Txano eta Oscar 8 - Arrano bikoitza (Kap.1-2)

Page 1


Copyright © 2021 Julio Santos García & Patricia Pérez Redondo © Testua: Julio Santos García, 2021 © Ilustrazioak: Patricia Pérez Redondo, 2021 Itzulpena: Antton Olano Testu-zuzenketa: Miel A. Elustondo Maketazioa eta diseinua: Julio Santos & Patricia Pérez Obra hau SafeCreative plataforman erregistratuta dago. Eskubide guztiak gordeta dauzka. Debekatuta dago argitalpen hau erreproduzitzea, zabaltzea, publikoki komunikatzea eta eraldatzea, edozein eratan, jabetza intelektualaren titularrek aldez aurretik baimenik eman ez badute. Aipatu eskubideak urratzea jabetza intelektualaren aurkako delitutzat har daiteke. Bilduma: Txano eta Oscar anaien abenturak Izenburua: Arrano bikoitza Zenbakia: 8 Lehen argitalpena: 2021eko maiatza Xarpa Books ISBN: 978-84-123829-1-4 Lege gordailua: LG D 00606-2021 julioypatri@txanoyoscar.com www.txanoyoscar.com


Arrano bikoitza Ilustrazioak Testua Patricia Pérez Julio Santos


Oscar Txano Kaixo! Txano dut izena, eta ondoan daukadan hau Oscar da, nire anaia bikia. Gure lehenengo abenturan, meteorito berde bitxi batek telepata bihurtu gintuen.

Sonia Raul Hauek Raul eta Sonia dira, gure super lagun paregabeak. Berekin bizi izan ditugu gure abentura ia guztiak. Izan ere, laurok batera edozertarako gauza gara!


Familiako gazteena gure arreba Sara-Li da. Berak aurkitu zuen Maxi, kalean, kartoizko kutxa batean, eta berak konbentzitu zuen ama, kostata, txakurtxoa etxera eramateko. Gure beste lagun txiki honek Flash du izena, eta oso katagorri berezia da.

Sara-Li

Flash

Maxi Bixardun kaskagorri hori gure aita da. Alejandro du izena, baina mundu guztiak Alex deitzen dio. Antigoaleko gauzen denda bat dauka hirian.

Barbara

Alex

Gure amak Barbara du izena, eta itzultzailea da. Emakume lasaia da, baina haserretzen denean, kontuz berarekin!


Uda amaierako arratsalde batean, Rafael izeneko gizon bat atseden hartzen ari zen eskorta abandonatu batean, lurrean eserita. Bizkarra harrizko horma lodiaren kontra jarrita, Rafaelek astiro paseatu zuen begirada bere etxetzat —bere bizitzan izandako etxe bakartzat— sentitzen zuen leku hartatik. Ondoren, begiak itxi, eta hasperen egin zuen. Azken urteetan beti aldean eraman ohi zuen libreta belaunen gainean hartu, eta irakurtzen hasi zen, aspaldiko partez bere buruari ispiluan begiratzen dionaren antzeko jakin-minez.


Bere ondoan, motxila bat zeukan. Eta motxila barruan, bere ondasunik preziatuena. Eguzkia, jada akitua, hodeien sabela gorrixkatzen hasia zela, Rafaelek, inspirazio bila, begiak zerurantz jaso, eta mezu bat idatzi zuen libretan —idatziko zuen azkena—, oso mezu berezia. Nork uste duzu aurkituko duela?



Izarrei begira

Astebete besterik ez zen Txinatik itzuli ginela, baina Xiango gudarien istorioa eta lehen enperadorearen mausoleoan bizitakoak duela 2.000 urte gertatuak balira bezalaxe sentitzen nituen orain: urrun, oso urrun. Munduaren beste puntan bizitako abentura zirraragarri hark leher eginda utzi gintuen, eta nekearen arrastoak gainetik kendu ezinik genbiltzan, gainera, baina egun gutxi geratzen ziren udako oporrak amaitzeko, eta ez genuen segundo bat ere galdu nahi. Tartean atseden hartzeko bi egunak kenduta, esan liteke zuzenean etorriak ginela munduaren beste puntako inperio erraldoitik aitona-amonen herrira, Blondfield txiki honetara, udako azken opor-egunak bertan pasatzeko asmoz. Bere arau propioak dituen eta denek elkar ezagutzen duten herrixka horietako bat da Blondfield.

