1 minute read

4.IDAZKETAREN FASEAK

Idazketaren gaiaz hitz egitean, bi idazketa mota bereizten ditugu: –Idazketa erreproduzitzailea (diktaketa edo kopia): kanpotik entzundakoa edo ikusitakoa idazten da. –Idazketa sortzailea: norberak sortutako ideiak idazten dira.

Kopiatuz idaztea da samurrena; baina kopia ongi egiteko, hautemate egokia, epe laburreko oroimena eta trebetasun grafomotorrak behar dira. Diktaketak, berriz, grafemen irudia barneratuta izatea, soinuak eta grafemak erlazionatzen jakitea, eta, soinuetatik abiatuta, grafemak idaztea eskatzen du. Idazketa sortzailearen kasuan, aldiz, norberak sortu behar du idatzi behar duena; ez da kanpoko kinadei zuzenean erantzunez sortzen den idazketa.

Advertisement

Haurra hitz solteak idazten ari denean, oinarrizko prozesuak jartzen ditu indarrean. Baina, testu luzeagoak idaztean, prozesu konplexuak jartzen ditu martxan.

Ikertzaile tradizionalek hiru fase bereizi dituzte idazketa-prozesuan: ideien aurkikuntza, idatziaren ekoizpen erreala eta azken ekoizpena edo berridazketa. Emaitzari ematen dio garrantzia eredu horrek, eta ez ditu aztertzen idazlearen barneko prozesuak.

Hayes eta Flower-en ereduak (1980) hiru osagai nagusi bereizten ditu idazketa-prozesuan: –Lehenik, zertaz eta norentzat idatzi behar duen eta zer testu-egitura erabiliko duen erabaki behar du idazleak. Gaiari buruzko informazioa, ideiak, ezagutzak eta bizitzako gertaeren oroitzapenak eskuratu behar ditu epe luzeko oroimenetik. –Ondoren, idazketa-lanaren testuingurua hartuko du kontuan. Idazketaren helburuak, irakurleen bereizgarriak eta idazlanaren eskaerak kontuan hartuta, edukirik garrantzitsuenak aukeratu eta egitura koherentean antolatuko ditu. Komunikazio-egoera kontuan hartuta, kendu egingo ditu ideia desegokiak eta modu hierarkikoan antolatuko ditu egokiak. Testuaren koherentziari begira, ideia nagusiak eta bigarren mailakoak bereizten dira, eta ideien segida zein izango den erabakitzen da.