12 ZIO Hizkuntza-sena

Page 1



HIZKUNTZA-SENA

STEVEN PINKER

Garikoitz Knรถrr itzultzailea

ZIENTZIA IRAKURLE ORORENTZAT


Galarazita dago liburu honen kopia egitea, osoa nahiz zatikakoa, eta, halaber, informazioa berreskuratzeko baliabide mekaniko, fotokimiko, magnetiko, elektrooptiko edo fotokopiak erabiliz erregistratzea eta zabaltzea, jabeek aldez aurretik eta idatziz emandako baimenik gabe.

Babesleak

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA DEPARTAMENTO DE EDUCACIÓN, UNIVERSIDADES E INVESTIGACIÓN

Diseinua eta azala: Antton Olariaga Hizkuntza-begiraletza eta itzulpenaren orrazketa eta egokitzapena: Patxi Goenaga eta Itziar Laka

© The Language Instinct Steven Pinker, 1994 All rights reserved - Eskubide guztiak erreserbatuta © 2010, itzulpena: Garikoitz Knörr © ehupress, 2010, Hizkuntza-sena ehupress. Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuaren marka bat da ISBN: 978-84-9860-423-8 Lege gordailua: BI - 2.079-2010 Fotokonposizioa: Ipar, S. Coop. Zurbaran, 2-4, 48007 Bilbao Inprimatzea: Itxaropena, S.A. Araba Kalea 45, 20800 Zarautz (Gipuzkoa)


Aurkibidea

1. Arte bat gureganatzeko sena . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

7

2. Hitzontziak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

19

3. Gogoera. . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

55

4. Hizkuntzak nola funtzionatzen duen . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

87

5. Hitzak, hitzak, hitzak. . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 133 6. Isiltasunaren hotsak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 167 7. Buru berritsuak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 203 8. Babelgo Dorrea . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 249 9. Haur bat hiztun jaio-Zerua deskribatu du . . . . . . . . . . . . . . . . 283 10. Hizkuntz organoak eta Gramatika-Geneak. . . . . . . . . . . . . . . . 321 11. Big Banga . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 359 12. Hizkuntzaren sasiadituak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 401 13. Gogoaren diseinua . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 441 Bibliografia. . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 471 Glosarioa . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 501



1 Arte bat gureganatzeko sena

Hitz hauek irakurtzean, izadiko mirari batean parte hartzen ari zara. Zu eta biok, izan ere, gaitasun aipagarri bat duen espezie bateko kideak gara: batak bestearen burmuinean gertaerak zizelka ditzakegu, erabateko zehaztasunez. Ez naiz telepatiaz ari, edo kontrol mentalaz, ez eta parapsikologiaren edo okultismoaren gainerako obsesioez; horrelako sinesteak dituztenen kontakizunak onartuta ere, tresna guztiz gordinak dira horiek guk denok benetan daukagun gaitasun batekin alderatuta. Hizkuntza da gaitasun hori. Ahoaz zaratak eginaz soilik, batak bestearen gogoetan ideia-konbinazio berri guztiz zehatzak sortarazi ditzakegu. Gaitasun hori hain naturala egiten zaigunez, erraz ahanzten dugu zer-nolako miraria den. Beraz, utzidazu adibide sinple batzuen bitartez gogorarazten. Zeure irudimena une batez nire hitzen mende uzten baduzu, pentsamendu guztiz argi batzuk egin ditzazun lor dezaket: Olagarro arrak emea ikusten duenean, marrak agertzen zaizkio gorputz eskuarki grisaxkan. Emearen gainetik igerian hasten da, bai eta hura laztantzen ere, bere besoetatik zazpi erabiliz. Emeak uzten badio, laster hurbildu eta irristaka sartuko dio zortzigarren besoa arnas-tutuan barrena. Hazi-fardel mordo bat astiro mugituko da arraren besoko zirrikitu baterantz eta, azkenik, emearen mantu-barrunbean sartuko. Gerezi-orbanak soineko zurian? Ardoa aldareko oihalean? Igurtzi sodarekin berehala. Primerakoa da ehunetatik orbanak kentzeko. Tad-i atea ireki dionean, zur eta lur geratu da Dixie, hilik zegoela uste baitzuen. Danbateko batez atea itxi, eta ihes egiten saiatu da. Baina Tadek ÂŤmaite zaitutÂť esan, eta sartzen utzi dio Dixiek. Tad kontsolatzen hasi zaio, eta berotzen hasi dira, pixkanaka. Bat-batean Brian agertu da eta Dixiek Tad harrituari esan dio bera eta Brian egun hartan berean ezkondu direla.