9


Nola azaldu, bestela, aitona-amonek gure ibilera guztien berri izatea, guk geuk, behin etxera iritsita, haiei ezer azaldu baino lehen ere. Zuhaitz batera igo zarela denbora-pasa? Lasai! Etxera orduko, hor hasiko zaizu aitona, arbola batean igota zer egiten zenuen galdezka. Deskuidatzen bazara, zer zuhaitzetan zeunden ere esango dizu zehatz-mehatz. Behin, Damian jaunaren etxeko eskortako pareta saltatu behar izan genuen, bestaldera eroritako baloi

10


bat hartzeko, eta pentsa: guk baloia aurkitu baino lehen ere jakinaren gainean ipinia zuten amona Encarna. Baina, tira, Blondfieldek gauza onak ere bazituen. Horietako bat, gauzarik onena seguruenik, kalean berandu arte egoten uzten zigutela. Berandu arte, eta bakarrik. Horrek soberan konpentsatzen zuen beste edozein eragozpen. Beste gauza onenetako bat, kasualitate harrigarria zena, honako hauxe: Raul gure lagunaren aitona-amonak ere Blondfildekoak bertakoak zirela eta opor-egun batzuk elkarrekin pasatzeko aukera izaten genuela. Eta gauza onen zerrenda amaitzeko, beste abantaila bat: gure aitona-amonen etxeak gela asko zituen, eta bertan lo egitera gonbida genitzakeen lagunak. Horregatik, Sonia eta Esmeralda ere (kuadrillako beste lagunak) gurekin pasatzen ari ziren egun haiek. Tira, azkenean, Soniak Raulen aitona-amonen etxean geratzea erabaki zuen, gonbidatuak modu orekatuan banatzeko, baina kontua da denok geundela han, Blondfielden. Lagun guztiak elkarrekin, gurasorik ez, eta herrian aske… Zer gehiago eska genezakeen? Tira…, zerbait eskatze aldera, opor-egun gutxi batzuk gehiago eskatuko nituen akaso, baina uda

11


bakar batean ordura arteko bizitzan baino abentura gehiago bizi izan eta gero, ezin ginen kexatu. Ia gaueko hamaikak ziren, eta futbol-zelaiaren erdian ahoz gora etzanda geunden. Zementuzkoa du zorua, eta bero zegoen oraindik, eguzki-egun kiskalgarri baten ondoren.

12


Erabateko iluntasunean geunden, zeru izarratura begira. Hainbeste izar zeuden, nekez aurki baitzitekeen ñirñirik gabeko zeru zatirik. Besoa luzatu hutsarekin eskutadatxo bat har genezakeela iruditzen zitzaigun. Bakar-bakarrik geunden han: gu beste inor ez, lurraren eta zeruaren artean. Une magiko bat bezala gogoratzen dut orain hura. Batez ere Esmeralda nire ondoan etzanda zegoelako eta nire sabela bere burkotzat erabiltzea erabaki zuelako. Aski izan nuen keinu hori une hura inoizko unerik zoragarriena bihurtzeko. Baina alde txar bat ere bazegoen. Inork ez zuen ezer esaten, baina uste dut denok sumatzen genuela buru gainean oporren amaieraren itzal astuna. Hainbeste gauza eta hain harrigarriak gertatu zitzaizkigun uda hartan, nekez ezagutuko baikenuen hoberik! Ez naiz hasiko orain denak banan-banan azaltzen, baina bat aipatzekotan, gure arreba Sara-Liri gertatutakoa nabarmenduko nuke. Ba al zenekien gure arreba sorgin moduko bat dela? Tira, duela 2.000 urte bizi izan zen azti txinatar baten ondorengoa omen da, berez. Baina horri gehitzen badiozu espaziotik eroritako harri berde

