Txano eta Oscar 7 - Lehen enperadorearen hilobia (Kap.1-3)

Page 1


Copyright © 2020 Julio Santos García & Patricia Pérez Redondo © Testua: Julio Santos García, 2020 © Ilustrazioak: Patricia Pérez Redondo, 2020 Itzulpena: Antton Olano Testu-zuzenketa: Miel A. Elustondo, Eva Aranzadi Maketazioa eta diseinua: Julio Santos & Patricia Pérez Obra hau SafeCreative plataforman erregistratuta dago. Eskubide guztiak gordeta dauzka. Debekatuta dago argitalpen hau erreproduzitzea, zabaltzea, publikoki komunikatzea eta eraldatzea, edozein eratan, jabetza intelektualaren titularrek aldez aurretik baimenik eman ez badute. Aipatu eskubideak urratzea jabetza intelektualaren aurkako delitutzat har daiteke. Bilduma: Txano eta Oscar anaien abenturak Izenburua: Lehen enperadorearen hilobia Zenbakia: 7 Lehen argitalpena: 2020ko urria Xarpa Books ISBN: 978-84-121093-9-9 Lege gordailua: SS-00952-2020 julioypatri@txanoyoscar.com www.txanoyoscar.com


Lehen enperadorearen hilobia Ilustrazioak Testua Patricia PÄ‚Ĺ rez Julio Santos


Oscar Txano Kaixo! Txano dut izena, eta ondoan daukadan hau Oscar da, nire anaia bikia. Gure lehenengo abenturan, meteorito berde bitxi batek telepata bihurtu gintuen.

Sonia Raul Hauek Raul eta Sonia dira, gure super lagun paregabeak. Berekin bizi izan ditugu gure abentura ia guztiak. Izan ere, laurok batera edozertarako gauza gara!


Familiako gazteena gure arreba Sara-Li da. Berak aurkitu zuen Maxi, kalean, kartoizko kutxa batean, eta berak konbentzitu zuen ama, kostata, txakurtxoa etxera eramateko. Gure beste lagun txiki honek Flash du izena, eta oso katagorri berezia da.

Sara-Li

Flash

Maxi Bixardun kaskagorri hori gure aita da. Alejandro du izena, baina mundu guztiak Alex deitzen dio. Antigoaleko gauzen denda bat dauka hirian.

Barbara

Alex

Gure amak Barbara du izena, eta itzultzailea da. Emakume lasaia da, baina haserretzen denean, kontuz berarekin!


Urte asko ziren Qin Shi Huang enperadorea hil zela, haren mausoleoa ixten zuen atetzarra tonaka lur eta harriren azpian ezkutatuta geratu zela. Denborak aurrera egin zuen, eta mausoleoan harrapatuta geratu ziren gehienek burua galdu zuten. Mirari bat izan zen —zer bestela?— Nßwak zentzumena ez galtzea eta handik ateratzeko modua aurkitzea.


Pentsamendu hori gogoan zerabilela, Nßwak azken begirada eman zion hainbeste urtetan preso egondako lekuari, eta atzera begiratu gabe alde egin zuen handik. Berak oso kutuna zuen objektu bat utzi behar izan zuen han, eta denborak luze joko zuen beste begi batzuk —Twin Cityko haur batzuen begiak, hain zuzen— objektu hartan berriro pausatu arte. Baina milaka urte falta ziren oraindik horretarako.



Ustekabeak ilunpean

Oraingoan, gure abentura ez zen 51 eremuan hasi, azken aldietan bezala. Oraingo honetan, Oscar eta biok gure logelan geunden, argia itzalita eta pertsiana jaitsita. Iluntasunik beltzenaren erdian, kontzentratzen saiatzen ari ginen. Segundo batzuk geroago, lau argi berde agertu ziren airean, gure aurrean, eta guregana hurbiltzen hasi ziren, gure aurpegiak distira espektral batez argituz. Beste egoera batean, horrelako agerpen baten aurrean, ikaratuta alde egingo genukeen handik, baina orduko hartan bagenekien ez genuela zeren beldurrik izan. Izan ere, airean dilindan ageri ziren argi haiek gure eskuak ziren. Eta gure aurreko liburuan kromatikekin bizitako abentura irakurri ez baduzu,

9


jakin beharra daukazu, telepatiaz gainera, gure eskuak nahierara argitzeko ahalmena ere eman zigula meteoritoak. Eta ez hori bakarrik. Praktikaren poderioz, edozein koloretako argia igortzea lortu genuen, eta une hartan, gure gelan, ikuskizun txiki bat entseatzen ari ginen, Raul eta Sonia harri eta zur uzteko asmoz.

