07 ZIO Gogo basatiak

Page 1



GOGO BASATIAK ZER DUTEN ANIMALIEK BENETAN BURUAN

MARC D. HAUSER Ted Dewan-en marrazkiak

Irene Aldasoro Katarain itzultzailea

ZIENTZIA IRAKURLE ORORENTZAT


Galarazita dago liburu honen kopia egitea, osoa nahiz zatikakoa, eta, halaber, informazioa berreskuratzeko baliabide mekaniko, fotokimiko, magnetiko, elektrooptiko edo fotokopiak erabiliz erregistratzea eta zabaltzea, jabeek aldez aurretik eta idatziz emandako baimenik gabe.

Babesleak

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA DEPARTAMENTO DE EDUCACIÓN, UNIVERSIDADES E INVESTIGACIÓN

Diseinua eta azala: Antton Olariaga Begirale teknikoa eta hizkuntza-begiralea: Itziar Laka © 2008, itzulpena: Irene Aldasoro Katarain © Marc D. Hauser, 2000 Wild Minds, Henry Holt, New York © ehupress, 2008, Gogo basatiak. Zer duten animaliek benetan buruan ehupress. Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuaren marka bat da ISBN: 978-84-9860-074-2 Lege gordailua: BI-1.011-08 Fotokonposizioa: Ipar, S. Coop. Zurbaran, 2-4, 48007 Bilbao Inprimatzea: Itxaropena, S.A. Araba Kalea 45, 20800 Zarautz (Gipuzkoa)


Lilan nire emazteari, zeinak ezin konta ahala aldetatik aberastu baitit bizitza, eta asko irakatsi animalien burutapenei buruz, albaitari baten begi eta eskuek ikusten dutenaren bitartez.


Istorio batek kontatu ahal izateko bezain aparta izan behar du. Gu, kontalariok, marinel zaharrak gara denok, eta ez dugu ezteiliarrak bidean geldiarazteko arrazoirik, ezpada gizon eta emakume soil guztien gorabehera arruntak baino zerbait apartagoa kontatzeko. Thomas Hardy


Esker ona

Liburu honek onura atera du zientzia arloko idazle, animaliazale, filosofo, albaitari, etologo, zientzialari kognitibo eta adiskide minen intuizioetatik, zeinek ez baitute batere erreparorik izan oker nagoela esateko, eta batzuetan, zuzen nagoela eta adore izan dezadala. Kapitulu jakin batzuetan egindako iruzkinengatik, eskerrak ematen dizkiet Kim Beeman, Sally Boysen, Richard Byrne, Susan Carey, Dorothy Cheney, Nicholas Dodman, Gordon Gallup, Gordon Gossage, Don Griffin, Ray Jackendoff, Jerry Kagan, June Kinoshita, Roger Lewin, Peter Marler, Tetsuro Matsuzawa, John Mikhail, Irene Pepperberg, Lew Petrinovich, David Premack, Steven Pinker, Robert Seyfarth, David Sherry, Sara Shettleworth, Elizabeth Spelke eta Andy Whiten-i. David Premack-ek eta Ann Premack-ek, gainera, beren liburuaren zirriborro batzuk utzi zizkidaten, eta asko ikasi dut haiekin izandako korrespondentzia eta harremanetik. Esango nuke nire ideia eta argudio batzuei lente zuzentzaileak jartzen lagundu didatela, eta espero izatekoa da orain argiago egotea. Eskuizkribu osoa begi zorrotzez eta zehatz-mehatz irakurtzeagatik, eta idazkeraren tonuagatik, eskerrik beroenak ematen dizkiet Dan Dennett-i eta Lilan Basse Hauser nire emazteari. Danek eta Lilanek, Steve Pinker-ekin batera, era askotako ekarpenak egin dizkiote liburu honi, baina batez ere