13


zati bat lehertu zitzaiola ondoan, batek daki zenbat ezusteko eman behar dizkigun oraindik. Hori gutxi ez eta, Txinarako bidaian, Nüwa-ren zintzilikarioa aurkitu zuen, orain beti lepotik daraman hori. Nik ez dut dudarik botere magikoak dituela, nahiz eta orain arte ez dituen erabili. Tarte luzea generaman isilik, eta, dakizun bezala, isiltasuna iman bat bezala da Oscarren txorakerietarako. —Izarrei begira egotea ondo dago une baterako —esan zuen nagiak ateraz—. Baina ipurdia mugitzen hasi beharko dugu, lurrari betiko itsatsita geratu nahi ez badugu. Inork ez zuen ezer esan. Isiltasunari lagun egiten, puntu argitsu bat ikusi genuen zerua alderik alde ziztu bizian zeharkatzen. —Nazioarteko Espazio Estazioa dela uste dut —esan zuen Soniak, zerurantz seinalatuz. —Zuk uste? Telebistako irudietan, Estazioa poliki-poliki dabil —esan zuen Raulek—, eta horko hori oso azkar mugitzen da. —Bai, ziztu bizian doa. Itzuli bat ematen dio Lurrari 90 minuturo —argitu zuen Soniak—. Gure buruen gainetik 400 kilometrora dago, baina eguzkiak paneletan jotzen duenean, aise ikus dezakegu haren distira Lurretik.

14


—Eta nola dakizu ez dela hegazkin bat, marimaistra? —galdetu zuen nire anaiak, Sonia zirikatzeko asmo hutsez. —Hegazkinek argi keinukariak dituztelako hegaletan, mozolo! —erantzun nuen nik berehala, Soniak beste eztenkada bat botatzeko denbora izan baino lehen.

15


—Bai, badira beste satelite batzuk ere, baina Nazioarteko Espazio Estazioa da Lurraren jiran dabilen handiena, eta Lurretik hobekien bereizten dena; oso azkar mugitzen delako, hain zuzen ere. —Estazioko astronautaren bat une honetan hona begira badago, tentelak garela pentsatuko dugu, gu hemen etzanda eta ezer egin gabe nola gauden ikusita —esan zuen Oscarrek, zutitzeaz batera—. Mugitzen hasi beharko dugu, ezta? —Niri asko gustatzen zait hemen egotea —esan zuen Esmeraldak—. Hirian ezinezkoa da hainbeste izar ikustea. Gezurra dirudi zeru bera izatea hangoa eta hemengoa. Baiezko murmurio batekin erantzun genion, eta Oscar berriro etzan zen lurrean, erdi zapuztuta. —Zeru hau ikusgarria iruditzen bazaizue, basamortukoa ikusi beharko zenukete. Dogon Herrian egon ginenean ikusi genuen guk —esan zuen nire anaiak, berriro protagonismoa bereganatu nahian—. Orain hemen baino askoz izar gehiago ageri ziren han. Gainera, bertan egin genuen lo, gau osoa izarpean. —Gau batean guri ere hemen lo egiten utziko baligute! —esan zuen Raulek—. Sekulakoa litzateke! Gau osoa beldurrezko istorioak kontatzen, lo geratu arte.

