5 minute read

6.IDAZKETA NORMALAREN BEREIZGARRIAK

Tradizionalki pentsatu izan da, irakurtzen eta idazten ikasteko, erritmoa, gorputzeskema, espazioko orientazioa eta ikusmenaren eta mugimenaren arteko koordinazioa landu behar zirela, batez ere. Pentsatzen zen haurrak ez zuela arazorik izango irakurtzen eta idazten ikasteko, espazioaren egituraketa, gorputz-eskema, lateraltasuna eta ikusmenaren eta mugimenaren arteko koordinazioa ongi garaturik izanez gero. Gaur egun badakigu hori ez dela horrela. Izan ere, aipatutako arloetan —gorputz-eskeman, hautematean edo ikusmenaren eta mugimenaren arteko koordinazioan— arazorik izan ez arren, haurrek sarritan izaten dituzte arazoak irakurtzen eta idazten ikasteko. Horregatik ematen zaie garrantzi handia hizkuntzaren arloko trebetasunei eta trebetasun metalinguistikoei (Arnaiz eta Ruiz, 2001).

Bi trebetasun integratzen dira irakurketan eta idazketan. Irakurketan, hitz idatziak ezagutu eta haiei esanahi bat eman behar zaie, eta irakurritakoa interpretatu eta ulertu egin behar da. Idazketan ere, alde batetik, hitzak grafikoki irudikatu eta idatzi egin behar dira, eta, bestetik, testu bat idatzi behar da. Ahoz gauzak adierazteko eta ahoz esandakoa ulertzeko trebetasunak oso sustraiturik daude gizakiarengan, baina hitzak ezagutu eta idazteko trebetasunak berriak dira. Bai irakurketan, bai idazketan, trebetasun zaharrak eta berriak integratu behar dira.

Advertisement

Bi bideri jarraituz idatz daitezke hitzak:

Idazketa lexikoan, hitz baten informazio ortografiko osoa daukagu eta ortografiako hutsegiterik gabe idazten da. Hitzaren barne-errepresentazio ortografikoa erabiltzen da, tarteko analisirik gabe, eta zehaztasunez eta bizkor idazten da.

Diktatutako hitza bide lexikoari jarraituz idaztean, haren ezaugarri akustikoak eta fonetikoak aztertzen dira. Epe luzeko oroimeneko lexiko fonologikoan ezagutzen da hitza eta sistema semantikoko unitate bat aktibatzen da, hor baitaude hitzen esanahiak. Sistema semantikoko esanahiak lexiko ortografikoko errepresentazio ortografiko bat aktibatzen du eta horrek zehaztuko du hitzaren grafemen segida. Gordailu grafemikoan pilatuko da segida hori, harik eta prozesu periferikoak haren kargu egiten diren arte.

Idazketa fonologikoan, haurrak ez du ezagutzen soinuzko kinadaren forma ortografikoa, sasi-hitza delako edo hitz ezezaguna delako. Errepresentazio fonologikoa unitate fonologikotan zatitzen da; unitate horiek unitate grafemiko bihurtzen

dira, fonemak grafema bihurtzeko prozeduraren bidez. Grafemen segida gordailu grafemikoan gordetzen da denbora batez. Hitzaren informazio ortografikorik ez dago, eta hitza osatzen duten fonema bakoitzari errepresentazio ortografiko bat ematen zaio: antzebillen = han zebilen; inbiou = egin behar dugu. Fonologikoki idaztean, hitzaren irudikapen fonologikoa analizatu eta zatitu, eta zati fonologiko horiek beren baliokide ortografiko bihurtzen dira. Hutsegite ortografiko askoko idazkera da emaitza: antzera ahoskatzen diren grafemak nahasi eta ordezkatzen dira (g/j, b/v, h/ø). 1.Segida fonologikoa zati txikietan zatitzen da: fonemak, fonema taldeak, silabak. 2.Unitate fonologiko horiek unitate ortografiko bihurtzen dira. 3.Elkartu egiten dira unitate ortografikoak.