8

H IZKUNTZA - SENA

Zailtasun handiz, Dixiek Briani jakinarazi dio kontuak ez direla bukatu Tadekin, ezta gutxiagorik ere. Gero, Jamie Taden semea dela iragarri du Dixiek. «Nire zer?», esan du Tadek, guztiz harrituta. Gogoan izan ezazu hitz horiek zer egin duten. Ez dizkizut, besterik gabe, olagarroak oroitarazi; zaila bada ere, inoiz horietariko batengan marrak agertzen direla ikustea egokitzen bazaizu, orain badakizu zer gertatuko den ondoren. Beharbada, supermerkatura zoazen hurrengo aldian, sodaren bila ibiliko zara, hamar milaka salgaien artean eta, behin erosita, ez duzu ukitu ere egingo, harik eta substantzia jakin batek eta objektu jakin batek bat egiten duten arte. Orain baduzu, beste hainbat milioi lagunek bezala, ezezagun baten irudimenak sortutako mundu bateko —All My Children telesaileko— protagonisten sekretuen berri. Egia da, bai: irakurri eta idazteko dugun gaitasunaren baldintzapean daude eman dizkizudan adibide horiek guztiak, eta horrek are zirraragarriagoa egiten du gure arteko komunikazioa, denboraren, espazioaren eta harremanen hutsuneak gainditzen baititu. Baina idazkera aukerako osagarria da, argi eta garbi; hitzen bitarteko komunikazioaren benetako eragilea, izan ere, haurtzaroan geureganatu genuen ahozko hizkuntza da. Giza espeziearen edozein historia naturaletan, hizkuntza ageri da ezaugarri nagusi. Zalantzarik gabe, gizabanakoa, bakarka harturik, problema-ebazle eta ingeniari ikaragarria da. Robinson Crusoez osaturiko arraza bati, baina, ez lioke aparteko zer aipagarririk ikusiko behatzaile estralurtar batek. Gizakiongan benetan txundigarria dena hobeki jasotzen da Babelgo Dorrearen istorioan, non gizateria, hizkuntza bakarra eginaz, hainbeste gerturatu baitzen zerura, ezen Jainkoa bera mehatxaturik sentitu baitzen. Hizkuntza batek, hain zuzen, informazioa partekatzeko sare erkide izugarri ahaltsu batean konektatzen ditu taldeko kideak. Edonork erabil dezake beste batek —garaikide zein iraganeko— sormen-txinpartez, zorioneko ustekabeez edo ahaleginez lortutako ezagutza. Eta jendeak taldean jardun dezake, lanak hitzarmenen bitartez uztartuz. Horren ondorioz, Homo sapiens espezieak —espezie bat baita, alga urdinak edo zizareak bezala— aldaketa sakon eta iraunkorrak eragin ditu planetan. Arkeologoek hamar mila zaldiren hezurrak aurkitu dituzte amildegi baten hondoan, Frantzian: duela hamazazpi mila urte paleolitikoko ehiztari taldeek bultzaturik, hara amildutako zaldi saldoen hondarrak omen dira. Antzinako elkarlanaren eta gaitasun partekatuen fosil horiek argi dezakete nola desagertu ziren sable-hortz tigreak, mastodonteak, errinozero iletsu erraldoia eta beste hainbat ugaztun handi, gizaki modernoak haien