4

ESKER ONA

teknizismoak kentzen, argudioak argitzen era istorioei bizitasuna ematen lagundu didate. Harvard-go nire laborategiko kideek iruzkinak egin zizkieten kapituluei lehenengo faseetan, eta kritika horiek oso baliagarriak izan ziren liburuari lagunarteko estiloa emateko. Nire oraingo ikasleak, bereziki Tecumseh Fitch, Asif Ghazanfar, Jay Kralik, Cory Miller, Laurie Santos, Dan Weiss eta Mike Wilson, desafio- eta olgeta-iturri agortezinak izan dira. Eskerrik asko. Katinka Matson eta John Brockman nire agenteak garrantzitsuak izan dira nik Henry Holt-ekin kontratua lotzeko, eta hasieratik jarri dituzte beren indarrak eta denbora proiektuaren alde. Oso une ederrak eskaini dizkigute, gainera, beren landaetxean: paradisu zoragarri bat. David Sobel, Holt-eko nire editoreak, iruzkin bikainak egin zizkion nire azken idatzaldiari; istorio hobea idaztera eta interes gabeko kontuak kentzera zigortu ninduen. Ted Dewan-ek bizia eman dio liburuari bere ilustrazioekin. Zorteko sentitzen naiz haren irudimen harrigarria haren luma-marrazki trebeen bidez adierazirik ikustean. Azkenik, eskerrak nire gurasoei, Bert eta Jacques Hauser-i, haiengandik jaso dudan miresmenerako ahalmenagatik, eta Alexandra nire alabari, munduko haurrik onena izateagatik.


Aurkibidea

Hitzaurrea: Buruko lanabes-kutxak . . . . . . . . . . . . . . . . . . 7 1. Animalia-ipuinak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 21 I. zatia. Ezagutza unibertsala 2. Mundu materiala . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 47 3. Zenbaki-malabarismoak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 83 4. Espazioko bidaiariak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 115 II. zatia. Izadiko psikologoak 5. Ezagutu zeure burua . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 155 6. Hezkuntza-eskolak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 193 7. Engainuaren arteak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 235 III. zatia. Gogoak elkartean 8. Txutxu-mutxu Noeren ontzian . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 287 9. Sen moralak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 345 Epilogoa: Armiarma-tximino izatea zer den . . . . . . . . . . . . Oharrak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . Erreferentziak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . Aurkibide analitikoa . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

413 417 433 485


Animalia guztiek dute lanabes-kutxa bat buruan. Lanabes batzuk unibertsalak dira eta animalia guztionak; beste batzuk, berriz, bereziak dira.


Hitzaurrea Buruko lanabes-kutxak

Ustekabeko gertaera bat izan nuen 1980ko udan. Floridako Dade konterrian bizi nintzen orduan. Tximinoen Oihana izeneko turismogune batera joana nintzen, primateen jokabideari buruzko ikerketa bat zuzentzera. Dirua irabazteko premia ere banuenez, animaliei jaten ematen eta kaiolak garbitzen aritzen nintzen, osagarri gisa. Udaren erdialdera edo, konturatu nintzen kaiola bateko armiarma-tximino eme bat begira-begira neukala. Kaiolara hurbildu nintzen. Armiarma-tximino emea ere hurbildu egin zitzaidan. Nire aurrean eseri eta burua okertu zuen, lehenengo alde batera, gero bestera; hurrena, besoak kaiolatik kanpora luzatu, eta nire lepoaren inguruan bildu zituen emeki. Begietara begiratzen zidalarik, urruma batzuk egin zituen. Zer pentsatzen zuen tximinoak? Zer sentitzen zuen? Hurrena, gauza bitxi bat gertatu zen. Armiarma-tximino emeak kaiolan zuen laguna gerturatu zen poliki-poliki. Emeak, atzera begiratu, besoak nire lepotik kendu eta zaplada bat eman


8

GOGO BASATIAK

zion arrari buruan. Arrak atzera salto egin zuen, eta kaiolaren beste aldeko adar batera igo zen. Emea, orduan, besoak berriro kaiolatik kanpora atera, eta lehengo jarrerara itzuli zen. Ez nekien zer pen tsatu. Gizakiak gusta tzen al zi tzaizkion armiarma-tximino eme hari? Edo, kezkagarriagoa zena, ni gustatzen al nintzaion? Halako sentimendurik baldin bazuen, konturatzen al zen? Eta konturatzen ez bazen ere, zer zentzu zuen horrek haren arrarekiko harremanean? Arrak, inondik ere, haserre egon behar zuen; jeloskor ere bai agian. Azkenean, behintzat, askatu ninduen tximino emeak besarkada hartatik, eta joan nintzen. Turismogunean egin nuen egonaldian, behin baino gehiagotan hurbildu nintzen armiarma-tximino emearen kaiolara. Bera, ordea, ez zitzaidan inoiz gisa berean hurbildu. Egun bateko afera izan zen hura. Uste dut askori ezaguna egingo zaizuela gertaera mota hau. Izango zenuten zuen bizitzan, noizbait, horrelako esperientziaren bat zeuon etxe-animaliarekin, edo zoo batera egindako bisitaren batean. Izango zenuten animalia-esperientziaren bat, emozio-harremanen bat, beste espezieren batekin.* Are gehiago, animaliaren barruan bazeundete bezala interpretatuko zenuten ziur asko gertaera hori, eta uste izango zenuten zuek bezala pentsatzen eta sentitzen zuela hark ere. Joera normala, ezinbestekoa eta ia saihetsezina da hori. Zaila gertatzen zaigu besterik