Ezaguna denean hitza alderdi fonologikoari eta semantikoari dagokienez, baina ezezaguna alderdi ortografikoari dagokionez, sistema semantikoa zuzenean lotzen da abiapuntuko lexiko fonologikoarekin. Fonemak grafema bihurtu ondoren, maila grafemikoa lortuko da eta hitza idatziko da.

Hitz ezezagunekin da baliagarria bide fonologikoa; bide lexikoa, berriz, ortografia arbitrarioa dutenekin. Baina, bi bideak (lexikoa eta fonologikoa) erabiltzen jakin behar du haurrak, irakurle edo idazle trebea izango bada. Batera aktibatzen dira bi bideak, bata bizkorragoa bada ere.

Bide lexikalak eta ez lexikalak integraturik egiten dute lan ekoizpen ortografikoan. Elkarrekin erlazionaturiko auzo semantikoak aktibatuko ditu bide lexikalak, eta bide ez lexikalak ordezkatze semantikoaren hutsegitea ekidingo du. Bide ez lexikalak parte hartu ezean, ordezkatze semantikoa gerta daiteke.

Prozesatze lexikoa beharrezkoa da testua ulertzeko, baina ez da nahikoa. Hitzek, banaka hartuta, ez dute informaziorik ematen; horregatik, erlazioak ezarri behar dira hitzen artean, mezua ulertu nahi bada. Batasun handiagoetan elkartu behar dira hitzak, esanahia duen mezu bat eraiki nahi denean. Esanahia lortzeko egiten den hitzen elkarketa da proposizioa. Idazteko erabiltzen da esaldiaren ondoren jarrita badago, erraz irakurtzen da arkatza hitza. Irakurritakoak beste hitz baten beharra sortzen du. Sortutako igurikimenak erraztu egiten du ondoren datorren hitzaren ezagutza. Idazteko erabiltzen da esaldiak ase gabe utziko gintuzke. Idazteko erabiltzen da arkatza esaldiak, aldiz, bete egiten gaitu (Sánchez eta Cuetos, 1998).

Irakurtzea ez da hitzen esanahietara sartu eta esanahiak edozein modutan pilatzea. Testua ulertzeko, erlazioak sortu behar dira esanahien artean, eta hori egin ezin dugunean, ez dugu ulertzen. Idaztea ere ez da oroimenean ditugun datuak eta ideiak bat bestearen atzetik jartzea; datu eta ideia horien artean erlazioak sortu

behar dira; egitura, koherentzia eta hierarkia jakin bat eman behar zaie, idazleak dituen helburuen eta irakurlearen izaeraren arabera. Proposizioen barnekoak nahiz proposizioen artekoak izan daitezke testuko zatien arteko erlazioak.

Proposizioen arteko erlazioari dagokionez, testua eraikitzeko ez da nahikoa proposizioen batuketa soila egitea: Sendagileak ebakuntza egiten ari dira + Koldo telebista ikusten ari da. Bi proposizio ditugu, bakoitza bere egile, objektu eta ekintzarekin, baina bi proposizioak elkartu nahi baditugu, biei erkide zaien elementu bat edo zergatizko erlazio bat erabili behar dugu: Sendagileak ebakuntza egiten ari dira. Koldo, sendagile horietako bat, telebista ikusten ari da. Elementu komun baten bidez (sendagilea) elkartzen ditugu bi proposizioak (Sánchez eta Cuetos, 1998).

