5 minute read

2.IDAZKETA HARMONIKORANTZ

Testu idatziaren edertasunaren alde eta letra politak eragindako atseginaren alde gaude. Era berean, kaligrafiaren eta hainbat grafiaren alderdi estetikoak curriculumean aztertzearen alde gaude; izan ere, kultura askok hartzen dute kaligrafia espezialitate artistikotzat. Kaligrafiak ospea galdu duen garai honetan, idazketa ederra egitea sustatzen dugu. Ez esanahirik gabeko idazketa ederra, idazketa ederra eta esanguratsua baizik.

Idazketa harmoniatsuan, ordenaturik, proportzioan eta orekaturik egon behar dute zeinu grafikoek. Baina, gaur-gaurkoz zaila da esatea zein idazki diren harmoniatsuak eta ordenatuak eta zeinek eskatzen duen esku-hartzea. Zaila da, halaber, haurrei laguntzeko erabil daitezkeen estrategiak zehaztea, eta noiz erabil daitezkeen esatea.

Advertisement

Haur Hezkuntzan, haurrak espontaneotasunez mugitzeko aukera ematen duten ariketak egin behar dira. Marrazki libreak arbelean, hondarretan edo buztinean. Mugikortasun finaren garapena erraztuko duten ariketak. Eta helduak ez du goizegi esku hartu behar.

Orain arte, garrantzi handiegia eman zaio idatzitako hitzak ahoskatzeko edo ahoskatutako hitzak idazteko transkripzio-kodea ikasteari, eta garrantzi gutxiegi idatziaren bidez komunikatzeari. Gaur egun, berriz, idatziaren bidez komunikatzeari ematen zaio garrantzia, eta soinuen eta grafien arteko egokitzapena prozesuaren azken puntutzat hartzen da, ez abiapuntutzat. Haurrak komunikatu nahi duenetik eta haurraren komunikazio-testuingurutik abiatu behar du idazketaprozesuak. Bere egoeratik eta esperientziatik sortutako kontakizunak idatzi behar ditu haurrak. Zeregin horretarako, era guztietako euskarriak (hondarra, papera…) eta tresnak (klera, pintura, arkatza…) erabiliz, eta era guztietako jarrerak (zutik, eserita, etzanda…) izanik idatziko du haurrak.

Haur Hezkuntzako haurrak tamaina handiko gainazaletan idatzi behar du, inhibizioari ihes egiteko, arbelean edo hondartzan, besteak beste. Hainbat jarrera har ditzake idazteko: esate baterako, lurrean ahuspez etzanda hasten da idazten; gero, zutik idazten du; eta, azkenik, eserita. Bere gorputzaren atalak (eskuak, hatzak, oinak) edo beste tresna batzuk (brotxak, klerak, puntzoiak, argizariak, arkatzak…) erabil ditzake idazteko.

Haur Hezkuntzan, haurraren ekoizpen guztiei jarriko zaie alboan idatzizko izena, eta haurren taldeko beste kideen ekoizpenen artean jarriko dira. Komunikazioa da haurraren ekoizpenei izen idatziak jartzearen helburua.

Eserita idazten duenean, jarrera egokia hartzen ikasi behar du haurrak. Ipurmasailak jarrera simetrikoan eta orekatuan eduki behar ditu haurrak, gorputzenborrarekin angelu zuzena eratuz. Gorputz-enborraren oinarriak eta goialdeak lerro zuzenean egon behar dute eta sorbalda biek altuera berean. Idazteko erabiliko den orria oker samar egongo da (goian ezkerra , behean eskuina, eskuinaz idazten duenarentzat; goian eskuina eta behean ezkerra, ezkerraz idazten duenarentzat), eta gorputz-enborraren eskuinaldean jarrita (eskuinaz idazten duenarentzat). Mahai gainean jarriko ditu ukondoa eta eskuaurrea. Eskua paperaren gainean egongo da, esku-ahurraren ertz kubitalaren eminentziaren aldea, hain zuzen ere.

Arkatza hatz erakuslearen eta erpuruaren artean hartuko da, hatz handiak eusten diola. Ezker-eskuak eutsiko dio paperari (eskuina denean idazlea), eta eskuin-eskuak eutsiko dio paperari (ezkertia denean). Apur bat okertuko da burua (erlojuaren orratzen 7etako posizioan, eskuina denean, eta 5etako posizioan, ezkertia denean idazlea). 5 urteko haurrek mahaitik hurbil jarriko dute burua, baina hazten doan neurrian, 30 edo 40 cm-ko distantziara jarriko du. Gorputza zuzen egongo da, oker samar paperaren gainean. Haur txikiak mahai gainean jar dezake bularra.

Paperaren ezkerreko tarte zuriak eskuinekoak baino handiagoa izan behar du, eta behekoak goikoak baino txikiagoa izan behar du.