A RTE

BAT GUREGANATZEKO SENA

bizilekuetara iritsi berritan. Itxura guztien arabera, gure arbasoek suntsitu zituzten. Hizkuntza hain dago giza esperientziaren enborrean txertatua, non zaila baita hura gabeko bizitzarik irudikatzea. Hartu munduko edozein tokitan elkarrekin dauden bi lagun edo gehiago: baietz berehala beren artean hizketan hasi. Norekin hitz egin ez dugunean, geure buruari hitz egiten diogu, edo txakurrari, baita landareei ere. Gure gizarte-harremanetan, ez du azkarrenak irabazten lehia, etorririk handiena duenak baizik: mintzoaz xarmatzen gaituen hizlariak, urrezko mihia duen limurtzaileak, guraso egoskorra bairatzea lortzen duen haurrak... Afasia, burmuineko asalduen ondoriozko hizkuntza-galera, gaitz suntsigarria da eta, kasurik larrienetan, pertsona osoa betiko galdu dela uste izaten dute senideek. Giza hizkuntzari buruzkoa da liburu hau. Izenburuan «hizkuntza» duten liburu gehienek ez bezala, honek ez dizu errieta egingo erabilera zuzena dela eta ez dela, ez da esapide eta argot-hitzen jatorriaren bila arituko, edo ez zaitu dibertiaraziko palindromo, anagrama eta eponimoekin edo «gintzaizkiokezun» bezalako aditz-formekin. Izan ere, ez dut ingeles hizkuntza edo beste edozein hizkuntza hartuko hizpide, baizik eta askoz oinarrizkoagoa den zerbait: hizkuntza ikasi, erabili eta ulertzeko sena. Aurrenekoz historian, bada horren gainean zer idatzi. Duela hogeita hamar bat urte zientzia berri bat sortu zen, orain «zientzia kognitiboa» deritzona. Zientzia horrek psikologiako, informatikako, hizkuntzalaritzako, filosofiako eta neurobiologiako ekaiak uztartzen ditu giza adimenaren funtzionamendua azaltzeko. Hizkuntzaren zientziak, bereziki, aurrerapen ikusgarriak egin ditu ordutik. Hizkuntzaren fenomeno asko ongi ulertzen hasi gara, kamera bat nola dabilen edo barea zertarako dugun ulertzen dugun bezain ongi ia. Aurkikuntza zirraragarri horiek ezagutarazi nahi nituzke hemen, horietako batzuk zientzia modernoko beste edozer bezain ederrak eta argiak baitira, baina badut beste asmorik ere. Hizkuntza-gaitasunen gaineko azalpen berriek ondorio iraultzaileak dituzte hizkuntza ulertzeko eta hizkuntzak giza arazoetan duen eginkizunaz jabetzeko dugun eran, baita gizadiaz beraz dugun ikuspegian ere. Pertsona eskolatu gehienek badituzte, noski, hizkuntzari buruzko iritzi sendoak. Ongi dakite gizadiaren kultura-sorkuntzarik garrantzitsuena dela: sinboloak erabiltzeko ahalmenaren adibide nagusia, eta biologian aurrekaririk ez duen gertakaria, gainerako animaliengandik bereizkuntza argi eta garbia ezartzen duena. Ongi dakite hizkuntzak gogoa moldatzen