Irakurketan, irakurleak inplikatu behar du eta, idazketan, idazleak inplikatu behar du. Irakurleak helburua jarri behar dio irakurketari, eta irakurlearen helburuen araberakoa izango da testuaren integrazioa, handiagoa edo txikiagoa. Idazleak, berriz, alde batetik, planifikatu egin behar du idazlana eta helburua jarri behar dio idazteari; bestetik, irakurleari egokitutako testu erakargarria egin behar du, irakurlearen ezagutzarekin eta kezkekin konektatuko duena. Idazleak asmo bat du buruan. Asmo hori izanda, eskema erretorikoa edo antolatzailea erabilita, perpausetan eta paragrafoetan antolatu behar du esan behar duena. Testu koherente batean antolatu behar ditu ideiak eta proposizioak. Lotura ezarri behe-mailako (ortografia, puntuazioa…) eta goi-mailako (helburuak, estrategiak…) faktore kognitiboen artean, eta testua ekoitzi behar du idazleak (Bereiter eta Scardamalia, 1987). Hala, aurrera eramango du testuaren jomuga edo plana. Ondoren, testua balioetsi, eta balioestetik sor daitezkeen zuzenketak egingo ditu.

Bi idazketa mota ditugu. Idazketa sortzailea, ideiak eta ezagutzak adierazteko erabiltzen duguna. Eta idazketa berrekoizlea, lehendik idatzitakoa kopiatzeko edo norbaitek diktatzen digun mezua idazteko erabiltzen duguna. Idazketa sortzailean, adierazi behar ditugun ideiak eta kontzeptuak planifikatzen ditugu lehenik. Gero,

egitura sintaktiko batzuk eta egitura horietan kokatuko diren hitzak (osagai lexikoak) aukeratuz, hizkuntza-proposizio bihurtzen ditugu planifikaturiko ideiak. Azkenik, hitzak zeinu grafiko bihurtzen dira, muskulu-mugimenduen bidez. Idazketa berrekoizlean, berriz, ez da gertatzen ez planifikazio-prozesurik, ez eta egituraketa sintaktikorik ere. Lexikoari eta mugimenduari dagozkien prozesuak bakarrik gertatzen dira.

Idazketa ekoizlean, honako prozesu kognitibo hauek hartzen dute parte (Cuetos, 1991): –Mezuaren plangintza: mezuaren ideiak sortu, antolatu eta berrikusi. –Prozesu sintaktikoak: esaldiaren egitura eraikitzen da eta hitz funtzionalak kokatzen dira. –Prozesu lexikoak: hitzak eskuratzen dira bide fonologikotik nahiz ortografikotik. –Mugimen-prozesuak: alografoak berreskuratzen dira eta hitzak idazteko beharrezkoak diren mugimenduen ereduak ere bai.

Diktaketa eta kopia bereizten dira idazketa berrekoizlean. Diktaketako hitz bat idazteko bi bide erabil daitezke:

–Hitzaren fonemak identifikatu ondoren, soinu-lexikoko hitzak ezagutu eta esanahia ateratzen da sistema semantikotik. Gero, lexiko ortografikoan pilatutako forma ortografikoa aktibatu, gordailu grafemikoan gorde, alografoak eta mugimendu-ereduak berreskuratu eta grafemak idazten dira. –Hitz ezezagunak edo sasi-hitzak badira, hitzen soinuaren azterketa egin, fonemak grafema bihurtu eta gordailu grafemikora joaten da, eta, hortik, mugimenduen ereduetara eta kanpoko mugimenduetara zuzentzen da.

Kopiatzeko, berriz, lehenik hitza irakurri behar da, eta, gero, hura idatzi. Kopiatu ere bi bide erabiliz egin daiteke: –Bide fonologikoa erabiliz gero, ikusmenak azterketa egin, grafemak fonema bihurtu eta fonemak ahoskatze-gordailura eramaten dira; fonemak grafema bihurtu, gordailu grafemikotik pasatu, eta mugimendu-prozesuen bidez hitza idazten da. –Bide ortografikoa erabilita, hitzen letrak ikusmenak egindako analisiaren bidez identifikatu eta irudi-lexikoan aktibatzen da hitza; sistema semantikoan lortzen da hitzaren esanahia; lexiko ortografikoan, forma ortografikoa aktibatzen da; alografoak eta mugimendu-ereduak berreskuratzen dira, eta kanpoko mugimenduak egiten dira.