Mugaldekoak Biasterin Arabako Errioxako euskaltegiak (IKA) Mugaldekoak taldearen emanaldia antolatu du Biasterin. Irailaren 13an izango da zineman arratsaldeko 20:00etan. Aurreko urteetan Oskorri, Mikel Laboa, Txuma Murugarren, Ruper Ordorika, Mikel Urdangarin izan ditugu gure artean, besteak beste... Iaz Mikel Markez eta Erramun Martikorenaren emanaldia izan genuen. Euskaltegiak 25 urte baino gehiago daramatza Arabako Errioxan eta inguruetan helduei euskara eskolak ematen. Ingurua erabat erdalduna izateak duen zailtasunari aurre egin nahian euskaltegiak urtean zehar euskara erabili ahal izateko kultur ekitaldiak antolatu ohi ditu. Horien barruan sartu behar dugu Mugaldekoen emanaldi hau, nahiz eta erdaldunak euskarara hurbiltzeko helburua ere nabarmena izan. Edu Zelaieta Anta (irakurketak, gidoia eta testuak), Beñardo Goietxe (gitarrak eta bozak), Raul García Etxeberria (banjoa, ukelelea, dobroa, harmonika, musika-zerra eta bozak), Mattin Sorzabalbere (kontrabaxua, soinu txikia, xirula, txalaparta eta bozak) dira "Mugaldekoak" taldeko partaideak. Taldeak azken bi urteotan landutako eta 2012ko udaberrian grabatu den CDliburua aurkezteko asmoa da honako hau. Horretarako, pop-rock, folk eta country kutsuko musikaz gainera, arte eszenikoei muzin egin nahi ez dien ikuskizuna prestatu dute. Literatura musikarekin uztartzen duen bigarren proiektua du MUGALDEKOAK taldeak. Proposamen honetan datzan ideia nagusia nolabaiteko antologia bat eskaintzea da, maite dituzten abeslari, talde (Bob Dylan, Leonard Cohen, Vashti Bunyan, …) eta zenbait idazleren lanak (Wislawa Szymborska, Nazim Hikmet, Margarita Robleda…) euskarara ekarrita. Antologia izate horretatik datorkio, hain zuzen, izena egitasmoari: munduan ikusitakoa Euskal Herrira ekarri nahi izan dute; nahiz eta, bidaian, bere pieza, moldapen nahiz ukitu zenbait ere txertatu dituzten. MUGALDEKOAK: Begiak lekuko. "Ez ditugu garai berriak aukeratzen, ez bederen ogi mota eta esne marka aukeratzen ditugun bezala. Baina, segur aski, boteretsuenek ere ez dute den-dena nahi bezain loturik izanen, maiz kontrako itxuretan tematzen diren arren. Hala ematen du, lagunok: inork ez ditu soka guztien muturrak. Eta horrek, gustatu ala ez, interesgarri egiten du mundu zalantzati hau. Begietan errealitatearen kresalak min eman baldin badigu ere, gakoa begiradan dagoela uste dugu. Soan. Behakoan. Mugaldekoak, erraterako, laranja usaineko begirada batetik jaio ginen. Itxuraz txikia dena erraldoi bihur daitekeela kontatzeko, lagunartean kantatzeko. Gure begiak eta zuek lekuko".
Sarrera aldez aurretik erosita 3€ eta 5€ egunean bertan. 945-601087 telefonora deituta enkarga daitezke.