9


10

H IZKUNTZA - SENA

duela eta hizkuntza desberdinek hiztunei errealitatea modu desberdinetan ikusarazten dietela. Ongi dakite haurrek heldu eredugarriengandik eta zaintzaileengandik ikasten dutela hitz egiten. Ongi dakite lehengo eskoletan gramatika-ezagutza sendoa bultzatzen zela baina egungo hezkuntzamaila apalek eta herri-kulturaren beherakadak guztiz makaldu duela hiritar arruntak perpaus gramatikal bat sortzeko duen gaitasuna. Ongi dakite, orobat, ingelesa hizkuntza xelebrea eta logikaren kontrakoa dela. Ongi dakite ingeles ortografiak pentsaezinezko mugetaraino eramaten duela erokeria —George Bernard Shaw kexu zen, ingelesez fish (/fix/ ahoskatua, «arrain») hitza ghoti bezala ere idatz zitekeelako berdin-berdin (gh letrak tough (/taf/ «gogor») hitzean bezala ahoskatuz, hots, «f» bezala; o letra, women /uimen/ «emakumeak» hitzean bezala, hots, «i»; eta ti, azkenik, nation /neixon/ «nazio» hitzean bezala, hots, euskarazko «x» bezala)—, eta erakunde publikoen inertziak baizik ez duela eragozten sistema arrazionalago bat ezartzea, hots, «esaten dena idatzi» moduko sistema bat. Hurrengo orrialdeetan iritzi horiek den-denak oker dabiltzala erakusten saiatuko naiz. Oker dabiltza, bai, eta arrazoi bakar batek okertzen ditu. Hizkuntza ez da kultura-asmakizun hutsa, orduak eta minutuak edo gizarte-erakundeek nola funtzionatzen duten ikasten dugun bezala ikasten duguna. Aitzitik, gure burmuinaren osaera biologikoaren atal bereizi bat da. Gaitasun konplexu eta espezializatua da hizkuntza; haurrarengan berez garatzen da, oharkabean, irakaspen formalik gabe, azpian duen logika ulertu gabe, eta kualitatiboki berdina da gizabanako guztiongan, informazioa prozesatzeko edo bestelako gaitasun kognitibo orokorragoetatik bereizia. Arrazoi horiek direla-eta, zientzialari kognitibo batzuek gaitasun psikologiko gisa, gogoko organo gisa, sistema neural gisa edota modulu konputazional gisa deskribatu izan dute hizkuntza. Hala ere, aitor dut, nik nahiago dut deitura bitxiago bat: «sena». Hitz horrek, izan ere, ongi islatzen du azaldu nahi dudan ideia: alegia, armiarmek beren amaraunak ehuntzen dakiten eran, halaxe dakiela jendeak hitz egiten. Amaraunak ehuntzea ez da historiak ahazturiko armiarma artista xelebre baten asmakizuna, ez du heziketa egokia jaso izanarekin zerikusirik, edo arkitekturarako edo eraikuntzarako dohain edo gaitasun bereziak izatearekin. Armiarma-burmuina dutelako ehuntzen dituzte armiarmek amaraunak, eta horrexek bultzatzen ditu amaraunak egitera, artez egitera bultzatu ere. Amaraunen eta hitzen artean desberdintasunak dauden arren, hizkuntza modu horretara ikustera eraman nahi zaitut, horrela hobeki ulertuko baitira hemen aztertuko ditugun fenomenoak.


A RTE

BAT GUREGANATZEKO SENA

Hizkuntza sen gisa ikusteak jendartean dabiltzan uste gehienak hankazgoratzen ditu, batik bat humanitateetan eta gizarte-zientzietan hizkuntza aurkeztu ohi den modua kontuan harturik. Hizkuntza ez da kulturasorkuntza bat, ez behintzat hanka bitan zutik egotea baino areago. Ez da sinboloak erabiltzeko gaitasunaren adibide bat: hiru urteko ume bat, ikusiko dugun bezala, gramatikari trebea da, baina ez da gai arte plastikoetan, erlijio-ikonografian, zirkulazio-seinaleetan eta semiotika-curriculumaren beste gai oinarrizkoetan. Homo sapiensarena soilik den gaitasun liluragarria izateak ez luke hizkuntza giza biologiaren ikerketa-eremutik kanporatu behar; espezie bizidun batena bakarrik den gaitasun liluragarri bat ez baita guztiz aparteko kontua animalia-erreinuan. Saguzar mota batzuek Doppler sonarraz baliatzen dira intsektu hegalariengana zuzentzeko. Hegazti migratzaile mota batzuek milaka kilometro egiten dituzte konstelazioen itxura eguneko unearen eta urtaroaren arabera kalibratuz. Naturaren talentu-jaialdi handi horretan gu ez gara primate-espezie bat baino, geure trebezia propioa dugula: arnasa kanporatzean egiten ditugun hotsak modulatuz, nork nori zer egin dion (eta hari buruzko informazioa) elkarri komunikatzeko gaitasuna, alegia. Hizkuntza komunikatzeko moldaera biologikotzat jotzen hasten garen unean, eta ez giza apartekotasunaren muin ezin adierazizkotzat, ez zaigu horren erakargarria irudituko hizkuntza gogoaren zizelkari maltzurra izatea, ez baita hala, ikusiko dugunez. Gainera, hizkuntza naturaren ingeniaritza-miraritzat begietsiz gero —Darwinen hitzetan «egituran eta moldaeran duen perfektutasunagatik gure miresmena pizten duen» organo bat— begirune berri batez ikusiko dugu hiztun arrunta, baita ingeles hizkuntza bera ere (nahiz beste edozein hizkuntza), maizegi belztua izan dena. Zientzialariaren ikuspuntutik hizkuntzaren konplexutasuna gure sortzezko ondare biologikoaren osagaia da; ez da gurasoek seme-alabei irakasten dieten zerbait, edo eskolan landu beharreko zerbait —Oscar Wildek esan bezala, «Gauza miresgarria da, bai, hezkuntza; baina, noizean behin, on da gogoratzea jakitea merezi duenik ezin irakats daitekeela»—. Eskolaurreko ume baten gramatika-ezagutza isila, estilo-libururik mardulena edo informatikako hizkuntza-sistemarik aurreratuena baino landuagoa da, eta gauza bera esan daiteke gizaki osasuntsu guztiez, baita joskera gaiztoa erabiltzen duten futbolariez ere, edota ganorazko etorririk ez daukan, tira, ba... e... hori, zera, gaztejendeaz. Azkenik, hizkuntza sen biologiko ongi eratu baten emaitza denez gero, ez da, ikusiko dugunez, kazetari bihurri batzuek hartaz antolatu nahi diguten