*

Liburu guztian “animalia� terminoa erabili dut —estilistikoki argiagoa— giza animalia ez den animalia adierazteko, onarturik, noski, gizakiak ere animaliak direla.


HITZAURREA

egitea: gure jokabidea interpretatzen dugun bezala interpretatzen dugu animaliena ere. Eguneroko bizitzan gizakiekin eta beste animalia batzuekin gerta tzen zaigun fenomeno baten adibide baino ez da nik armiarma-tximinoarekin izan nuen aurrez-aurrekoa: fenomeno guztiz misteriotsua. Beste norbait izatea zer den konturatzearen esperientzia. Badirudi intuizio onak ditugula geure espezieari buruz; baina eskualdatu al daitezke intuizio horiek beste animalietara? Sentitzen al dira gure etxe-animaliak, gu bezala, kezkaturik, pozik, errudun edo triste, ala guk egiten dugunaren kopia onak besterik ez dira haien aurpegi- eta gorputz-adierazpenak, azpian sentimendurik gabeak? Nola bilatzen dute animaliek etxerako bidea ilunpetan? Besterik gabe, usain-arrasto bati jarraitzen diote, ala burmuinean duten mapa digitalizatu bat baliatzen dute? Animaliek, elkarrekin komunikatzen direnean, sinboloz beterik dituzte buruak, ala grinaren oldar kontrolaezinak dira haien kurrinka, marruma eta oihuak? Arauak jarraitu besterik ez dute egiten animaliek, ala badakite zergatik egin diren arauak, zergatik zigortzen diren tranpatiak, eta zergatik diren egintza batzuk zuzenak eta beste batzuk okerrak? Liburu honek galdera horiei erantzuten die. Baina garatuko ditudan argudioak ez dira gaur arte eman direnak bezalakoak. Liburu arrakastatsu asko idatzi da ahalmen psikikoak dituzten txakur eta katuez, elefante negartiez, tximino bihurriez, izurde altruistez eta simio moralzaleez. Animaliei buruzko irudipen informalek eta mitoek, liluragarriak izanik ere, ez digute batere laguntzen animaliek benetan zer pentsatzen eta sentitzen duten ulertzen. Askotan gure etxe-animalia iletsu maitagarriekin pozik sentitzeko balio diguten kontakizun guztiz espekulatibo horien beste muturrean, al-

