10 ZIO Argia munduaren

Page 1



ARGIA MUNDUAREN ERTZEAN BIDAIA BAT DESAGERTZEN ARI DIREN KULTUREN ERRESUMAN BARRENA

WADE DAVIS

IÑAKI IÑURRIETA itzultzailea

ZIENTZIA IRAKURLE ORORENTZAT


Galarazita dago liburu honen kopia egitea, osoa nahiz zatikakoa, eta, halaber, informazioa berreskuratzeko baliabide mekaniko, fotokimiko, magnetiko, elektrooptiko edo fotokopiak erabiliz erregistratzea eta zabaltzea, jabeek aldez aurretik eta idatziz emandako baimenik gabe.

Babesleak

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA DEPARTAMENTO DE EDUCACIÓN, UNIVERSIDADES E INVESTIGACIÓN

Diseinua eta azala: Antton Olariaga Begirale teknikoa: Pio Perez Hizkuntza-begiralea: Itziar Laka © Light at the Edge of the World Wade Davis, 2001 & 2007 First published by Douglas & McIntyre Ltd. (now known as D&M Publishers Inc.) 2323 Quebec Street, Suite 201,Vancouver, BC, V5T 4S7, Canada www.douglas-mcintyre.com Douglas & McIntyre Ltd. argitaletxeak (orain D&M Publishers Inc. izenaz ezagutua) lehenik argitaratua. 2323 Quebec Street, Suite 201,Vancouver, BC,V5T 4S7, Canada www.douglas-mcintyre.com © 2009, itzulpena: Iñaki Inurrieta © ehupress, 2009, Argia munduaren ertzean ehupress. Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuaren marka bat da ISBN: 978-84-9860-050-6 Lege gordailua: BI-2858-09 Fotokonposizioa: Ipar, S. Coop. Zurbaran, 2-4, 48007 Bilbao Inprimatzea: Itxaropena, S.A. Araba Kalea 45, 20800 Zarautz (Gipuzkoa)


Edukiak

Hitzaurrea. . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

7

Eskerrak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 11 1. Etnosferaren harrigarria . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 15 2. Otsoen betazalak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 27 3. Oihana eta izarrak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 69 4. Jainkoen aurpegia . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 95 5. Azken nomadak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 113 6. Elurren lurraldea . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 147 7. Izateko mila era . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 165



Hitzaurrea

Liburu honek etnobotanikari eta antropologo, ikasle eta idazle gisa egin ditudan bidaia ugarietako batzuk kontatzen ditu. Lehen kapituluek Kanadako iparraldean, Ande garaietan, Amazonasen, Orinokon eta Haitin zehar egindako bidaiei buruz dihardute. Hasierako esperientzia eta topaketa haiek eraman ninduten antropologiaren funtsezko errebelazioaz jabetzera eta hura onartzera; alegia, kultura desberdinak bizitzaren beraren ikuspegi bakarrak direla, moralki inspiratuak eta berez zuzenak. Liburuaren bigarren erdiak —Borneoko Penan herriaren kinka larriaz, Keniaren iparraldeko abeltzain nomadez eta Tibeten patuaz ari diren atalak— gure garaiko korronte ezkutuaren zerbait iradokitzen du, nola kentzen eta puskatzen zaien mundu osoko herri zaharrei beren iragana, eta nola bultza egiten zaien etorkizun badaezpadako batera. Liburua askatasun-promes batekin amaitzen da: Nunavut, Kanadako Artikoan berriki ezarritako Inuit herrialdea. Zenbait pasartek Kolonbiako Kogi eta Ikata herrien bizimodua eta Sierra Nevada de Santa Martan eta Andeetako mendikatearen luzean zehar aditzen den espiritu- eta paisaia-zentzua deskribatzen dute, eta nire lehen liburuetako sentipenen oihar-