11


12

H IZKUNTZA - SENA

saski-naskia. Kaleko hizkeraren duintasuna erakusten saiatuko naiz eta, hori nahikoa ez balitz, badut laudorio bat edo beste ere ingelesaren ortografia-sistemari eskaintzeko. Hizkuntza nolabaiteko sentzat behar zela Darwinek berak adierazi zuen aurrenekoz, 1871. urtean. The descent of Man («Gizonaren jatorria») lanean, hizkuntzaren kontuari aurre egin behar izan zion, hizkuntza gizakietan bakarrik egoteak zalantzan jartzen baitzuen haren teoria. Gai guztietan bezala, harrigarriro modernoak dira Darwinen iruzkinak: Filologiaren zientzia noblearen sortzaileetariko batek dioen bezala, trebezia bat, arte bat da hizkuntza, garagardoa edo ogia egitea bezala; idaztea izango zen, baina, konparazio hobea. Egia da ez dela benetako sena, hizkuntza oro ikasi egin behar baita. Edonola ere, arte arrunt guztietatik urrun da, mintzatzeko berezko joera baitu gizakiak, gure haur txikiak totelka hasten direnean ikus dezakegunez; aldiz, haurrek ez dute garagardoa, ogia egiteko edo idazteko senezko joerarik. Gainera, orain filologoek ez dute onartzen hizkuntzak nahita asmatuak izan direnik; astiro-astiro eta oharkabean garatu dira, noski, hainbat urratsetan. Darwinek ondorioztatu zuen «arte bat bereganatzeko joera senezkoa» dela hizkuntza-gaitasuna, eta eredu hori ez dela soilik gizakiona, beste espezie batzuetan ere aurkitzen baita: kantuak ikasten dituzten txoriengan, esate baterako. Hizkuntza-senaren ideia onartzea gogorra gerta dakieke hizkuntza giza adimenaren gailur gorena dela irizten dioten askori, batik bat senaren ideiak gogora ekartzen dien guztia piztia iletsuak ibaietan eustormak egitera eta lumadun izakiak hegoaldera hegan egitera bultzatzen dituen grina basatiak badira. Baina Darwinen jarraitzaileetariko bat, William James, ohartu zen senaren jabeak ez duela zertan «erabateko automata» baten gisara jokatu. Hark zioenez, animaliek dituzten sen guztiak ditugu guk, eta baita beste hainbat ere; gure adimen malgua, izan ere, lehian diren sen askoren elkarlanak sortu du. Izan ere, gizakion pentsamenduaren senezkotasunak berak eragozten digu sena dela konturatzea: Ikasiaren ikasiaz gaiztoturiko adimena behar da, zinez, naturala denari arrotz itxura ematerainoko prozesua burutzeko, senezko giza egintza baten zergatiaz galdetzeraino. Metafisikariari baino ezin bu-


