ZIO 2 SAGUA, EULIA ETA GIZAKIA

Page 1

SAGUA, EULIA

ETA GIZAKIA

FRANÇOIS JACOB

JUAN GARZIA GARMENDIA itzultzailea

ZIENTZIA IRAKURLE ORORENTZAT


Galarazita dago liburu honen kopia egitea, osoa nahiz zatikakoa, eta, halaber, informazioa berreskuratzeko baliabide mekaniko, fotokimiko, magnetiko, elektrooptiko edo fotokopiak erabiliz erregistratzea eta zabaltzea, jabeek aldez aurretik eta idatziz emandako baimenik gabe.

Liburu honek Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du.

Diseinua eta azala: Antton Olariaga Zuzenketak: Amaia Lasheras Perez Fotokonposizioa: Ipar Koop. Elk. Particular de Zurbaran, 2-4 - 48007 Bilbao © 2003, itzulpena: Juan Garzia Garmendia © 1997, La souris, la mouche et l’homme François Jacob, Editions Odile Jacob, Paris © 2004, Sagua, eulia eta gizakia Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua ISBN: 84-8373-661-6 Lege gordailua: BI - 2448-04 Inprimatzea: Itxaropena, S.A. Araba Kalea, 45 - 20800 Zarautz (Gipuzkoa)


Danaren zioak ezagutzea, inolako gauza zalakoan nengoen: zer-nola gertarazten dan, zer-nola amaratzen dan, zer dala-ta dan, izan ere. Sokratesen hitzak, Jokin Zaitegiren arabera

ZIO ZIENTZIA IRAKURLE ORORENTZAT Iturri beretik sortuak dira literatura eta jakintza, eta elkarren urak bat eginik etorri zaizkigu, gutxi-asko, oraintsu arte. Izan ere, zer da bien jardunbidea, ez bada gauzen zioak bilatzeko saio atergabea? Azken mendeotan, ordea, ubide gero eta bereiziagoak eraiki dizkiegu zientziei eta letrei, eta aurkez aurke jarri ere bai inoiz biak, elkarren premia dutela ahazturik. Salbuespenak, haatik, ez dira falta. Aurreko ahalegin horien arrastotik, bere hondar alea ipini nahi du ZIO bilduma honek, jakintzaren ur ederrak euskaraz gozatzeko aukera emanez irakurle egarrituari.



AURKIBIDEA

ATARIKOAK I. EZIN AURREIKUSIZKOAREN GARRANTZIA II. EULIA III. SAGUA IV. MEKANOA V. BERA ETA BESTEA VI. ONGIA ETA GAIZKIA VII. EDERRA ETA EGIA ONDORIOAK

9 17 41 67 89 115 139 163 189



ATARIKOAK —Baina zertarako sortua da, orduan, mundu hau? —galdetu zuen Kandidok. —Gu amorrarazteko noski —erantzun zuen Martinek. VOLTAIRE, Kandido

Sorkuntza izenburuko eleberrian, Guztiahaldunak bere obra nola zertu zuen kontatzen du Dino Buzzatik. Unibertsoa eraiki zuen lehenik, eta haren bazter batean esferatxo bat ipini, planeta bat, halako moldez antolatua, non posible izango baitzen fenomeno guztiz bitxi eta jostagarri bat agertzea: bizitza. «Bolatxo hori irudikatzea, hantxe espazioen zabaltasunean eskegia, jaio, hazi, ugaldu eta hilko ziren elemenia bat izakiz hornitua, aski kitzikagarri zaio Sortzaileari». Berehala, han etorri zitzaion aingeru-arkitekto samalda bat, askotariko espezietako izaki bizidun, landare eta animaliak erakutsi beharrez, guztiak ere baitezpadakoak planeta berria aurrera aterako bazen. Batzorde eragilearekin eztabaida luzeak izan ondoren, egitasmo haietariko gehienak onetsi zituen azkenean Guztiahaldunak. Batena izan ezik, temati hark ez baitzuen lortzen Jaungoikoaren arreta erakartzerik. Azkenean, hala ere, Sortzailearen oinetaraino limurtzeko modua egin zuen. Haren diseinuen araberako animalia atsekabea zen, higuingarria ez esatearren, baina deigarri gertatzen zen, bestelakoa baitzen, ordura arte ikusitako guztiaren aldean; arra eta emea irudikatuak zituen