Arratsalderako gelditu ginen lagunekin, 51 eremuan, egin berria genuen aurkikuntza bat erakutsi nahi geniela esanez, eta urduri geunden, horretarako unea noiz iritsiko zain.

10


Baina ez ginen gu erakusteko zerbait zeukaten bakarrak. Itxura zenez, Sonia ere zerbaitetan aritua zen lanean —telefonoz, ez zigun ezer aurreratu nahi izan—, eta arratsalde hartan bertan erakutsi nahi omen zigun bere aurkikuntza. Bai, oso arratsalde interesgarria izateko itxura zuen. Bazkaldu ondoren, eskuoihal eta trapu batzuk eraman genituen 51 eremura, zoruko oholen arteko zirrikituak ixteko, eta, gure erakustaldia egiteko unea iristean, iluntasuna erabatekoa izango zela ziurtatzeko. Horretan ari ginen gure lagunak iritsi zirenean. Ohiko agurren ondoren, Oscar eta Sonia elkarri zirika hasi ziren. Egia esan, hala ibiltzen ziren beti, elkarri zirika, beren proiektu frikiak aurrera eramateko orduan bakoitzak bere aldetik jarduten zuenean. Gure aurreko abenturak irakurri badituzu, jakingo duzu biak elkarlanean aritzen direnean makina hutsak direla; baina bakarka jarduten dutenean, elkar tentatzen pasatzen dute gero eguna. Tira, batez ere nire anaiak, asmatzaileen erregea bera dela uste baitu. —Gaur erakutsiko diguzuna benetan ona izatea espero dut. Guk, behintzat, zeharo fli-pa-tu-ta utziko zaituztegu! —esan zuen Oscarrek, beti bezain apal.

11


—Tira, ez izan hain harroputza, ez da hainbesterako izango eta! —erantzun zion Soniak, nire anaiaren aurrean uzkurtu gabe—. Kontua da, nire asmakizuna erakusteko, gela ilunpetan egotea behar dudala, eta ez dakit hori posible izango den hemen —erantsi zuen, ingurura begira. Oscarrek eta biok harrituta begiratu genion elkarri. Soniak ere ilunpetan behar zuen gela? Zer bururatu ote zitzaion oraingoan? —Hara, zer kasualitatea! —esan nuen nik—. Gela ilunpetan egotea behar dugu guk ere, eta toalla eta trapu pila bat ekarri ditugu horretarako, zirrikitu guztiak ondo ixteko. Minutu gutxiren buruan, ondo zigilatuta genituen zirritu guztiak, eta gelan argi egiten zuen argi bakarra gauez 51 eremura etortzeko erabiltzen genuen argiontzi piladun batena zen. —Kito! Zure iluntasun arazoak konponduta! Zure ezinbesteko porrota atzeratzeko beste aitzakiarik? —erasoari ekin zion berriro Oscarrek. Soniak, Oscarri batere jaramonik egin gabe, motxilatik gauzak atera eta mahai gainean ipini zituen, txukun-txukun. —Baina, lasai, ondo ulertzen dut zer gertatzen zaizun —jarraitu zuen nire anaiak—. Nire super-botereei aurre egin beharrak edonor kikiltzeko modukoa

12


izan behar du. Maila emango ez duzula uste baduzu, oraintxe bertan erretiratu zaitezke, nahi baduzu. —Super-botereak? Zer super-botere, ordea? —galdetu zuen Soniak, harritu-itxurak eginez—. A bai! Pentsamenduaren bidez mandatutxoak bidaltzeaz ari zinen? Tira, buruarekin hori besterik egiten ez dakizula kontuan hartuta, ez da suziriak botatzen hasteko modukoa ere, ezta? —erantsi zuen, une batez niregana jiraturik—. Ea lortzen duzun zure anaia gogaikarri horrek ahoa ixtea eta ni lasai uztea behingoz.