A RTE

BAT GUREGANATZEKO SENA

rura dakizkioke honelako galderak: Zergatik egiten dugu irri atsegin hartzen dugunean, kopeta ilundu beharrean? Zer dela-eta ez gara jendaurrean buruz buru bezala mintzatzeko gai? Zergatik txoratzen gara delako neskatxa horren aurrean? Jende arruntak hau baino ezin esan: Jakina irri egiten dugula, jakina pilpiratzen zaigula bihotza jendaurrean, jakina maite dugula neskatxa, arima eder hura, itxura perfektu hartaz jantzia, bistakoa eta nabarmena baita betikotasun guztian maitatua izateko sortua dela! Eta hala pentsatuko du edozein animaliak, ziur asko, objektu jakin batzuen aurrean egin ohi dituenak direla-eta... Lehoi arrarentzat lehoi emea da maitatzeko sortu dena; hartz arrarentzat, hartz emea. Ziur asko, oilo lokarentzat, berriz, izugarria litzateke pentsatzea, lurrean inor bizi litekeenik zeinarentzat arrautzaz betetako habia ez den harentzat bezain gauza guztiz liluragarri eta baliotsua, sekula nekatu gabe txitatzeko modukoa. Hortaz, animalia batzuen senak inon diren misteriotsuenak izanik ere, ziur egon gaitezke, gureak are misteriotsuagoak irudituko zaizkiela haiei. Eta sen bati men egiten dion animaliarentzat, sen horren bulkada guztiek eta urrats guztiek berezko argia dutela ondoriozta dezakegu, eta unean egiteko egoki eta zuzen bakarra irudituko zaiola egiten duen huraxe. Nola ez du, bada, zirrara atsegingarri batek astinduko eulia, azkenean haren obipositorea deskargatzeko munduko beste ezerk ez bezala kilikatzen duen hosto, sarraski, simaur-puska berezi hura aurkitzean?—Ez al da deskarga hori, harentzat eta une hartan, egoki den zer bakarra? Kezkatu behar al da, edo ezer jakin behar al du, etortzekoa den harraz eta haren elikaduraz? Ezin dezaket neure helburu nagusirako adierazpen egokiagorik aurkitu. Hizkuntzaren funtzionamendua hain dago gure oharmenetik urrun nola erruteko arrazoi nagusiak euliarenetik. Gure burutapenak ahotik hain erraz ateratzen zaizkigunez, sarritan lotsarazten gaituzte, gure buruko zentsuratzaileengandik itzurita. Perpausak ulertzen dihardugunean, gardena egiten zaigu hitz-jarioa; hain automatikoki antzematen diogu esanahiari, non aise ahantz dezakegun film bat hizkuntza atzerritar batean egina dela eta azpitituluak dituela. Uste dugu ama imitatuz jasotzen dutela haurrek ama-hizkuntza, baina haur batek kamioiak ekarri dut edo nik apurtu ez dut esaten duenean, hori ezin daiteke amaren imitatze soila izan. Ikasi duzun guztia burutik ezabatu nahi nizuke, dohain natural ho-