16


—Ba, aizu, nahiago dut hori, izarrei tonto-tonto begira egotea baino! —bota zuen Oscarrek. —Tira, gaua beldurrezko istorioak kontatzen pasatzea ondo dago —esan zuen Soniak, sorbaldak goratuz—, baina niri benetan gustatuko litzaidakeena da denon artean misterio on bat argitzeko aukera izatea eskolara itzuli aurretik —gaineratu zuen, eta esertzeaz batera, laztan bat egin zion buruan Maxiri, haren eta Sara-Liren artean etzanda baitzegoen. Gure txakurtxoak aukera aprobetxatu zuen neska bien artean goxo-goxo kuzkurtzeko, eta Sara-Li ere eserita jarri zen. —Misterioak iritsi behar direnean iristen dira —esan zuen ahopean, bere kolkorako ariko balitz bezala—. Oscarrek arrazoi du, eta, etxera itzuli aurretik, ondo aprobetxatu beharko genuke geratzen zaigun denbora. Hasteko, zer iruditzen zaizue ezkutaketan ibiltzea herri osoan barna? —Niregatik primeran! —esan nuen nik, nagiak atera eta zutitzen hasteaz batera. Raul eta Esmeralda ere zutitu egin ziren. Oscar baino ez zen geratu etzanda lurrean. —Baina, horixe bera esaten aritu naiz denbora guztian eta ez didazue kasurik egin! —esan zigun, zapuztuta, lurretik begira.

17


—Ez da gauza bera —erantzun zion Sara-Lik, lasai-lasai—. Zuk esan duzu mugitzen hasi beharko genukeela, baina ez duzu planik proposatu —gaineratu zuen, besoa anaiarengana luzatuta. —Aitortu ezazu jolasteko amorratzen zaudela zu ere —bota zion Soniak—. Baina ideia ez zaizu zuri bururatu, eta horregatik zaude minduta! Tira, mugi ipurdi hori! Zuk, Sara-Lik eta hirurok osatzen dugu taldea —esan zuen, berak ere eskua luzatuz eta bere irribarrerik onena eskainiz. Neska biek, esku banatik heldu, eta lurretik altxatu zuten nire anaia, baina ez gutxi kostata, nagikeriak jota baitzegoen alferrontzi hori. —Konforme. Baina zuek ezkutatu aurrena —esan zigun, Esmeralda, Raul eta hiruroi—. Hasi korrika nahi duzuenean. Hogeita hamar arte zenbatuko dugu. Gu hirurok futbol-zelaiko irteerarantz jiratu ginen, handik korrika ateratzeko prest, baina orduan, bat-batean, distira batek gaua egun bihurtu zuen une batez. Urrutiko ekaitz bateko tximista bat izango zela pentsatu genuen, baina, une batez, geldi-geldi gelditu ginen denok, elkarri harriduraz begira. Maxi metro pare bat aurreratu eta zerura zaunka hasi zen, baina, handik gutxira, buelta hartu, eta Sara-Liren hanken artean ezkutatu zen. Oscarren

18


sorbalda gainetik, Flashek urduri begiratzen zuen alde guztietara, zerbaiten zain balego bezala. Ez dakit nondik atera zen, baina, une horretan, haizea altxatu zen inguruan, eta niri hotzikara batek gorputza goitik behera zeharkatu eta gorputzeko ile guztiak laztu zizkidan. Eta nik bezala, beste guztiek ere aldaro egin zuten, haizeak astinduta. Denek, Sara-Lik izan ezik. Nire arrebak, begiak itxi, eta gorputza uzkurtu zuen, Nüwaren zintzilikarioa esku artean indarrez tinkatuz. Segundo pare bateko kontua izan zen dena. Gero, sentsazio bitxi hura desagertu, eta dena bere onera etorri zen, ezer gertatu ez balitz bezala. Sara-Lik begiak ireki eta banan-banan begiratu zigun. Ez zirudien haserre. Harrituta baizik. —Zer izan da hori? —galdetu zuen Oscarrek—. Denok sumatu duzue, ezta? Baietz egin genuen buruaz, isilean. —Kontuz ibili behar dugu zer desiratzen dugun —esan zuen gure arrebak, aholkuak ematen ari zen emakume zahar batena bezalako doinuaz—. Ez dakit zer izan den hori, baina susmoa dut zuk nahi zenuen misterio hori iristeko zorian dagoela —gehitu zuen, Soniari begira.