13


Uste dut Oscar ohartua zela Sonia ez zela hain erraz kikilduko, eta erabaki zuen hobe izango zuela eskuetan zer zekarren ikusi arte itxarotea. Soniak, bere aldetik, bere asmakizuna muntatzen bukatu, eta harro erakutsi zigun. —Errealitate birtualeko betaurrekoak berriro? —galdetu zuen Oscarrek, desengainua hartuta. —Ez dira errealitate birtualeko betaurrekoak —azaldu zuen Soniak, hurbilagotik erakusten zizkigun bitartean—. Karkasa bera eta mugikorra erabili ditut, baina gauez ikusteko betaurrekoak asmatu ditut —esan zuen pozik. —Gauez ikusteko betaurrekoak? Hau da, ilunpean ere ikusteko balio dutenak? —galdetu nuen, zeharo harrituta. —Hori da! Betaurreko hauek jantzita, iluntasunik beltzenean ere ikus dezaket —baieztatu zuen Soniak. —Uau! Ez nuen inoiz usteko mugikor batekin hori egin zitekeenik —esan nuen nik. —Gauza bera esan diot nik, honantz gentozela, bere asmakizuna zertan zetzan azaldu didanean —erantsi zuen Raulek—. Oso ideia originala iruditu zait. —Eskerrik asko, lagunok! Informazio pixka bat aurkitu nuen sarean, eta oso proiektu polita iruditu

14


zitzaidan. Kontua da mugikor batzuen kamerek argi infragorriaren zati bat ere har dezaketela; eta, ondo aprobetxatuz gero, iluntasunean ikusteko aukera ematen dizu horrek. —Bale! Argi infragorria antzeman dezakeen mugikor bat aurkitu duzu. Eta? Ez zait hainbesterako iruditzen —hasi zen Oscar—. Gainera, xehetasun txiki bat ahaztu zaizu: gauzek ez dute argi infragorria berez igortzen. Betaurreko horiek gela ilun batean jartzen badituzu, ez duzu piperrik ikusiko, eta muturreko galanta hartuko duzu parean topatzen duzun lehen hormaren kontra —erantsi zuen, zeharo konbentzituta. —Ados! —esan zuen Soniak, bere buruaz oso seguru—. Ez dutela funtzionatuko uste baduzu, ez zaizu axolako kuxin-gerra bat egitea argia itzalita, ezta?

15


Kuxinak eta argiak

Lurrean esertzeko erabiltzen genituen bi kuxin hartu eta mahai gainean utzi zituen Soniak. Pertsona zentzudun batek atzera egin eta bere akatsa onartuko zukeen, baina, jakina, nire anaiari “pertsona zentzuduna” esatea gehitxo litzateke. Oscarren aurpegia ikustekoa zen. Guk bezalaxe ezagutzen zuen Sonia, eta, barru-barruan, bazekien galdua zuela partida; izan ere, han ginen guztiok garbi genuen Soniaren asmakizunak ondo funtzionatuko zuela. Anaiak Rauli eta bioi begiratu zigun, gizonen arteko elkartasun eske bezala, baina gure begirada zorrotzak garbi utzi zion zer pentsatzen genuen: “Adiskide, bakar-bakarrik sartu zara nahaste-borraste horretan, eta bakar-bakarrik atera beharko duzu”. Gero, Soniari begiratu zion, ataka estu hartatik duintasunez ateratzen lagunduko zion erruki pixka

16


baten eske, baina Soniak ez zuen bere harrapakina besterik gabe askatzeko inolako asmorik, eta hasitako lanari errematea emateko, irri zuri batekin imitatu zituen nire anaiaren aurreko hitzak: —Baina, lasai… Maila emango ez duzula uste baduzu, oraintxe bertan erretiratu zaitezke, nahi baduzu. —Hori inola ere ez! —erantzun zuen anaiak, amuari itsu-itsuan helduz—. Nahi duzun tokian eta orduan! —erantsi zuen, harro-harro, kuxin-kolpeka bizkarra bero-bero eginda utziko zutela jakin arren. Soniak bere betaurrekoak prestatzen bukatu zuenean, izkina banatan jarri ginen, eta nik hasteko agindua eman zain geratu ziren denak. —Adi, prest, erne! —esan nuen, argiontzia itzali eta 51 Eremua erabateko ilunpean geratu baino lehen.