S AGUA , EULIA

10

ETA GIZAKIA

diseinatzaileak. Animaliarik gehienek bezala, launa gorputz-adar zituzten, baina —marrazkien arabera bederen— bi baino ez zituzten erabiltzen ibilirako. Ilerik ez, salbu eta xerloren batzuk han-hemenka, buruan batik bat. Sortzaileak ez zuen erakusten halako gogoaldi berorik. Bestea, berriz, berean: egundoko asmazioa izango da; adimenez hornituriko izaki bakarra izango da, Sortzailea gurtzeko gai den bakarra, haren ohorez tenpluak altxatu eta haren izenean ikaragarrizko gerra odoltsuak pizteko gai den bakarra. «Intelektual bat, alegia —esan zuen Guztiahaldunak, laborriz—; ezta pentsatu ere!». Gizonaren eta emakumearen asmatzailea marmarka lekutu zen handik. Horra lurra sortu. Bere mirariekin eta bere ankerkeriekin, bere atsegin eta saminekin, maitasunarekin eta heriotzarekin. Eta horra askotariko sorkariz bete bazterrak: izaki zoragarri eta gorrotagarriak, gozo eta basatiak, lazgarri eta ezdeusak, eder eta higuinak. Ehunzangoa, haritza, zizare-nagusia, arranoa, ikneumonidoak, gazela, errododendroa. Lehoia! Gaua da aurki. Jaungoikoak, nekatua baina pozik, lo kuluxka egiten du. Halako batean, norbaitek tira egiten dio mantuaren ertzetik: arestiko endreda-makila hura da berriro, giza bikotearen asmatzailea, berean temati. Nolako ideia zoroa, nolako arriskutsua!, egiten du Sortzaileak bere baitan. Baina nolako jolas liluragarria, nolako tentazioa! Hala, erdi lotan, egitasmo fatala onesten du1. Asmamen handia behar da —maltzur-puntu bat, ia-ia—, sentsuei bistako zaien ororen aurka, intuizio ororen aurka, bidea

1

D. Buzzati, Le K, Paris, Robert Laffont, 1967.


ATARIKOAK

egiteko, forma bizien aniztasun itzeletik harago, tasun- eta are ezaugarri-kidego bat aurkitzeraino. Lehen begiratuan, Noeren Kutxatik irtendako animaliek areago dirudite Artistaren batek zein bere aldetik irudikatuak, biziaren aniztasun zabalaren ñabardura infinituetan laketzen zuelarik egile horrek bere fantasia. Harrigarrietan harrigarriago dirudite atributu batzuek, hala nola jaio, hazi eta zahartzea, ez baitugu inolaz ere garbi ikusten zerk bultzatu zuen gure Artista garabide hori bizidunen patu erkide bihurtzera. Besteak beste, zer dela-eta joan behar duten populazioek horrela aldian-aldian heriotzaz galduz eta ugalketaz berrituz. Sortu zenetik —XIX. mende-hasieratik, alegia—, biologiak ez dio utzi egituretan barrentzeari eta funtzioetan sakontzeari. Bizia zatiezina dela aldarrikatzen dutenen oihuak gorabehera, erredukzionismoa nagusitu da behin eta berriro. Eta, zenbat eta barrenago, orduan eta gutxiago ziren organismoen arteko aldeak, eta nabarmenago ageri zen bat dela bizia. XIX. mendearen erdi aldera, zelulak aurkitzearekin, eraikuntza-batasuna frogatu zen: biziaren atomoak edo; gero, eboluzioaren teoriarekin, jatorri-batasuna. Azken gerraren bezperetan, biokimikoek frogatu zuten biziaren egiturak eta funtzioak bat direla formen aukera zabalaren gainetik. Hirurogeiko urteetan hasita, biologia molekularrak agerian jarri zuen zelularen funtzionamendua gobernatzen duten sistema genetikoen eta oinarriko mekanismoen batasuna. Hirurogeita hamarreko urteetatik, azkenik, ingeniaritza genetikoa tarteko, aurretik inork igar ez zezakeen punturaino iritsi da munduaren batasuna. Lur honen gainean bizi diren izakiak —zeinahi izanik ere haien ingurunea, tamaina, bizimodua; barea izan, zein otarraina, eulia edo jirafa— mole-