13


14

H IZKUNTZA - SENA

riek arrotz gerta dakizkizun, itxuraz hain arrunt zaizkizun gaitasun horiek «zergatik» eta «nola» diren galdegin dezazun. Etorkina bigarren hizkuntzan nekez saiatzen edo apoplexia-gaixoa jaiotzetiko hizkuntza ekoizteko eginahalean ikuska itzazu, haur-hizkerako edozein pasarte xeheki aztertu, edo zoaz ordenagailu bat programatzera euskara uler dezan, eta hizketarik arruntena ere beste era batean agertuko zaizu. Erraztasuna, gardentasuna eta automatikotasuna ez dira irudipenak baino, sistema guztiz oparoa eta ederra estaltzen duten irudipenak. Mende honetan, hizkuntza senaren antzekoa dela dioen argudiobiderik ospetsuena Noam Chomsky hizkuntzalariak ekarri digu. Hura izan zen sistemaren xehetasunak azaltzen lehena eta, ziur asko, bera da hizkuntzaren eta zientzia kognitiboaren iraultza modernoaren arduradun nagusia. 1950eko hamarkadan, behaviorismoa zen nagusi gizarte-zientzietan, John Watson-ek eta B.F. Skinner-ek ezagutarazi zuten pentsamendu-eskola. «Jakin» eta «pentsatu» bezalako termino mentalak zientziaz kanpokotzat iritzi ziren; «gogo» eta «innato» hitz zikinak ziren. Estimulu eta erantzunezko ikasteari buruzko arau gutxi batzuen bitartez azaltzen zen jokabidea, eta barrak sakatzen zituzten arratoiak edo tonuak entzutean listua jariatzen zuten txakurren bidez aztertzen. Horretan, hizkuntzari buruzko bi funtsezko egitate nabarmendu zituen Chomskyk. Batetik, pertsona batek esan edo ulertzen dituen perpaus ia guztiak hitzkonbinazio berri-berriak direla, unibertsoaren historian lehen aldiz azaltzen direnak. Beraz, hizkuntza bat ezin daiteke erantzun-zerrenda hutsa izan; errezeta edo programa bat izan behar du burmuinak, hitz-zerrenda mugatu batetik abiatuta perpaus-sorta mugagabea sortzeko gai dena. Gramatika mentala esan dakioke programa horri (ez baita nahasi behar «gramatika» pedagogiko edo estilistikoekin, horiek prosa idatzirako araubideak baino ez baitira). Bigarren funtsezko egitatea da haurrek laster eta irakaspen formalik gabe garatzen dituztela gramatika konplexu horiek, lehenago inoiz ikusi ez dituzten perpaus-egitura berriei interpretazio koherenteak ematera heltzeraino. Horregatik —zioen Chomskyk—, hizkuntza guztien gramatikek duten eredu bat izan behar dute noski haurrek sortzez: Gramatika Unibertsal bat, alegia, hark esango baitie nola destilatu gurasoen hizketatik egitura edo eredu sintaktikoak. Honela adierazi zuen Chomskyk: Azken mendeetako historia intelektualeko kontu guztiz bitxia da nola garapen mentala eta fisikoa bide guztiz desberdinetatik ikertu izan diren. Inork ez luke serio hartuko, esate baterako, giza


A RTE

BAT GUREGANATZEKO SENA

organismoak besoak —eta ez hegalak— izaten ikasten duela esperientziaren bidez, edo organo jakinen oinarrizko egitura halabeharrezko esperientziaren emaitza dela. Aitzitik, ziurtzat jotzen da genetikoki baldintzaturik dagoela organismoaren egitura fisikoa, nahiz eta, jakina, neurria, garapen-maila eta bestelako dimentsio batzuen aldakuntza kanpo-faktoreen menpe egon, hein batean... Goi-organismoen nortasunaren garapena, jokabide-ereduak eta egitura kognitiboak oso bestela aztertu izan dira maiz. Alor horietan faktore nagusia gizarte-ingurunea dela uste izaten da, oro har. Denboran zehar garatzen diren gogoaren egiturak arbitrariotzat eta halabeharrezkotzat jotzen dira; ez dago «giza naturarik» historiaren ekoizpen zehatz modura garatzen denetik aparte... Baina giza sistema kognitiboak serioski ikertzen direnean ohartzen gara organismoaren bizitzan garatzen diren gainerako egituren aldean, berdintsu miragarriak eta konplexuak direla. Zergatik ez aztertu, bada, hizkuntza bezalako egitura kognitibo horretaz jabetzeko prozesua edozein gorputz-organo konplexu aztertzen dugun bezala? Lehen begiratuan, zentzugabea lirudike proposamenak, giza hizkuntzen aldagarritasun handiagatik baino ez bada ere. Hausnarketa xeheago batek, baina, deuseztatu egiten ditu zalantza horiek. Hizkuntza-unibertsalei buruz funtsezkorik ezer gutxi jakinik ere, nahikoa ziur egon gaitezke zorrozki mugaturik dagoela litekeen hizkuntza-aldagarritasuna... Eraikuntza aberats eta konplexua da banako bakoitzak bereganatzen duen hizkuntza, ezinbestean zehaztugabea, [haurrak] eskura dituen froga zatikakoak aintzat harturik. Haatik, hizkuntza berbera garatu dute funtsean hizkuntza-elkarte bateko gizabanakoek. Hori bakarrik azal daiteke onarturik gramatikaren eraikuntza artezten duten printzipio guztiz murriztaileak erabiltzen dituztela gizabanako horiek. Chomskyk eta beste hizkuntzalari batzuek, pertsona arruntek beren ama-hizkuntzakoak jotzen dituzten perpausen azterketa tekniko neketsuak eginez, jendeak hizkuntza jakin bakoitzaz duen ezagutzaren azpian dauden gramatika mentalei eta gramatika zehatz hauen azpian dagoen Gramatika Unibertsalari buruzko teoriak garatu zituzten. Handik laster, Chomskyren lanak beste hainbat zientzialari bultzatu zituen hizkuntzaren ikerkuntza-alor erabat berriak zabaltzera —besteak beste, Eric Lenneberg, George Miller, Roger Brown, Morris Halle eta Alvin Liberman— haur-