9


10

GOGO BASATIAK

diz, badira zientzialariak, animaliak adimengabeak eta irrazionalak direla diotenak, senak gidatzen dituela eta grinen mende daudela. Baina orobat huts egiten du ikuspegi horrek; huts egin ere, ez dituelako kontuan hartzen gaur egun funtsezkoak diren animalia-ezagumenari buruzko ikerketak; ondorioztatzen duelako hizkuntzarik gabe pentsamendurik ez dela, eta ez duelako kokatzen animalia-gogoaren diseinua arazo ekologiko eta sozial garrantzizkoen testuinguruan. Animalien gogoak gogo basatiak dira, ingurunearen presioen historiak moldatuak. Erakutsiko dut nola hasi den iraultzen, eboluzioaren teoriaren eta zientzia kognitiboaren aurkikuntzen ondorioz, animalien gogoari buruz dugun ezagutza. Animaliek badituzte pentsamenduak eta emozioak. Baina animaliek zer pentsatzen eta sentitzen duten uler tzeko, zer ingurunetan garatu diren ikusi behar da. Animalia guztiek dituzte lanabes mentalak arazo ekologiko eta sozialei aurre egiteko. Pentsatzeko lanabes batzuk unibertsalak dira, eta intsektuek, arrainek, narrastiek, txoriek eta ugaztunek —horien artean gizakiek— partekatzen dituzte. Objektuak ezagutzeko, zenbatzeko eta ibiltzeko gaitasun oinarrizko bat ematen die lanabes-kutxa uniber tsalak animaliei. Aparteko arazo ekologiko eta sozialei aurre egin behar dietenean urruntzen dira espezieak lanabes-kutxa unibertsaletik. Esate baterako, saguzarrek goi-maiztasunezko biosonar-seinale bat erabiliz egiten dute ekolokalizazioa, baina guk ez. Gizakiak ez bezala, ilunpetan ibili beharrari aurre egin behar dio saguzarrak. Horren ondorioz, goi-maiztasunezko soinuak prozesatzeko bereziki diseinaturiko burmuina garatu du. Gizakiek ehunka pertsona ezagutzen dituzte aurpegiz, baina intsektu taldekoiak, hala nola erleak, ez dira gai habiako kideen aurpegiak ezagutzeko. Gizakientzat, zerbait


HITZAURREA

berezia da aurpegia, bakarra baita aurpegiera bakoitza, eta pertsonaren nortasun, sinesmen eta sentimenduak ikusteko leiho bikaina. Horregatik, aurpegiak prozesatzeko bereziki diseinaturiko burmuina garatu dute gizakiek. Laburki bada ere azaldu dudan argudio hori da liburu honetako tesi nagusia. Animaliek nola eta zer pentsatzen duten ulertzeko bide bakarra hau da: haien portaera aztertzea, lanabeskutxa unibertsalen zein espezializatuen argitan, lanabesok baitira arazoei aurre egiteko diseinaturiko mekanismo mentalak. Eta ikuspuntu hori baliozkoa den erabakitzeko bide bakarra, berriz, animalien gogoei buruz ditugun intuizioak azter tzea, behaketa sistematikoak eta ondo kontrolaturiko esperimentuak eginez. Batzuetan, kanpoan, izadiaren erdian, gogo-moldaerak garatzen diren ingurunean egiten ditugu testak. Beste batzuetan, ordea, gure intuizioak aztertzeko inguru hobea eskaintzen digu laborategiak. Bi bideak erabiliko ditugu liburu honetan. Ikuspuntu horren indarra erakusteko, itzul gaitezen berriro armiarma-tximino emearekin izan nuen bizipen hartara. Zuen lehenengo irudipena, nirea bezala, zera izango zen: armiarma-tximinoak afektua sentitu zuela, eta ni besarkatuta adierazi zuela bere sentimendua. Utz ezazue irudipen hori alde batera eta pentsa ezazue beste aukera batzuetan. Ikusi, hau ikusiko zenuten. Lehenik, armiarma-tximinoa niregana hurbildu zen, besoak nire lepoaren inguruan jarri, eta urruma egin zuen. Bigarrenik, arra hurbildu zenean, besoak nire lepotik kendu, arrari kolpe bat eman, eta berriro besoak nire lepoan jarri zituen. Zer adierazten digu horrek, ezer adieraztekotan, tximino emearen sentimenduez? Beste armiarma-tximino batenganako izan zezakeen erakarpen bera sentitzen al zuen nireganako? Ikus dezagun, lehenik, nola joka-