11


12

S AGUA , EULIA

ETA GIZAKIA

kula ia berdin-petoz osatuak dira guztiak. Legamiatik hasi eta gizakiraino, badira zenbait molekula talde beren horretan dirautenak, beren kargu baitituzte estu loturiko molekulok funtzio orokor batzuk, hala nola zelula-erdibitzea edo mintzetik zelularen gunera seinaleak igortzea. Horra, bada, egunotako paradoxa nabarmena: oso forma desberdinak ageri dituzten organismoak gene sail berdin-petoz osatuak dira. Geneon adierazpena gobernatzen duten erregulazio-sistemetan gertaturiko aldaketa txiki batzuei zor zaie formen aniztasuna. Animalia heldu baten egitura, hain zuzen, hura sorrarazi duen enbrioiaren garapenaren emaitza da. Aski da garapen horretan zehar gene batek lehentxeago edo geroxeago adieraztea bere burua, edo gehixeago aktibatzea doi bat desberdin diren ehunetan, horrenbestez eraldatze sakonak gerta daitezen azken emaitzan, hots, animalia helduan. Horra hor zergatik, hain handiak izanik ere arrainen eta ugaztunen arteko aldeak, guztiek dituzten ia gene berak, eta berdin krokodiloek zein itsas txakur fraideek. Sare erregulatzaileen sortze-ahalmena sareok hierarkizatuak eta konbinagarriak izateari zor zaio. Askotariko animalia-itxurak era daitezke, hainbat mailatako alde nabarmenak sorraraziz beren artean, besterik gabe eragiketa batzuk eginik gene erregulatzaileen sare zabalean, halako edo halako geneak bere burua adieraziko duen unea zehazten baitute geneok. Azken batean, organismoak beren artean oso desberdinak izan arren, haien enbrioi-garapena gobernatzen duten geneak kideko dira guztiak, eta horrek ematen du bidea, hain zuzen, forma konplexuagotarantz eboluzionatzeko. Espezie berri bakoitzak behar izan balu, agertzeko, erregulazio-sare berriak eratzea, ez zen izango denbora


ATARIKOAK

nahikorik paleontologiak deskribatzen duen eran gerta zedin eboluzioa. Hain zuzen ere, eboluzio-brikolaje horrixe esker da posible elementu erregulatzaileak oso garapen desberdineko hainbat sistematan konbinatzea. Badirudi, bada, era desberdinez antolaturiko modulu berdinez osatuak direla bizidun guztiak. Mundu bizia elementu kopuru finitu baten konbinazio modukoa da, eta mekano erraldoi baten itxura du, eboluzioak atergabe darabilen brikolajetik sortua. Horratx zertan datzan biologiaren munduan azken urteotan gertatu den erabateko ikuspegi-aldaketa.

Jende askok ez du ulertzen zergatik arduratzen diren ikertzaileak itxuraz interesik ez duten hainbat auziz. Zergatik ez dieten kontu egiten zientzialariek arazo benetan garrantzizkoei, hala nola bizitza, heriotza, sudurreko hotzeria edo ile-galtzea. Baina ez da ikertzailerik ezer aurkitu gabe inolako osperik lortu duenik. Peter Medawar-en hitzetan2, posible denaren artetzat jotzen badugu politika, halaber esan dezakegu soluzioren bat duenaren artea dela ikerkuntza. Izan ere, heltzeko modukoen artean interesgarrientzat jotzen dituzten arazoei ekiten diete zientzialariek; zuzen nahiz oker egon horretan, ustez konponbidea aurki diezaieketen arazoei, alegia. Haien lanbidea ez baita, soilik, galdera-zaparradaren erdian nolabait eustea. Galderoi erantzuna aurkitzea ere bada. Beste giza langintza askok bezala, oro har bizitzak

2

The Art of the Soluble, Londres, Methuem and Co, 1967.

