3 minute read

3.3.Idazten ikastearekin lotura duten heldutasun-faktoreak

3.3.IDAZTEN IKASTEAREKIN LOTURA DUTEN

HELDUTASUN-FAKTOREAK

Advertisement

3.3.1. Adimenaren heldutasuna

Sinbolizatzeko gaitasuna dago idazketaren oinarrian. Idazteko erabiltzen diren grafemek eta irudikatzen dituzten objektuek ez dute inolako antzik, hots, guztiz konbentzionalak dira grafemak. Beraz, sinbolizatze-gaitasunaren maila jakin bat izan behar du idazten hasiko den haurrak. Horregatik, adimen-urritasunak dituztenek arazo asko izango dituzte idazten ikasteko.

Idazten ikasteko, beharrezkoa da hainbat oroimen motatan maila egokia izatea. Fonemen eta grafemen arteko elkarketak gorde behar dira oroimenean, bai epe laburreko oroimenean, bai epe luzekoan. Bestalde, bokalek eta kontsonanteek eratzen dituzten segidak —silaba zuzenetan (ta, le), alderantzikatuetan (al, as), trabatuetan (tes, biz) eta mistoetan (tra, blu)— gogoratu behar dira memoria sekuentzialaren bidez.

Irakurtzen eta idazten ikasi behar duten haurrek analisi- eta sintesi-gaitasuna izan behar dute; hau da, esaldia zatitan deskonposatzen jakin behar dute, eta, zatietatik abiatuta, esaldiak eta perpausak osatzen. Era berean, arreta irudira fokatzen eta irudia hondotik bereizten jakin behar dute, arreta selektiboaren bidez. Inguruko zaratatik hitzak bereizten jakin behar dute. Irudia hondotik bereizteko arazoak dituztenek arazoak izaten dituzte irakurtzen eta idazten ikasteko.

3.3.2. Hautematearen heldutasuna

Forma biribilak, luzeak, handiak eta txikiak bereizteko gaitasuna izan behar dute haurrek idazten hasteko. Eskuin/ezker, goi/behe, gain/azpi nozioak ezagutu behar dituzte. Irudia alderantzikatzean zer ematen duen (h eta y), kantitatea gehitzean zer gertatzen den (l eta ll, r eta rr) edo ezaugarri bat gehitu zaion zeinua eta jatorrizkoa berdinak ala ezberdinak diren (n eta ñ) jakin behar dute.

Irakurtzean, jauziak egiten ditu begiak, ezkerretik eskuinerantz gure kulturan. Finkatu egiten da begirada jauzien artean, eta finkatze bakoitzean hitz bat (irakurle eskasa bada) edo bi edo hiru hitz (irakurle bizkorra bada) irakurtzen dira. Atzeranzko mugimenduak ere egiten dituzte irakurle eskasek edo testua ulertzeko arazoa dutenek.

Irakurketan eta idazketan arazorik ez gertatzeko, beharrezkoa da soinuak entzunez ongi diskriminatzeko gaitasuna, batez ere diktatutakoa idatzi behar denean edo apunteak hartu behar direnean. Entzumena galtzeak izaten du eraginik handiena. Baina, kontuan hartu behar dira belarrietako infekzioak, belarrietako argizari-pilaketa, kinadak hierarkizatzeko gaitasunik eza eta nahaste estereofo-

nikoak (seinalea abiadura ezberdinez transmititzen da bi belarrietan, eta gainjarri egiten dira soinuak).

3.3.3. Heldutasun psikomotorra

Muskuluen tonikotasuna, mugimenduen koordinazioa eta eskuen eta hatzen mugimendu finen garapena faktore garrantzitsuak dira idazteko. Kontrol psikomotor egokia lortu behar da ikusiz jasotako eredu kaligrafikoa eta mugimenduez lortutako irudia bateratzeko. Kontrol psikomotorrari esker inhibituko du mugimendua eta grafemetan jarriko du arreta haurrak. Gaitasun psikomotorraren araberakoa izango da letren forma, tamaina, proportzioa, norabidea, letren arteko lotura, letren, hitzen eta lerroen arteko espazioaren erregulartasuna, lerroen zuzentasuna edo marjinen erregulartasuna.

Letrak alderantzikatzeko (p-ren ordez q edo b-ren ordez d idazteko) joera desagertzeko beharrezkoa da norberaren gorputzean eta marrazturiko gorputzetan eskuina eta ezkerra bereizteko gaitasuna lortzea eta nagusitasun laterala finkatuta izatea. Espazioaren eta denboraren antolamenduari dagokionez, harreman zuzena dago norberaren eta besteen gorputzean eskuina eta ezkerra bereiztearen eta irakurtzen ikastearen artean. Baina, espazioko orientazioaren alderdi gnosikoak edo pertzeptiboak dira irakurketan eragin handiena dutenak, mugimenduak baino handiagoa. Hori dela-eta, espazioa egituratzeko zailtasunek eragiten dute letren nahastura.

Denboran ordenatu eta sekuentziatzen ditugu fonemak, hitz egiten dugunean. Idazteko, berriz, espazioan ordenatzen ditugu. Beraz, ongi idazteko beharrezkoa da ongi orientatzea espazioan eta denboran, eta espazioko edo denborako segidak oroimenean gordetzea.

Erritmo-gaitasuna ere behar da ongi idazteko. Hitz egitean eta irakurtzean, hitz taldeak eratzen ditugu. Nire amaren eraztun hori urre kolorekoa da esaldia honela esaten edo irakurtzen dugu: Nireamaren eraztunhori urrekolorekoada. Baina, ongi idazteko, hitzak bereizten ikasi behar da. Erritmo jakin baten arabera elkartzen dira hitzak, baina erritmoak elkartzen dituen hitz horiek bereizita idazten ikasi behar du haurrak. Egitura erritmikoak berrekoizteko gaitasunean bereizten dira haur dislexikoak eta normalak. Irakurketaren lehen faseetan, loturik daude hautematearen funtzioak eta irakurketa.

3.3.4. Zuzenki loturik daude idazteko heldutasuna eta ahozko hizkuntzaren heldutasuna. Esaldiak hitzetan, hitzak silabatan eta silabak fonematan zatitzeko gaitasunarekin loturik dago irakurtzen eta idazten ikasteko gaitasuna. Ahozko hizkuntza analizatzeko gaitasuna estuki loturik dago irakurtzeko eta idazteko gaitasunarekin (Bradley eta Briant, 1983). Irakurketaren aurrekari ona da alfabetoko letrak izendatzea eta ezagutzea (Bond eta Dykstra, 1967). Afasiek, dislaliek eta dislexiek eragin zuzena dute idazketan. Hizkuntzaren ahoskatze-nahasteek eragin