8

ARGIA MUNDUAREN ERTZEAN

tzuna dakarte, oraingoan modu desberdinean aurkeztua; Penan, Ariaal eta Rendille herriei buruzko kontakizuna National Geographic aldizkariaren orrialdeetan agertu zen lehen aldiz. Richard Evans Schultes ezaguna egingo zaie One River irakurri dutenei, eta budua aurrez idatzitako bi libururen eta zenbait saioren gaia izan da. Nahi nuke kontakizunok etnosferaren izaera askotariko eta miragarriaren zentzu hunkigarria eta erraietakoa eragitea, horri egin nahi baitio liburuak gorazarre. Etnosfera zer den, honela defini liteke ondoen: gaur egun munduko kultura ugariek biltzen dituzten pentsamendu, sineste, mito eta intuizio guztien batura. Etnosfera da gizadiaren ondare handiena. Gure ametsen emaitza da, gure itxaropenen hezur-mamitzea, garen guztiaren eta, hain espezie arakatzaile eta harrigarriro moldagarria garen aldetik, sortu dugun guztiaren sinboloa. Etnosferan egin ditudan bidaiak, gehienetan, jakin-min hutsez egin ditut. Herri-prestakin baten formula misteriotsuak eta zonbiak benetan existitzen ote diren jakin nahiak eraman ninduten lehen aldiz Haitira. Kokaren —inkek hilezkortasunaren orri jainkozkotzat daukaten landarearen— azterketak Andeetako mendikatea alderik alde zeharkatzera eraman ninduen, urtebete luze iraun zuen bidaian. Xamanen sendatzeko arteaz zerbait ulertzeko gogoak Amazoniaren ipar-mendebaldean zenbait hilabeteko egonaldia eginarazi zidan. Pantera lainotsuari —Neofelis Nebulosa, katuki handi guztietan bitxiena— argazkia ateratzeko aukerak Himalaiara eta Everesteko Kangshung aldera eraman ninduen. Wininica-Warao herriak, oinik lehorrean ia pausatu gabe kanoetan bizi den herri bat, Orinokoren deltara eraman ninduen, Venezuelara. Ipar-mendebaldeko Igarobidearen boka-


HITZAURREA

lean gauerdiko eguzkiaren argitan egoteko eta inuitekin narbalak ehizatzeko irrikak Artiko garaira eta Europaren oroimena gordetzen duten izotz-uharteetara eraman ninduen. Kasu guztiotan, zientzia-bilaketa metafora bat zen, kultura bat interpretatzeko eta bestearen esperientzia pertsonala izateko bidea ematen zuen lentea. Baina, azken buruan, mugitzeko gogo atergabeak inspiratu zituen bidaia horiek, Baudelairek ÂŤeritasun handiaÂť deitzen zuen hark, etxekoak eragiten duen lazturak. Modu sinplean esanda, mundu kolorebakar beti berdinetik ihes egin nahi nuen, askotariko mundu koloreanitzean gizaki izatearen enkantamendua berraurkitzeko eta ospatzeko bitartekoa aurkituko nuelako esperantzan.

9



Eskerrak

Nire bidaietan inoiz ez naiz bakarrik egon, eta abentura eta ikerketa horietan guztietan, hainbat eta hainbat lagunen konpainia eta gidaritza izateko zorte izugarria izan dut. Zorretan nago bereziki komunitate indigenetako gizon eta emakumeekin, beren bizitzetan gonbidatu gisa hain eskuzabal eta irekirik hartu nautelako. Urte horietan guztietan lagundu didatenen zerrenda egitea ezinezko izanik ere, nire esker ona adierazi nahi diet irakasle eta babesleei, lagun eta lankideei. Bereziki, berriki hil diren lau lagunekin dudan zorra kitatu nahi dut: Darell Posey, kaiapoen eta Amazoniako herrien giza eskubideen aldezle nekaezina; Bruno Manser, Penan herriaren lagun eta defendatzailea; Terence McKenna, ameslari mistikoa; eta Richard Evans Schultes, landareen ikertzaile eta irakaslea. Eskerrak eman nahi dizkiet, halaber, liburu hau sortzerakoan hitzekin jarduteaz arduratu diren editore eta diseinatzaileei. Azkenik, eskerrak nire familiari: Gail, Tara eta Rainari. Liburu hau nire arreba Kareni eskaini nahi diot, hutsik gabeko maitasun eta laguntza eskuzabalagatik.