13


14

S AGUA , EULIA

ETA GIZAKIA

bezala, bi polo ditu zientziak bere bidearen mugarri: desiragarri dena eta posible dena. Posible zer den kontuan hartu gabe, amets hutsa da desiragarri den hori. Desiragarri zer den kontuan hartu gabe, gogaikarri hutsa da posible den hori. Zaila da, askotan, ametsaren eta utopiaren liluran ez erortzea. Esperimentazioari esker, ordea, mugak jar dakizkioke irudimenari. Urrats bakoitzean, zientzialaria beharturik dago kritikaren eta esperientziaren irizpena jasotzera, eraikitzen ari den mundu-irudikapen horretan ezinbestean dagoen amets parte hori estu lotzeko. Izan litekeena eta den hori erkatuz egiten du zientziak aurrera. Auzi garrantzitsu bati heltzeko, hari ebazpen zentzuzko bat aurkitzeko aukera izateko, material egokia behar du eskura biologoak. Egin asmo den proiektuak eskatzen dituen saioetarako beharrezkoa den materiala, alegia. Mendearen hasieran, ondoretasuna aztertu nahi izan zuenean, drosofila delako euliaz baliatu zen Morgan karaktereen transmisioaren auzia ebazteko. Mendearen erdi aldera, berriz, zera zen kontua: ondoretasunaren kimikaren zer-nolakoa zehaztea, zelularen funtzio oinarrizkoak aztertzea. Hartarako, bakterioetara jo behar izan zuten biologo molekularrek, halako azterketetarako aukera ematen zuten bakarrak baitziren. Geroago, ingeniaritza genetikoak gaitu gintuenean edozein organismoren material genetikora iristeko, drosofila bilakatu zen berriro ikertzaileen kutun. Aukera ematen zuen, estreinakoz, enbrioiaren garapenaren eta organismoaren funtzio nagusien oinarri genetikoak aztertzeko. Geroztik, ezustean egiaztaturik egitura erregulatzaile berberek berdin irauten dutela eboluzio guztian zehar, ikertzaileek aukera izan dute ugaztunak aztertzeko; sagua, kasurako. Hala, bada, aro hau bizitzea egokitu zaien


ATARIKOAK

biologoak, nerau barne, beharturik egon dira materialez aldatzera, are behin baino gehiagotan. Hirurogeiko urteen azken aldera, nabari-nabaria zen biologiaren grabitate-zentroa mugitzekotan zela. Bakterioen eta birusen azterketa, artean zer ikasia franko egonagatik arlo horretan, poliki-poliki bigarren maila batera pasatzekotan zen. Betiko auzi jakinei ekin eta ekin bertan goxo egin nahi ez zuenak, bada, ausartu beharra zeukan, lehengo ikerketa eta material zaharrak bertan behera utzi, eta aztergai berriei heltzeko, organismo egokiak aukeraturik hartarako. Ausardia aipatzea ez da gehiegikeria. Organismo bizi batekin, den xumeenarekin ere, urte luzez egunean-egunean tratua izateak, azkenerako, nolabaiteko familiartasuna sortzen du harekiko; bihotza samurtzen edo zaigula, alegia, azkenean, harenganako. Kolibazilo jakin batekiko hamabost urteko harreman luzean, ehunka mutanteak banituen nik hantxe pilatuak. Mutante horietariko bakoitzak bestelakoturik zeuzkan zelula-funtzioetariko batzuk; esate baterako, bakterioaren bizitza eta ugalketarako ezinbesteko ziren funtzio asko. Bertan behera utzi beharra material hark eskura jar ziezadakeen guztia; idatzi gabeko errezetatxoen, organismo horrekiko lanaren inguruko folklorearen ezaupideak ematen duen intimitate gisako horri uko egin beharra; berriro hutsetik hasi beharra beste organismo ezezagun batekin, eta haren berezitasun guztiak ikasi beharra‌ zinez, sakrifizio ez nolanahikoa zen hura niretzat une hartan. Maite duzun norbait galtzea bezala ia. Baina, aldi berean, egitasmoaren kitzika ere sentitzen nuen. Mundu ezezagun batean sartzea zen. Bizitza berri bati ekitea. Gaztetzea‌

15


16

S AGUA , EULIA

ETA GIZAKIA

Molekulak, ugalketa eta eboluzioaren brikolajea ditugu hemen hizpide. Ikusiko dugu, orobat, nola diharduten biologoek, nola heltzen dioten ederrari eta egiari, ongiari eta gaizkiari. Azken urteotan, hizlari ibilia naiz, Frantzian eta atzerrian, gai horien inguruan. Hitzaldiotarako bilduriko materialei esker idatzi ahal izan dut liburu hau.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.