11


12

GOGO BASATIAK

tzen duten armiarma-tximino emeek armiarma-tximino arrenganako erakarpena sentitzen dutenean. Zer egiten dute? Arrarengana saiheska hurbildu, hari lepotik heldu eta urruma egin? Hori hala bada, zer aldaketa fisiologiko izaten dituzte? Guri, erromantiko jartzen garenean, barrena kitzikatzen zaigu, bihotz-taupaden maiztasuna igo, eta hormonak piztu. Baliteke animalia askok ere aldaketa fisiologiko berdintsuak izatea, eta guk neurtu egin ditzakegu. Ezin dugu onartu, ordea, barneko aldaketa fisiologiko horiek zuzenean daramatenik gizakiek Romeo eta Julieta edo Tristan eta Isolda, edo Ryan O’Neal eta Ali McGraw bezala maitemindurik egotearekin lotzen duten sentimendu guztiz subjektibora. Horren ordez, hipotesi horiek frogatzen has gaitezke, emeak nirekiko enkontruetan duen fisiologia eta bere espezieko ar batekin dituen harremanetan duena konparatuz. Demagun tximinoak fisiologia bera duela nirekin dagoenean eta armiarma-tximino ar bat gustatzen zaionean. Garrantzitsua da dakiguna, baina ez dakigu ea gustuko nauen ugalkide gisa, berarekin ondo portatzen den beste animalia baten gisa, edo inoiz ikusi duen zaintzailerik onena naizelako. Azalpen posible horien artean aukera egiteko, beste behaketa eta proba batzuk egin behar dira. Adibidez, eman dezagun, hasteko, tximino emearen kaiola garbitzea ez dela tximinoari jaten ematea bezain garrantzitsua. Halako afektua erakutsiko ote lioke kaiola garbitzen dion baina inoiz jaten eman ez dion zaintzaile bati? Baiezkoan, tximino emearen erreakzioak ez luke zerikusirik izango jaten ematearekin. Zer pentsa dezakegu emeak arraren aurrean egindako keinu oldarkorraz? Emea nirekin xarmatuta egotearekin al zuen zerikusia? Zer egoeratan egin ohi dio eraso emeak arrari? Beste


HITZAURREA

norbaitekin edo zerbaitekin dagoen guztietan jotzen al du emeak arra? Esate baterako, bera jaten ari dela arra hurbiltzen bazaio, jotzen al du? Baiezkoan, nagusitasunarekin zerikusi handiagoa izan dezake haren erasoak, nirekiko harremanarekin baino. Eta kaiolan beste armiarma-tximino ar bat sartuz gero? Niri baino kasu gehiago egingo al lioke hari? Auzoko mutil berria besterik ez al naiz? Mendeku nahiak eraginak ala jeloskortasuna piztera bideratuak al dira emearen ekintzak? Eta aurreko zaintzaileren batek jokabide hori izateko trebatu balu? Eman dezagun lehenago izan zuen zaintzaile batek janaria ematen ziola hurbiltzen zen guztietan. Egun batean, halabeharrez, armiarma-tximino emeak zaintzailearen sorbaldan jarri zuen eskua, eta zaintzaileak tratu berezi baten bidez indartu zuen haren ekintza, ikastearen psikologoek, hala nola B. F. Skinner-ek, usoak estimuluak bereizten trebatzeko, janari bidezko errefor tzua erabiltzen zuten bezalatsu. Denborarekin, bi eskuak lepoaren inguruan jartzera ohitu zuen zaintzaileak armiarma-tximinoa. Azkenean, horra itxuraz maitekor den armiarma-tximino bat lortu. Izatez, ordea, ekintza guztiak zaintzaileak ohitu bezala egiten dituen tximinoa da: txotxongilo bat. Sentimenduren bat egon badaiteke ere, ziur asko ez da izango guk hasiera batean haren jokabidetik ulertu genuena. Istorio horrek ikustarazten digu kausa asko egon daitekeela jokabide baten atzean, eta azalpen bat baino gehiago, beraz, egintza jakin baten zergatia argitzeko. Gure etxe-animaliek bezala, baliteke armiarma-tximinoak ere, une batean, afektua sentitu izatea beste espezie batenganako, baina baliteke ez sentitu izatea ere. Hona gure arazoa: ulertzea zer eratako sentimendu eta pentsamenduak dituzten animaliek, eta zergatik garatu dituzten gaitasun horiek.