19


Gordeleku on bat

—Misterioa? Misterio bat daukagu eta nik jakin ez? —galdetu zuen Oscarrek—. Aurreko hori al zen misterioa? Nik haize pixka bat baino ez dut nabaritu, eta hotzikara bat sentitu dut, baina pasatu zait. —Sara-Lik zerbait sumatu du, nonbait —esan zuen Soniak, gure arrebaren azalpen zehatzago baten zain—, baina ez dakit zer misterioz ari den. Sara-Liri begira geratu ginen denok. Gure arrebak burua astindu zuen, pentsamendu txarren bat uxatu nahian bezala, eta begirada itzuli zigun. —Ez dakit zergatik esan ote dudan hori. Ahaztu dena, eta goazen jolastera, etxeratzeko ordua gainera etorriko zaigu-eta, bestela. Ea, bada! Orain, zuek ezkutatu. Alde segituan! Zenbatzen hasiko gara-eta!

20


Txinatik itzuli ginenetik, hainbat aldiz gertatu zitzaion gauza bera Sara-Liri. Bat-batean, gelditu, zintzilikarioari eskuekin heldu, eta begiak ixten zituen segundo batzuez. Gero, zer gertatu zen galdetzen genionean, ez zela ezer izan esaten zigun; besterik ez. Eta Sara-Lik ez bazuen hitz egin nahi, ez zegoen zer eginik, eta hori garbi genuen denok. Beraz, Esmeralda, Raul eta hirurok, sorbaldak goratu, eta korrika atera ginen, nora jo oso ondo ez bagenekien ere. Herri batean hamaika ezkutaleku egongo direla pentsa liteke, baina egia esan, ez daude hainbeste ere, eta denak ezagutzen genituen, gainera. Betiko lekuan ezkutatuz gero, berehala aurkituko gintuzten. —Ideia bat daukat —esan zuen Raulek, eta, aurrean jarrita, berari jarraitzeko keinua egin zigun. Herria zeharkatu, eta baratzetara ematen zuen kale bateraino gidatu gintuen. Ezezagunak zitzaizkidan eraikin guztiak. Hantxe, ate zurezkoa erdi erorita zeukan eskorta baten aurrean gelditu, eta kopeta-argia atera zuen poltsikotik. —Piztu kopeta-argiak; farolen argia ez da hor barruraino iristen —esan zigun, eta ate handiko leihatila sorbaldarekin bultzatu, eta barrura egin zuen.

21


—Ez dugu kopeta-argien beharrik! —esan nuen nik, eraikinaren sarrera neure eskuen argiarekin argituz. Gure aurreko abenturen berri ez dakienak jakin behar du espaziotik eroritako harri berdeak eskuekin argi egiteko ahalmena ere eman zigula bi anaioi. —Itzali argi hori! —xuxurlatu zuen Raulek, ni eskorta barrurantz bultzatzeaz batera—. Norbaitek

22


ikusten bazaitu, azalpen asko eman beharko ditugu, eta beste inori baino lehenago nire amonari. Piztu kopeta-argiak behingoz, eta utzi bakean eskuak, herrian gauden bitartean behintzat! —Egon! —esan nuen, ahopean neuk ere, eta atzera egin nuen, kanporaino—. Ezin gara hor barruan sartu. Ez dakigu toki hau norena den. Arriskutsua izan daiteke. —Bada, zeuk ikusi, baina berehala sartzen ez bagara, harrapatu egingo gaituzte. —esan zuen Raulek, burua atetik aterata—. Gainera, lasai, badakit toki hau norena den, eta ez zaio inportako gu hemen sartzea. Hain zirudien bere buruaz ziur, Esmeraldak eta biok atzetik jarraitu baikenion, elkarri so egin ondoren. Kontuz gurutzatu genuen atea, Raulek eskuekin tinko eusten zuen bitartean, gontzetatik atera ez zedin. Gero, atea bere lekuan jarri, eta segundo batzuk eman genituen isilik, kanpoan zaratarik entzuten ote zen zain. Ezer ez. Lagunak ohiko lekuetan ibiliko ziren gure bila. Han barruan nekez aurkituko gintuzten. Raulek atzetik jarraitzeko adierazi zigun, eskuaren keinu batekin, eta zorua seinalatu zigun kopeta-argiarekin, kontuz ibiltzeko non zapaltzen genuen.