Argia munduaren ertzean



1 Etnosferaren harrigarria

Arrats batez, Borneoko gailur batean, ilunabar aldera, haranean trumoia jotzen eta oihana txitxar beltzen elektrizitate-burrunbaz bizirik zegoelarik, sutondoan eserita nengoen Asik Nyelit, Ubong ibaiko Penan tribukoen buruzagiarekin (Asiako hego-ekialdeko azken herri nomadetako bat dira penanak). Arratsalde osoan basoa euripean egon ondoren, atertu egin zuen, eta ilargi erdi baten argia sabaiko adarren artetik sartzen zen. Egun hartan lehenago, Asikek muntiako bat akabatua zuen. Haren burua ikatzen gainean jarri eta erretzen ari ginen. Halako batean, Asikek begiak jaso, ilargiari erreparatu eta, ahopetik, galdetu zidan ea egia zen berriki jendea haraino iritsi zela, saskikada batzuk lur besterik ez ekartzeko. Hori besterik aurkitu ez bazuten, zergatik hartu haraino joateko lana? Zenbat iraun zuen bidaiak, eta zer garraiabide erabili zuten? Sua sukarriaz pizten zuen gizon hari —ondasun guztiak arropa zarpail batzuk, zerbatana eta dardo pozoituen ontzia, lo egiteko ihizko tapiza eta saskia, labana, aizkora, matxete-xafla, gerripekoa, tabako puska bat, hiru txakur eta bi tximino zituen gizon hari— zaila zen programa espazial bat azaltzea, hainbat


16

ARGIA MUNDUAREN ERTZEAN

herrialderen ahalak xurgatu, ia bilioi bat dolar kostatu eta ilargian hamabi gizon ipini zituena. Edo azaltzea ezen, sei misioren ondoren, 2.400.000.000km egin eta, hain zuzen, harriak eta ilargiko hautsa besterik ez zutela ekarri, 376 kilo guztira. Zama preziatu horren zatitxo bat Washington D. C.ra iritsi zen, eta han dago gaur egun, kristal odol-kolorezko kiribil batean txertatuta, Katedral Nazionaleko —munduan diren eliza gotiko handi eta ikusgarrienetako— bitral eder baten erdigunean. Katedrala lehen aldiz bisitatu eta haren ganga garaiaren azpian eseri nintzenean, arkitekturaren harmonia perfektuak eta nabea betetzen zuten argi-printzek hunkiturik, Asikez eta haren galderez gogoratu nintzen. Espazioko Leihoa deritzan kristalezko panela trinkoa da: oinarrizko koloreak, urdin eta gorririk sakoneneko zirkuluak zeruetako esferak irudikatzen, kristaltxoak alde guztietatik dizdizka. Tradizio gotikoan, leiho haietatik sartzen den argia Jainkozko Argia da, Jainkoaren espirituaren agerkunde mistikoa. Argitasun mistiko harekin kontrastean, ilargi-harri txikia hotz, bizigabe, beltz, hilik ageri da. Han bide zegoen Asiken galderaren erantzun bat. Espazioko bidaien benetako xedea, edo haien ondorio sakonena eta iraunkorrena behinik behin, ez zetzan aberastasunak lortzean, baizik eta ikuspegi batez ohartzean, gure bizitzak betiko bestelakotuko zituen perspektiba-aldaketan. Une gorena 1968ko Eguberri egunean gertatu zen, lehen ilargiratzea baino sei hilabete lehenago, Apolo VIII.aren eskifaia ilargiaren alde ilunetik irten zenean, ilargi-azalaren gainetik planeta urdin, txiki eta hauskor bat agertzen zela ikusteko, espazioko huts belusezkoan flotatzen, astronauta batek gogoratuko zuenez. Historian lehen aldiz, gure mundua agerian geratu zen: bizia zuen esfera interaktibo bakar