Auziasen (1966) eta Le Rouxen (2005) proposamenaren arabera, letra bakoitza bakarturik idazten ikasi behar dute haurrek. Trazu bakar batez, arkatza altxatu gabe idatziko dute letra bakoitza, eta x letra izango da salbuespena. Marra guztiak egingo dituzte trazu bakar batez, errepasatu gabe. Haurren taldeari idazketamarraren eredua erakusten zaio: letraren forma egiten da espazioan, eskuaz mugimendu handiak eginez. Arkatzez, kleraz edo beste edozein tresnaz egin dezake haurrak letra. Auziasen aholkuei jarraituz, orri zurian idazten has daiteke haurra; gero, lerro horizontal baten gainean idatziko du, eta, azkenik, bi lerro horizontalen artean idazten hasiko da. Gero eta txikiagoa izango da lerroen arteko distantzia: 6 mm, 5 mm, 4 mm eta 3 mm.

Zeinuen antzekotasunetan eta konplexutasunean oinarritzen da Le Rouxek (2005) letrak ikasteko proposatzen duen aurrerabidea: –Kiribil txikia eta handia: e eta l – c, o eta a: c letra hartuko da letra biribilak egiteko abiapuntuaren erreferentzia moduan. Obaloak (a, c, d, g, o) eskuineko goiko koadrantean hasi eta amaitu behar dira.

– i eta u

– t –Zubiz egindako letrak: m eta n –Marra bertikala eta zati biribila konbinatzen dituzten letrak: d, b, p eta q –Norabide-aldaketak eskatzen dituzten letrak: r, s eta b –Zangoak dituzten letrak: j, g,z eta f – v eta w – p, h eta k – x eta y

Idazketa-saio bat hastean, jarrera egokia hartu behar da. Paralelo jarri behar dira oinak, lurraren gainean; bi ipurmasailak berdin bermaturik aulkian, bizkarra zuzen eta sorbaldak altuera berean; sorbaldak, besoak, besaurrea eta eskuak erlaxatuta; eta sakona izan behar da arnasketa. Eskumuturraren uzkurtze- eta zabaltze-mugimenduak, errotazioa eta hurbiltze- eta aldentze-mugimenduak egin behar dituzte haurrek. Horrez gainera, letraren analisi pertzeptiboa egin behar dute. Letraren eredua nola egin erakusten die irakasleak, eta haurrek airean egiten dute letraren marra, besoaren mugimendu zabal batez. Hori guztia egin ondoren, haur bakoitzak bere paperean edo arbelean egiten du letra.

Idazkera irakurgarria, harmoniatsua, samurra, eskuan duten tresnari egokitua eta pertsonalizatua egiten irakatsi behar zaie haurrei.

Erritmikoki egindako mugimendu harmoniatsu batean oinarrituko da idazketa. Hezkuntza psikomotorrak, artistikoak eta musikalak erraztuko ditu idazteko aukera ematen duten garapen sentso-motorra eta kognitiboa.

Jarioz idazteko eta idatzitakoa irakurgarria izateko, nerbio-sistemak arautu behar ditu mugimenduak. Ongi idazteko, nerbio-sistema heldua eta orekatua eduki behar da, eta idazteko tresnara eta espazio grafikora egokitu behar dira gorputzaren mugimenduak. Ongi idazteko bete beharreko zenbait baldintza aipatuko ditugu (García Núñez, 2003): –Idazketa-marra egoki bat egiteko, beharrezkoa da ikusmena eta eskuaren mugimendua koordinatzea. Lehen fasean, begiak gidatzen du eskuaren mugimendua, eskua ez delako oraindik gai tonikoki egituratutako mugimenduak egiteko. Bigarren fasean, barne-irudia eraikita dagoenean, eskuak gidatzen du begia, bekoki aurreko garun-azala delako eskua gidatzen duena. Garunaren eta eskuaren arteko bitartekari izateari utzi dio begiak. Ikusmenaren eta mugimenaren arteko koordinazioa lortutakoan, forma iraunkorrak erreproduzitzeko gai da haurra.

–Ongi idazteko, beharrezkoa da idazteko tresnari ongi heltzea. Hatz erakusleaz eta erpuruaz pintza bat eratuz heldu behar zaio lumari. Era berean, lumari heltzeko egiten den presioaren eta paperaren gainean egiten den presioaren arteko koordinazio egokia da beharrezkoa. –Eskuineko eskuaz idaztera bultzatuko ditugu haurrak, garbiki ezkertiak ez badira behintzat. Izan ere, gure idazkera ezkerretik eskuinerako norabidean doa, eta norabide hori hobeto egokitzen da eskuinaren idazkerara, ezkertiaren idazkerara baino.

–Haurrak ezkerreranzko eta eskuineranzko biraketak automatizatu behar ditu. Lehena, a, b, c, d, e, i, l, ll, o, t, u letrak idazteko. Bigarrena, f, g, h, j, k, m, n, s, v, w, x, y, z letrak idazteko.