13


14

GOGO BASATIAK

Animalien pentsamendu eta emozioei buruzko liburu gehienak ez bezala, nik hemen azaltzen ditudan ideiak neurozientzietako aurkikuntza berrietan eta haur-garapenari buruzko ikerketetan oinarritzen dira bete-betean. Burmuinaren azterketak, hizkera teknikorik gabe ere azal daitezkeenak, guztiz garrantzizkoak dira animalien gogoari eta haren eboluzioari buruzko gure azterketarako. Anatomia funtzional apur bat ulertuz gero —burmuinaren atal batzuek eta besteek zer egiten duten—, asko ikasten dugu animalia-pentsamenduaren mugez. Autore batzuek diote animalien pentsamendua mugatua dela edo halakorik ez dela, animaliek ez dutelako hizkuntzarik. Argudio horrek ontzat ematen du hizkuntza nahitaezkoa dela pentsamendurako, eta animaliak eta gizaki helduak direla konparaketarako talderik interesgarrienak. Animalien kognizioaren ikerketan egindako aurkikuntza berrien argitan, nik diot hizkuntza ez dela beharrezkoa zenbait pentsamendu motatarako, eta animalien eta haurren arteko konparaketa dela espezieen arteko konparaketa probetxuzkoena. Haurrek, nahiz eta hizkuntza prozesatzeko diseinaturiko burmuinarekin jaio, urteak behar dituzte pertsona heldu baten gaitasun maila lortzeko. Beraz, haurren eta animalien lanabes mentalak konparatzea da bide probetxuzkoena eta, gero, hizkuntzaz jabetzeak —lanabes berriak— haurren gogoak nola eraldatzen dituen aztertzea. Liburuaren lehenengo zatian, animalia guztiek dituzten desafioak topatuko dituzue: janaria objektu berezi gisa ezagutzea, auzoko taldeko kideen kopurua zenbatekoa den jakitea, etxerako biderik laburrena aurkitzea. Lanabes unibertsalen bidez gainditzen dira desafio horiek, hau da, gauzak ezagutzeko, kontatzeko eta ibiltzeko mekanismo espezializatuen bidez. Liburuaren biga-


HITZAURREA

rren zatian, berriz, gure eztabaidagaiaren muinari helduko diogu: psikologia kognitiborako behar diren lanabes mentalak. Hor aztertuko dugu ea animaliek baduten beren buruen zentzurik eta elkar imitatzeko eta engainatzeko gaitasunik. Animalia-erreinuko espezie oso gutxik bildu dituzte lanabes mental horiek beren lanabes-kutxara. Eta liburuaren azken zatian, animalia-taldeak nola antolatzen, aldatzen eta orekatzen diren aztertuko dugu, eta zer lege, araudi, konbentzio eta komunikazio molde darabiltzaten horretarako. Aztertutako lanak erakusten du animaliek beren lanabes mentalak erabiltzen dituztela beren mundu sozialean eta ekologikoan bizia ateratzeko, eta gizakiak, berak bakarrik, mundu moral bat sortzeko erabili dituela bere lanabesak. Honako galdera eta erantzun hauek emango dute gure eztabaidaren ildo nagusia: • Pentsatzen al dute animaliek? Ezaguerarik ba al dute animaliek? Animalia batzuk beste batzuk baino adimentsuagoak al dira? Uste dut galdera alferrak direla horiek: lausoak dira, eta gizakiek egiten dutenetik abiaturik definituriko kontzeptu orokorretan sostengatzen dira gehienetan. Horren haritik, saihestu egingo dut, eskuarki, «pentsatu», «ezaguera» eta «adimentsu» hitzak erabiltzea. Horren ordez, askoz ere zehatzago espezifikaturiko fenomeno mentalak izango ditut aztergai, hala nola, tresnak erabiltzeko, sinboloen bidez problemak ebazteko, etxerako bidea aurkitzeko, norberaren iritziak eta besteenak uler tzeko, eta imitazioz ikasteko, animaliak duen gaitasuna. Nire ustez, giza pentsamendutik bereizirik eta metodo zientifikoen bidez tratatu daitezkeen gaiak dira horiek.

15


16

GOGO BASATIAK

• Emoziorik ba al dute animaliek? Bai. Emozioek prestatzen dituzte organismo guztiak ekintzarako, gauza onetara hurbiltzeko eta gauza txarrak ekiditeko. Baina alde batera uzten baditugu ziur aski animalia guztiek partekatzen dituzten emozio nagusiak, hala nola haserrea eta beldurra, beste emozio batzuk aurkituko ditugu: erruduntasuna, ezinegona eta lotsa, norbere buruaren eta besteen zentzua izateari lotuak funtsean. Azalduko dut balitekeela emozio horiek gizakiarenak bakarrik izatea, eta ezein animaliak iritsi ezin duen zentzu moral bat ematen digutela. • Komunikatzen al dira animaliak? Bai. Baina espezie bakoi tzaren komunikazio-sistemak berariazko diseinu-ezaugarriak ditu, informazioa transmititzeko eta portaera manipulatzeko espezializatuak. Hala, saguzarrek eta izurdeek ekolokalizazioa darabilte; hegaztiek, kantua; erleek, dantza; gorilek, kurrinka; kanguru-arratoiek, errepika; eta ipurtargiek, argia. Eta, bai, gizakiek hizketan eta keinuka egiten dute beren ama-hizkuntzan, eta, batzuetan, baita atzerriko hizkuntzaren bat edo bestetan ere. • Senak gidatzen al ditu animaliak? Bai, eta senak gidatzen gaitu gu ere. Senak gidatzen du ikastearen esperientzia. Senak bultzatzen ditu organismoak inguruneko ezaugarri batzuk kontuan har tzera eta beste batzuk bazter tzera. Eboluzioaren aldetik, oso antzinakoak dira gure senetariko asko, eta haien kariaz partekatzen dugu beste animalia askorekin munduaren ikuspegi pertzeptual eta kontzeptual bera.