ETNOSFERAREN HARRIGARRIA

bat; airez, urez eta lurrez osatutako organismo bizi bat. Garrantzi handiko ikuspen hark, beste edozein datu pila izugarrik baino gehiago, irakatsi zigun Lurra leku mugatua dela, gure axolagabetasuna aldi batez baino ezin jasan dezakeena. Ikuspegi berri horren, itxaropen berri horren argitan, desberdin pentsatzen hasi ginen, aldaketa sakona gertatu zen kontzientzian, azken buruan planeta bakarti baten salbazioa ekar dezakeen aldaketa. Pentsa dezagun zein urrun iritsi garen. Duela berrogei urte, ingurumenaren aldeko mugimendua sortzen ari zen. Bazterrak autopistaz edertzea funtsezko ekimena zen, eta gidariak autoen leihoetatik zaborrik ez botatzeko konbentzitze hutsa egundoko garaipentzat jotzen zen. Hainbat idazle —hala nola Rachel Carson, askoz eszenario lazgarriagoak iragartzen baitzituen— basamortuan aditzen ziren ahots bakartiak ziren. Gary Snyder, zeinaren poesiak geroago ekologia sakonaren profetek iritsiko zuten oroimen sentsualaren leku hura ukitzen baitzuen, auto stopean ibili ohi zen Estatu Batuetan barrena, besterik ez bazen ere arratsalde bat emateko halako gauzak aditu nahi zizkion edonorekin. Inork ez zuen pentsatzen ozono geruzan, are gutxiago hura suntsitzeko eta, beraz, bizia posible egiten duten baldintzak berak arriskuan jartzeko genuen ahalean. Duela hamar urte, ez gehiago, berotegi-efektuaz ohartarazten zuten zientzialariak baztertu egiten ziren, erradikalak zirela eta. Gaur egun, klima-aldaketa ba ote den eta garrantzirik duen auzitan jartzen dutenak daude eroen sailean. Duela hogei urte, «biodibertsitatea» eta «biosfera» termino exotikoak ziren, Lurraren zientzialari eta ekologista gutxi batzuek baizik ez zituzten ezagutzen. Gaur egun, hitz arruntak dira, eskola-umeek ere ulertzen eta aintzat hartzen dituzte. Biodibertsitatearen krisia, azken hiru hamarraldietan milioi bat bizi forma

17


18

ARGIA MUNDUAREN ERTZEAN

inguru iraungitzeak eta horrekin batera doan habitat-galerak nabarmendua, gure garaiko gai nagusietako bat bilakatu da. Historia gorabeheratsu horretan agerian geratu dena ez da jarrera-aldaketaren abiadura besterik gabe, baizik eta aldaketaren tamaina eta izaera izugarria. Belaunaldi bakar bat ikuspegian eta kontzientzian gertaturiko hain aldaketa funtsezkoen lekuko izan da, non atzera begiratzea itsuen mundu bat gogoratzea baita. Berehalako ingurumen-krisiaren frogak inguruan genituen jira-biraka, baina apenas ohartzen ginen. Beharrik, azkenean ikusi dugu, partez behinik behin; eta nahiz eta ingurumen-arazo nagusientzako irtenbideak zailak izan, herrialde edo gobernu bakar batek ere ezin egin diezaioke ezikusia edo uka dezake mehatxuaren tamaina edo dilemaren larria. Horrek, besterik gabe, giza lehentasunak norabidez aldatzea dakar, eta hori historikoa da esanahiaren aldetik, eta oso itxaropentsua dakarren promesaren aldetik. Arazo batez ohartzea ez da, noski, soluzioa aurkitzea. Eta begietatik beloa kentzeak ez du nahitaez esan nahi ikusmena erabat berreskuratu dugunik. Dibertsitate biologikoaren porrota deitoratzen badugu ere, oso arreta gutxi eskaintzen diogu galera-prozesu paralelo bati: kulturen askotarikoa desagertzeari, etnosfera izenda litekeenaren higadurari. Zer da etnosfera? Bere konplexutasun erabatekoan —kulturak eta moldaketak kontzientziaren egunsentitik zertu duten bezala— osaturiko giza ahala. Michael Krauss hizkuntzalariak gogoratzen digunez, biologo ezkorrena ez litzateke ausartuko egun diren espezie guztien erdiak arriskuan edo desagertzear direla iradokitzen. Hori hala izanik ere, askotariko biologikoaren etorkizunaz egin adierazpen apokaliptikoena ia ez zaio hurreratu ere egiten mundu-


