagan DBH4 bukatu ondoren Azkoitian batxilergo zientifikoa egin nuen, ez nekielako ongi zer egingo nuen hura bukatutakoan. Hasiera batean fisioterapia ikasketak egitea nahi banuen ere, haurrekin harreman zuzena edukitzen hasi nintzen eta gaur egun horren ondorioz Mondragon Unibertsitatean Magisteritzako Lehen Hezkuntzako ikasketak egiten ari naiz.
Azkoitiko herria. Zer da gehien gustatzen zaizuna eta faltan botatzen duzuna?
Azkoitiko herritik gehien gustatzen zaidana herritarron arteko harremana da eta bertatik ateratzen den giro ona. Faltan botatzen dudana berriz, pandemiaren aurretik egiten ziren ekintzak dira (Herri koloreak, “pelotai eune”, lasterketa solidarioak…)
Nola antolatu duzue Maria Laguntzailearen festa Alai Batzan? Konta iezaguzu piska bat…
Aurtengo egoeraren ondorioz, oraindik ez dakigu oso ondo nola antolatuko dugun Maria Laguntzailearen festa baina garbi daukagu zerbait berezia egingo dugula. Zerbait berezia prestatuko dugu baina momentuko egoera kontuan hartuta, zehazki egingo duguna ez dakit. Horren ondorioz, eguna gerturatzen denean zehaztuko ditugu zein izango diren egun horretako ekintzak…
Udaberrian gaude. Ekainaren 24ko bezperako gaua majikoa da, San Joan sua eta guzti. Zer erreko zenuke sutan? Zer sortzea nahiko zenuke?
Sutan, pandemia hau erreko nuke eta horrekin batera, kaltetuenen etxeetan berriro ere zoriontasuna eta esperantza sortzea nahiko nuke
Eskerrik asko, Ane.


TESTA
Edaria: Ura Janaria: Amamaren urdaiazpiko kroketak Idazle bat: Toti Martinez de Lezea Liburu bat: Aprobar o aprender Mutil izen bat: Eneko Neska izen bat: Ainhoa Kirola: Futbola Serie bat: Desaparecidos Bidaia bat: Venezia Mendi bat: Erlo Hondartza bat: Itzurun Nazio bat: Euskal Herria Herri edo hiri bat: Azkoitia Musikari bat: Pello Reparaz Kolore bat: Roxa Urtaro bat: Uda Zaletasunak: Kirola eta lagunekin egotea Pertsonaia historiko bat: Domingo Savio