17


Tira…, 51 Eremua eta geu geratu ginen ilunpean; Sonia primeran ikusten ariko zen dena.

—Pinpi-panpa, pinpi-panpa! Atx! Otx! Nire anaiak jasotako lehen kuxin-kolpeak eta botatako oihuak isiltasuna urratu zuten. Beste kolpe eta oihu pila bat etorri ziren ondotik, baina aieneak Oscarren aldetikoak izan ziren guztiak. Galantak hartu zituen! Argi zegoen Soniak ondo ikusten gintuela gu denok, ez baitzuen behin ere estropezu egin. Oscar, berriz, etengabe ari zen gutako batekin edo bestearekin talka egiten. Minutu luze batzuen eta beste “Atx! Otx!” pila baten ondoren, Oscarren ahotsa entzun genuen berriro, behingoz zentzuzko zerbait esaten: —Ados, amore ematen dut! Zu irabazle! Betaurrekoek primeran funtzionatzen dute!

18


—Hasi aurretik esan izan bazenu, ez zenituzkeen kolpe horiek denak jasoko. Egia esan, oso ondo ikusten zintudan. Tira, ikusten zintuztedan. Espero nuen baino hobeto funtzionatu du nire asmakizun honek. Baina Sonia ez zen Oscar bezalakoa, eta nire anaiari ondo merezitako lezioa eman ondoren, egoera leuntzen saiatu zen. —Gauza batean arrazoi zenuen, Oscar —onartu zuen—. Objektu gehienek ez dute argi infragorririk igortzen, islatu baino ez dute egiten, argi normalak bezala. Beraz, indar handiko LED infragorri batzuk gehitu behar izan dizkiet betaurrekoei, aurrean daukadana ondo argitu dezaten —esan zigun Soniak, betaurrekoen kartoizko karkasaren inguruan eta bateria bati konektatuta zeuden bonbilla ñimiño moduko batzuk seinalatuz—. Gertatzen dena da argi hori ikusezina dela gizakiontzat. Beraz, nik bakarrik ikus nezakeen linterna batekin argitzen ibili natzaizuela esan liteke —azaldu zuen pozik—. Baten batek probatu nahi ditu? Arrapaladan oldartu ginen hirurok betaurrekoen gainera, baina Soniak alde batera baztertu zituen une batez. —Ados, ados! Zaudete pixka batean! Halako astindua hartu ondoren, utz dezagun Oscarrek egin dezan lehen proba, ezta?

19


Eta behin bakea eginda, betaurrekoak probatzen hasi ginen denok. Hain ginen txundituta, ia ahaztu egin baitzitzaigun gure asmakizunaren berri ematea. —Tira, eta zuek, zer? —galdetu zuen Soniak—. Flipa-flipla eginda utzi behar gintuzuen, ezta? Oscar eta biok elkarri begiratu eta irribarre egin genuen. Iritsia zitzaigun ordua. —Ederki! Itzali argiontzia, eta presta zaitezte ikuskizun txundigarri bat ikustera! —iragarri zuen Oscarrek. Mahai gainean genuen musika-tresna bat martxan jarri, eta hasiera eman genion ikuskizunari. Segundo batzuetan, musika baino ez zen entzun, baina, halako batean, gure ukabil itxiak argiztatu, eta lau argi-bola berde agertu ziren gure lagunen aurrean, airean flotatzen. Argi-bolak astiro mugitzen hasi ziren, elkarrengana hurbilduz, baina elkar ukitzeko gutxi falta zutela, brastakoan aldendu ziren bata bestetik, melodiarekin sinkronizatuta lehertu balira bezala. Aurrean begira zegoen norbaitentzat, ikusgarria behar zuen izan. Orduan, gure ukabilak gora eta behera saltatzen hasi ziren, musikaren erritmora dantzan, eta kolorez aldatzen, diskotekako argiak balira bezala. Entseatuta genuen bezala, kantuak isilune bat egin zuen une zehatz batean, guk eskuak itzali genituen