ETNOSFERAREN HARRIGARRIA

ko hizkuntza eta kulturen patuaz pentsa litekeen eszenariorik onentzat jotzen denari. Mundu osoan zehar, 300 milioi lagun inguruk, gutxi gorabehera munduko populazioaren % 5ek, oraindik ere identitate sendoa dute kultura indigena baten kide gisa, bere historian eta hizkuntzan errotuta daude, planetako leku jakin bati lotuta mitoen eta oroimenaren bidez. Populaziook txikiak badira ere, kultura horiek munduko hizkuntzen % 60 dituzte, eta, denek batera, gizadiaren ondare intelektualaren erdia inguru osatzen dute. Hala ere, gero eta gehiago, haien ahotsak isilarazi egiten dira, eta bizitzaz duten ikuspegi berezi eta bakarra aldaketaren eta gatazkaren zurrunbiloan galtzen da. Ez dago krisi hori neurtzeko modu hoberik hizkuntzen galera baino. Giza historia osoan zehar, hamar mila hizkuntza inguru izan dira. Egun, oraindik ere hitz egiten diren sei miletatik, erdiak ez zaizkie irakasten haurrei, dagoeneko hilda daudela jotzen delako, eta hirurehun hizkuntzak baizik ez dute milioi bat hiztun baino gehiago. Seiehun baizik ez dituzte jotzen hizkuntzalariek egonkor eta segurutzat. Beste mende bat barru, kopuru hori izugarri urrituko da beharbada. Hitz multzo bat edo gramatika-arauen multzo bat baino gehiago, hizkuntza bat giza espirituaren distira bat da, iragazki bat, kultura partikular bakoitzaren arima mundu materialera irits dadin. Hizkuntza bat izaki bizi bat bezain jainkozko eta misteriotsua da. Analogia biologikoa apropos egina da. Iraungipena, espezie berrien sorrerak orekatzen duenean, fenomeno normala da. Baina gaur egun giza jardueren ondorioz gertatzen ari den espezie-galeraren tamaina inoiz ez bezalakoa da. Hizkuntzek,

19


20

ARGIA MUNDUAREN ERTZEAN

espezieek bezala, beti eboluzionatu izan dute. Latina desagertu aurretik, hizkuntza desberdin baina erlazionatuak eman zituen. Egun, ordea, hizkuntzak hain bizkor ari dira galtzen, belaunaldi bat edo bitan, non ez daukaten ondorengorik izateko aukerarik. Orobat, kulturak ere joan eta etorri egin dira denboran zehar, gizarte indartsuagoek xurgatu dituzte, edo indarkeriak eta konkistak, goseteek edo hondamendi naturalek ezereztu dituzte. Baina egungo asimilazio- eta akulturazio-uhinak, lurbira osoko herriak beren iraganetik apartatuak direlarik, ez du aurrekaririk. Ginea Berrian bi milatik gora dira hizkuntzak, eta horietako bostehunek bostehun hiztun baino gutxiago dituzte. Estatu Batuetan, bertako 175 hizkuntza bizirik dira oraindik ere, eta horietako 55ek hamar hiztun baino gutxiago dituzte. Hogei hizkuntzatako hitzak eta esaldiak baino ez dizkiete xuxurlatzen amek haurrei. Kalifornian europarrekin harremanetan hasi ziren garaiko laurogei hizkuntzetatik, berrogeita hamarrek irauten dute, baina gaur egun horietako bakar batean ere ez dute egiten haurrek. Kanadan, behiala hirurogei bat hizkuntza indigena ziren, baina gaur lau baizik ez dira geratzen bideragarri: cree, ojibwa, dakota eta inuktitut. Ipar Amerika osoan, bertako hizkuntza bakar bat, navajoa, hitz egiten dute ehun mila lagunek baino gehiagok. Zer bakardade handiagorik isiltasunean bilduta egotea baino, norberaren hizkuntzan egiteko azken pertsona bizi bakarra izatea baino, komunikatzeko modurik ez izatea eta behin ezagututako harrigarrien mundua, belaunaldiz belaunaldi zaharren hots eta hitzetan distilaturik transmititu den jakituria eta ezagutza kontatzeko aukerarik ez izatea baino? Hori da, hain zuzen, jende askoren patua; bi astez behin, munduko bazterren batean,