23


Aurrera jarraitu baino lehen, ingurua argitu nuen. Tokiak eskorta abandonatu bat ematen zuen. Erdialdea estali gabe zegoen, erortzeko zorian zeuden eraikuntzez inguratua. Eta eraikuntza horietako batzuen teilatuak eta hormak erorita zeuden, eta harriz, zurez eta teilez beterik ageri zen lurra. Izkinetako bateraino eraman gintuen, eta, han, gela moduko batean sartu ginen, oso gela handia. Lastategi bat zirudien, eta jira guztian hesitzen zuen paretak, harriz egina, zutik zirauen oraindik. Bestelako azalpenik gabe, hantxe gelditu zen, bizkarra horma baten kontra jarrita. —Ongi etorri nire gurasoen eskorta berrira —esan zuen Raulek, besoaren mugimendu batez ingurua seinalatuz. —Berria? —galdetu zuen Esmeraldak, begirada inguruan paseatuz. —Tira, berria diot erosi berria dutelako. Nik gaur goizean jakin dut, amonari ihes egin diolako, nahi gabe —argitu zuen Raulek—. Izan ere, gurasoek ezusteko bat eman nahi digute anaiari eta bioi, asteburuan etortzen direnean. —Eta zertarako nahi dute hondakinetan dagoen eraikin bat? —galdetu nuen. —Amonak dio gurasoei beti egin diela ilusioa beren etxea izatea herrian, eta toki hau aukera ona

24


izan daitekeela horretarako. Nire aita igeltseroa da: dena lurreratu, eta etxe berri bat egingo du, pixkana-pixkana. —Ez da ideia txarra! Orain ezin gauza handirik ikusi, baina hondakinez garbitzen dutenean, orube zabal bat geratuko da —esan nuen, burua lastategitik kanpora ateraz. —Bai. Gaur eguerdian egon naiz lehen aldiz hemen. Anaia eta biok etxetik atera gara une batez, hau ikustera etortzeko, eta txundituta geratu gara. Amonak agindu digu ez inori esateko oraindik, baina ezin izan diot eutsi. Zer iruditzen zaizue? —Bua! Beste kuartel nagusi bat egin genezake hemen —bota nuen nik, kuartel berria irudikatzen nuen bitartean. —Apartekoa da! Zorte handia duzue. Konpontzen dutenean, primeran geratuko da, ziur! —gehitu zuen Esmeraldak. —Bada, oraindik ez duzue hoberena ikusi! Begira! Eta hori esanik, lastategian barrurago jo, eta egur batzuen atzealdean zegoen espazioa argitu zuen, bidea eragozten ziguten tresna zahar batzuk paretik kendu bitartean. Han, hormaren kontra jarrita eta iluntasunak ezkutatuta, motozikleta zahar bat zegoen, Bigarren Mundu Gerrako filmetakoak bezalakoa.

25


Herdoilduta zegoen, baina osorik. Dinosauro zahar baten hezurdura aurkitzea bezala zen ia-ia. —Uau! Sinestezina da! Besteek flipatu egingo dute ikusten dutenean —esan nuen—. Tira, guk erakusten diegunean.

26


—Horretarako, aurkitu egin beharko gaituzte aurrena, eta uste dut ez zaiela erraza izango. Ez zaie inondik ere bururatuko gu hemen bilatzea —esan zuen Raulek. Esaldia ahoskatzen oraindik amaitu ez zuela, eskortako ate hotsak, edo hobeto esanda, ateak lurra jotzean entzun zen danbatekoak, bere usteak erdia ustela zuela erakutsi zion. Gau hartan bigarren aldiz, atea ireki zuen norbaitek.

27


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.