20


orduan, eta musika berriz hastean, ostera piztu genituen. Uau! Primeran ateratzen ari zitzaigun. Argi-efektu batzuk gehiago egin, eta lagunengana hurbildu ginen, iluntasun beltzean, azken trakarako prest. Bat-batean, musikaren azken dunbadarekin bat eginez, gure aurpegiak haienen ondo-ondoan agertu ziren, eskuen argi berdexkak azpitik argiztatuta. Lagunak, beldurrezko garrasi bat eginda, ipurdiz gora erori ziren lurrera. Arrakasta sekulakoa izan zen! Haiek bere onera etorri arte segundo batzuk itxaron, eta berriro piztu genuen argiontzia. Gero, lasai-lasai, haien aurrean eseri ginen, eskuak argituta, ondo ikus zitzaten. Harridura-aurpegi haiek ikusteagatik bakarrik, ahaleginak merezi izan zuela uste dut!

21


Ahaztutako gonbidapen bat

—Baina…, nola da posible? LED argiak dituzten eskularru batzuk dituzue, ala? —hasi zen galdezka Sonia. —Eskuak margotu dituzue gai distiratsu batekin! —esan zuen Raulek. —Ez LED argirik, ez pinturarik! Hemen ez dago trikimailurik! Gure eskuak dira, eskuak baino ez. Argiz pizt ditzakegu! —esan zuen Oscarrek poz-pozik, eskuak harro erakutsiz. —Eskuak piztu? Zer diozu, ordea? Kaskezurra pitzatu zaizu, ala? —esan zuen Soniak—. Ez da, bada, zure beste txantxa horietako bat izango, ezta? —Oraingo honetan, ez —erantzun nuen nik oso lasai—. Kromatiten erreginak eman zigun honen berri, kobazuloan hitz egin zigunean, baina ez genuen oso ondo ulertu zer esan nahi izan zigun, harik

22


eta, duela egun batzuk, etxean, gu geu ohartu ginen arte. Ez genizuen ezer esan nahi dena kontrolpean genuela ziur egon arte. —Orain, teleipurtargiak gara —esan zuen Oscarrek, berriz ere bi eskuak piztuz. —Teleipurtargiak? —galdetu zuen Soniak. —«Ipurtargi telepatak» esan nahi duela uste dut —azaldu nuen nik. —Bai zera! Ipurtargiak ez, behintzat! Haiei atzealdea argitzen zaie —zehaztu zuen Raulek—,

23


eta zuei… Zaude! Gorputzeko edozein atal argitu dezakezue? —Eeez! Eskuak baino ez —erantzun zuen Oscarrek—. Ipurdia argitzeko gai izango bagina, ikuskizun ederra emango genuke —erantsi zuen, bi eskuak ipurdian jarri eta biribilean mugituz. —Tira, egunen batean Keopseko piramidean harrapatuta geratzen bagara eta linternak itzaltzen bazaizkigu, esku-argiak piztuko ditugu ordez —esan nuen nik, konplizitate-keinu bat eginez. —Bai, momiak flipatuta geratuko dira gu faraoiaren hilobirantz pasatzen ikustean —erantsi zuen Oscarrek, gure inguruan momia baten antzera ibiliz. —Hilobiak direla eta —esan zuen Soniak—, lehengo batean amaren aldizkari batean irakurri nuen Txinan bi mila urte baino gehiago dituen enperadore baten hilobia dagoela eta gobernuak ez duela hura irekitzeko baimenik ematen, ez dagoelako behar den teknologiarik han barruan aurkitzea espero dituen altxor handiak behar bezala zaintzeko. Soniak hitz egin bitartean, Flash, zegoen lekutik salto egin, eta atean gelditu zen zain. Norbait hurbiltzen entzun ote zuen? Bat-batean, atea ireki, eta irribarre handi bat agertu zen sarreran, beti lelotuta uzten ninduen irribarre hori.