ETNOSFERAREN HARRIGARRIA

hizkuntza bat galtzen da. Hitzok irakurtzen dituzun bitartean ere, Kamerungo kasabearen, Kaliforniako pomoaren, Washington estatuko quinaultaren, Utahko gosiutesaren, Patagoniako onaren eta Mendebaldean izenik ere ez duten beste hainbat hizkuntzaren azken oihartzunak entzun daitezke. Munduko hizkuntzarik gehienen historia egin gabe dago oraindik. Papua Ginea Berrian, zortziehun hizkuntzetatik zortzi besterik ez dira xeheki aztertu. Munduan zehar, lau mila hizkuntza behintzat badaude behar bezala deskribatu gabe. Hori behar bezala egitea 800 milioi dolar kostatzen dela kalkulatu dute hizkuntzalariek, Aegis Class itsas armadako destruktore bakar baten prezioa. Estatu Batuetan, kazetariek zutabeak eta zutabeak eskaintzen dizkiote hontz pintarkatuaren patuari, baina apenas hitz bat munduko hizkuntzen kinka larriari. Estatu Batuetako gobernuak milioi bat dolar gastatzen du urtero basabizitzako espezie bakar bat salbatzen saiatzeko, Floridako pantera, baina bi milioi dolar besterik ez nazio indigenen hizkuntza guztiak babesteko, Alaskako alderdi artikotik Floridako pinu-sailetaraino, navajoen basamortuetatik Maineko izei-basoetaraino. Eta hala ere, hizkuntza bakoitza, berez, ideia eta intuizioen ekosistema oso bat da, pentsamenduaren banalerroa, gogoaren antzinako basoa. Mundura begira dagoen leihoa da hizkuntza bakoitza, hura sortu zuen kulturari egindako monumentua, kultura horren espirituaren adierazlea. Hizkuntza bat sakrifikatzea, dio Ken Hale-k, Massachusetts Institute of Technologyko hizkuntzalaritzako katedradun batek, Louvren bonba bat jaurtitzea bezalakoa da. Tragedia, azken buruan, ez da gizarte arkaikoak desagertzen ari direla, baizik eta kultura eta hizkuntza kementsu, di-

21


22

ARGIA MUNDUAREN ERTZEAN

namiko, biziak desagertzera bultzatzen direla. Arriskuan dago ezagutza eta jakituriazko artxibo eskerga bat, irudimenaren katalogo bat, literatura ahozko eta idatzia, ezin konta ahala pertsona zahar, sendatzaile, gerrari, baserritar, arrantzale, emagin, poeta eta santuren oroitzapenek osatua. Laburtuz, giza esperientziaren konplexutasun eta aniztasun osoaren adierazpide artistiko, intelektual eta espirituala. Galtzen ari denaren balioa zehaztea ezinezkoa da. Herrien tradiziozko jakintza ekologiko eta botanikoak, adibide bat besterik ez emateko, bista-bistako garrantzia du. Munduko floraren % 1 baino gutxiago aztertu du osotara zientziak. Faunaren gehienak ezezagun dirau. Hala ere, Haunóo herrikoek —Filipinetako Mindoro uharteko oihandarrek— 450 animalia baino gehiago ezagutzen dituzte, eta 1.500 landare bereizten, oihan haietan lanean diharduten Mendebaldeko botanikariek ezagutzen dituztenak baino 400 gehiago. Beren baratzetan 430 kultigeno desberdin hazten dituzte. Oihanetik, berriz, mila espezie biltzen. Haien taxonomia botanikari modernoarena bezain konplexua da, eta beren ingurune naturala behatzean duten zehaztasuna, nolanahi ere, zorrotzagoa da. Halako zolitasuna ohikoa dute herri indigenek. Bertakoen oroimenak eta behaketak aldaketa ekologikoaren, eraldaketa geologikoen epe luzeko ondorioak deskriba ditzakete, baita ekosistemaren berehalako hondamendiaren zeinu konplexuak ere. Aborigenen elezaharrek jasotzen dutenez, behinola bazegoen Koral itsasoko uharteetara oinez joatea, Tasmaniara lehorretik iristea; egun guk itsas mailak izotzaldian izan zituen gorabeherei buruz dakigunak berretsi ditu egitate horiek. Goi Artikoan, behin klimaren aldaketak deitoratzen entzun nion inuit elebakar