HITZAURREA

• Ba al dute animaliek araurik, betetzen dutenik, eta, batzuetan, hausten dutenik? Bai, eta arauek islatzen dituzte ugalketaren eta bizi-iraupenaren jokoan parte hartzeko baldintzak. Baina animalien arauak, gureak ez bezala, ez dira oinarritzen zerbait “ongi” eta “gaizki” dagoelako iritzi batean. Animaliek bete egiten dituzte arauak, baina ez dakite ohiturak gordetzeko eratu direla, egintza kaltegarriak ekiditeko, eta, batzuetan behintzat, zuzentasuna mantentzeko. Haurrak animaliak bezalakoxeak dira, baina gizaki helduak ez. Gizaki helduok badakigu ongiaren eta gaizkiaren artean bitartekotza egiteko eratu zirela arauak, eta ekintzarako jarraibideak ematen dituztela. Gizakiak kontsultatu egiten ditu arauak eta, askotan, bete. Garrantzitsuagoa dena: “da” eta “izan behar luke” bereizteko gaitasuna dugulako, gure iraganetik heredatu ditugun jaidura biologikoen eta nork bere bizibidean egitea erabakitzen duenaren artean bereizten dakigulako, egoera paregabean gaude jokabideari buruzko balioak eratzeko, egintza batzuk saritu eta beste batzuk zigortzeko.

Gai horiei heltzeko, basoan eta laborategian animaliak aztertzen dituen zientzialari gisa dudan esperientziara jotzen dut, baina baita naturalista informal gisa dudanera ere. Behatu ditudan eta esperimentuetan erabili ditudan animalien artean badira Keniako sabanan bizi diren zerkopitekoak, Ugandako oihan tropikal bateko txinpantzeak, hego Kaliforniako golf-zelai bateko beleak, San Frantzisko gainean dabiltzan berdantza koroazuriak, Puerto Ricoko kostaldeko uharte tropikal bateko reshus tximi-

17


18

GOGO BASATIAK

noak, eta Harvard Unibertsitateko nire laborategiko tamarin kaskazuriak. Animalien artean izandako gertaerei buruzko ezin konta ahala behaketa biltzeko aukera eskaini dit horrek, eta, askotan, eskueran ditudan gaien ehundura kontzeptualean bilbatzen ditut gertaerok. Beraz, animalia batek munduaz duen ikuskera uler tzeko, beharrezko da dagozkion sentipen-sistemak isolatzeko trebetasuna, eta jakitea ea zer eratako arazoak gainditu dituzten espezieek iraganean gaur arte iraun ahal izateko. Ez dugu uste izan behar badakigula animaliek zer dakiten, edo dakitena jakitera nola iritsi diren. Guri ez zaigu eman, Scrooge-ri* bezala, iraganera itzultzeko eta etorkizunera begiratzeko aukerarik; guk animaliaren burmuinaren eta jokabidearen oraingo ezaugarriak baliatu behar ditugu haren burua zer eratako arazoei aurre egiteko diseinatua izan zen ondorioztatzeko. Hori da errezeta, Charles Darwinek orain dela ehun urte baino gehiago prestatu zuenez geroztik ondo atera dena. Hurbiletik jarraitzen badiogu, asko ikasiko dugu planeta honetan diren gogo basatiez.

*

Itzultzailearen oharra: Charles Dickensen Eguberri kanta-ko per tsonaia.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.