24


Esmeralda Golden zen. Berez, ez zen gure kuadrillakoa, baina abentura batzuk bizi izan zituen gurekin, eta oso ondo moldatzen ginen. —Kaixo, lagunok! Badakit igo aurretik deitu egin behar dela, baina behetik entzun dut zertaz ari zineten, eta ezin izan diot eutsi. Garaiz iritsi naizela uste dut —esan zuen, irribarre misteriotsu batekin—. Aizue, zergatik daukazue hain ilun hau dena? —Soniaren asmakizun bat probatzen ari ginen —gezurra esan nuen. Esmeralda gure laguna izan arren, ez zuen gure ahalmen berezien berri. —Zergatik esan duzu garaiz heldu zarela? —galdetu zion Oscarrek, laguna barrura sartzera gonbidatzeaz batera. —Sonia Txinako lehen enperadorearen hilobiaz ari zela iruditu zait, ezta? Ez zarete gogoratzen jadezko dragoiaren misterioa argitu zenutenean nire aitak Txinara joatera gonbidatu zintuztela, Xiango gerlariak ikustera? Egia esan, inoiz ez genuen oso serio hartu gonbidapen hura, eta geroztik gauza asko gertatu zirenez, ahaztuta geneukan. —Bada, kontua da hilobia eta gerlariak multzo arkeologiko beraren parte direla! —azaldu zuen Esmeraldak, pozik. Terrakotazko gerlari ospetsuak

25


lehen enperadorearen mausoleoa zaintzen zuen armadaren parte ziren. Sonia hari-mutur batzuk lotzen hasia zen ordurako, baina beste guztiok erabateko ezulertu aurpegia jarri genuen. —Begira —azaldu zuen Esmeraldak—. Kristo aurreko berrehungarren urte inguruan, Txinako enperadore batek herrialdeko erresuma guztiak konkistatu zituen, eta bere agintepean bateratu. Enperadore horrek Qin Shi Huang zuen izena, eta txinatarrek bera daukate lehen enperadoretzat. Boterea eskuratu bezain laster, Qin Shi Huang mausoleo erraldoi bat eraikitzen hasi zen, hiltzean hantxe ehortz zezaten. Mausoleo hori ez da inoiz ireki, Txinako agintariek ez dutelako horretarako baimenik eman. —Ados, baina zer ikustekorik dauka horrek gerlariekin? —galdetu zuen Oscarrek. —Bada, kontua da 1974an nekazari batzuek terrakotazko eskultura batzuk aurkitu zituztela, soldadu itxurakoak, mausoleotik kilometro eta erdira dagoen alor batean —jarraitu zuen Esmeraldak—. Arkeologoek, indusketari ekin ziotenean, soldaduarmada oso bat aurkitu zuten lur azpian. Dagoeneko zortzi mila baino gehiago atera dituzte, irakurri dudanez.

26


—Beraz, esan nahi duzu nik lehen aipatu dudan hilobia Txinako lehen enperadorearen mausoleoa dela eta gerlari ospetsuen ondoan dagoela? —erantsi zuen Soniak, begiradarekin Esmeraldaren berrespena bilatuz. —Horixe bera! —esan zuen Esmeraldak—. Eta orain dator onena.

27


Baina hark beste ezer esaterik izan baino lehen, gure ahizpa txikiaren ahotsa entzun genuen lorategian. Zuhaitzaren oinean, Sara-Li saltoka ari zen, pozaren pozez eta hitzak arrapaladan botaz, ama etxeko atetik irribarrez begira zuela. —Txinara goaz! —azkenean ulertu genuen zer esan nahi zigun!—. Txinara, Xiango gerlariak ikustera! Laurok Esmeralda zegoen aldera jiratu genuen burua. Esmeraldak irribarrea zabalduz berretsi zituen arrebaren hitzak. —Hain zuzen, zuei hori esatera etorri naiz hona —erantsi zuen—, baina, ikusten denez, aitak aurrea hartu dit. Orduan jakin genuen Ramiro Goldenen gonbidapena ez zela inoiz broma bat izan. Bai, Txinara gindoazen!

28


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.