ETNOSFERAREN HARRIGARRIA

bati, eguraldi gogorragoa eta eguzkiak gehiago berotzea ekarri zutela-eta, halako moldez non, berak zioenez, inuitek azaleko gaitzak zituzten lehen aldiz, ortziak eragindakoak. Hark deskribatu zuena ozonoa urritzearen eta berotze globalaren sintomak eta ondorioak ziren. Kanadako beste leku batean, Mikmak herriaren lurraldean, zuhaitzak izendatzeko, haizeak udazkenean —eguzkia sartu eta ordubetera, eguraldia beti norabide jakin batetik datorren aste horietan zehar— adar artetik pasatzean ateratzen duen soinuari erreparatzen diote. Denboraren poderioz, izenak aldatu egin daitezke, soinuak ere aldatu egiten baitira zuhaitza bera ere hazi edo gainbehera egiten duenarekin batera, forma desberdinak hartuz. Hortaz, baso batek urteetan zehar izandako nomenklatura osasun ekologikoaren adierazle bihurtzen da, eta ingurumen-joeren erakusgarritzat har daiteke. Duela ehun urte izen bat zuten zuhaitzen jarrera bat beste izen batez ezagutu dezakete egun, eta eraldaketa horrek bide ematen die ekologistei, esaterako, euri azidoak zur gogorreko basoetan duen inpaktua neurtzeko. Zenbait botanikarik iradokitzen dute berrogei mila espeziek sendatzeko edo elikatzeko propietateak izan ditzaketela, eta sendatzaile indigenak, hainbat kasutan, ohartuak dira jadanik ahal horretaz. Txinatarrek tibetarren medikuntza superstizio feudaltzat salatu zutenean, belarretan oinarritutako jakintza-alor antzinako horren erabiltzaileak milaka asko izatetik bostehun baizik ez izatera pasatu ziren. Gizadiarentzako galera handia, bistan denez. Baina nola ebaluatu ekarpen ez hain zehatzak? Zer balio dute txirotasuna leuntzen duten eta norbanakoak bakardadetik babesten dituzten familia-loturek? Zein da kosmosari, es-

23


24

ARGIA MUNDUAREN ERTZEAN

pirituaren alorrei, fedearen esanahi eta praktikari buruzko hainbat intuizioren balioa? Zein da ibai bat edo baso bat babestea dakarren praktika erritual baten balio ekonomikoa? Galdera horien erantzunak atzemangaitzak dira, zenbatezinak; eta ondorioz, oso gutxik onartzen dute galtzen ari denaren esangura eta tamaina osoa. Are gizarte indigena txikien kinka larriarekin bat egiten dutenen artean ere, etsipen-giroa dago, kultura horiek desagertzera kondenatuta baleude bezala, inguruabarrek historiatik kanpo utzi eta bizitza modernoaren aurrerapen geldiezinetik baztertu balituzte bezala. Nahiz eta akastuna izan, arrazoibide hori espero izatekoa dateke, geure errealitateen ume baikara denok, hautematen dugunaren gatibu, gure bizitzen eredu eta ohituretara hain itsuki atxikirik non ahaztu egiten baitugu ezen, gizaki guztiek bezala, gu ere kulturaren mugek eta babesak inguratuta gaudela. Ez da kasualitatea ezen, hainbeste gizarte indigenaren izenak —Ipar-mendebaldeko Amazoniako waoraniak, Artikoko inuitak, Orinokoren goialdeko meandroetako yanomamiak— itzuliz gero, «jendea» esan nahi izatea. Horren ondorioa da beste gizaki guztiak jende ez izatea, basatiak eta kanibalak, mundu ezagunaren kanpoaldeetan bizi direnak. «Barbaro» hitza barbaros hitz grekotik dator, «murduska eta zezelka hitz egiten duena» esan nahi du, eta antzinako munduan grekoen hizkuntzan egin ezin zuen edonori esaten zitzaion barbaro. Orobat, aztekek uste zuten nahuatl hizkuntza ulertzeko gai ez ziren guztiak mutuak zirela. Kultura oro da etnozentrikoa, errealitateaz duen interpretazioari oso atxikia. Halako atxikimendurik gabe, giza irudimena inongo neurri eta lokarririk gabe arituko litzateke, eta ondorioak eromena eta anarkia lirateke.