15


16

H IZKUNTZA - SENA

garapenetik edo hizketaren hautematetik hasi eta neurologia eta genetikarainokoak. Une honetan, milaka dira hark aurkezturiko arazoak ikertzen diharduten zientzialariak. Egun, hamar idazle aipatuenen artean dugu Chomsky (Hegel eta Zizeronen aurretik, eta bakarrik Marx, Lenin, Shakespeare, Biblia, Aristoteles, Platon eta Freuden atzetik), eta bera da top ten hortako kideetatik bizirik dagoen bakarra. Besterik da, baina, aipamen horiek zer esaten duten. Chomskyk jendea artegatu egiten du. Erreakzioak askotarikoak dira, erlijio-gurtza bitxietako guruentzat gorde ohi den miresmen-lilurazko begirunetik hasi eta akademiko batzuek goi-arte bihurtu duten erretolika garratzerainokoak. Hori hala bada, neurri batean, Chomskyk xx. mendeko bizitza intelektualaren oinarri bati eraso egin diolako da; hain zuzen ere «Gizarte Zientziaren Eredu Estandarra» deritzonari, zeinaren arabera inguruko kulturak moldatzen baitu giza psikea. Ez da pentsalaririk, bestalde, Chomskyri ez ikusiarena egin diezaiokeenik. Hona zer onartu duen, esate baterako, Hilary Putman filosofoak, haren kritikari zorrotzenetako batek: Chomsky irakurtzen duzunean, ahalmen intelektual handiaren zirrarak hunkitzen zaitu; ohartzen zara ohiz kanpoko adimen baten aurrean zaudela. Horren zergatia haren nortasun ahaltsuaren xarma da batetik, eta, bestetik, haren ageriko bertute intelektualak: originaltasuna, gai iragankor eta azalekoak arbuiatzeko joera; iraganekoak ziruditen jarrerak (hala nola «ideia innatoen doktrina») berpizteko zaletasuna (eta gaitasuna); berebiziko garrantzi iraunkorra duten gaiak —hala nola giza gogoaren egitura— aztertu eta lantzeko kezka. Liburu honetan kontatuko dudan istorioak Chomskyren eragin sakona du, bistan denez. Baina ez da haren istorioa zehatz-mehatz, eta ez dut kontatuko hark kontatuko lukeen bezala. Chomskyk irakurle asko harritu ditu, hautespen natural darwindarrak (beste eboluzio-prozesu batzuek ez bezala) berak defendatzen duen hizkuntza-organoaren jatorria azaltzeko izan dezakeen ahalmenaren aurrean agertzen duen eszeptizismoa dela-eta. Nire iritziz, hizkuntza, begia bezala, eboluzio-moldaeratzat hartzea emankorra da, dituen atal nagusiak funtzio garrantzitsuak burutzeko diseinatuta baitaude. Eta Chomskyk hizkuntzaren izaerari buruz aurkezten dituen argudioak hitzen eta perpausen egituraren azterketa teknikoetan oinarritzen dira, formalismo ulergaitzetan bilduta sarri. Hezur-haragizko hiztunei buruz ematen dituen azalpenak laburregiak dira, guztiz idealizatuak. Haren argudioetako askorekin bat banator ere, uste dut gogoari buruzko ondorio


A RTE

BAT GUREGANATZEKO SENA

bat konbentzigarria izango bada, froga ezberdin ugaritan oinarritu behar dela. Liburu honetako istorioa, beraz, oso eklektikoa da, ADNak burmuinak nola eratzen dituen aztertzen hasi eta hizkuntzari buruz mintzo diren iritzi-kazetarien ustekizun edo dogmetaraino baitoa. Galdera egitea da abiapunturik onena: zergatik sinetsi behar ote luke inork giza hizkuntza sena dela, hots, giza biologiaren atala?

17


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.