ETNOSFERAREN HARRIGARRIA

Baina orain, ikuspegi berriz horniturik, hein batean espazioaren hedadura handiok ekarri dizkiguten lenteek inspiraturik, modu berrietan pentsatzeko gai gara, oztopo gogaikarriez haratago iristeko eta hartara ikuspegi zorrotzagoa lortzeko. Herri indigenak hutsalak direla-eta gutxiestea, haien gizarteak bazterrekotzat jotzea, antropologiaren errebelazio nagusia kontuan ez hartzea eta ukatzea da. Haitin, emakume budu-egileak danborren erritmoari erantzuten dio eta, espirituak hartuta, ilinti goriak hartzen ditu eskuetan inongo minik gabe. Amazoniako lur behereetan, ehiztari waorani batek animaliaren gernuaren urrina hautematen du berrogei pausora, eta gernu hura baso euritsuan utzi duen espeziea identifikatzen du. Mexikon, nekazari mazatek bat txistuen bidez komunikatzen da; bere hizkuntzaren intonazioa imitatzen du, bere herrialde menditsuko haran zabaletan zehar mezu konplexuak bidaltzeko. Haizean oinarritutako hiztegia da. Keniaren iparraldeko basamortuetan, nomada rendilleek odola ateratzen diete ganbeluei aurpegitik, eta esnea edanez eta akazia zuhaitz hauskorren alde itzaltsuan bildutako basa belarrak janez irauten dute. Borneon, nomada penanen haurrek kalao gandordunen hegaldiak behatzen dituzte handik iragarpenak ateratzeko. Goi-Artikoko malkar batean, agure inuitek mitoa paisaiarekin nahasten dute, iragana lainoek izotz gainean eratzen dituzten itzalen arabera interpretatuz. Kultura horiek badirela jakitea, hain zuzen, giza irudimena gizarte- eta espiritu-asmamenaren aldetik oso zabala, aldakorra, mugagabea dela gogoratzea da. Gure bizimodua, bere aztikeria teknologiko harrigarriak eta guzti, liluraz betetako hiriak eta guzti, aukeretako bat baino ez da, jatorri intelektual jakin batean

25


26

ARGIA MUNDUAREN ERTZEAN

errotua. Urruneko atoloiak uhinen oihartzunean hautematen dituzten Polinesiako nabigatzaileek, harrian ipuin mistikoak zizelkatzen dituzten Yunnango xaman naxiek, Kalahariko lehoiekin belaunaldietan menian bizi diren juwasi basotarrek, erakusten dute badirela beste aukera batzuk, izatea interpretatzeko beste bide batzuk, izateko beste era batzuk. Munduaren ikuspegi bat galtzean, kultura bat desagertzean, bizitza-aukera bat galtzen da, eta urritu egiten da denok ditugun arazoetara moldatzeko erantzunen giza errepertorioa. Mundu naturalaren ezagutza ez ezik, espirituaren alorraren ezagutza galdu da: kosmosaren esanahiari buruzko intuizioak, existentziaren benetako izaerari buruzko begirada zoliak.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.